AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken astean ere ez dira gutxi izan hedabideetan Mugimendu Sozialistari buruz zerbait esateko beta hartu dutenak. Ezker Abertzaleko izen ezagun batzuk ere batu dira prentsaren «olatu» horretara; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidea eta Sortuko idazkari nagusia, Jose Mari Esparza Txalaparta argitaletxeko zuzendaria, Iñaki Egaña Euskal Memoria Fundazioko lehendakaria edo Iñaki Altuna Naiz hedabideko zuzendaria, adibidez. Jeltzaleen orbitan ere mantendu dituzte Hernaniko txosnetan ezarritako beto politikoaz geroztik hasitako komunistenganako nolabaiteko seinalamendu eta estigmatizazioa. Azkena horretan Andoni Ortuzar EAJko lehendakaria bera izan da.

Jeltzaleek ez dirudite oso deseroso egoerarekin, win-win estrategia diskurtsiboa garatzea baimendu baitie horrek. Alde batetik, Mugimendu Sozialista Ezker Abertzalearen azpiproduktu bailitzan tratatzen du, horrek ahalbidetzen diolako, Mugimendu Sozialistaren beto politikoen eta espazio publikoaren pribatizazioaren gaineko marko diskurtsiboa bere egin gabe, EH Bildu higatzea. Bestela esanda, gertakari «kaotikoen» gaineko fokua EH Bildun jarri nahi du, eta horretarako halako ideia zentral bat zabaltzen du: «Bere etxea zuzentzeko gauza ez bada, nola izango da gizartea gobernatzeko gai?». Jakina, Mugimendu Sozialistak aireratutako espazio eta instituzio publikoen erabileraren gaineko eztabaida gutxiago interesatzen zaio, hamarkadetako ustelkeria eta interes partidisten araberako instituzio publikoen erabilera motxilan duen alderdia baita. Horrez gain, ez da ahaztu behar duela hilabete gutxi Lazkaon EAJren udal taldeak Mugimendu Sozialistari txosna jartzea galarazi ziola eta azken hori udaletxera sartu zela protesta gisa.

Beste alde batetik, gainera, aukera aproposa da jeltzaleentzat komunistei buruzko iritzi negatiboa hedatzeko eta azken horiekiko atxikimendu posibleak deuseztatzeko, gezurretan aritzea inporta izan gabe: Putinen jarraitzaileak direla esan eta kito! Seme-alabak edo bilobak komunistengana hurbildu zaizkion horri errieta egiteko elementu diskurtsibo eta moralak eman dizkiote, enpresa edo negozio txiki eta ertainetako jabeei langile komunistak jazartzekoak, edo El Correo egunkariko audientziari kalean irakur ditzaketen aldarrikapen komunista «erakargarriak» automatikoki baliogabetzeko euskarri psikologikoak.

Ezker Abertzalean ere ez da oso apartekoa izan egoeraren trataera. Azken egunetan indarrak batez ere Mugimendu Sozialistaren eta Ezker Abertzalearen arteko bereizketan jarri dituzte, jeltzaleek ezarri duten interpretazio markotik alde egin eta «polemikatik» libratzeko ahalegin desesperatuan edo. Horretan saiatu dira batez ere Rodriguez, Otegi eta Altuna azken interbentzioekin. Guztiak saiatu dira komunisten gaineko irudi sektario eta gatazkatsu bat eraikitzen, gerora EAJk jaten eman dion iruditegi berbera, bide batez esanda. Otegik, gainera, Mugimendu Sozialistari autoritario eta matxista deitzeko legitimitatea ere aitortu dio bere buruari. Baina, salbuespenik gabe, guzti-guztiek egin dutena zera da: Mugimendu Sozialistaren aurkako argudio bihurtzen saiatu dira EAJ «polemika» bere interesetarako erabiltzen aritzea, eta haren orbitako komunikabideek «gatazkari» espazioa eskaintzen aritzea.

Aipatu ere egiten ez dutena da, ordea, Mugimendu Sozialistak egindako elkarrizketarako gonbitari entzungor egin diola Ezker Abertzaleak eta ahal duten lekuan trabak jartzen jarraitzen duela komunistak espazio publikotik eta festetatik kanpo uzteko helburuarekin. Hori egitearen justifikazio publikorik ematen ere ez dira ausartu oraingoz. Mugimendu Sozialistak hainbatetan esan duen moduan, bera ez da polemikatik bizi, ez du gatazka bilatzen, batek baino gehiagok kendu nahi dion izateko eta existitzeko eskubidearen alde ari da, besterik ez.

Politikari, idazle eta kazetari horiek guztiak Mugimendu Sozialistari buruz ari ziren bitartean, mugimendu horrek Bilbon eta Iruñean jarria zuen arreta, gasolinaren prezioari muga jartzearen aldeko aldarrikapenarekin manifestazio jendetsuak antolatu baitzituen, langileriaren aurka Espainiako Gobernu «progresistaren» eta multinazionalen ofentsiba antolatua salatzeko helburuarekin. Hortik eta horretarako bizi da Mugimendu Sozialista, Kapitalaren, burgesiaren eta estatu kapitalisten aurka langileria mobilizatu eta antolatzeko.