1910ean, Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (aurrerantzean, SPD) buruzagi eta Bigarren Internazionalaren teorialari nagusiak, Karl Kautskyk, Boterearen bidea (hemendik aurrera, BB) argitaratu zuen. Marxismo iraultzailearen posizioak defendatzen saiatu zen lan horretan; izan ere, zentrismo bernsteindarra bidea egiten ari zen alderdiaren barruan. Testu horretan, sutsuki defendatzen du iraultza, sozialismoa eraikitzeko ezinbesteko bitarteko gisa. Horretaz gain, batez ere liburuaren azken zatian, Kautskyk zorrotz deskribatzen ditu garaiko inperialismoaren ezaugarriak eta funtsezko kausak, Kapitalaren eta gastu militarren arteko lotura historikoa maisuki zirriborratuz.
1911n, Lehen Mundu Gerra hasi baino hiru urte lehenago, Rosa Luxemburg iraultzaileak Utopia bakezaleak (aipuetan, UB) testua idatzi zuen Leipziger Volkszeitungerako, hots, alderdiaren argitalpen ugarietako baterako. Orrialde gutxi batzuetan, Europan ezartzen ari zen delirio armamentistari buruz modu zehatz bezain kezkagarrian ohartarazi zuen, baita joera errebisionistak gerraren gaietan gailenduz gero SPDren eta munduko proletarioen zoriak zuten arriskuaz ere.
Bi testu horien eta garaiko beste batzuen bidez, militarismoa Kapitalaren behar bat izateak zer esan nahi duen ulertzen saiatuko gara, tesi hori historiaren mailan berretsiz, eta argitzen saiatuz zer elementu komun dituzten 1914aren aurreko aldiak eta berrarmatze orokortuaren gure orainaldiak.
AURRENEKO MILITARISMO KAPITALISTA
Kautskyk 1910ean Boterearen bidea liburuan inperialismoari buruz deskribatu zuen teoria interesgarria da, besteak beste, oinarri duen kontakizun historikoagatik. Buruzagi alemaniarrak azaltzen duenez, “1860 ingurura arte [...], burgesiak, oro har, etsaitzat zuen armada, gobernua ere etsaitzat zuelako”. Goraka zihoan klase berri horrek, estatuaren botere politikoa lortzeko etengabeko lehian zegoenak, “armada iraunkorra gorroto zuen, zekartzan kostu gogoangarriengatik eta berak borrokatzen zuen gobernu baten euskarri izateagatik” (BB, 46). Burgesia kontinentalaren jarrera partzialki iraultzaileak[1] bereizita ulertzen zituen estatuaren militarizazioa eta bere berehalako interesak. Kautskyk honela zioen: “1870eko hamarkadan, gobernuak sendotu egin dira, eta indarra eta egonkortasuna irabazi dituzte. Azken batean, horietako bakoitzak jakin du nazioari sinetsarazten haren interesak ordezkatzen zituela” (BB, 39). Historiaren norabidea, ordea, aldatzen hasia zen.
Geroago, 1880ko hamarkadan, 1873ko krisi handiaren eta kontinentea zeharkatu zuen industria-depresio luzearen ondoren, oparotasun garai baten hasiera izan zen Europan. XIX. mendearen amaiera hurbiltzen ari zen, eta mozorro iraultzaile oro galduta zuten jada Mendebaldeko burgesiek. Kapitalak proletarioekin zuen jarrerak benetako klase-dimentsioa hartu zuen, eta argi eta garbi erakutsi zuen “nahiz eta [enpresaburuak] elkarren etsaiak izan merkantziak erosten eta saltzen dituzten merkatuan, munduko lagunik onenak direla guztiek merkantzia bera erosten duten merkatu horretan, lan-indarrarenean alegia” (BB, 49). Erakunde patronalak Europa osoan zehar hedatu ziren, eta klase benetan menderatzaile gisa finkatu zen kapital handia. Zentzu politikoan, klase-etsaiak estatuko boteretik kenduz egin zuen hori; zentzu ekonomikoan, gizartearen ekoizpen-unitate zentralen jabe bihurtuta.
XIX. mendearen amaiera hurbiltzen ari zen, eta mozorro iraultzaile oro galduta zuten jada Mendebaldeko burgesiek. [...] Erakunde patronalak Europa osoan zehar hedatu ziren, eta klase benetan menderatzaile gisa finkatu zen kapital handia. Zentzu politikoan, klase-etsaiak estatuko boteretik kenduz egin zuen hori; zentzu ekonomikoan, gizartearen ekoizpen-unitate zentralen jabe bihurtuta
Aldi berean, politika sozialista ageri zen burgesiaren botere sozialaren alternatiba erreal bakar gisa, eta Alderdia, berriz, langileen praktika iraultzara bideratzeko gai zen egitura estrategiko gisa. Grebak ziren borroka ekonomiko-sindikalen bihotza, eta “gero eta izaera politiko nabariagoa zuten”. Era berean, eskubide politikoen aldeko borroketan, adibidez “sufragio unibertsalaren aldeko borroketan”, “gero eta gehiagotan izaten zuen arrakasta greba orokorraren armak”. Proletariotzaren praktikak aurrera egin ahala eta borroka ekonomikoak eta borroka politikoak bat egin ahala, hau da, “erreforma sozialen aldeko borrokek borroka politikoen izaera hartu” ahala, burgesiak ez zuen izan zalantzarik ahal zuen guztietan “eskubide politikoak murrizten” saiatzeko (BB, 54). Burgesiaren eta proletarioen arteko borroka nazionala martxan zen jada, Kautskyren hitz hauek agerian uzten dutenez: “Alemanian, proletariotzaren hauteskunde-garaipen handi bakoitzaren aurrean, gero eta gertuago dago sufragio unibertsalaren baliogabetzea [...]. Frantzian eta Suitzan, grebalarien aurka egiten du armadak. Ingalaterran eta Ipar Amerikan, proletariotzaren ekintza-askatasuna murrizten dute auzitegiek” (BB, 55).
Politika sozialista ageri zen burgesiaren botere sozialaren alternatiba erreal bakar gisa, eta Alderdia, berriz, langileen praktika iraultzara bideratzeko gai den egitura estrategiko gisa. Grebak ziren borroka ekonomiko-sindikalen bihotza, eta “gero eta izaera politiko nabariagoa zuten”
Nola garatu zen burgesiaren botere militarra aldi horretan, klase menderatzaile gisa eratu ondoren? Italiako bigarren independentzia-gerra amaitu zenean, 1859an, armada berrantolatu zuen Prusiako Erresumak, Europako estandar militarraren mailan egoteko. Berrantolaketa horrek, Engelsen arabera, “armapean mantendu zituen Landwehraren infanteriaren 32 erregimentuak, eta beren lerroak pixkanaka osatu zituzten errekruta kopurua handituz; azkenik, lineako erregimentutan berrantolatu zituen horiek guztiak, eta 40tik 72ra igo horien kopurua. Horrekin batera artilleria areagotu zuen, baita zalditeria ere. [...] Armadaren hazkunde hori Prusiako biztanleriaren hazkundearekiko proportzionala zen gutxi gorabehera, biztanleria hori 1815etik 1860ra 10,5 milioi pertsonatik 18,5 milioira igo baitzen” (1975, 225, letra etzanak egilearenak dira). Burgesiaren hedapen militarrak oraindik ez zuen zentzu historikorik.
60ko hamarkadan, burgesia, mesfidati oraindik, armadarekiko begikotasuna erakusten hasi zen. Indar armatu profesional, erregular eta moderno bat izateko beharraz jabetzen hasi zen, “barneko zein kanpoko etsaia zapaltzeko” (BB, 46). Hau da, estatuaren aparatu burokratiko-militarraren gotorlekuak indarra hartu zuen bere interes ekonomiko eta politiko gero eta hedatuagoak blindatzeko mekanismo gisa. Horien aurka, proletariotza hasi zen agertzen bere aurkari nagusi gisa; gorpuzten hasi zen bere klase-kontzientzia.
70eko hamarkadan, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerrak (1870-1871), zeina Alemaniako Inperioaren sorrerarekin (Bigarren Reich-a), Parisko Komunaren altxamenduarekin eta zapalketarekin eta Frantziako Hirugarren Errepublikaren jaiotzarekin amaitu baitzen, erabat aldatu zituen Mendebaldeko dinamika militarrak. Hala azaldu zuen Engelsek 1878an:
“Frantzia-Prusia Gerrak esanahi erabat desberdineko aldaketa-puntu bat adierazten du [...]. Gerra horrek kontinenteko potentzia handi guztiak behartu zituen Prusiako Landwehr sistema indartua ezartzera, eta, horrekin, urte gutxiren buruan hondamendira eramango zituen zama militar bat hartu zuten beren gainean. Armadak estatuen helburu nagusi bihurtu ziren, helburu bat beren baitan; herrien zeregin nagusia soldaduz hornitzeko eta soldaduak mantentzea baino ez zen jada. Militarismoak Europa irentsi zuen. Baina militarismo horrek bere baitan zuen jadanik bere hondamenaren ernamuina. Estatuen arteko lehiak, alde batetik, urtero armadetan, gerraontzietan, kanoietan eta abarretan diru gehiago inbertitzera behartu zituen, eta horrek nahitaezko soldadutza ezartzea azkartu zuen gero eta modu larriagoan. Horrekin, herri osoa armen erabilerara ohitu besterik ez zuten egiten, hau da, herria prestatzen zuten une jakin batean bere borondatea inposatu ahal izateko”.
Zer ondorioztatzen da Engelsek hor azaltzen digunetik? Burgesiak, Europan ekoizpenaren eremuan zuen nagusitasunak bidea irekita, apurka-apurka botere politikoa finkatu zuela, eta horrek nazioarteko lehia politikoko prozesuak azkartzen zituela. Hainbesteraino, non Europako zenbait estatuk derrigorrezko soldadutza ezarri zuten, eta, hala, militarismoak masa desjabetuetan beti jarri ohi duen hazi iraultzailea erein. Gogora dezagun 1880ko hamarkadan burgesia, estatuaren agintean behin betiko finkatu zenean eta enpresa kapitalista handia ekonomiaren bektore nagusia zenean, gastu militarrak dimentsio kuantitatibo handiagoa hartzen hasi zirela. Kontuan izan behar da, adibidez, historiako lehen trust delakoa, Standard Oil Trust, 1882an jaio zela.
Kautskyk, 1891 eta 1908 arteko aldiari dagokionez, honako hau dio: “[Alemaniako] Inperioko biztanleria laurden bat handitu zen; aldiz, lurreko armadaren gastuak bikoiztu egin ziren, erretiro-funtsenak eta zor publikoaren interesenak ia hirukoiztu, eta itsas armadarenak laukoiztu” (BB, 61). Are gehiago, urteko gastuei erreparatuta, ikusten da 1873an, kapitalismoaren lehen krisi ekonomiko handiaren urtean, Alemaniako Estatuak 404 milioi marko gastatu zituela. 1891n %177 hazi ziren gastu horiek, eta 1.118 milioi markora iritsi ziren. Izan ere, 1908an, gerra baino sei urte lehenago, gastu militarra %150 handitu zen berriro, 2.785 milioi markoraino. Oso argia da nola gurutzatzen diren ekoizpen kapitalistaren finkapena, burgesiaren estatuaren zuzendaritza politikoa eta gastu militarren igoera.
1860ko eta 1870eko hamarkadetan, 1848ko iraultza demokratiko-burgesen ondoren, estatua ekoizpen sozial kapitalistaren behar berrietara, hau da, kapitalaren botere ekonomikora egokitu zen heinean, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen fenomeno militar kapitalistak. 1880ko eta 1890eko hamarkadetan, militarizazio handiko prozesu bat hasi zen Europan, non gastu militarren hazkundeak hazkunde demografikoa gainditu zuen, kontinenteko ekonomia nagusietan kapitalismoa osoki garatzen ari zen aldi berean. “Aurrekontu-eraldaketa” dei dezakeguna da hori; paradigma fiskala erabat aldatzen du baldintza sozioekonomiko berriak bermatzeko ogasun publikoak bere gain hartu behar dituen eskakizunen arabera.
Ildo horretan, funtsezkoa da ulertzea “aurrekontu-eraldaketa” hori kapitalaren joera orokorrenen garapen luze eta geldoaren gailurra dela, eta ez bat-bateko aldaketa bat politika publikoan. Europan kapitalismoa ekoizpen-modu gisa sendotzearen emaitza da gastu militarren hazkunde izugarria. Kapitalaren eta lanaren arteko gatazka ekonomiko eta politikoaren etengabeko hedapenak eta igoerak eta enpresen arteko lehia-harremanen gogortzeak eman zioten forma gizarte burges berriari. Kapitalaren botere militarrak bidea egin zuen ekoizpen kapitalista ekoizpen-forma orokor gisa hedatu zuen heinean, bai eta burgesiak bere burua politika nazionalaren klase zuzendari gisa ezarri ere.
Kapitalaren eta lanaren arteko gatazka ekonomiko eta politikoaren etengabeko hedapenak eta igoerak eta enpresen arteko lehia-harremanen gogortzeak eman zioten forma gizarte burges berriari
Zergatik eskatzen du Kapitalaren botereak estatuaren ahalmen militarrak izugarri sendotzea eta indartzea? Kolonialismoa fenomeno kapitalista hutsa ote da? Ez al da militarismoa klase-borroka bezain zaharra? Ikus dezagun zein den kapitalismoaren arrazionaltasun ekonomikoaren eta gastu militarren arteko lotura. Enpresak, epe ertainean eta multzo gisa hartuta, ezinbestean hasi ziren errentagarritasun-arazoak izaten. Kapitalaren barne-kontraesan deitzen dioguna da hori. Ekoizpen kapitalista egituratzen duen jabetza pribatuaren erregimena da lan sozialaren jabetze pribatuaren oinarria, hau da, desjabetutako langileek sortutakoa burgesiak bereganatzea ahalbidetzen duen hori. Baina, aldi berean, ekoizpen-baliabideen jabetza pribatua da enpresen jarduera ekonomikoari forma ematen dioten lehia-harremanen oinarria. Lehia horrek enpresak beren ekoizpen-baliabideen erabilera etengabe optimizatzera behartzen ditu, lehiakideen aurrean biziraun ahal izateko. Zenbat ekoizten duten, nola ekoizten duten, zer preziotan saltzen duten edo zenbateko marjina lortzen duten: horretan guztian esku hartzen du lehiak. Egoera horrek bultzatzen ditu enpresak berrikuntzak egin behar izatera eta ekoizpen-prozesuak emankorrago bihurtzera. Eta horrek berekin dakar sozialki beharrezkoa den giza lana aurreztea. Horixe bera da gaur egun ibilgailu bat edo jantzi bat ekoizteko beharrezkoa den denbora duela ehun urte baino askoz ere txikiagoa izatearen arrazoia. Kapitalismoaren iraultza teknologikoaz ari gara.
Hala ere, giza lana da kapitalistaren irabazi-iturria, eta, horregatik, etengabeko aurrezpen horrek irabazi-tasa beheratzen du epe luzera. Kapital sozialaren batez besteko errentagarritasunaren jaitsierak gainmetaketa orokor bat sortzen du. Hainbat modutan arindu daiteke errentagarritasunaren beheranzko presioa –ekonomia politiko klasikoak “inbertsioaren errendimendu beherakorra” deitzen dio horri–. Adibidez, horretarako moduak dira langileen esplotazio-maila handitzea edo berrikuntza teknologikoak enpresen kostuen murrizketan dituen ondorio positiboak aprobetxatzea. Beste modu horietako bat inperialismoa da; kapitalek beren eragin-eremua zabaltzea ahalbidetzen du, horrela irtenbide bat emateko erabili gabe kapital horri, zeinak ez baitu topatzen aurreko inbertsio-zikloan bezain errentagarria den balorizazio-espaziorik.
Hainbat modutan arindu daiteke errentagarritasunaren beheranzko presioa –ekonomia politiko klasikoak “inbertsioaren errendimendu beherakorra” deitzen dio horri–. Adibidez, horretarako moduak dira langileen esplotazio-maila handitzea edo berrikuntza teknologikoak enpresen kostuen murrizketan dituen ondorio positiboak aprobetxatzea. Beste modu horietako bat inperialismoa da; kapitalek beren eragin-eremua zabaltzea ahalbidetzen du, horrela irtenbide bat emateko erabili gabe kapital horri, zeinak ez baitu topatzen aurreko inbertsio-zikloan bezain errentagarria den balorizazio-espaziorik
Oso agerikoa da Kapitalaren automugimendu horren ondoriozko logika. Kapitalismoaren oinarrizko forma politikoak, estatuak, bere subiranotasun politiko-militarra zabaltzea lortzen duen tokian, estatu horretako kapital nazionalak espazio bat aurkituko du bere salgaiak baldintza hobeetan trukatzeko, bere posizio finantzarioa hobetzeko eta tokiko produktuak abantailaz eskuratzeko. Bestela, zuzenean desjabetuko ditu, historikoki Munduaren Hegoaldea deitzen den horretako baliabide naturalekin egin duen bezala. Azken batean, enpresek dituzten batez besteko errentagarritasun-arazoei aurre egiteko estatuak duen erreakzio militarra da.
Hala ere, Leninek Inperialismoan dioen bezala (aurrerantzean, I), “politika koloniala eta inperialismoa existitzen ziren kapitalismoaren fase garaikidearen aurretik, baita kapitalismoaren aurretik ere” (I, 50). Inperialismoaren forma kapitalistaren elementu historikoki berritzailea ekoizpen-bitartekoen hedapen sistematikoa da. Bestela esanda, “itsasoz haraindiko herrialdeetan politika konkistatzailearen aro berri bat inauguratu zen, [...] herrialde industrialek herrialde barbaroetara, produktuak ez ezik, industria modernoaren ekoizpen- eta garraio-bitartekoak ere esportatu zituzten” (BB, 64). Hori da Leninek ere kapital-esportazioa deitu zuena. Gaur egun atzerriko inbertsio zuzena dei genezakeena mekanismo ekonomiko bat izan zen, eta, horren bidez, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean, mundua beren artean banatu zuten Europako potentzia nagusiek, eta, hala, kolonizatzaileen eta kolonizatuen artean zatitu zuten mundua:
“1876aren ondoren, sei potentzia handienentzat izugarri hedatu ziren jabetza kolonialak; %50etik gora, 40 milioi kilometro karratutik 65 milioi kilometro karratura. Lurralde-hedapena 25 milioi kilometro karratukoa izatera iritsi zen, metropolien azalera (16,5 milioi) baino %50 gehiagokoa. 1876an, potentzia horietako hiruk ez zuten koloniarik eta laugarrenak, Frantziak, ia ez zuen koloniarik. 1914an, lau potentzia horiek 14,1 milioi kilometro karratuko azalera lortu zuten, hau da, Europako azalera baino %50 gehiago gutxi gorabehera, eta ia 100 milioi biztanle” (I, 50).
Inperialismoaren forma kapitalistaren elementu historikoki berritzailea ekoizpen-bitartekoen hedapen sistematikoa da. Bestela esanda, “itsasoz haraindiko herrialdeetan politika konkistatzailearen aro berri bat inauguratu zen, [...] herrialde industrialek herrialde barbaroetara, produktuak ez ezik, industria modernoaren ekoizpen- eta garraio-bitartekoak ere esportatu zituzten”
Kapital-esportazio masiboaren lehen ondorio ekonomikoa ekoizpen-modu kapitalistaren mundializazioa izan zen. “Ekoizpen-baliabideen esportazioak [...] ekoizpen-modu kapitalista sartzen zuen Europako zibilizaziotik kanpoko herrialdeetan, eta horietan berehala suntsitzen zuen ordena ekonomikoko gauzen egoera tradizionala” (BB, 64). Hedapen inperialistak ekoizteko modu bat esportatu zuen, eta ekoizteko modu horretan esku hartzen zuten lehiak, esplotazioak, garapen teknologikoak, lan biziaren aurrezpenak eta horien guztien ondorioak, hots, krisiak. Baina, gainera, hedapen horrek su eta gar irauli zituen heinean gizarte aurrekapitalistak –oraindik planetaren zatirik handiena hartzen zuten–, emantzipaziorako baldintza materialak txertatu zizkien gizarte horiei. Europaren nagusitasun tekniko-materialak muga kontinentalei lotuta egoteari utzi zion. Inperialismo kapitalistak tresnarik boteretsuena eman zien atzeratutako nazioei mendeetan arrastaka zeramatzaten nazioarteko mendekotasun-harremanak amaitzeko: proletariotza iraultzailea.
Bigarren ondorio ekonomikoa merkatu global kapitalistaren artikulazioa izan zen. “Herrialde berriak zaharrekin lehian sartzen hasi ziren. [...] Ekialdeko herrialdeetan espiritu europarra pizteak ez zituen Europaren lagun egin, etsai baizik, indar bereko etsai” (BB, 65). Egitura kolonialen botereak eutsi egin zion Bigarren Mundu Gerraren ostera arte, baina ukaezina da logika kapitalistaren mundu mailako hedapenak metaketa-polo berriak sortzea ahalbidetu zuela, eta horiek berehala hasi zirela Europako Kapitalarekin lehiatzen.
Hirugarren ondorio ekonomikoa Mendebaldean “oparotasun-aro berri bat” hastea izan zen (BB, 64), zeinak, barne-merkatuaren arazo ekonomikoak konpondu beharrean, Europako kapitalismoaren kontraesanak geografikoki lekualdatzen baitzituen. Horixe da inperialismoa Kapitalaren kontrajoera dela dioen ideia.
Laugarren ondorio ekonomikoa atal osoan zehar deskribatu dugun militarismoaren erabateko areagotzea izan zen, eta kapitalismoaren erreprodukzio espantsionista ahalbidetu zuen.
Laburbilduz, badirudi historiak eta inperialismoari buruz inoiz idatzi diren testu marxista garrantzitsuenetako biren (Kautskyrena eta Leninena) azterketak adierazten duela txanpon beraren bi aldeak direla Europan ekoizpen kapitalistaren ezarpena eta militarismoaren gorakada.
“Britainia Handia izan zen kapitalista bihurtu zen lehen herrialdea, eta, XIX. mendearen erdialdean, merkatu librea bere egitean, ‘munduko lantegi’ gisa aurkeztu zuen bere burua, herrialde guztientzako manufakturatutako ondasunen hornitzaile gisa. Trukean, haiek lehengaiz hornitu behar zuten bera. Baina, XIX. mendearen azken laurdenean, Britainia Handiaren monopolio hori hautsi egin zen; beste herrialde batzuk, beren burua muga-zerga ‘protekzionisten’ bidez babestuz, estatu kapitalista independente bihurtu ziren” (I, 38).
Leninek mahaigaineratutako kronologia hori bat dator Kautskyk azaldutako militarizazioaren denbora-eskemarekin. Esperientzia historikoak berresten du ezinezkoa dela ekonomia kapitalista bat hedatzea gizartearen ekoizpen-baliabideen kopuru handi bat gastu militarretara bideratu gabe. Ekoizpen-egitura kapitalistak berak, lehiaren bidezko bere-berezko erreprodukzioak eta estatu-nazioetan (edo, gaur egun, estatuz gaindiko antolakuntza-unitateetan) duen antolaketa politikoak aparatu militar ikaragarria behar dute klase kapitalistaren boterea bermatzeko bai bere muga nazionalen barruan bai horietatik kanpo.
Gainera, ekonomiaren barne-kontraesanen hedapenaren ondorioz lehia kapitalistako harremanak etengabe areagotzeak gastu militarrak eguneratzera behartzen ditu estatuak, eta hura klase-borrokaren garapen-mailara egokitzea. Azken batean, gerra enpresen arteko lehiaren forma politiko garatuena balitz bezala agertzen da kapitalismoan; eta gastu militarra, berriz, burgesiaren klase-boterearen aurrekontu material bezala.
GERRA-HOTSAK ADITZEN DIRA: BURGESIAREN ERASOALDI MILITARRA PRESTATZEN ARI DA
Azter dezagun orain Rosa Luxemburgen “Utopia bakezaleak”. 1911n gaude, eta Europako potentzia nagusiek, non kapitalismoa den ekonomia-forma nagusia, askotariko erronkei egin behar diete aurre. Aipatu dugun moduan, ekoizpen-modu kapitalista mundu-mailan egonkortu izanak lehiakide berri batzuen posizioa indartu du, hala nola Japoniarena eta Estatu Batuena. Bi potentziak aireratzen dira ekoizpen industrialaren foku moduan, eta gero eta gaitasun handiagoa dute Europako ekonomietan lehiatzeko. Gainera, potentzia kolonial nagusiak –honezkero bi hamarkada baino gehiago altxor publikoaren kantitate izugarriak daramatzate gastu militarrera bideratzen– ahalegin handiagoa egiten hasi dira nazioarteko armamentu-lasterketan, zeinaren protagonista nagusi Alemaniako Inperioa eta Britainia Handia baitira. Kolonialismoa eta enpresen arteko lehia gurutzatzen dira gerraren aurreko urteetan, Europako militarismoa unerik gorenean dagoen une horretan:
“Armamentuen lasterketa hau modu apalean hasi zen 1880ko hamarkadaren amaieran, eta bizkortu egin zen mende berriaren hasieran, bereziki gerraren aurreko urteetan. Britainiarren gastu militarrak egonkor mantendu ziren 1870an eta 1880an, bai aurrekontu osoaren ehunekoari dagokionez, bai eta per capita gastuari dagokionez ere. Hala ere, 32 milioi liberako aurrekontua izatetik 44,1 milioiko aurrekontua izatera igaro ziren 1898-1899 aldian, eta 77 milioi liberakoa baino gehiagokoa 1913-1914 urteetan (...) Bitartean, Alemaniako armadaren kostua are modu nabarmenagoan handitu zen: hamarkadaren erdialdean urtean 90 milioi markokoa izatetik ia 400 milioikoa izatera pasatu zen 1890aen.”[2]
Aldi berean, marxismo iraultzailea zabaltzen ari zen Europan. 1889an Bigarren Internazionala sortu zen, eta kontinente osoko antolakundeak zituen atxikita –Liebknechten esanetan “langileen mundu-mailako parlamentua zen, munduko lehenbizikoa”[3]. Langileen protestek, esan dugun moduan, gero eta kontzientzia-maila handiagoa lortu zuten, eta langile iraultzaileak masa-antolakunde hegemonistetan hasi ziren elkartzen.
Testuinguru horretan, Luxemburgek bakezaletasun burgesarekin zituen zorrak kitatzea erabaki zuen, eta azaldu zuen zein zen sozialista iraultzaileen zeregin nagusia Europa suntsitzen ari zen militarismo gorakorraren aurrean:
“Zein da gure zeregina bakearen arloan? Kontua ez da sozialdemokratek egiten duten moduan uneoro bakearenganako maitasuna erakustea; gure zeregin behinena herri-masen aurrean militarismoaren zeregina zein den argitzea da, bai eta garbi seinalatzea ere zer desberdintasun dauden printzipioei dagokienez sozialdemokraten posizioaren eta bakezale burgesenen artean. Zertan da diferentzia hori? (...) Gure abiapuntuak erabat elkarren aurkakoak dira: bakearen lagun burgesek uste dute munduko bakea eta desarmatzea lorgarriak direla ordena sozial nagusiaren esparruan; guk, aldiz, historiaren ulerkera materialista dugu oinarri, eta sozialismo zientifikoan sinetsita gaude militarismoa desagertzeko modu bakarra klase kapitalistaren estatua suntsitzea dela."
Unitate bakarra dira estatu kapitalista eta militarismoa. Luxemburgen analisitik ondorioztatzen den estrategia politikoa argia da: gerra-prozesua beti egongo da latente kapitalismoan, eta proletariotza antolatuak botere politikoa hartzea da gerra-prozesua geldiarazteko bide bakarra
Luxemburgek azaltzen duenez, eta Leninek eta Kautskyk gerraurreko garaian zituzten ideiekin sintonian, unitate bakarra dira estatu kapitalista eta militarismoa. Luxemburgen analisitik ondorioztatzen den estrategia politikoa argia da: gerra-prozesua beti egongo da latente kapitalismoan, eta proletariotza antolatuak botere politikoa hartzea da gerra-prozesua geldiarazteko bide bakarra. Estatu kapitalista gizarte-harreman kapitalistek hartzen duten forma politikoa baino ez da, hau da, enpresarien eta langileen arteko gatazkak hartzen duen forma. Lehen aipatu dugun “aurrekontuaren eraldaketa” hori da –haren bidez gastu militarrak handitzen dira kapitalismoan– burgesia estatuan finkatzearen –eta hura Estatu kapitalista bilakatzearen– adierazpen historiko askoren arteko bat da. Bestela esanda: militarismo burgesaren amaiera estatua deuseztatzea da, eta ez bakezaleak ezartzea haren gobernu-organoetan. Halaber, Luxemburgek honela kontatzen du inperialismoaren logika ekonomikoa:
“Militarismoa hertsiki lotuta dago politika kolonialarekin, tarifa-politikarekin eta nazioarteko politikarekin, eta nazioek armamentu-lehiari muga jarri nahiko baliote, muga serio eta zintzoa, lehenbiziko pausoa litzateke merkataritzaren arloa desarmatzea, alde batera uztea beren kanpaina kolonialista harrapariak eta beren nazioarteko politika, munduko txoko guztietan eragin-esparruak konkistatzeko erabiltzen dutena: bi hitzetan, beren barne- eta kanpo-politikak estatu kapitalista moderno baten gaur egungo politikak exijitzen duenaren kontrakoa izan beharko luke” (UB, 1, letra etzanak egilearenak).
Luxemburgek azpimarratzen du inperialismoa enpresen arteko lehia dela baina nazioarteko planoan zabaldua. Horrela, poloniar iraultzaileak baieztatzen du militarismoa eta ekoizpen kapitalista txanpon baten aurkia eta ifrentzua direla, eta, beraz, beharrezkoa dela estatuak politikoki esku hartzea kapitala mundu mailan metatu dadin; bestela esanda, esaten du armamentuaren garapena ezinbestekoa dela negozioak hedatzeko aurrebaldintza moduan. Lehenago aipatu dugun esparru teorikoari jarraikiz, estatuaren militarismoa biziraupenerako baldintza da munduko merkatuko enpresentzat.
Horregatik guztiagatik, Luxemburgen ustez, estatu burgesaren boterea hartzea eta suntsipena eta ekoizpen kapitalistaren garaipena dira bide errealista bakarrak gizartea militarizatua egon ez dadin. Basakeria militarista moralismo konplizetik salatu beharrean, analisi zientifiko baten bidez ezartzen du zer unitate-harreman duen kapitalismoarekin, eta ondorioztatzen du Alderdi Iraultzaile bat sortzea dela modu bakarra ordena sozial egiazki baketsu bat sortzeko, hots, sozialismoa.
“Eta horrela azaltzen da ulerkera sozialdemokrataren muina: militarismoa, bere forma guztietan –gerra edo bake armatua– kapitalismoaren ume legitimoa dela, kapitalismoaren emaitza logiko bat, eta, beraz, egiazko bakea lortu eta armamentuaren zama izugarritik libratu nahi duenak desira izan behar duela sozialismoa ere. Soilik horrela argitu daiteke armamentuari dagokion eztabaidan zertan datzan sozialdemokraziaren argipena eta alderdiarentzat errekrutatzea”.
Justu jarraian, ohartarazten du, kasik gerora etorriko zena iragarriz, zein arriskutsua zen alderdiarentzat militarismo gorakorraren aurrean alderdiak estrategia politiko independenterik ez jartzea martxan.
“Lan hori, alabaina, korapilatsu xamarra bihurtuko da, eta sozialdemokratek posizio ilun eta zalantzatia hartuko dute baldin eta roletan aldaketa bitxiren bat gertatu eta gure alderdia kontrakoa egiten ahalegintzen bada, alegia, estatu burgesa konbentzitzen saiatzen esanez estatu kapitalistaren posiziotik gai dela armamentismoa mugatzeko eta bakea lortzeko.” (UB, 2)
Guztiok dakigu nola jarraitu zuen historiak Luxemburgen ohartarazpenen ondoren. SPDren diputatu sozialistek men egin zieten Alemaniako kapitalaren eskakizun belikoei. Hamarkada batzuetan zehar, kapitalismoaren garapenaren ondorio zuzen moduan, gero eta gehiago armatu ziren Europako potentzia nagusiak, harik eta Lehen Mundu Gerra iritsi arte. Gerrarteko garai iskanbilatsuak munstro faxistaren gorakada izan zuen protagonista nagusi, eta ondoren Bigarren Mundu Gerra etorri zen, non milioika proletarioren bizitzak sakrifikatu baitzituzten burgesiaren mundu-mailako boterea finkatzeko. 30eko hamarkada horretan, sarraski orokortuko garaiotan, proletariotzak euste-dike baten funtzioa bete zuen inperialismoaren, kolonialismoaren eta gerraren garapenaren aurrean, eta batzuetan baita erasoaldirako armada moduan ere, agerian utziz garai hartako iraultzaileen artean aski zabalduta zegoen ideia hau: iraultza sozialista zela armamentismoa eta gerrak deuseztatzeko modu bakarra. Gerren, faxismoaren eta kolonialismoaren amaiera langile-klasearen lanaren fruitua izan ziren, bere bizitzaz ordaindu baitzuen diruaren botereak eragindako desmasia eta terrorea.
NON GAUDE ORAIN?
Artikulu honen helburua militarismoaren eta Kapitalaren arteko barne-harremana ulertzea zen. Historia aztertuz, argitu nahi genuen “armamentismoa eta gerrak, nazioarteko gatazkak eta politika kolonialak Kapitala sehaskan zenetik egon direla bertan”[4]. Kapitalismoak militarismoa behar duela diogunean zera esan nahi dugu: ordena sozial kapitalista denboran iraunarazteko modu bakarra teknologia militarrera baliabide sozial asko bideratzea dela, eta historiako garai honetan oinarri material horren gainean zabaltzen direla gerra planetaren luze-zabalean. Beraz, ondoriozta dezakegu burgesiaren armadek proletarioak masan ez hiltzeko bide bakarra nazioarteko iraultza sozialista dela, aukera emango diguna mundu berri bat eraikitzeko, kapitalistarik, haien estaturik eta haien muga nazionalik gabea.
Alabaina, kontsigna hori ez dago zabalduta Mendebaldeko langileen artean. Lehen Mundu Gerra hasi aurreko hamarkaden eta gure gaur egungo egoeraren arteko diferentzia politiko nagusia da orain ez dugula masa-alderdi iraultzailerik. Egitura hegemonista handirik gabe, marxismo iraultzailearen ideiak langileei helarazteko gaitasuna oso mugatua da. Horrez gain, Mendebaldeko langile-klasea esnatzen hasia da bake faltsuaren lozorrotik, non Mendebaldeko estatuek beren mugetatik at zabaldu baitute gerra. Zeharo tragikoa da nolako konbinazioa sortzen duten alde batetik tentsio beliko handiagoek eta bestetik ez izateak masa-antolakunde independenterik, zeinak, errekrutatzeko modukoak diren langileak zibilen balizko mobilizazio orokor batean antolatzeaz gain, kontzientzia iraultzailea emango liokeen gerraren aurkako erreakzio espontaneoari. Hori dela eta, komeni da gerraurreko eta gaur egungo militarismoaren arteko ezaugarri komunak eta desberdinak detektatzea Alderdi Komunistaren eraikuntza-prozesuan aurrera egitea zein urgentziazkoa den ulertzeko.
Kapitalaren pentsamendu-zentro estrategiko nagusiek egiten dituzten analisi ekonomiko guztiek diote kapitalismo globalaren azken hamarkaden ezaugarri nagusiak geldialdi ekonomikoa eta mundu-mailako lehiaren areagotzea direla. Ez da literatura marxistak ekarri duen elementu berritzaile bat Mendebaldeko kapital-metaketa kinka larrian dagoelako ideia, ezta Mendebaldeko potentziek balio-kate globaletan beren botere-posizioa indartzen ari direlakoa ere. 1914. urtea baino lehenagokoak garai erdioparoak izan ziren Mendebaldean, kolonialismoa, industrializazio masiboa, merkataritzaren eta demografiaren hazkundea eta finantzen zabalpena zituena oinarri. Hala ere, garaiko pentsalari marxista handiek identifikatu zuten moduan, XIX. mendearen bigarren erdialdean nabarmentzen hasiak ziren ekonomia kapitalista guztien barne-kontraesan propioak. Eguneroko ogia ziren ekonomia-atzeraldiak, banku-izuak, gainmetaketa eta inbertsio kapitalistaren errendimendu beherakorra. Baina, oro har, ezin dezakegu esan geldialdi-garai hori luzea izan zenik. Hau da gerraurreko militarismoaren eta gaur egungoaren arteko diferentzia: egoera ekonomikoa termino makroekonomikoei dagokienez besterik gabe desberdina da batetik bestera, baina kapitalaren metaketari dagokionez, gaur egungoa askoz okerragoa da.
Kapitalismo aurreratuaren hasieran, lehian eragina izan zuen kapital nazionalaren kontraesan ekonomikoak itsasoaz gaindiko lurraldeetara eramateko beharrak, mundua konkistatzeko lasterketa batean. Metaketa nazionalaren problemak aldi baterako eteten ziren gelditzen ziren nagusitasun politiko transnazionalak konpentsaturik. XXI. mendeko kapitalismoan, praktika horrek zailtasun gehiago zituen. Gaur egun kapitalismoa guztiz dago zabaldua, eta ekoizpen-indarren garapen-maila puskaz altuagoa da. Lan biziak ekoizpen-prozesuetan izan duen parte hartzea gero eta txikiagoa izan da azken 100 urteetan, eta kapitala metatzeko gaitasuna gero eta urriagoa, batez ere 70eko hamarkadatik aurrera. Gainbalioaren ekoizpena baxua denez, ez da posible nahikoa irabazi ekoiztea kapitala beti gehiago eta gehiago ekoizteko. Azaldu dugun moduan, egoera ekonomikoa ez da berbera, nahiz eta bi testuinguruek dituzten Kapitalaren barne-kontraesanak oinarrian. Alabaina, bi aldiek komunean dutena zera da, munduko potentzia nagusiek, garapen industrial eta ekonomiko handiena dutenek, ez dutela espaziorik topatzen beren burua tirabirarik gabe munduko merkatuan txertatzeko.
Orain, hori oso nabaria da. Blokeen arteko gatazka gero eta gardenagoa da blokeetako batek beste baten kaltetan posizio hegemonikoak irabazi ahala. Mendebaldeak zuzenean edo zeharka esku hartzen duen gatazka militarrak ez dira dagoeneko “isolatuak”. Orain, gatazka militarren atzean beti dago blokeen arrazionaltasuna, hau da, segituan ikusten da bloke baten mugimenduak zer neurritan ahultzen duen beste blokea, eta horrek tentsioa handitzen du nazioarteko gatazkaren eragile handien artean: Txina eta NATO.
Joera ekonomiko kapitalisten garapenak sortzen duen lehia-tentsioaren ondorio zuzena da nazioarteko gatazka militarrek hain dimentsio handia hartzea. Hori horrela, Mendebaldeak gastu militarrak handitzea estatuen erantzun bat da, enpresa-logika kapitalistak pixkanaka bere aukera baketsu guztiak agortzen dituen bitartean fronte militar potentzialei ematen dietena hain zuzen. Enpresa-eremuko lehia-tentsioen aurreko erreakzioak besterik ez dira blokeen artean tarifa-politikak aplikatzea eta mehatxu politiko gurutzatuak. Hau da gerraurreko militarismoaren eta gaur egungoaren arteko lehenengo elementu komuna: lehia ekonomikoa erabatekoa da, eta tentsio politikoak hazten ari dira.
Mendebaldeak gastu militarrak handitzea estatuen erantzun bat da, enpresa-logika kapitalistak pixkanaka bere aukera baketsu guztiak agortzen dituen bitartean fronte militar potentzialei ematen dietena hain zuzen. Enpresa-eremuko lehia-tentsioen aurreko erreakzioak besterik ez dira blokeen artean tarifa-politikak aplikatzea eta mehatxu politiko gurutzatuak
Bigarren Mundu Gerraz geroztik, Mendebaldeak gaitasuna izan du gerra bere mugez gaindi eramateko. Luxemburgek adierazi zuen moduan, “bake iraunkorraren ideiak (…) soilik Europako kontinenteko gertakariak hartzen ditu aintzat, eta ez du aintzat hartzen Europan hamarkada batzuetan gerrarik ez izanaren funtsezko arrazoia dela nazioarteko antagonismoak izugarri zabaldu direla Europako kontinentearen mugetatik” (UP, 6). Azken hamarkadetako Mendebaldeko egoera parekoa izan da. Gerrak ez du sekula etenik izan, eta aparatu militarrak jarduten eta teknifikatzen jarraitu du, merkatuak une bakoitzean ezartzen zituen beharretara egokituz.
Ordea, gastu militarren eboluzioa ez da lineala izan 1949tik. 1991n Gerra Hotzaren amaierara arte, “gastu militarrek gora egin zuten, eta hori nagusiki lotuta zegoen arma nuklearren eta aliantza militar batzuen garapenarekin, hala nola NATOren eta Varsoviako gutunarenarekin. Horrez gain, gastuok puntualki igo ziren Koreako gerran (1950-53) eta Vietnamgoan (1965-75)[5]. Gerra Hotza amaitzean, Mendebaldeko estatuek erlatiboki murriztu egin zituzten gastu militarrak. Potentzia hegemoniko lehiakorrik ez zela eta –Arrighik “hegemon” esaten die halakoei–, garai erdioparo bat hasi zen, 2008ko krisiarekin amaitu zena. Horrek Mendebaldeko kapitalismoa atzera bultzatu zuen armamentismoari eta gerrari dagokionez. “Terrorismoaren kontrako borrokari” lotutako une belikoetan salbu –gai honek ez du aipamenik merezi artikuluan esan ditugunen ondoren–, defentsako aurrekontuetara baliabide gutxiago bideratu zituzten kasu gehienetan.
2014an, Galesko goi-bilera egin zenean, NATOk bere kide guztiak estutu zituen estatuaren BPGaren %2 gastu militarrera bideratu zezaten hurrengo hamar urteetan. Euromaidanaren kariaz egosi zen faxismoak Ukrainako gobernu erregionalista akabatu zuen urte horretan bertan, eta horrek gatazka militarra piztu zuen Kieven eta Donbasseko eskualdeen artean. Hasia zen Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka, eta NATOk, bere zereginaz eta Moskurekiko tentsio militarrek sor zezaketen ondorio militarrez jakitun, gastu-arau berri hori ezartzea erabaki zuten. Errealitatea da geroztik paktu ez-ofizial bat izan dela Estatu Batuen eta NATOren gainerako estatuen artean. AEBren gastu neurrigabea (munduko gastuaren %37,5 du, zeina altuagoa baita Txinak, Errusiak, Indiak, Britainia Handiak eta Alemaniak elkarrekin duten gastua baino)[6], Europako Estatuei “NATOren aterkipean” bizitzeko modua eman die. Orain arte.
SIPRIren arabera[7], Europaren 2019-2023 urteen arteko arma-inportazioa %94 igo da aurreko laurtekoaren aldean. NATOren idazkari nagusi John Stoltenbergek iragarri du 2024an gutxienez 18 aliatuk beteko dutela %2aren konpromisoa, eta Vilniuseko iazko goi-bileraz geroztik, azken helburu zen hori minimo izatera igaro da[8]. Zehazki, Espainiar estatuak, Sánchez 2018ko ekainean gobernura sartu zenetik, %62,4 handitu du gastu militarra[9]. Aintzat hartuta aurreikuspenen arabera Espainiak 2024. urtea BPGaren %1,3 gastu militarretara bideratzen amaituko duela, espero izatekoa da legealdian zehar gerra-aurrekontuak gehiago igoko dituztela iragartzea. Hau da gerraurreko militarismoaren eta gaur egungoaren arteko bigarren elementu komuna: Mendebaldeko estatuak berrarmatzeko prozesu batean daude.
Esaten denez, 1939an Hermann Göring Hitlerren ordezkari militarra, gainpisu nabarmenekoa bera, hau azaltzen ahalegindu zen Alemaniako herriari: “kanoiek indartu egingo gaituzte; gurinak gizendu besterik ez gaitu egingo”. Benito Mussolinik Italia osoan jarri zituen “Burro o cannoni?” (gurina ala kanoiak?) zioten afixak. Ez dakigu azalpenak zer jatorri historiko duen. Batzuek Jennings Bryan AEBko estatu-idazkariari lotzen diote, eta beste batzuek Von Wieser austriar ekonomialari. Antzekoak dira egun dugun egoera eta XX. mendearen hasieran sortzen hasia zena, kanoien eta gurinaren artean aukeratu beharra kapitalismoaren historian lehenengo aldiz agertzen hasi zenean. Kautskyk garai hartantxe seinalatu zuen aurrekontu militarrak handitzeak arriskuan jartzen zituela “lan zibilizatzaile urgenteenak (…); eskolak, komunikazio-bideak, bide eta kanalak eta abarrak hobetzea” (BB, 56).
Gutxi-asko duela urtebetez geroztik, Mendebaldeko estatuek problema handiak dituzte jasangarritasun fiskalaren arloan. Dagoeneko iragarriak dituzte murrizketa-paketeak haietako askok, besteak beste Frantziak, Alemaniak eta Britainia Handiak. Horren jatorrian daude, neurri batean, pandemiak ekarri zuen ahalegin fiskal ikaragarria eta estatuek sistematikoki blaitu izana diru publikoz enpresa nazionalak, lehiakorragoak izan daitezen, garaiotako merkataritza-tentsio handiak direla-eta. Ikuspegi horretatik, estatuak berrarmatzea ez da bakarrik proletario atzerritarren kontrako erasoaldi potentziala, burgesiaren plater hautsiak ordainduko dituena bere bizitzaz, gerra kapitalistan beti gertatzen den moduan. Horrez gain, berrarmatze hori proletariotza nazionalaren erasoaldi kapitalistako forma partikular moduan ere ageri da, “hark ordaintzen baititu lehiakideen arteko borrokaren gastuak” (BB, 63). Hau da gerraurreko militarismoaren eta gaur egungoaren arteko hirugarren elementu komuna: berrarmatzeko prozesua langile-klasearen pobretzearekin finantzatuko da.
Sozialdemokraziak burgesiaren programa politikoaren bueltan bat egitea, zeina gogor kritikatu baitzuen Kautskyk 1910ean baina SPDren burokrazia zentristak bere egin baitzuen gerra-aurrekontuen bozketan, une honetan nagusi da Mendebaldeko estatuetan[10]. Parlamentu burgesaren elementurik progresistenek –berdin gobernuan edo oposizioan egon– berrarmatze-programa guztiak onesten dituzte, Ukrainari laguntzeko misio espezifikoak baimentzen dituzte eta Israeli armak saltzen dizkiote disimulurik gabe.
Gaur-gaurkoz, ez dago estatuaren politika inperialistari oposizioa egiteko gaitasuna duen alderdirik. Guztiek ukatzen dute proletariotzarentzako politika independentearen beharra. Salbuespenik gabe, haietako batek ere ez dio oposiziorik egiten burgesiaren esparru politikoari eta haren oinarrian den esplotazio ekonomikoari. Hori horrela, parlamentuko hemizikloko diferentziak lausotu egiten dira proletariotzaren kontrako gerra egiteko. Inperialistek garamatzaten hondamendi militarrak dagoeneko sarraskitu zituen ehunka milioi proletario aurreko mendean. Gehiengoa masan antolatzeko gai den organismo bakarra –eta haren interesetan ez da inola ere sartzen gudu-zelaian sarraski bat sortzea nazio baten trapuaren izenean– Alderdi Komunista da. Militarismoaren kritikak efektu egiazki bakezalea sortzeko, ezinbestean lagundu behar dio alderdi horren antolakuntzari. Alderdirik gabe, ez gara militarki errekrutatzeko moduko eskuragarri dauden besoak baino. Hori guztia ikusita, gastu militarren afera klase-borrokaren problema kapitalistaren forma bat da.
Gehiengoa masan antolatzeko gai den organismo bakarra –eta haren interesetan ez da inola ere sartzen gudu-zelaian sarraski bat sortzea nazio baten trapuaren izenean– Alderdi Komunista da. Militarismoaren kritikak efektu egiazki bakezalea sortzeko, ezinbestean lagundu behar dio alderdi horren antolakuntzari
OHARRAK
[1] Artikulu honetan azaldu ditugun analisi gehienek kapitalismoaren Alemaniako egoera hartzen duten erreferentziatzat. Burgesiaren izaera iraultzaileari, gastu militarren aldaketari edo berrikuntza historikoaren itxura duen edozein elementuren lehenengo adierazpena, egiazki, Britainia Handian dago.
[2] Hobsbawm, E. (2009). La era del imperio. Planeta. Buenos Aires. 315-316. or.
[3] Gunsche, K. & Lantermann, K (2005). Historia de la Internacional Socialista. Nueva Imagen.
[4] Luxemburg, R. (1913). La idea del día del trabajo. Leipziger Volkszeitung. Hemen eskuragarri: https://www.marxists.org/espanol/luxem/1913/4/a.htm#:~:text=La%20brillante%20idea%20principal%20de,a%20d%C3%ADa%2C%20que%20en%20su
[5] Rodríguez García, J. L. (2014). El impacto del gasto militar en el mundo: 1950-2013. Revista de Estudios Estratégicos. 1. zk.
[6] Datuak eskuragarri daude hemen: https://es.statista.com/estadisticas/635107/paises-con--el-gasto-militar-mas-alto/
[7] Stockholm International Peace Research Institute: “Steep rise in European arms imports”. Hemen eskuragarri: https://www.sipri.org/visualizations/2024/steep-rise-european-arms-imports
[8] El Mundo. Internacional: “18 de los 31 miembros de la OTAN llegarán al 2% de gasto en Defensa este año”. 14 de febrero de 2024. Hemen eskuragarri: https://www.elmundo.es/internacional /2024/02/14/65cc-9b50e85ece886e8b4589.html
[9] El Economista: “El gasto militar aumenta en España un 62,4% desde la llegada de Sánchez”. 29 de abril de 2024. Disponible en: https://www.eleconomista.es/economia/noticias/12782086/04/24/el-gasto-militar-aumenta-en--espana-un-624-desde-la-llegada-de-sanchez.html
[10] “Momentuz, Alderdi Sozialistak boterean parte hartzeko modu bakarra bere indar politikoa gobernu burgesari saltzea da. Proletariotzak, klase moduan, ezingo luke ezer irabazi; soilik salmenta hori gauzatzen duten parlamentariek izango lukete zerbait irabazteko aukera (…)Alderdi Sozialistan proletariotzaren emantzipaziorako arma bat ikusten duen edonork indar guztiz egin behar dio kontra klase agintarien ustelkerian parte hartzeari. Modurik izatekotan masak elementu zintzo guztienganako konfiantza galtzeko, proletariotzaren borroka-geruza guztien mespretxua ekartzeko, gure aurrerabidea oztopatzeko, hori Alderdi Sozialistak bloke burges batean parte hartzea da. Horretatik probetxua aterako luketen bakarrak beren buruak goratzeko gure alderdia tranpolin moduan erabiltzen duten horiek dira, hau da, arribistak eta sinekuristak”. (BB, 66)
ERREFERENTZIAK
Friedrich, E. (1975). Temas militares. Akal Madrid.
Kautsky, K. (1909). El camino del poder. Eskuragarri hemen: https://www.marxists.org/espanol/kautsky/1909/1909-caminopoder-kautsky.pdf
Lenin, V. (1920). El Imperialismo, fase superior del capitalismo. Eskuragarri hemen: https://www.fundacionfedericoengels.net/images/PDF/lenin_imperialismo.pdf
Luxemburg, R. (1911). Utopías Pacifistas. Leipziger Volkszeitung. Eskuragarri hemen: http://www.archivochile.com/Ideas_Autores/luxembr/d/luxemburgorde0008.pdf
HEMEN ARGITARATUA