Eztabaida handien aurretik gertakari handiak izaten dira beti. Ez dira buru bikain batek prozesaturiko ideologiak bere buruarekin duen harremanaren emaitza, batzuek uste duten bezala; ezta orain arte lortutako ezagutza mailarik altuenaren hedapen kontzeptual soilaren emaitza ere, ezagutza naturatik datorren iturri agortezin bat balitz bezala. Eztabaidak praktikaren uneak dira beti, non praktikaren inguruan erabakitzen den. Hori da, halaber, inperialismoaren inguruko eztabaidaren kasua, munduko potentzia handien arteko gerraren berotasunean sortua. Noski, eztabaida horren helburua ez da, soilik, kontzeptua argitzea, jakintzari lotutako fetitxe zientifiko batez ariko bagina bezala −eta horretan parte hartzen dutenak jakintzaren zientzialariak edo orojakileak−; aitzitik, garatu beharreko estrategia politikoaren bitarteko argigarri gisa, kontzeptu-argitasuna du helburu.
Horregatik, eztabaida, egoera jakin batzuetan bakarrik da eztabaida politikoa, eta ez da hala, jakina, jakintzarekiko konpromiso soila denean. Ez da eztabaida politikoa, ezta ere, tesi jakin batzuen inguruan zirkuluetan garatzen dena eta praktikaren abiapuntua ideologia dela eta, ordura arte, balio duen klase borrokarik ez dagoela baieztatzen duena. Balantze bat badago, gure klase etsaiaren aurka borrokatuz egin behar duguna da hori, eta ez iraganeko mamuen aurka. Edo, beste era batera esanda, iraganeko eztabaidak berreskuratzen baditugu eta horietaz elikatzen bagara, orainak antolakuntza-bitarteko gisa inposatzen digulako bakarrik izan daiteke hori. Eta etsaiari aurka egitea, baita teoriaren mailan ere, antolakuntza komunistaren egiaren unea bada soilik da posible teoria.
Iraganeko eztabaidak berreskuratzen baditugu eta horietaz elikatzen bagara, orainak antolakuntza-bitarteko gisa inposatzen digulako bakarrik izan daiteke hori. Eta etsaiari aurka egitea, baita teoriaren mailan ere, antolakuntza komunistaren egiaren unea bada soilik da posible teoria
Eztabaidak, halako egoeretan, eztabaida politiko gisa, jarrera polarizatuak eta etsaitasun politikoak sortzen ditu. Bestela ez litzateke eztabaida izango, jakintza abstrakturako bide soil bat baizik. Baina etsaitasun horiek ezin dira gizabanakoen arteko liskarretara mugatu. Kontrara, eztabaida horiek eurekin dakarte aurkakoak diren antolakuntza-moduen arteko borroka eta klase borrokaren hedapen gisa (eta ez, modu absolutuan, praktikaren aurretik datorren eztabaida soil gisa) gauzatzen den egiazko gerra.
1914an hasitako gerra inperialistak komunismoaren eta sozialdemokraziaren arteko etsaitasun politikoa piztu zuen, gaur egun ezagutzen dugun bezala. Inperialismoaren inguruko argipenak estrategia komunistaren argipena ekarri zuen gerraren aurrean eta, jakina, sozialdemokrazia nazionalistaren aurrean, zeinak, II. Internazionalaren izaeraren aurka eginez, bere estatu nazionala defendatzeko erabakia hartu zuen
Gerraren ondorioak negargarriak izan ziren mugimendu sozialistarentzat. Internazionalaren porrotak, hedatzen ari zen gerra baten aurrean, komunisten isolatzea eta atzera-egitea ekarri zituen, estrategia birpentsatu ahal izateko eta komunismoa langile klasearen abangoardiako politika gisa berrantolatu ahal izateko. Horregatik, inperialismoaren inguruko eztabaidek eduki politiko nabarmena izan zuten. Kontua ez zen fenomenoa modu isolatuan ezaugarritzea, fenomenoarekin batera zabaltzen zen koiuntura politikoa ezaugarritzea baizik, hau da, iraultza sozialistarako irekitzen ziren aukerak aztertzea.
Ordura arte sozialdemokrazia gisa ezagutzen zenaren haustura, sozialdemokraten eta komunisten arteko bereizketarainoko bidea irekiko zuena, ez zen inperialismoari buruzko ikuskera desberdin baten ondorioa izan, baizik eta, oso alderantziz, haren inguruan erabat kontrajarriak ziren bi jarreraren ondorioa: batetik, «defentsismoaren» banderapean beren burgesia gerra inperialistan babestu zutenak; eta, bestetik, atzera-egite nazionalistaren eta proletalgoaren menderatze burgesaren aurrean, internazionalismo proletarioa defendatu zutenak, burgesiaren aurkako ofentsibaren eta gerra zibilaren banderapean.
Ordura arte sozialdemokrazia gisa ezagutzen zenaren haustura, sozialdemokraten eta komunisten arteko bereizketarainoko bidea irekiko zuena, ez zen inperialismoari buruzko ikuskera desberdin baten ondorioa izan, baizik eta, oso alderantziz, haren inguruan erabat kontrajarriak ziren bi jarreraren ondorioa
Argitze kontzeptualarekin jokoan zegoena ez zen, beraz, etorkizunean posizio politiko bat hedatzea, posizio politiko hori argitze kontzeptualaren aurretik datorren posizio gisa baieztatzea baizik. Hau da, eztabaidaren aurretik jada bi subjektu politiko zeudelako soilik izan zen posible eztabaida hori, harean elkarren aurka egiten zutenak eta une teorikoa antolakuntza-beharren mendeko egiten zutenak.
Leninek inperialismoari buruzko eztabaidan lortutako erreferentzia ez zen soilik inperialismoaren inguruan izandako eztabaidak sintetizatzeko izan zuen gaitasunagatik izan. Erreferentzia lortu zuen, hain zuzen ere, politikaren arloan, hau da, gerra inperialistaren eta horrek langile mugimenduan zituen jarraitzaileen aurkako borrokan, bete zuen antolakuntza-funtzioagatik. Leninen teoriak balioa eta indarra hartzen ditu praktika boltxebikearen elementu bateratzailea zelako. Horregatik, bere elementu nagusiak zaintzea ezinbesteko zeregin bihurtzen da, baita gaur egun ere, komunismoaren etika eta programa iraultzaile gisa duen balioa babesteko bakar-bakarrik izanda ere.
Zeregin horrek Leninen pentsamenduaren muina defendatzea eskatzen du, bere egia handia: iraultza sozialista eta politika iraultzailea, errealitate zehatzaren azterketan babestu beharreko elementu nagusi gisa. Aitzitik, Leninek inperialismoaren inguruan zuen ikusmoldeak −kapital industrialaren eta kapital finantzarioaren fusio monopoliko gisa laburtzen dena− jaso dituen kritika askok inperialismoaren kritikaren muinetik politika erauztea eragin dute, eta hori lortu dute elementu nagusia den monopolioa botere ahalguztidun bezala erauziz. Izan ere, Leninen teorian monopolioak honako hau nabarmendu nahi du: «kapitalaren menderatze inpertsonala» abstrakzio bat dela, forma zehatza hartzen duena burgesiak proletalgoaren gainean gauzatzen duen menderatzean eta ez pertsona zehaztugabeen arteko harreman sozialean −eta, beraz, gerra ez dela merkatu-lege soil bat, erantzuleak dituela eta horien aurka antolatu behar dela; gerra zibila egin behar zaiela−.
Leninen teorian monopolioak honako hau nabarmendu nahi du: «kapitalaren menderatze inpertsonala» abstrakzio bat dela, forma zehatza hartzen duena burgesiak proletalgoaren gainean gauzatzen duen menderatzean eta ez pertsona zehaztugabeen arteko harreman sozialean −eta, beraz, gerra ez dela merkatu-lege soil bat, erantzuleak dituela eta horien aurka antolatu behar dela; gerra zibila egin behar zaiela−
Baina politikaren abolizioak, teoriaren muinean, ez dakar subjektua oro har ezabatzea, subjektu menderatzailearen zehaztugabetasuna baizik, eta, horrekin batera, subjektu komunistaren ezintasuna. Horrela, gerrak buru maltzurren emaitza bezala azaltzen dira, gizonezkoei berezko zaizkiela babesten ez denean, ia biologiaren aztergai bihurtuak; ia naturalak diren gertakizun bezala ere azaltzen dira gerrak, kapitalismoaren ondorioz sortuak, bai, baina kapitalisten blokeen arteko borroka zehatz gisa ulertu ezin den kapitalismo abstraktu baten ondorioz. Horregatik, gerraren halabeharrezkotasuna ordezkari onak hautatzearen aldeko herri borondateari lotuta dago, zeina, arrazoi bitxiren batengatik, ez baita gertatzen, gerrak saihetsezin bihurtuz, gizakiaren gaiztakeria saihetsezin dela dirudien bezala; edo saihetsezinak dira, besterik gabe, ulertu ezin den izate baten emaitza direlako.
Badirudi kasu horiek Ukrainako gerran ere errepikatzen direla. Alde batetik, kapitalismoan gerra saihetsezina dela defendatzen dutenek ez dute internazionalismo proletarioaren eta estrategia sozialistaren ezinbesteko abiapuntu gisa egiten; kontrara, parte-hartzaileetako bat, kasu honetan Errusia, absolbitzeko bide gisa egiten dute, herrien askatzaile gisa identifikatzen baitute, eta ez aktore inperialista gisa (gerra inperialista egon al daiteke, baldin eta lehian dauden potentziak ez badira beraiek kapital-bloke monopolikoak, hau da, borrokan dauden bloke inperialistak?). Halabeharrezkotasun hori zoritxartzat jotzen da, eta bandoa aukeratzen da, besterik ez.
Beste batzuek, aldiz, gerra Putinen eta errusiarren gaiztakeriaren ondorio gisa aurkezten dute, eta horren aurrean ezin da ezer egin, sortzetiko gaiztakeria baita.
Bere edozein bertsiotan, inperialismoa eta Leninek gerra inperialistaren inguruan egindako tesien muina ulertzeko ezgaitasunagatik, gerra fenomeno ulertezin bihurtzen da. Lenin eta bere borroka berreskuratzea bitarteko bihurtzen da, aurre egin ahal izateko gerraren posizio legitimatzaileei, berriz ere «defentsismoaren» banderara atzera egin dutenak: errusiar gaiztakeriaren aurka defendatu, edo Errusia defendatu Mendebaldearen gaiztakeriaren aurrean. Azken batean, nazionalismoa eta erreakzioa, eta internazionalismo proletarioaren abolizioa, zeinaren kontsigna argia baita: kapitalari eta kapitalistei gerra.
HEMEN ARGITARATUA