Tradizio marxistan –garapen teoriko eta ekintza iraultzailearen esperientzia historikoaren kondentsazio gisa ulertuta–, oso gai gutxi izan dira gerra bezain garrantzitsuak. Lehen Mundu Gerrako testuinguruak sozialdemokraten eta komunisten arteko haustura historikoa ekarri zuen, hau da, gerra inperialistan burgesia nazionala babesten zutenen eta proletariotzaren internazionalismoa defendatu zutenen artekoa. Gainera, gerra-komunismoa delakoaren sorreran, 1918aren hasieran, ekonomia sozialistaren baldintzak garatzeko lehen urratsak eman ziren. SESB sortu berria −Herri Langile eta Esplotatuaren Eskubideen Adierazpenean zein Lurraren Sozializazioaren funtsezko Legean jasotzen denez− baliabide naturalen jabetza pribatua deuseztatzeko lehen saiakera historikoa izan zen, eta gizakien arteko esplotazio oro abolitzeko funtsezko eginkizuna seinalatu zuen.
Baina ez hori bakarrik, estrategia politikoak ezartzeko orduan errealitatea ulertzea ezinbestekoa den heinean, marxismoa beti saiatu da azpimarratzen gerrarako beharra, joera historiko kapitalistek ondoriotzat dakartena. Horrela, gaur egun gerraren jatorriaz egiten duten deskribapenaren aurka, hau da, gerra pertsona maltzur batzuen borondatearen ondoriotzat ulertzea, inperialismoaren analisi leninistak ahalbidetzen du gerra eta bere jatorria ulertzea metaketa kapitalistaren garapenaren kontraesan immanenteen ondorio modura.
INPERIALISMOA EDO GERRAREN BEHARRA
Leninek inperialismoa kapitalismo modernoaren garapen-fase gisa deskribatu zuen, non lehia interkapitalista neurrigabea eragiten duten kapitalaren kontzentrazioak eta zentralizazioak, eta estatuak, kapital nazionalaren ordezkari politiko moduan, munduko lurraldeen banaketa politiko eta ekonomikoaren alde borrokatzen diren. Kapitalaren nazioarteko lehiaren ondorio inmediatoa da kapital globalaren fakzioek hegemonia lortzeko borrokan duten gatazka[1]. Lehia mundu mailako ekonomia kapitalistaren funtsezko ezaugarria da eta, horregatik, bloke kapitalisten arteko lehia dagoen bitartean, gatazkarako beharra egongo da. Eta hori konpontzeko beste biderik ez dagoenean, erarik gordinenean lehertzen da: gerra gisa. Leninek berak honela deskribatu zuen Lehen Mundu Gerra: “Gerra inperialista bat, munduaren esplotazio politiko eta ekonomikoan ardaztuta egin dena eta helburu duena merkatuen, lehengai-iturrien eta Kapitalaren inbertsio-eremuen inposizioa”.
Kapitalaren nazioarteko lehiaren ondorio inmediatoa da kapital globalaren fakzioek hegemonia lortzeko borrokan duten gatazka
Gerrak beti sortu dira −eta oraindik ere sortzen dira− erabaki politikoetatik. Iraganean, nobleziaren babesari eusteko beharretik edo erlijio- zein arraza-menderatzea inposatzeko nahitik zetorren haren funtzioa; gatazka modernoek, aldiz, beste lurralde batzuetan kapitala inbertitzeko baldintza mesedegarriak sortzea izan ohi dute helburu, modu esplizituan edo ez hain esplizituan. Hala ere, helburu politiko-ekonomikoak alde batera utzita ere, aurreko gerretan gertatu ez ziren egiturazko baldintza batzuk ageri dira bi mundu gerretan. Hitz gutxitan, bi mundu gerrak gerra-ekonomiaren adierazpen gorena izan ziren.
GERRA-EKONOMIA
James K. Galbraithek, azken hamarkadetako ekonomia keynestarraren adierazgarririk handienetakoak, gerra-ekonomia honela definitzen du: “estatu batek bere ekonomia mugiarazteko gerra produkzioari begira egiten duen kontingentzien multzoa” [2]. Are zehatzago, Le Billonek honela deskribatzen du: “Indarkeria mantentzeko baliabideak ekoizteko, mobilizatzeko eta esleitzeko sistema”[3]. Bi definizioak zuzenak baina oso partzialak izanik, gehitu diezaiekegu, labur-labur, gerra-ekonomia gertatzen dela lurralde jakin batek bere industriak berrantolatzen dituenean bermatzeko herrialde baten ekoizpen-ahalmena modu egokian eratzen dela gerra-ahaleginari laguntzeko. Hau da, ikuspegi teknikotik duten ezaugarri historikoaren arabera, gerra-ekonomian estatuek bermatu behar dute baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean esleitzea gerra-ekoizpena bultzatzeko.
Gerra-ekonomia gertatzen da lurralde jakin batek bere industriak berrantolatzen dituenean bermatzeko herrialde baten ekoizpen-ahalmena modu egokian eratzen dela gerra-ahaleginari laguntzeko
Gerra-ekonomiak produkzio potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzea exijitzen zuenez, hau da, baliabide ekonomiko eta eskulan erabilgarri guztiez baliatzea, gerraren beharren arabera ekonomia berrantolatzeak hertsadura politikoaren bidez langileak masiboki mobilizatzea ekarri zuen[4]. Lehen Mundu Gerran eta geroko gerra-ekonomietan gerra-adinean zeuden gizonak, armadako kide izateko errekrutatzeaz gain, zenbait lan egitera behartuta egon ziren horretarako gai ziren gainerako gizon eta emakumeak ere, gerra-makina elikatzeko helburuarekin. Modu horretan, jardunean zegoen langile oro gerran bere ekarpena egitera behartuta zegoen armadan, logistika- eta azpiegitura-beharrizanetan zein arma eta armamentuen ekoizpen masiboan. Horretarako, ezinbesteko kohesio-faktore kulturalak izan ziren bai gerra-propaganda eta baita etsai komunaren porrotari laguntzearen konbentzimendu ideologikoa ere.
KEYNESIANISMOA ETA EKONOMIA-POLITIKA
Behin Lehen Mundu Gerrako gerra-ahalegina amaitu eta gerrarako ekoizpen handiaren beharra atzean utzita, arau bilakatu zen, berriro ere, gainmetaketarako eta erreserbako industria-armada handitzerako joera kapitalista. Gerra-ekonomia amaitzean, gerraren ondoren lan-merkatuan sartu ziren langile guztiei lana emateko ezintasunak eta une hartan erabilgarri zeuden planta, fabrika eta industria guztiak berriro erabiltzeko gaitasun faltak aurretiko baliabide ekonomikoak ahal baino gutxiago erabiltzea ekarri zuten. Horrek esan nahi zuen ekonomia kapitalistak, kapital gisa erabil zitzakeen lan-indarra eta ekoizpen-baliabideak izan arren, ez zituela erabiltzen, metatze-erritmoa ez baitzen haiek prozesuan txertatzeko gai. John Maynard Keynes ekonomialari britainiarra –makroekonomia kapitalistaren sortzailea– izan zen egoeraren berri eman eta horri erantzuten lehena. Izan ere, 20ko hamarkadaren hasieratik, hau da, 30eko depresio handia baino ia hamarkada bat lehenagotik, Keynesek eskala handiko gastu publikoa proposatu zuen Europa langabezia orokorretik ateratzeko bitarteko gisa[5].
30eko hamarkadak gerra-egoerak eragindako egiturazko arazoak ekarri eta orokortu zituen Europan zehar. Estatuek, gerra-garaiko gastuek beren aurrekontu ahalmena alde handiz gainditu zutenez, beren defizitak finantzatu zituzten, zor-bonuen jaulkipen masiboaren bidez dirua eskatuz. Gerra-ekoizpena finantzatzeko estatuek sortutako zor handia oso arazotsua izan zen Europako gerraosteko aldian. Gerra aurretik eta bitartean bizi izandako enplegu osoko egoera ekonomikoa eta jarduera ekonomiko handia desagertuak ziren. Gainera, zorrari aurre egiteko beharraren ondorioz, inflazio altuaz gain zerga-presio handia zuen egoera orokortu zen. 29ko kraketik hiru urtera –gertakari horrek ere geldialdi ekonomikoko egoera hori areagotu zuen–, Europako ekonomia nagusiek beraien BPGa bi digituko zifretara murrizten ikusi zuten.
Testuinguru horretan gauzatu zuen Keynesek bere Teoria Orokorra. Nahiz eta onartu merkatu-mekanismoak ez zirela gai ekonomia kapitalistaren oreka mantentzeko, hori estatuak eragile ekonomiko gisa esku hartuz konpon zitekeela ere defendatzen zuen. Keynesentzat, kontsumo publikoaren bidez ekonomiaren eskari agregatua handitzea zen langabezia atzean uzteko eta ekoizpen-baliabideen aurretiko erabilera berreskuratzeko irtenbidea. Horrela, haren teorian, merkatu-ekonomia eta politika fiskal eta monetario egokiak aplikatuz gobernuak eskain dezakeen planifikaziorako laguntzak gai izan litezke krisiak konpontzeko eta, hasiera batean, ekoizpen kapitalistaren etengabeko hazkundeari eusteko[6].
Keynesentzat, kontsumo publikoaren bidez ekonomiaren eskari agregatua handitzea zen langabezia atzean uzteko eta ekoizpen-baliabideen aurretiko erabilera berreskuratzeko irtenbidea
Keynesianismoa, beraz, doktrina ekonomiko nagusi gisa gailentzeko zorian zegoen. Izan ere, ikuspegi praktikotik, Hitlerren 1933ko “berrarmatze masiboko programak” erakutsi zuen −gobernuaren ekonomia planifikatzeko modu gisa− oso arrakastatsua izan zitekeela gastu publikoa: urtebetean, Alemania Lehen Mundu Gerrako langabezia masibotik gerra-ekonomiako enplegu osora igaro zen [7]. 40ko hamarkada politika keynesiarren esperimentazio orokorraren garaia izan zen. Atlantikoaren alde bateko eta besteko gobernuak −batez ere britainiarra eta estatubatuarra−, ziurgabetasun politiko eta belikoko testuinguru horretan, langabezia tasaren ondorio politikoen beldur ziren, oraindik ere altua baitzen tasa hori; ondorioz, estatuko gerra-makina martxan jarri zuten berriro. Estatu Batuetan, gobernuak planifikatutako gerra-ekonomiako gastu militarraren igoera izugarriaren eta indar armatuen tamainaren hazkunde itzelaren ondorioz −1939an 300.000 soldadu izatetik 1945ean 12,2 milioi izatera igaro zen, biztanleriaren %8,7 gehiago−, langabezia maila baxua lortzeko modua izan zen.
Horrela, planifikatutako gastu publikoa −gerra-ekonomia da haren adierazgarririk esanguratsuena− eskaria masiboki handitzeko mekanismoa izan zen. Armamentuan eginiko gastu masiboaren eta indar armatuen errekrutatzearen eraginez, lan-indar guztia enplegatzea lortu zen. Gainera, kapital pribatuak bere ekoizpena gastu publikoari esker areagotzea lortu zuenez, estatuak induzitutako ekoizpena onuragarria zen metaketarako[8]. Modu horretan, estatuak zuzendutako ekoizpenaren helburua ekoizpen soziala suspertzea zen. Hala ere, gerra-ekonomia ez da soilik estatuak helburu belikoekin induzitutako ekonomia; horrez gain, Kaleckik ondo deskribatu zuen bezala[9], krisiaren alternatiba ere bada, kapitalaren gainmetaketa xurgatzeko bitartekoa baita. Gerra-ekonomia, beraz, kapitalismoaren kontraesanak une batez baretzeko bitarteko gisa agertzen da.
Baina gerra-ekonomia baldintza jakin batzuetan bakarrik da posible, eta bi faktoreren menpe dago. Batetik, ekonomia gerra-ekoizpenera bideratzen denez, gerra-ekonomia kontsumoaren araberakoa izaten da. Hau da, gerra-ekonomia posible da kontsumoa murrizten denean eta gerrari loturiko ekoizpenarekin zerikusirik ez duten sektoreetako kapital-inbertsio berriak murrizten direnean. Egoera hori posible bihurtzeko, beharrezkoa da batetik hertsadura, eta bestetik konbentzimendua, hau da, jendeari sinetsaraztea etsaia garaitzeko beharrezkoa dela bizi-baldintzak okertzea; hortaz, gerra-egoera orokor baten bidez soilik da hori iraunkorra denboran. Bestalde, gerra-ekonomia zorpetzearen bidez gauza daiteke, hau da, etorkizunean zorra ordaintzeko eman beharreko baliabideen kontura.
Ekonomia gerra-ekoizpenera bideratzen denez, gerra-ekonomia kontsumoaren araberakoa izaten da
Hala ere, aurreko bi gerretan bizi izandako egoerarekin alderatuta, industria militarraren eta gerra-ekonomiaren eginkizuna hazi baino ez da egin gaur egun. Gerra-ekonomiak, modu ez hain esplizituan itzuli bada ere, gero eta presentzia handiagoa du Europan eta munduko beste leku batzuetan, modu erdi-iraunkorrean. 1969an Mattickek gerra-ekonomiari buruz idatzitako hitzek indarrean jarraitzen dute: depresioaren hasieran merkatu-sistemaren arazo ekonomikoetarako konponbide posible gisa agertu zena orain inperialismo kapitalistaren kausa gehigarri gisa azaltzen da.
Depresioaren hasieran merkatu-sistemaren arazo ekonomikoetarako konponbide posible gisa agertu zena orain inperialismo kapitalistaren kausa gehigarri gisa azaltzen da
ERREFERENTZIAK
[1] Foster, J. B. (2015). El nuevo imperialismo. El viejo topo.
[2] Galbraith, J, K. (2001). “The Meaning of a War Economy.” Challenge 44 (6):5–12.
[3] Le Billon, P. (2004). “The Geopolitical Economy of Resource wars.” Geopolitics 9 (1):1–28.
[4] Gerstenberger, H. (2022). Market and Violence: The Functioning of Capitalism in History. Brill.
[5] Shaikh, A. (2016). Capitalism: Competition, conflict, crises. Capítulo 12. Oxford University Press.
[6] Mattick, P. (1978). Marxismo: ayer hoy mañana. En Mattick, P. (2023), Colapso y Revolución. Traficantes de sueños
[7] Wapshott, N. (2016). Keynes vs Hayek: el choque que definió la economía moderna. Deusto.
[8] Mattick, P. (1984). “La crisis mundial y el movimiento obrero”. Etcetera 2: 61-68
[9] Kalecki, M. (1972). The Last Phase in the Transformation of Capitalism. Monthly Press
HEMEN ARGITARATUA