Teorialari, ikerlari zein kazetari progreek sarri askotan irizten diote jendarteari, orohar, langileriari berari, subjektu pasibo eta otzana. Langileak autonomia murritza duten ugaztun edo abereak gara euren hitzetan eta abereen antzera, behi, ardi edota txerriek legez, men egiten diogu, burumakur, jaten ematen digun horri: aurkaritza esanguratsurik gabe, klase menderakuntza borondate propioz gure eginez. Baina intelektual hauek zuzen baleude, eta idazten eta dioten hori egia balitz, ez legoke poliziarik; baina kaleetan daude, asko dira eta gero eta soldata altuagoa dute gainera.
Bai, bada langile sumisorik, askatasuna desio ez duenik; alabaina, langile garenon artean badira, eta ez gutxi, askatasun zibil eta politikoak mugatu orduko opresioari aurre egiten ahalegintzen direnak. Gauzek okerrera egitean, duten hori arriskatu eta gu guztiontzat etorkizun duina borrokatzen ahalegintzen direnak hain zuzen ere. Zenbaitek, komunikabideetan betidanik biolento izendatu izan dituzten horiek, egurra eman nahi dute eta espazio publikoari ezarritako debeku, mugapen eta kontrol-polizialaren aurka adoretsu oldartuko dira. Beste batzuek, anitzak baitira garai tamalgarri honetan aurrera egiteko modu eta bideak, langileriaren antolakuntza politikoari eutsiko diote. Eta gauzen egoera berri honetan langileriak legediaz gaindi jokatu dezan, nahi duen hori egin ahal izateko, bere jokabideak ere moldatuko ditu berandu baino lehen. Ez gara egonean datorkigunari begira egongo. Esate baterako: internet dela-eta posible den elkarren arteko komunikazio birtuala baliatu izan da nahi duen horrek errepide kontrolen berri izan dezan, erabiltzaileek beraiek igotako informazioa amankomunean jartzen duen mugikor-aplikazioaren bitartez.
Batik-bat langile-aristokratek eta burges-txikiek gutxiesten dute proletalgoak aurrera daraman emantzipazio saiakera eta erresistentzia ahalegin oro. Sozialdemokraten harrokeria etikoari propioa zaion ulerkeraz, hutsal edo soilik mediatikotzat jotzen dute proletariotzaren haserrea eta, nolabait, proletarioen miseria arazo larritzat hartu arren, euren proposamen politikoak zentzugabeak dira larri daudenentzat. Aristokraten begitan langile orok du euren jarrera sumiso eta konformista bera, baina gauzen egoera zeharo ezberdina da, eta konplexuagoa. Langile-aristokrazia bakezalea eta kontserbadorea da, proletariotza ordea ez; proletariotzak, orohar, baliabide gutxi du. Bizirauteko behar duena dauka justu-justu, politika egiteko, berriz, apenas ez du antolakuntza-baliabiderik; ezta ordezkaritza leialik ere politikagintza instituzionalizatuan.
Pandemiak berriz alarma-egoera ekarri digu; dirudienez, krisialdia dela-eta burgesiak hartu beharreko neurri sozioekonomikoak eragozpenik gabe har ditzan. Eta testuinguru honetan, indar-errepresiboen lana oso garrantzitsua den unean, azken hamarkadetako joera kulturala areagotu besterik ez da egin: alde batetik, proletariotzaren itxaropenik ezaren ondorio diren jokabide eta irtenbide sozialak gogorrago kriminalizatu eta zigortzen dituzte Estatu eta norbanakoek. Izan legeen bidez edota etikoki. Eta, bestalde, «segurtasun» indarrei zaien gorroto orokortua murrizten eta apaltzen doa. Alegia, poliziak jendearen errespetua bereganatu du. Duela urte batzuk, gazteen artean esate baterako, norberaren izaera edo inguru soziala edozein zelarik ere (izan borroka/jurru, cani/choni, futbol-zale edo subkultura-identitate gabeko gaztea), denok genuen argi gauza bat: poliziari gorrotoa zor diogu, gure etsaia da. Batzuk «aquí y en China, la policía asesina» esaten zuten; beste batzuek «ez dut nahi, ez dut nahi, polizia izan!» abesten pasa genuen gaztaroa. Dena dela, ACAB edo 1312 objektiboa zen, zalantzarik gabe. Orain edonor da polizia eta Covid-19a hedatu denetik poliziak osasun publiko eta indibidualaren zaindari direnez, sekulako legitimazio prozesua bizi du klase-errepresio instituzio honek. Guzti honetan sozialdemokraziak, eta haren oinarri sozialak, badu erantzukizunik; euren diskurtso pragmatiko eta populistak borrero horien izena zuritu besterik ez du egiten-eta.
Proletariotzak ez dituen baliabide ekonomiko eta politikoak ukan arren, burgesiaren iruzurra bere egin du sozialdemokraziak eta zuzeneko diktadurarekin kolaboratzeko prest azaldu da. Orain, baita sozialdemokrata gazteek ere, proletariotzaren biolentzia gaitzesten dute, eta poliziarena «kritikoki» errespetatu.