AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Asko izan dira Errakik gaurko (urtarrilak 10) deituak zituen mobilizaziotara hurbildu direnak, izan ere, ehundaka gazte elkartu dira Iruñean eta Donostian. «Okupazioaren kontrako ofentsibari autodefentsa» lelopean manifestazio bana egin dute aipatu hiriburuetan, okupazioak berak azken aldian jasan duen eraso andana salatu asmoz. Komunikabideek, esate baterako, sekulako arreta jarri diote pandemia garaiotan izan diren okupazio kasuei eta, gehienetan, lotsarik gabe okupazioa kriminalizatu eta gaitzesteko erreparatu diete horiei. Erasoak, alabaina, edonolakoak izan dira: «Desokupa» antzeko taldeen agerpena eta euren aktibitatearen gorakada; okupazioa bera zailagoa egiten duten zuzenbide-neurriak eta, aldi berean, okupazioa gogorrago zigortzen dutenak; kaleratze eta arpilatzeak; eta abar luze bat. Manifestazioetara gerturatzeko motiboak agerikoak ziren, baina Errakik, langile kontrolpeko espazioen babes sareak, zailtasun ezberdinei egin behar izan die aurre gaurko manifestazioak esanguratsuak izan zitezen. Bada, testuinguru zehatzak berak egiten dute berezi gaurko eguna, mobilizazioak arrakastatsuak izan baitira oso.

Akusazio ezberdinak egin izan zaizkio Errakiri, duela gutxira arte oso presente egon izan direnak. Eta mingarriak izan dira, bai, babes sarea bera eta haren lana ondo ezagutu gabe edozer esan izan da-eta; hala ere, Errakirekin zuzenean lan egin izan duten horiek gertutik ezagutu ahal izan dituzte babes sarearen eraginkortasuna eta lan moldeak. Hau da, nor diren, nola eta zer helbururekin egiten duten lan. Azken honen poderioz, gaurko egunez argi azaldu zaigu Errakik orain arteko ibilbide laburrean lortu duen hori, manifestazio biak, nolabait, Errakiri berari babesa adierazteko ekimenak ere izan dira-eta. Bere burua aurkeztu zuen unetik ahalko oztopoei egin behar izan die aurre Errakik, eta egin egin die adore handiz. Proletariotzak bizitzeko eta militatzeko baliabide urriak dituen garaiotan Errakiren lana behar-beharrezkoa da, okupazio eredu politiko eta eraginkorra posible egin baitezake halako babes sare batek. Hori dela-eta, txarto esaka ari direnek patxadaz hausnartu beharko zuten zeri zuzentzen zaizkion oldarkor: ez da Errakik egin zezakeen lana gutxiesteko motibo arrazionalik, ezta bere eraginkortasuna termino moraletan ukatzeko argudio sendorik ere. Soilik norbere berekoikeria eta erosotasuna oinarri dituen balizko askatasun baten izenean egin dakioke aurre Errakiren asmo politikoari, langile aristokraziaren gaitza besterik ez den delako askatasunaren izenpean. Mesedez, ez iezaiozue proletariotzari, benetan behar duen horri, antolakuntzarako aukera zentzudun hau ukatu, ez behintzat honen beharrik ez duzuenok.