Ezinbestekotzat jo zuten boltxebikeek komunikabide propio bat, egunkaria hain zuzen ere. Izan ere, euren aburuz, egunkariak Alderdi Komunistaren oinarrietako bat izan behar zuen, zeinak, zabalpen handiagoaz gain, dimentsio berria eman baitziezaiokeen programa komunista iraultzaileari. Kontzientziaren eta kritikaren dimentsioa. Halaxe iritzi zioten, zeren eta boltxebikeek ondo antzeman zuten iritzi orokortuen, zentzu komunaren, borondateen, mundu ikuskeraren zein sinpatia politikoen erro-komun modernoa: propaganda. Bazekiten, beraz, euren ekimen politikoaren berri eman ezean, existentzia ahula izango zela komunistena. Egunkaria, halatan, bakardadearen antagonistatzat hartu zuten boltxebikeek. Hala ere, ez zuten egunkaria propaganda funtziora mugatu; propaganda manipulazioa baita, komunikazioa ez bada (edo bata edo bestea, ezin liteke biak izan), boltxebikeen ustetan komunikabide modernoen erabilerak forma ezberdinak har zitzakeen. Horien erabilera burgesa ez zen posibilitate bakarra. Egunkariarekin, horrenbestez, euren alderdiaren eta euren ekimenen berri eman zuten modura, beste gauza asko ere egin zituzten: eztabaida politikoak sustatu, ikerketa teorikoak bultzatu, literatura argitaratu… eta abar luze bat. Geroztik politika komunistarako nahitaezko tresna da egunkaria, baita proletariotzaren autonomiarako baliabide ere.
Bada, Alderdi Komunistaren, eta haren programa politikoaren, logika historikoan kokatu beharra dago atzo aurkeztutako Gedar Telebista (iritzi eta mundu ikuskera kapitalistei aurre egin nahi diena eta, halatan, Mugimendu Sozialista «klase borroka kulturalerako» prestatu). Aurkezleak argi dio: «ezinbestekoa da inguratzen gaituenari begirada propiotik begiratzea». Eta halaxe da; izan ere, proletariotzaren autonomiak, ekimen iraultzailearen premisa eta abiapuntuak, independentzia ideologikoa du oinarri. Hau da, proletariotzak bere klase posizioa gaitzetsi behar du (ez soilik sufritu), eta haren zorigaitzen jatorria ezagutu bere klase-posizioa gainditzeko asmotan bada. Horregatik begiratu behar dio munduari begirada propiotik (bere klase subjektibitateak agintzen dion ikuspuntutik), ezpabere, burgesen ikusmira kontserbadoretik erreparatuko baitio. Eta aurkezleak honakoa ere badio: «ezinbestekoa da begirada hori eraikitzea». Mundu honen ukapen espontaneoa komunistontzat ez baita nahikoa; soldatapeko esklabotzari aurre egiteko dominazio burgesaren printzipioa eta berau borrokatzeko bideak ondo ezagutu behar dira: komuniston begirada propioa, beraz, soilik esperientziaren eta kritikaren emaitzan izan daiteke. Edozerk ez digu balio, eta begirada hori (alde batetik, inguratzen gaituenaren kritika eta, bestalde, mundu berri posible baten definizio positiboa) elkarren hartu-emanaz eraiki beharra dago. Telebista, halatan, begirada komunista hedatu eta, aldi berean, eraikitzeko bitartekoa da; eztabaida eta kritika bidez.
Komunikabide propioaren beharra, irakaspen boltxebikea da, baina euren ausardiaz ere asko ikasi ahal izan dugu militante belaunaldi berriok. Gedar Telebista, hortaz, aurpegia emateko erabiliko dugu, klase borroka kulturalean honako printzipio leninista hau muturreraino eramanez: egia beti da iraultzailea.