«Klase elkartasuna» lelopean jende lepo batu zen atzo Iruñean, apirilaren 27an atxilo hartu zituzten Errotxapeako eta Burlatako gazteei, bai eta hurrengo egunean deklaratzera deitu zituzten beste biei ere, babesa adierazteko. Manifestazioa bukatzean antolatzaileek esan zutenaren arabera, atxilotutako hamar gazteez gain deklaratzera deitu zituzten beste biak ere auzipetuta daude; orotara, beraz, hamabi dira auzipetuak.
Gogor zigortu ohi diren delituak leporatzen dizkiete auzipetuei, eta polizia-ikerketak berak, publikoki argi eta garbi esan dutenak behintzat, ez du ez hanka ez bururik. Ondo baino hobeto dakigu, hala ere, zuzenbide burgesak faltsuak oso izan daitezkeen kontaketa, froga edo interpretazioei erabateko zuzentasuna aitor diezaiekeela poliziak fitxatu duen edonor zigortua izan dadin; horregatik, polizia-txostenek edo fiskaltzaren akusazioek sarritan ezjakintasunetik idatziak badirudite ere, zentzu errepresibo arrazionala daukate. Inork pentsa dezake: hamabi gazte horiei egozten dizkieten ekintzak kontuan hartuta, nola da posible «banda kriminal», «kale borroka», «gerrilla urbano» edo antzekorik aipatzea poliziak? Edo gertaera zehatz batzuen eta aspaldiko erakunde edota gaur egungo antolakundeen arteko lotura egitea? Ez al dakite zertan den gaur egun Euskal Herria? Ezer jakingo dute bai, eta ez dira oso oker ibiliko, baina ahal duten bakoitzean edozer esango dute (gezurra edo astakeria handia izan arren) militante politikoei min emateko.
Poliziak burgesiaren klase dominazioa babestu eta indartu egiten du eta auzitegietan poliziaren lanari onespen juridikoa ematen zaio. Epaileek, esate baterako, balioztatu egiten dituzte fiskaltzak aurkeztutako gezurrak eta, halaxe, poliziak «ikertutako» hori «egia» da juridikoki: errugabea den hori zigortzeko eskubidea sortzen da horrela. Besteak beste, langileriaren militantzia politikoa debekatzeko eta desagerrarazteko instituzio burgesak direnez, bai poliziak eta bai fiskaltzak badute biderik euren eragin gaitasuna (zigortzeko eskubidea, esate baterako) areagotzeko. Adibidez: trikimailuak, narrazio faltsuak, alegia. Alabaina, poliziaren bertsioa, askotan gezurretan ari dela jakinda ere, zuzenean egiatzat jo eta hitzez hitz errepikatzen duten komunikabideena beste kontu bat da; are, badenean poliziak esandako astakeriak astakeria handiago bihurtzen dituenik. Horiek beste erantzukizun etiko bat dute. Bada, tamalgarria egunkari eta hedabide horiek egiten dutena: atxilotuen intimitatea errespetatu ez, enuntziatuak partzialki publikatu horien esanahia aldatuz, ziurtatu gabeko informazioari zilegitasuna eman… Oro har, ez den hori aditzera eman eta (kasu honetan) arriskupean dauden pertsonen eta antolakundeen egoera kaskartu. Eta hori ez diogu erreakzionarioak edo "fatxa" deklaratuak diren komunikabideengatik (horien ankerkeria ez dago eztabaidatzerik), euren burua progresistatzat eta «ezkerraren» hedabidetzat dutenengatik baizik. Objektibitatearen eta informatzeko eskubidearen izenean ari zarete, baina zuena eskuak zikintzen dituzten militanteen aurkako eraso ideologikoa da. Halatan, nahi edo nahi ez, poliziak esandakoa sinestarazten diozue kaltetua izan den klase sozial berari.
Hamabi auzipetuek euren larrutan bizi izan dute komunikabideen erantzukizunik eza eta, hala ere, ez daude bakarrik. Askok ez baitugu gezurrik ez eta militantziaren kriminalizaziorik onartuko.