AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Alarma egoera aurkeztean gobernuak epe eta data zehatzak aipatu arren, ezjakintasuna da nagusi. Aurretik ere iruzur bera bizi izan baitugu: lehenengo alarma egoeran «biharko» egun horren atzerapenak mugarik gabea zirudien; hasiera batean hamabost egun, gerora hilabete bat eta, azkenean, bi hilabeteko itxialdia... Gutxik azal dezake argi zertan den bizi dugun une hau; ez gabiltza-eta ohi bezala, baina ez diegu ezarritako neurriei zentzu handirik hartzen. Edo hartzekotan, neurriok, euren motiboak eta ondorioek ez dutela bat egiten irudi digu. Ostalaritzarekin hartu berri duten erabakiak, esate baterako, egoeraren absurdoa mahaigaineratu du askorentzat. Alabaina, zentzugabea den neurririk ez da ezarri: alarma egoera dela-eta ezarritako neurriren bat zentzugabea zitekeen zentzu komunaren edo osasun-printzipioen arabera, hala ere, hau guztia zentzuduna da oso, burgesiaren premia ekonomiko eta politikoei erreparatuz gero. Esan nahi baita: bost axola zaie ehunka ostalari, tabernari edo garbitzaile (adibidez) galbidera kondenatu, osasun publikoaren aitzakiapean familia ugari miseria gorrian utzi edo langileriaren ohitura eta tradizio gehienak debekatu izana. Hemen burgesiaren esku-hartze politikoa da nagusi, eta haren klase sozialaren premia ekonomikoei mesede egin asmoz ari dira horrela.

Alarma egoeraz eta krisialdiaz dihardugunez, esan, sozialdemokrataren bat izan ezik, honen guztiaren erantzule ez direla politikari lerdenak, zeintzuek ez dakiten zertan ari diren. Ez dakite baina egin egiten dute, oraingoan, sozialdemokraziaz eta haren oinarri sozialaz esan genezake, alarma egoeraren klase zentzu politikoaz ahaztu gabe. Hau da, jakinaren gainean egonda oligarkia finantzario eta industriala, lekuan lekuko gobernuen laguntzaz, hurrengo urteetan indarrean egon litekeen kapital metaketa eredua ezartzen eta egokitzen dabilela. Alegia, aurrerantzean ere bere hegemonia politikoa ziurta dezakeen lan-indarraren esplotazio eredua ernalduko dute datozen hilabete edo urteetan. Kapital txikien suntsitzea eta gutxi batzuen nagusitasuna; soldatapeko kontratuaren murrizketa eta prestazio sozialak jaso nahi dituen horrek nahi eta nahi ez egin beharreko «lanen» areagotzea; langile aristokraziaren proletarizazioa eta ondoren burgesia txikiarena (enpresa txikiek indarra galtzean euren ondarea saltzeko saiakera egin beharko dute-eta) eta, aitzitik, oligarkia finantzario eta industrialaren aberastasunaren gorakada, eta aldi berean, haren aginte gaitasunarena; egiturazko langabezia masiboa eta, ondorioz, errenta soziala birbanatu dezaketen politika fiskalen desagertzea; gastu publikoaren murrizketa… Gero eta nabarmenagoak dira bizi dugun krisialdiak eragin dituen ekonomia joera orokor horiek; eta hau hasi besterik ez da egin.

Gazte Koordinadora Sozialistak larunbat arratsaldez Euskal Herriko hiri eta herri ezberdinetan egin zituen mobilizazio jendetsuetan ondo seinalatu zuten krisialdiak eta alarma egoerak, klase borrokaren ikuspegitik, eurekin dakarten arazo politiko nagusia: askatasun zibil eta politiko instituzionalizatuak bertan behera uztean burgesiak du soilik errealitatean esku hartzeko aukera, langileriaren politikagintza, orain, legez kanpokoa da. Eta zera gehitu behar genioke: posible da azken hamarkadetan ezagutu ditugun askatasun zibil eta politikoak gaurdaino indarrean izan den kapital metaketa ereduari propioak izatea, hau da, orain euren defentsa egin ezean baliteke apurka-apurka berriz eskuratzerik ez izatea. Eta ez dezagun oker ulertu: esandakoarekin ez da soldatapeko lanaren askatasun formala goraipatu nahi; izan ere, komunistontzat iraultza da bizi-hautu bakarra. Baina militante batek, ardura eta funtzio organizatiboak dituen horrek, jakin badaki orain zailagoa dela bere kideekin batzea, kartelak jartzea… Oro har, ekimen politikoak burutzea. Beraz, argi esan beharra dago: komunistok ez dugu atzera itzuli nahi, ez diegu ongizate estatuen paradisu artifizialei men egingo; guk proletariotzaren antolakuntza bermatuko dugu, horretarako beharrezkoak diren baldintza sozial, ekonomiko eta politikoak borrokatuz uneoro, antolakuntza komunistaren alde eginez.