AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aste honetan ere izan ditugu polizia gehiegikeriaren kasuak. Denetan larriena astelehenean Baionan gertatutakoa da: polizia batek tiroz akabatu zuen emakume baten bizitzarekin. Epailearen aurrean deklaratu ostean, kargurik gabe aske utzi zuten hilketa gauzatu zuen gendarmea. Pasarte ilun horretatik aparte, poliziaren kargaketa atxiloketak eman ziren atzo arratsaldean Donostiako Alde Zaharrean edota Mungian. Gertaera hauen harira, ikaragarrizko belo ideologikoa ezartzen digute telebistan eta komunikabide nagusietan, gertaerak itxuraldatuz, poliziari aurpegia zurituz eta jazarriak izan diren herritarrak gaizki ikusita dauden estereotipoen barruan sailkatuz.

Boteredunen ikuspegitik, inoiz baino garrantzitsuagoa da poliziaren figura. Izan ere, krisialdi sozialeko testuingurua bizitzen ari gara, bere oinarrian gainbehera ekonomikoa daukana. Bizi baldintzen okertze orokortua ari da ematen klase desjabetuaren baitan, eta egoera honek sortutako ezinegonak ordena sozialaren mantenua zalantzan jartzea eragin dezake. Bestalde, osasun larrialdi egoerari polizia aterabidea ematen ari izana krisialdi ekonomikoaren ondorioa da. Osasun baliabideetan (ospitaleetan, mediku zein erizainetan, arakatze baliabideetan…) inbertitzea garestia bezain alferrikakoa da diruaren jabetza duten agenteentzat, eta hauen ikuspegitik askoz ere eraginkorragoa eta jasangarriagoa da kontrol sozialaren eta diziplinamendu masiboaren aldeko hautua egitea. Egoera lazgarri honetan, polizia aktore pribilegiatua bihurtu da, eta horretara dator komunikabideek egin duten bere figuraren zilegitzea. Poliziaren gehiegikeria kasu ezberdinetan indar armatuen aldeko iritzia sortzeko, bi aldeetako estrategia darabilte masa komunikabideek: poliziaren abusuak justifikatzen dituzten bitartean, errepresioa pairatzen duten herritarrak kriminalizatzen dituzte. Lehengoa egingarria izateko, egunerokoan espazio zabal bat eskaintzen diote poliziaren aldeko propagandari, honen presentzia iraunkorra beharrezkotzat hartuko duen zentzu komuna sortu asmoz. Kriminalizazioaren adibide bat  jartzera begira, ikusi dezakegu Donostian jazarritako gazteak kale-edanean zebiltzan gazte arduragabeak bezala tratatu dituztela.

Testuinguru honetan bereziki garrantzitsua da gertaerak ondo ezagutu eta interpretatu ahal izateko baliabideak luzatzea herritarrei, eta horretan berebiziko ardura daukagu izaera kritikoa eta independentea daukagun hedabideok eta mugimendu sozial zein politiko eraldatzaileek. Kontakizuna garrantzitsua da oso, gertaera zehatzetara ahalik eta hurbilpen maila osatuena lortzea eta komunikatzea ezinbestekoa delarik. Bestalde, antolakunde sozialisten ardura da subjektu kriminala zuzen seinalatzea, fokua langile klasetik kendu eta poliziarengan, arduradun politikoengan eta oligarkengan ezartzea.