AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gasteizko Zentro Sozialistaren desalojo eguna atzeratu da. Berri ona hau. Irailaren 15ean, beraz, ez dira Zentro Sozialista desalojatzen saiatuko; aurreraxeago agian bai, ordea. Horregatik ez dugu lasai egoterik. Lortutakoa esangura handikoa baldin bada ere, Laboral Kutxari, une batez bederik, euren borondatea inposatu baitiote Errakik eta Kontseilu Sozialista Gasteizek, luze joko du ziurrenik Zentro Sozialistaren defentsak: gure aldetik, halatan, borroka hasi besterik ez da egin. Eta luzea bezain neketsua izan daiteke bidea, borondate militanteak, norberaren determinazioak hain zuzen ere, beste horrenbeste iraun beharko baitu. Konpromisoak, halaxe, ilusioa apaltzeraino iraun beharko du batzuetan; eta orain senti genezakeen ilusioaz gaindi, izan ere.

Errakiren eta Kontseilu Sozialista Gasteizen garaipen erlatiboa dela eta, militante bat edo beste ilusioz bete baldin bada, horrek ez digu zertan kalterik ekarri. Kontrara: momentuko pozak militantea bera indarberritu dezake, eta borrokari gogo handiagoaz hel diezaioke. Garaipen erlatibo honen ilusiozko bizipen pertsonala positiboa izan daiteke beraz, baldin eta delako bizipenak ez baldin badu militantea itsutzen. Hau da: aurrerantzean ere egin beharrekoa zertan den argi baldin badu. Ilusioak ez du arrazoi militantearen pentsamendu eta odol hotza ordezkatzerik, baina ez baldin bada sentimendu kontserbadorea bihurtzen, borroka jakin batekin konprometitzera eraman gaitzakeen motibo pertsonal paregabea izan daiteke. Alabaina, beti kontuan izanda unean uneko gauzen egoeratik datorren ilusioa ezin daitekeela delako gauzen egoeraren onarpen hutsa izan; gauzen egoera bera borrokatzen jarraitzeko arrazoi baizik.

Komunistontzat esperantza eta ilusioa ez dira gaitzesgarriak; guk pesimismo zentzugabea salatu behar dugu. «Derrotistena», alegia: muturtuta dauden horiena, zeintzuek borrokaldi bat hastean ez baitute beren porrotaz gain beste ezer ikusten. Pesimismoa izatekotan, soilik honako bi zentzutan da zentzuduna edo arrazionala: 1) zentzu filosofikoan: gaizkia ezin da gutxietsi; eta 2) zentzu taktikoan: auzia konplexua baldin bada, ez da sinpletzat hartu behar. Horrenbestez, komunistontzat pesimismoak esangura militantea izan dezake: eginbeharra zaila oso izango da, baita gogorra ere, ez dezagun ondorioz alferrikako sinplifikaziorik egin. Baina erronka politiko bat aldez aurretik ezinezkotzat jotzea, horixe baieztatu ahal izateko nahitaezkoa den analisi kritikoa egin eta arrazoirik eman gabe, erredukzio pesimista zentzugabea da. Motibazio pertsonala falta den seinale, ez beste ezer. Halako iritziak inteligentzia politiko kolektiboaren aurkakoak dira batik bat. Bada, militantzian jarrera derrotista hori da kaltegarriena: irmo egon behar duten horiek ahulezia hedatzen dute, eta borrokatzeko gogorik ezak, insubordinazio injustifikatuak eta irrazionalitateak diziplina militanteari gain hartzen diote.

Balio beza irakaspen modura aste honetan Gasteizen lortutakoak, eta jarrai dezagun Zentro Sozialista defendatzen.