AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bosgarren olatuan bete-betean sartuta omen gaude. Gutariko gehienek daukagu ingurukoren bat COVID-19ak harrapatuta edo etxeratuta. «Gazteen olatu» bezala izendatu dute oraingoa, eta izenak dioen bezala, gazteak seinalatu dituzte errudun modura. Agintariak ere hasi dira neurriak hartzen; neurri horiek, orain artekoek bezala, oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoen aurka egiten dute zuzenean. Zuzeneko edo zeharkako etxeratze-agindua, ekimen politiko zein kulturalak egiteko mota guztietako oztopoak, lurraldeen arteko zirkulazio askeari mugapenak, txertatu gabeko pertsonen kriminalizazio eta bazterketa ezin bortitzagoa eta abar luze bat dira politikariak hartzen ari diren neurrietako batzuk. Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) antolakundea honakoa ari da seinalatzen pandemia etorri zenetik: hartutako neurrien bortizkeria adina kezkagarria dela agintariek oinarrizko eskubideekin nahi dutena egiteko eskuratu duten inpunitatea, aginte eredu hori geratzeko etorri dela eta ziurgabetasun ekonomikoa -krisialdia- eta politikoa -neurri murriztaileak- lotuta daudela. Oraintxe bertan, nekez defenda dezake inork aurkakorik. Are, Espainiako Konstituzio Auzitegiak alarma egoera legez kanpokotzat jo duen aste berean eta inolako berme juridikorik gabe politikariak sudur-puntan jartzen zaizkien neurri murriztaileak ari direnean hartzen. Ikaragarria da boterearen ustelkeria maila, baita horren korrelatua ere: ezkerreko alderdien kolaborazionismoa eta herritarren pasibotasuna.

Udaren erdian gaude, eta gazteek ikasturte osoan zehar ukatua izan duten aisiaz gozatzea delitu bilakatu dute politikari profesionalek. Hori gazteak ez daudelako txertatuta ari omen da gertatzen. Hori horregatik dela ontzat ematen baldin badugu, zein da, orduan, gazteak txertatuta ez egotearen arrazoia? Erantzuna kapitalismoak herritar gehienen arazoei arrazoizko aterabide bat emateko daukan ezintasunean topatzen dugu. Bestela esanda, sistema honek burgesiaren etekina herritarren beharrizanen gainetik jartzen du. Frogatuta dago mundu guztia txertatzeko adina gaitasun dagoela, baina jende andana hiltzen ari den bitartean, enpresa pribatuek eta euren patenteek txertoak giltzapetuta mantentzen dituzte. Momentu berean, eztabaida publikoaren fokua gazteen arduragabekerian kokatzen dute burgesiaren komunikabideek. Nork geldituko du erokeria hau guztia?

Komunismoa zerbaitek definituko badu, gizartea antolatzeko modu efektiboago batek egingo du. Gizarte eredu aurreratuago bat orokorrean begiratuta, aurrerapen tekniko eta politiko- instituzionalen ikuspegitik eta herritarren eta naturaren ongizatetik begiratuta. Askatasun unibertsal eta kalitatezkoak, eta askatasun kolektibo horiekiko ardura eta konpromisoa. Hori bai, komunismoa ez da zerutik eroriko, eta hori lortu artean, gure egitekoa egungo menderakuntza egoeraren arduradun guztiak salatzean eta eskura ditugun gaitasun guztiak komunismoaren alde jartzean datza. Proletalgo iraultzailea berrartikulatu eta klase borroka amaierara arte eramatean datza, zehazki.