Azken astean ugariak izan dira Pablo Haseli babesa adierazteko egin diren mobilizazioak; izan ere, Hasel atxilo hartu zutenetik haren askatasuna exijitu besterik ez da egin espainiar estatuko hiri eta herri ezberdinetan. Jendetzak hartu ditu kaleak Katalunian, Euskal Herrian, Madrilen… ondorioz Haselen atxiloketak, jasan duen polizia-jazarpenak alegia, sekulako oihartzuna izan du. Gertatutakoa mintzagai da telebista programetan, irrati esatariek ahotan dituzte manifestazio eta kontzentrazioak eta, rapa tarteko, gazteenen arreta ere bereganatu du Haselek. Abeslariaren atxiloketak, bada, pertsona asko amorrarazi du, are demokraziaren eta diktadura ekonomiko burgesaren arteko identitate batasuna agerikoa denean.
Langileriaren askatasun politiko eza, hau da, haren klase menpekotasuna eta demokrazia burgesaren izaera diktatoriala, azalarazi egin dute pandemia hasi zenetik indarrean diren balizko osasun neurriek, poliziak berak eta, aldi berean, alderdi sozialdemokraten hipokresia eta inpotentziak ere. Esate baterako, ez dago osasungintzaren ikuspuntutik azken hilabeteetan polizia indarrek egin dituztenak justifikatzerik: herriak eta errepideak militarizatu dituzte, gogor oldartu dira kalean egoteko eskubidea zutenen aurka, mehatxuak eta jipoiak, isunak eta irainak, baimendutako mobilizazioei eraso egin diete eta baten bati tiro egin ere. Osasun neurriek eta segurtasun protokoloek ez lukete, berez, halakorik ekarri behar. Ez behintzat pertsonon osasunaz arduratuko liratekeen horiek. Alabaina, urte betez basakeria eta indarkeria izan dira espainiar gobernuaren aterabideak (gainontzeko alderdien babesarekin) eta dagoeneko proletariotzak argi du ekoizpen eredu burgesaren ongizate ekonomikoari erreparatzen diola, jakin edo jakin ez, alderdi eta politikari orok.
Pablo Haselen atxiloketa zera izan da: aipatu diktadura agerian utzi duen beste adibide bat. Eta honek langileon haserrearekin egin du topo, hilabete luzez norberak bere baitan gordeta izan duen gorroto eta ezinegonarekin. Horregatik izan dira liskarrak azken asteko mobilizazioetan, poliziek burges-diktaduraren zerbitzura egiten baitute lan eta langile asko kokoteraino baitago. Eta orain ez da atzera egiteko unea; zapalkuntza burgesaren ebidentzia guzti hauen ulerkera sakonagoa ziurtatu behar dugu komunistok, Alderdi Komunistaren aldeko konpromezua areagotu eta indartu dezagun langileon artean. Bada, mobilizatzen jarraitzeko, borrokatzeko eta haserre dagoen horri antolakuntza baliabideak eskaintzeko unea da hau, proletariotzaren etorkizuna borrokatu asmoz basakeria honen aurrean.