Naia Gurrutxaga
2023/06/04

XX. mendearekin batera hainbat eztabaida plazaratu ziren; izan ere, mundu mailako aldaketa bat ekarriko zuen testuinguru baten atarian zen gizartea. Aurreko mendean gizarte kapitalistaren osaera izan zen, liberalismoaren ideologiaren azpian burgesiak boterea hartu zuelarik. Ekonomiari dagokionez, industrializaziorako eta hazkunde ekonomikorako arazoak nabarmenak ziren; hala ere, industriaren transformazioak zein merkatuen zabalpenak arazo horiei aurre egitea ahalbidetu zuen. Arlo sozialari erreparatuz, ordura arteko garairik lasaiena balitz bezala identifikatu izan da, ordura arte sekula ez baitziren hain urriak izan indar iraultzaile eta sozialistak.

Europarentzat guztiz garai lasai eta oparoa bazirudien ere, ekonomia industrialaren garapenaren garaian kontraesan ugari zeuden, eta gizartearen oreka apurtzea eragin zuten. Gobernadore askok eta askok beren buruari enperadore titulua jarri zioten Europan, hala nola Alemanian, Austrian, Errusian, Turkian eta Britainia Handian. 1890 inguruan erabili zen lehen aldiz inperialismo kontzeptua, zeinak haustura baitzekarren aurreko kolonialismoaren etaparekin. Ordutik aurrera, helburua jada ez zen izango herrialde batek beste bat bereganatzea, baizik eta mundua potentzia handien menpe banatzeko mugimenduak egingo zituzten, hau da, Kapitala eta lan-indarra mundu mailako potentzia handienek bereganatzekoak.

Ordutik aurrera, helburua jada ez zen izango herrialde batek beste bat bereganatzea, baizik eta mundua potentzia handien menpe banatzeko mugimenduak egingo zituzten, hau da, Kapitala eta lan-indarra mundu mailako potentzia handienek bereganatzekoak

Garai hartan herrialde nagusiak Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Herbehereak, Belgika, Estatu Batuak eta Japonia izan ziren. Galtzaileen artean Espainia eta Portugal kokatzen ditugu; izan ere, galdu egin zituzten aurretik bereganatuta zituzten koloniak. Testuinguru horretan, amaiera eman zitzaion aurretik aipatutako lasaitasun egoerari, mundu mailako gerra baten arriskua erreala baitzen. Masa-mugimendu antolatuek presentzia nabarmena lortu zuten, eta mundu mailan gertatzen ari ziren aldaketa handien aurrean hainbat eztabaida piztu ziren. Hain justu, hauek izan ziren eztabaida nagusiak: Lehen Mundu Gerraren jatorria, Errusiako Iraultzaren hastapenak, langile mugimenduaren zein mugimendu sozialistaren garapena eta zer posizionamendu hartu behar zuten alderdi sozialdemokratek inperialismoaren aurrean.

Inperialismoaren inguruko eztabaidak herrialde batzuetako alderdi sozialdemokraten hainbat kongresutako puntu garrantzitsu bilakatu ziren; eztabaida horietan askotariko posizionamenduak izan ziren. Eztabaida horietatik bi elementu azpimarratzea ezinbestekoa da: alde batetik, alderdi sozialdemokraten barruan zeuden joeren arteko talkak, eta, bestetik, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan alderdi sozialdemokratek nola aldatu zuten inperialismoarekiko posizionamendua.

Eztabaida horietatik bi elementu azpimarratzea ezinbestekoa da: alde batetik, alderdi sozialdemokraten barruko joeren arteko talkak, eta bestetik, Lehen Mundu Gerraren testuinguruan alderdi horiek nola aldatu zuten inperialismoarekiko zuten posizionamendua

Batetik, kontuan izan behar dugu herrialde bakoitzean alderdi sozialdemokrata bakarra bazegoen ere, haren barruan joera edota korronte desberdinak egon ohi zirela, eztabaida horietan posizionamendu desberdinak zituztenez gero. Eztabaida horiek ezin ditugu soilik eztabaida teoriko bezala ulertu; kontrara, haietan alderdi sozialdemokraten barneko korronteen arteko desberdintasun politikoak, estrategikoak eta taktikoak nabarmendu ziren. 

Eztabaida horiek ezin ditugu soilik eztabaida teoriko bezala ulertu; kontrara, haietan alderdi sozialdemokraten barneko korronteen arteko desberdintasun politikoak, estrategikoak eta taktikoak nabarmendu ziren

Bestetik, II. Internazionalaren barruan integratuta zeuden alderdi sozialdemokratek, Lehen Mundu Gerraren hastapenetan, errotik aldatu zituzten inperialismoaren inguruan hartuak zituzten hainbat jarrera. Gatazka belikoaren parte ziren herrialdeetan alderdi sozialdemokratak indarrean zeuden, eta horrek gerraren hasieran eragina izan bazuen ere, posizionamendu aldaketa horren oinarrian beste hainbat elementu ere aurkitzen ditugu. Aurretik esan bezala, Lehen Mundu Gerraren aurreko garaian hainbat eztabaida izan ziren, eta eztabaida horiek ere alderdi sozialdemokraten norabidea aldatzea eragin zuten. 1914. eta 1918. urteen artean nazioaren inguruan eztabaidatu zen luze, baita nazionalismoaren eta sozialismoaren arteko harremanaz ere. Garai hartan, orokorrean nazioaren eta klase gatazkaren inguruan eztabaidatu zen, eta hori da alderdi sozialdemokratek inperialismoaren inguruan hartutako erabakien oinarrian dagoen eztabaida. 

Inperialismoaren inguruko eztabaiden aurretik, kolonialismoaren inguruko lehen eztabaidak Karl Kautskyren analisi baten ostean etorri ziren. Bertan kolonien arteko desberdintasunak identifikatu zituen; hain justu, analisi hori hartzen da sozialismotik kolonialismoaren inguruan egindako lehen analisitzat. Kautskyren lanaren ostean, 1896 eta 1903 artean, «eztabaida errebisionista» izenez ezagutzen dena etorri zen. Eztabaidaren alde batean Eduard Bernstein zegoen, errebisionismoaren teorikorik garrantzitsuena, eta beste aldean, Ernest Belfort Bax, Karl Kautsky eta Rosa Luxemburg zeuden. Eztabaida horretan Bernsteinen posizioa kolonialismoaren aldekoa izan zen, eta Baxena, berriz, kolonialismoaren aurka altxatzen ziren horien aldekoa. 

Bernsteinek kolonietako gizarteak giza talde ez-garatu moduan definitu zituen, eta Europako nazioak haien gainetik kokatu zituen. Kolonialismoa zibilizazioaren garapenerako beharrezko prozesu moduan identifikatzen zuen, eta, beraz, bere ustez garrantzigabeak ziren herrialdeen askatasunaren gainetik kokatzen zuen Europako nazioen garapena. Baxek kolonietako gizarteen alde egin zuen, eta sozialisten eginbehartzat jo zuen kolonietako altxamendu armatuak defendatzea, eta, beharrezkoa bazen, laguntza material eta militarra ematea. Kautskyk Bernsteinen aurka egin zuen, baina beste elementu batzuetan oinarritu zen horretarako. Defendatzen zuen kolonialismoa kapitalismoaren aurreko sektore batzuek bultzatzen zutela, zeinak ez baitziren zuzenki burgesia industriala, eta horrek garapen historikoa oztopatzen zuela. 

Ezbai errebisionistaren ondoren izan ziren eztabaidetan elementu berriak gehituz joan ziren, baina debate horrek argitara atera zuen ondorengo eztabaida guztietan oinarrian egon zen banaketa, errebisionisten zein erreformisten eta sozialisten artekoa.

Eztabaida errebisionistaren ondoren izan ziren eztabaidetan elementu berriak gehituz joan ziren, baina eztabaida horrek argitara atera zuen ondorengo eztabaida guztietan oinarrian egon zen banaketa, errebisionisten zein erreformisten eta sozialisten artekoa

INPERIALISMOAREN EZTABAIDA

Inperialismoaren inguruan eztabaidatzeak urgentzia zuen; izan ere, Hispanoamerikako gerra eta Boerren Gerra presentzia handia izaten ari ziren, eta, bitartean, irekitzen ari zen mundu mailako gerra bat gertatzeko arriskua.

1899. urtean, Parisen, Internazionalaren Bigarren Kongresua egin zen eta, bertan, Luxemburgek inperialismoaren aurrean langileak antolatzeko beharra aldarrikatu zuen. Ondorengo urteetan zenbait kongresu egin ziren: 1900. urteko irailean Mainzen, Dresdeneko Kongresua 1903. urteko irailean, Amsterdameko Kongresua 1904. urtean… Kongresu horietan, berretsi egin zen Luxemburgek aurretik defendatutakoa inperialismoaren aurrean sozialdemokraziak hartu beharreko posizioei buruz. Sozialdemokraziak zapalkuntza eta esplotazio ororen aurka jardun behar zuen batetik, eta, bestetik, beraz, herrialde guztien arteko harreman baketsuak bultzatu behar zituen. 

1907ko abuztuan, Stuttgarten, II. Internazionalaren kongresu bat izan zen. Kongresu horretan bertan Henri Van Kol holandarraren hitzek zeresan handia izan zuten. Van Kolek ez zituen errespetatzen aurreko kongresuetan sozialdemokraziak defendatutako posizionamenduak, eta eztabaida horretan bertan bere aurka kokatu zen Kautsky. Van Kolek ez zituen negatibotzat jotzen kolonialismoaren adierazpen guztiak, are gehiago, II. Internazionalak politika kolonial sozialista positibo bat bereganatu behar zuelako ideia defendatzen zuen. Kautskyk ideia horien aurrean azaleratu zuen Van Kolen argudioen atzean herrialdeen banaketa bat ezkutatzen zela: herrialde batzuk mendekoak izatea eta beste batzuk haien menderatzaileak.

Sttutgarteko Kongresuan izan zen beste eztabaida garrantzitsu bat defentsa nazionalari buruzkoa izan zen. Eztabaida horretan, August Bebelez gain, Luxemburgek eta Leninek ere parte hartu zuten. Bebelek defendatzen zuen sozialdemokratek defentsa nazionaleko gerretan parte hartu behar zutela. Defentsa nazionalaren terminoaren inguruan Luxemburgek zein Leninek ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, kongresuaren barruan adostasun bat bilatzera begira. Defentsa nazionalaren argudioa alde batera utzita, Luxemburgek eta Leninek argi utzi zuten sozialisten eginbeharra zela, lehenik eta behin, gerraren hasiera gelditzea. Bigarrenik, esfortzu horren ostean gerrak aurrera egiten bazuen, sozialistek gerra hori geratu behar zuten ahalik eta azkarren. Amaitzeko, Leninek defendatzen zuen gerrak eragindako krisi politiko zein ekonomikoaz baliatuta, kapitalismoa abolitzeko baldintzak irekitzen zirela. 

Defentsa nazionalaren eztabaida horren oinarrian estrategia desberdinen talka agertu zen. Alde batetik, Van Kolen arrazoiketaren oinarrian, kapitalismoaren zabalpenaren argudioa zegoen: sozialismorako bidean, kapitalismoa zabaltzea beharrezkoa dela defendatzen zuen. Bestela esanda, haren ustez, sozialismoa mundu mailan eraikitzeko, beharrezkoa zen herrialde horietan guztietan kapitalismoa zabaltzea. Kautskyk ideia hori arbuiatzen zuen; izan ere, ez zuen uste herrialde guztiak sistema kapitalistaren barruan integratuta egotea bete beharreko baldintza zenik sozialismoa lortzeko.

Honaino ikus dezakegunaren arabera, argi geratu da eztabaida horien oinarrian sozialismora iristeko estrategia zegoela, sozialismoa helburu izanik. Herrialdez herrialde, alderdiaren arabera eta hura kokatzen zen testuingurua kontuan hartuz, hainbat eztabaida izan ziren. 

FRANTZIA

Frantzian, sozialismoaren barnean, bost joera zeuden 1890. urte aldera: blankistak (jatorria tradizio intsurrekzionalistan zutenak), guesdistak (marxismoarekin lotura estuena zutenak), posibilistak (joera erreformista zutenak), allemanistak (sindikalismotik gertu kokatzen zirenak) eta diputatu independente batzuk. 

XX. mendearen hasieran, Alexandre Millerand sozialista independentea Merkataritza ministro bezala jarduten hasi zen, Waldeck-Rousseauren defentsa-kabinete errepublikanoan. Horren ondorioz, banaketa izan zen alderdian. Alde batetik, Parti Socialiste Français alderdia osatzen zutenak zeuden, eta bertan zeuden fakzio ministerialista, independenteak, posibilistak eta allemanista batzuk. Bestetik, Parti Socialiste de France zegoen, Milleranden aurka kokatzen ziren guesdistek eta blankistek osatzen zuten alderdia. 1905. urtean alderdi bakar bat osatu zuten, Section Française de l’Internationale ouvrière (SFIO), ministerialistek indarra galtzearen ondorioz. 

Jean Jaurès eta Paul Louis izan ziren kolonialismoaren inguruan teorikorik garrantzitsuenetariko bi. Jean Jaurèsek kolonietakoen eskubideak defendatzea aldarrikatzen zuen, baita europarren interesak bermatzea ere, bertakoekin adiskidetasunez jokatuz. Kolonialismoaren aurka bazegoen ere, hura kapitalismoaren barruan ekidin ezin zitekeen fenomeno moduan identifikatu zuen. Bere ustez, sozialisten eginbeharra zen batetik Europa mailako gerra ekiditea, eta bestetik, kolonietakoekin harreman hobeak eraikitzea. 

Paul Louis blankista zen, eta inperialismoa fase historikotzat jotzen zuen. Inperialismoaren kausatzat identifikatzen zuen kapitalismoaren krisia, hau da, kapitalismoak merkatu berriak behar zituen metropoliko dirua inbertitzeko eta baliabide berriak bilatzeko. Horren ondorioa, aldiz, negatiboa zen proletariotzarentzat. Horren aurrean sozialisten eginbehar bezala ikusten zuen zapaldu guztien arteko elkartasuna.

1911. urtean, Marokoko krisialdiaren garaian, alderdiaren barruan kolonialismoaren eta inperialismoaren inguruko iritziaren bateraezintasuna nabarmendu zen. Alderdiaren barruan eskuineranzko joera nagusitu zen Lehen Mundu Gerraren atarian. Alde batetik, Guesdek eskuineranzko joera hartu zuen frantsesak Marokon kolonizazio sozialistaren proposamenaren alde kokatu zirenean. Bestetik, Andler eta Jaurèsen arteko eztabaidan argi geratu ziren Andlerren eskuineranzko pausoak. Orokorrean, SFIOren Bresteko Kongresuan (1913), hainbat posizionamendu atera ziren argitara.

ALEMANIA

1912an, Chemnitzeko Kongresuan, inperialismoaren inguruan eztabaidatu zen, eta lau posizionamendu nabarmendu ziren. Lehenengoa inperialista sozialena zen (eskuineko erreformistak). Inperialismoaren garaian langileek, gerra ekiditeko asmoarekin, Estatuaren alde egin behar zutela aldarrikatzen zuten. Bigarrena Bernsteinek plazaratu zuen argudioa izan zen, eta, inperialismoaren izaera ideologikoa azpimarratu zuen ekonomikoaren gainetik. Hirugarrenik, Haase, Kautsky, Ledebour eta Liebknechten taldeak defendatutako posizioa zegoen; haiei lehentasunezko eginbeharra iruditzen zitzaien gerraren aurkako posizioa hartzea. Azkenik, laugarren posizio bat defendatzen zuten ezkerreko erradikalek; gerraren aurka antolatzeko, masen antolakuntzaren alde egin zuten.

Kongresuan bertan hirugarren posizionamendua nabarmendu zen, Kautskyren taldearena. Gerraren aurka kokatzen baziren ere, ez ziren iraultzaileak. Haien posizionamendu hori are argiago geratu zen gerraren atarian. Testuinguru horretan, talde horretakoek gehienbat lan propagandistikoa egin zuten, eta, aldiz, ezkerreko erradikalek begi-bistan zuten gerraren aurrean antolatzen hastea eskatzen zuten. Kautskyren taldeak zailtasunak erakutsi zituen beren jarrera antimilitarista defendatzeko; izan ere, gerraren testuinguruan hartu beharreko hainbat neurri bozkatzeko orduan argi geratu zen haustura zegoela taldearen barruan. 1913. urtean, gobernuaren eskutik, zabalpen militarrerako proiektu bat aurkeztu zen, jabetza pribatuaren gaineko zeharkako zergak igotzea ahalbidetzen zuena. 1913. urtean, beraz, proiektu hori aurrera ateratzearen edo atzera botatzearen erantzule izango ziren sozialdemokratak. Hortaz, Reicheko politikan zuzeneko eragina izango zuen, eta ez gainera soilik arlo teorikoan. Erabaki horren aurrean, areagotu egin ziren sozialdemokraziaren barneko desadostasunak.

ITALIA

Lehen Mundu Gerran, Italiak, beste herrialde askok ez bezala, ez zuen posizionamendurik aldatu inperialismoarekiko. 

Inperialismoaren inguruko lehen eztabaidak 1892. urtean izan ziren, Alderdi Sozialista Bateratuaren sorrerarekin batera. Eztabaida horien testuingurua Etiopia konkistatzeko saiakerak izan ziren. Nagusitu zen eztabaida zera izan zen: ea inperialismoa kapitalismoaren kontraesanen soluzioa zen edo ez. Bertan bi pertsonak esku hartu zuten. Olindo Malagodiren ustez, bazen inperialismo berri bat, burgesiak zabaldu nahi zuena era berean kapitalismoa zabaltzeko asmoz. Bestela esanda, haren ustez inperialismoa bazen kapitalismoaren barne-kontraesanen soluzioa; izan ere, burgesiak, soldata altuagoen bidez, beste herrialdeetako proletariotza erakartzea lortzen zuen. 

Filippo Turatti Alderdi Sozialistaren sortzaileak, zeinak joera erreformistak jarraitzen zituen, Magalodiren arrazoiketari berea kontrajarri zion. Haren iritziz, aurrekoak planteatu zuen soluzioak soilik epe motzera funtzionatuko zuen, hau da, merkatu berri horiek kolapsatzean, berriro hasiko zen krisialdi bat, eta horrek mundu mailako krisialdi bat ekarriko zuen. Kolonialismoa ez zuen krisialdiaren aurreko soluzio moduan planteatzen. Haren ustez, kapitalismoaren krisialdiei konponbidea emateko, protekzionismoa alde batera utzi behar zen, eta Kapitala inbertitzeko merkatu askeen alde apostu egin.

Antonio Labriola Italiako Alderdi Sozialistako ezkerreko liderra Libiaren okupazioaren alde zegoen, hura italiarrek emigraziorako lurralde egokia zela defendatzen zuelako.

Eztabaidaren bigarren fasea 1911. urtean hasi zen, eta biziagotu egin zen gerrari hasiera eman zitzaionean. Italiako Alderdi Sozialistak, gerraren hasiera hartan, gerraren aurkako propaganda-kanpaina bati ekin zion. Horren ondoren, krisialdi ekonomikoaren testuinguruan, hainbat greba zein altxamendu egin zituzten langile sektore zabalek. 1912. urtean ezkerrak hartu zuen Italiako Alderdi Sozialistako gidaritza eta eskuineko erreformistak alderditik kanporatu zituzten. Azkenik, Lehenengo Mundu Gerraren hasieran, Errusiako Alderdi Sozialistarekin batera, inperialismoaren aurka kokatu zen.

BUKAERARAKO

Begi-bistakoa da testuinguru historikoaren arabera aldaketa handiak izan direla herrialde bakoitzean inperialismoaren inguruan hartutako posizionamenduetan. Gainera, II. Internazionaleko alderdien barnean ere joera desberdinak zeuden, eta, garaian garaiko baldintza historikoen arabera, batzuk besteei nagusitzen zitzaizkien.

Inperialismoaren garaiaren hasieran, sozialistek defendatzen zuten inperialismoa herrialde edo potentzia kapitalisten politika biolentoa eta erreakzionarioa zela. Inperialismoaren helburu moduan identifikatzen zituzten alde batetik herrialdeek kapitalismoa gailentzearen ondorioz sortu ziren merkatu berrien beharra asetzea, eta, bestetik, lehengai berriak eskuratzeko beharrari erantzutea. Inperialismoaren ondorioz, areagotu egin ziren herrialdeen arteko gatazkak, eta, horren aurrean, sozialistek fenomeno horren oinarriaren inguruko azalpen osatuago bat eraikitzeko beharra ikusi zuten. Hor aurkitzen ditugu inperialismoaren faktore gisa garatu ziren hainbat teoria: kapital soberakina inbertitzeko merkatu berrien beharra, kapital finantzarioaren sorrera, indar produktibo eta harreman sozialen arteko talka…

Testuinguru horretan, hainbat autorek sozialismoaren eraikuntzaren barruan inperialismoak (eta, bere horretan, kapitalismoak) betetzen zuen rolaren inguruan ere eztabaidatu zuten. Eztabaida horietan, estrategia desberdinen arteko talkak nabarmendu ziren, izan ere, momentuko kapitalismoaren «arazoei» aurre egin baino (merkatu zein lehengai faltari), sozialismorako bidean alderdiek finkatu behar zuten estrategiaren inguruan eztabaidatu zen. 

Lehen Mundu Gerraren atarian, inperialismoaren inguruko posizionamendu banaketa hori are nabarmenagoa bihurtu zen, eta eskuineko jarrera nazionalistak areagotu egin ziren alderdi sozialisten barruan. Posizio chauvinistek presentzia handia hartu zuten, eta nazio bakoitzaren politika inperialistaren aldeko jarrera aktiboa bultzatu zen. Lehenengo Mundu Gerrarekin batera II. Internazionala desegin zen, eta Italiak eta Sobietar Batasunak posizio antiinperialistak defendatu bazituzten ere, beste alderdi sozialista askok eskuineranzko joera garatu zuten, eta inperialismoaren aldeko posizioak hartu zituzten.

Lehenengo Mundu Gerrarekin batera II. Internazionala desegin zen, eta Italiak eta Sobietar Batasunak posizio antiinperialistak defendatu bazituzten ere, beste alderdi sozialista askok eskuineranzko joera garatu zuten, eta inperialismoaren aldeko posizioak hartu


EZ DAGO IRUZKINIK