AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azkenaldian hainbatetan errepikatu den gertaera bat jazo da berriro ere, oraingoan Lazkaon. EAJk, udal gobernutik, polizia eta mehatxuak erabiliz, Mugimendu Sozialistak jaietan txosna bat izatea galarazi du. Horrez gain, lehenago, Ezker Abertzaleak, beste hainbat tokitan egiten ari den bezala, herri horretako txosna batzordea bere jabetza partikulartzat jo zuen. Autoritarismoz txosnak jartzeko monopolio esklusiboa berea dela asmatu du beste behin. Era batera edo bestera, EAJk legea betearazteko aitzakiarekin eta Ezker Abertzaleak txosnak bere jabetza diren ustearekin, Mugimendu Sozialistari eraso diote, hari diru iturria galarazita eta sozializatzeko espazioak pribatizatuta.


Jakina da Lazkaokoa ez dela kasu isolatu bat; Gasteizko txosnekin gauza berbera gertatu da, eta gauza bera gertatzen ari da beste jai batzuen antolaketan ere. Hain justu, pluraltasun politikoaren garrantziaz hitzetik hortzera diharduten alderdi horiek beren benetako aurpegia erakusten dute egoera horietan. Aniztasun politikoa parlamentuko alderdiekin eta/edo haien komenigarritasunaren araberako mugimenduekin osatzen bada soilik dela onargarria, alegia. Hortik kanpo kokatzen garenok –komunistak, klase independentziaren arabera jarduten dugunak– boikoteatzeko zilegitasuna aitortzen diote beren buruari. Ofizialismoak, adibidez, urte luzez jende ezberdin mordoak jai eta txosnen antolakuntzan egindako lanaren ondorengotza berea bakarrik balitz bezala jokatzen du; ordea, horren atzean legitimitatearen bueltako borroka eta beto politikoa daude. Funtsean gure hautu politikoagatik –eta hautu horrek euren zilegitasuna jartzen duelako kolokan– debekatu nahi digute txosnetan parte hartzeko aukera.


EAJ eta Ezker Abertzalea, politikoki ados ez dauden itxura egiten duten arren, berehala jarri dira ados toki guztietan halako jarrera intoleranteak izateko. Horren emaitza da milioika euroko ondarea duten bi alderdik tinko heltzen diotela txosnak baimentzeko eta jartzeko pribilegioari –horretarako «guztionak» diren instituzioak erabilita–, beren buruaren erreferentzia bat mantentzeko eta independentzia politikoaz jarduten dugunoi bidea ixteko bakarrik. Aurreko batean Ortuzarrek esan zuen lana egingo zutela GKS ez zedin indar hegemoniko bihurtu Euskal Herriko gazteriaren artean, eta badirudi nagiak ateratzen hasia dela. EH Bildukoek, berriz, ahoberokerian esango dute etsaia nor den ez dakigula, beren programa erreformista salatzen dugulako, baina, egiaz, haiek dira egunez egun etsai nagusitzat komunismoa daukatela argi uzten dutenak. Guk lanean –eta borrokan– jarraituko dugu txosnak eduki ditzagun eta proletalgoak independentziaz lan politikoa egiteko eskubidea izan dezan.