ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Pablo C. Ruiz
2023/06/03

Minervak, Greziako jakinduriaren eta ulermenaren jainkosaren hontzak, eguna bukatzean bere mezua dakarren modu berean, gerraren atzeko arrazoi ekonomikoak laztura lehertu denean soilik bilakatzen dira ulergarri. Proletariotzaren odolaren gainean zabaltzen den ekonomia politikoak gerraren izaera klasista argitara ateratzen du; finean, gerra lehen soldadua errekrutatu baino askoz lehenago hasi zen.

Pentsamendu burgesak modu ideologikoan bereizten du estatuen jardun politikoa testuinguru ekonomikotik, eta bi esfera horiek beregainak direla eta gerrarako arrazoi bereiziak dituztela azaltzen du. Ez da harritzekoa kapitalaren hedabideetako komentaristek Errusiako presidentearen, Putinen, handinahikerian kokatu izana inbasioaren funtsezko arrazoia. Iraultzaileen analisiak, ordea, klase borrokaren garapenaren une immanente gisa ulertzen ditu gerra eta haren jatorria. Gerra pizten duten «txinpartak» nazioarteko klase gatazkaren ondorio direla argitzen du eta gerraren garapena aztertzen du, gerra ekoizpen-modu kapitalistaren barne kontraesanak gordintzearen ondorio moduan ulertuta. Hori dela eta, gerra, klase borrokaren momentu den heinean, politikan esku hartzeko espazioa da proletariotza iraultzailearentzat. Hala, artikulu honen helburua da Ukrainako gerra ekonomia politikoaren kritikaren parametroetan kokatzea, haren aurretiazko analisi bat artikulatzeko xedez, programa komunistaren konpromiso historikoari –programa politikoa nazioartean gauzatzea– argi egite aldera.

Iraultzaileen analisiak, ordea, klase borrokaren garapenaren une immanente gisa ulertzen ditu gerra eta haren jatorria. Gerra pizten duten «txinpartak» nazioarteko klase gatazkaren ondorio direla argitzen du eta gerraren garapena aztertzen du, gerra ekoizpen-modu kapitalistaren barne kontraesanak gordintzearen ondorio moduan ulertuta

LEHIA, LURRALDEA ETA BALORIZAZIOA

Merkatuaren boterea ekoizpen modu kapitalistaren printzipio materialik garrantzitsuenean datza: ekoizleen eta ekoizpen bitartekoen arteko bereizketa. Hala, gizarte kapitalistaren erreprodukzio materialak klase borrokan aurkitzen du existitzeko bere oinarrizko modua, eta ekonomian, berriz, borroka horren manifestazio besterendua. Ekoizpen kapitalista artikulatzen duen funtsezko printzipio ekonomikoa lehia da. Ekoizpen orokorra jabetza pribatuaren erregimenpean atomizatuta dagoen heinean, lehia bihurtzen da ekoizpen unitateen arteko harremanen forma naturala. Harreman horrek zenbait pauta arautzen ditu; enpresa kapitalistek pauta horiei jarraitu behar diete beren biziraupena bermatu nahi badute. Era horretan, merkatuaren legeak gure gizartearen ekoizpen jarduna zehazten duen legeria ikusezin gisa altxatzen dira, bai eta mugimendu ekonomiko kapitalista ulertzea ahalbidetzen duen marko gisa ere.

Arau orokor gisa, enpresa kapitalistak bi modu hauetan lehiatzen dira ekonomikoki: alde batetik, merkataritzari dagokion alderdian, prezioa irabaziak bermatzeko bezain altua baina lehiakorra izateko bezain baxua izan behar baita; beste alde batetik, finantzei dagokien alderdian, negozioan egindako inbertsioak behar besteko irabaziak eragin behar baititu kapitala baliabide monetarioak mobilizatzera motibatzeko. Lehia harreman bikoitz horrek burgesiaren klase barruko gatazken bi une dakartza eta, aldi berean, ekoizpen prozesuen teknifikazioa bilatzen duen bulkada mutu bat eragiten du. Hain zuzen ere, bulkada horrek ahalbidetu du, besteak beste, ekoizpen indar sozialen egungo garapena eta zientziaren aurrerapena –zientzia belikoari dagokiona aurrerapena ere, noski–. Klase borroka kapitalista oinarri daukan ezagutzaren hedapen horren beste aldean lehiak errentagarritasun maila orokorraren gainean ezartzen duen beheranzko presioa genuke [1]. Kapitalak, lehian duen posizioa hobetze aldera, lan bizia ekoizpen prozesuetatik desplazatzen duenean, kapitalaren konposizio organiko txikiagoak gainbalio erlatiboaren ekoizpena murrizteko joera dauka eta irabazi tasa deprimitzen du –halaxe frogatu zuen Marxek–. Joera bat da, kapitalak zenbait ofentsiba mekanismo dituelako proletariotzaren gainean erabiltzeko eta, era horretan, tasaren erorketa arindu eta –aldi baterako bada ere– kapitalaren eta lanaren arteko kontraesanen gogortzea eteteko. Marxek Kapitala liburuan aintzat hartzen dituen faktore indargetzaile guztien artetik, klase borrokarekin modu intuitiboan lotzen errazenak hauek dira: lanaldiaren intentsifikazioa eta luzapena [2] eta gainpopulazio erlatiboaren maila jakin bat mantentzea, eskulanaren kostua murriztea ahalbidetuko duena [3]. Lanaren karga sozialaren areagotzea karga horri eusten dioten langile kopuruarekiko alderantziz proportzionala da.

Hala ere, ekoizpena muga nazionaletatik haratago hedatzea klase kapitalisten kontraesanak behin-behinean indargabetzeko beste modu bat da. Kapitalismoaren historian, irabaziak atzerriko lurraldeetan gauzatzeak kapital pribatuei aukera eman die lehiak ezarritako zailtasunak konpentsatzeko, baita errendimendu ekonomikoak eskuratzeko ere; hain zuzen ere, hortik dator kapitalaren izaera espantsiboa. Era horretan, kapitala «gizarte burgesean dena dominatzen duen potentzia ekonomiko» [4] bilakatzeko prozesu bat dator, ezinbestean, mundu mailako merkatuaren eratzearekin. Zentroaren eta periferiaren arteko harreman dialektikoak, lanaren nazioarteko banaketa egituratzen duenak, espazioak ekoizpen modu kapitalistan duen dimentsio ekonomikoa argitara ekartzen du, era horretan egikaritzen baita metaketaren izaera globala. Lurraldea lehian dagoen kapitala balorizatzeko espazio gisa eratzen da. Merkataritzaren hedapenak aukera ematen du gainmetaketarako joera naturalaren eraginezko kapital soberakinari aterabidea emateko. Atzerriko inbertsioen bidezko sarbide ekonomikorako baldintza da lurraldearen dominazio politikoa; hala, ikus daiteke estatuek beren eragin politikoa areagotzeko duten interesa klase-ekonomiaren arloko auzia dela. Eta, finean, gerra da kapital globalaren fakzio batek bere boterea mugez gaindi hedatzeko duen bitarteko bat.

Ekoizpena muga nazionaletatik haratago hedatzea klase kapitalisten kontraesanak behin-behinean indargabetzeko beste modu bat da. Kapitalismoaren historian, irabaziak atzerriko lurraldeetan gauzatzeak kapital pribatuei aukera eman die lehiak ezarritako zailtasunak konpentsatzeko, baita errendimendu ekonomikoak eskuratzeko ere; hain zuzen ere, hortik dator kapitalaren izaera espantsiboa

Hala ere, ez dirudi Ukrainaren lehen sektoreko baliabideak, industria sektoreak edo kontsumitzeko gaitasuna behar bezain erakargarriak direnik hain kostu militar eta ekonomiko handia izango lukeen gerra interrinperialista bat pizteko [5] –batez ere kontuan hartuta inbasioaren aurretik izandako pandemiak metaketa kapitalista globalari eragin zion kolpe gogorra–. Horrek zaildu egiten du gerraren karakterizazio ekonomikoa eta gerra komertzialei loturiko eskema klasikotik haratago doazen kategoriak erabiltzera behartzen gaitu. Hala, beharrezkoa da honako galdera hau egitea: zein da kapitalismoaren egiturazko mugen eta Ukrainako gerraren arteko lotura?

GERRAREN IZAERA KLASISTA

Gerraren arrazoiak ez daude Putinen apeta inperialistan, ez eta Estatu Batuetako enpresa transnazionalen lukurreria predatzailean. Kontrara, ezinbestekoa da klase borrokaren garapena lubakiaren bi aldeetan aztertzea, maila globalean artikulatutako borroka baten momentu nazionaltzat hartuta; horrela ulertu ahalko dugu gerraren egoera gizarte gatazka zehatz baten emaitza gisa

2022ko otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu izana nazioarteko klase borrokaren ezinbesteko emaitza da. Ukrainako gerra garapen historikoaren helmuga saihetsezin gisa azaldu nahi izatetik urrun, gerra horren ezinbestekotasuna hura posible bilakatzen duen marko sozialaren bitartez adierazten da: kapitalaren eta lanaren arteko gatazka globalaren bidez, alegia. Gerrarako arrazoiak –hau da, haren izaera– eta zabalpena ikusgarri egiten dira, bakarrik kritika marxistaren kategoria markoaren bitartez aztertzen dugunean. Horrek gerraren errealitate gordinaren gaineko hausnarketa abstraktu eta axolagabea dakarrela irudi lezakeen arren, urrats hori egitea ezinbestekoa da politizismoaren eta ekonomizismoaren bekatu-bikotean ez erortzeko. Gerraren arrazoiak ez daude Putinen apeta inperialistan, ez eta Estatu Batuetako enpresa transnazionalen lukurreria predatzailean. Kontrara, ezinbestekoa da klase borrokaren garapena lubakiaren bi aldeetan aztertzea, maila globalean artikulatutako borroka baten momentu nazionaltzat hartuta; horrela ulertu ahalko dugu gerraren egoera gizarte gatazka zehatz baten emaitza gisa, eta horrela dezifratuko dugu «gerrak herrialde barruko klase borrokarekin lotzen dituen ezinbesteko haria» [6]. Ideia horri ñabardura batzuk egin eta nahasmenak saiheste aldera, esan beharra dago kontua ez dela aldebakarrez baieztatzea kapitalismo globalaren kontraesanek –edo horien adierazle diren blokeen arteko tentsioek– ezinbestean eragin dutela Ukrainako gerra. Hausnarketak kontrako bidea egin behar du; hala, gertatutakoa egungo baldintzetatik abiatuta ulertu behar du. Era horretan, gatazkari maskara kendu eta atzeko klase borroka ikusi ahal izango da, baina aurretik idatzitako patua balitz bezala interpretatu gabe. Gizarte antolakuntza kapitalistaren izaera kontraesankorrean datza gerraren izaera bera; ondorioz, gerra inperialistari egin beharreko kritika Errusiako eta Ukrainako proletariotzak haren ondorioz pairatzen duen hondamendi belikoa klase-borrokaren markoan egin behar da.

Gizarte antolakuntza kapitalistaren izaera kontraesankorrean datza gerraren izaera bera; ondorioz, gerra inperialistari egin beharreko kritika Errusiako eta Ukrainako proletariotzak haren ondorioz pairatzen duen hondamendi belikoa klase-borrokaren markoan egin behar da

Estatu Batuek zuzendutako Mendebaldeko blokean, klase borrokak gero eta zailtasun handiagoak jarri zizkion kapitalari 1970eko hamarkadatik aurrera, nagusiki metaketaren geldialdi sekularrari lotuak. Garai horren ezaugarri nagusietako bat azalpen handiagorik behar ez duen eta honako hiru puntu orokor hauetan laburbil daitekeen literatura ekonomiko marxista da: Mendebaldeko kapitalaren ezintasuna ekonomia nazionaletako hazkunde tasak areagotzeko, ekoizpen ehunaren errentagarritasunaren beherakada, eta metaketaren forma finantzarioaren hedapena. Mendebaldeko botere blokea osatzen duten estatuek –emaitza laburreko– berebiziko ahaleginak egin dituzte gainmetaketaren arazoak saihesteko, izan lan eta zerga arloko arauak egokituta soldata irabazietara berbideratzeko beharrera, izan inbertsioaren kostu finantzarioak murriztuko zituen eta kapitalaren metaketa artifizialki estimulatuko zuen politika monetario ez konbentzionala diseinatuta. Hala ere –eta pandemiak eragindako kolpe ekonomikoa «kanpokotzat» joz modu iruzurtian–, edozein analisi zintzok onartu beharko luke politika horiek porrot egin dutela benetan integratzailea den zibilizazio ordena bat berriz egituratzeko, gerraosteko garaian izan zen moduan [7]. 

Mendebaldeko blokearen ekonomia nazionaletako akumulaziorako muga gero eta esplizituagoek eta estatuek muga horiek gainditzeko duten ezintasunak –nahiz eta erreforma handiak eta proletariotzaren kontrako gehiengoak eraiki– NATOren hedapen militarraren azpinarrazioa fundatzen dute. Herrialdeak etengabe Aliantza Atlantikoan integratzeak gako inperialista bikoitza dauka. Alde batetik, blokeari eta bertako potentzia hegemonikoei laguntzen die haien kapitalen eragin ekonomikoa handitzen, lurralde berrien txertatze ekonomikoaren bitartez; beste alde batetik, integrazio horrek aukera ematen du eragin politiko eta militarra hedatzeko kooperatzeko borondaterik ez duten estatuen aurrean. Beraz, Ukrainaren integrazioaren faltan, Aliantza Atlantikoaren bukaera eta pazifismo liberalaren garaipena iragartzen zuen Sobietar Batasunaren desegitetik, NATOk 14 herrialde integratu ditu; hala, 30 herrialdek osatzen dute gaur egun, munduko 10 ekonomia handienetatik 6 barne hartuta. Hedapenaren klase izaera argia da: gero eta indartsuagoak diren base militarren hesi bat eraikitzea, Mendebaldeko enpresak mundu mailako merkatuan ekonomikoki gara daitezen bermatzeko eta, hala, lurralde nazional bakoitzean klase kapitalistaren boterea indartzeko. Maila nazionaleko barne domestikazioa ez da kapitalaren ekoizpenaren eta merkataritza hedatzearen nahi gabeko ondorioa, baizik eta balorizazio ekonomikorako zailtasunekin batera sortzen den beharrizan bat. 

Hori horrela, akatsa litzateke enpresa lehia eta klase-dominazio bertikala bereiztea, klase barruko eta klase arteko kontraesanak autonomoki erreproduzituko balira bezala. Izan ere, biak hala biak kapitalaren eta lanaren arteko gatazkaren adierazle dira. Enpresa transnazionalen eragin ekonomikoaren eremua hedatzeak aukera ematen du balio-katean balio erantsi handiagoa duten jarduerak nazioan mantentzeko, atzerriko eskulana esplotatzetik lortutako gainbalioa inportatzeko edo beste lurralde batzuek eskaintzen duten zerga salbuespenaren bitartez zerga erregimen nahiko progresistak mantentzeko, bai eta kontrol sozialaren industria ekonomikoki garatu edo estatu bortitzaren kultura normalizatzeko ere. Azken finean, aurrerantz ihes egiteko aukera ematen du; izan ere, mugimendu horrek edozein jarduera kapitalistak, bere izaera dela eta, lurraldea edozein delarik ere (erre)produzitzen dituen mugak espazialki lekualdatu besterik ez du egiten.

Errusian kapitalismoa berrezartzeak botere borroka bat abiarazi zuen kapitalaren fakzio desberdinen artean pobretze orokorrak suntsitutako herrialde batean. Erakunde marko ahulak, ekoizpen ehun zaharkituak eta antolatu gabeko langile mugimenduak lur ezin emankorragoa sortu zuten botere ekonomiko kapitalista loratzeko. Azken hamarkadetan, Errusiako Estatuan hauek gobernetu dute: agerraldiak normalean mozkortuta egiten zituen gizon batek –Boris Yeltsin, kontrairaultzaren eta merkatu erreformaren irudia– eta KGBko agente ohi batek, azken 24 urteetatik Estatuaren buruzagitza soilik 4 urtez utzi duena –hain zuzen ere, lehen ministro postua betetzeko–. 2001eko Alderdi Legearen bertsio desberdinek –zeinek protestak eta errepresioa eragin dituzten– eskaintzen dituzten bermeak, boterea sistematikoki Estatu zentralean kontzentratzeak 1999 aurretik nagusi zen erregionalismoaren aldean, oso ondo ordaindutako botere judizialaren ustelkeria hedatuak eta Errusiako zigor kodeak jasotzen dituen lege errepresiboen multzoak (atxiloketak lotsagabeki ugaritzea ekarri dutenak) distantzia erlatibo bat markatzen dute Mendebaldeko administrazioen aldean. Distantzia hori erlatiboa da ordena kapitalista eratzen duten elementu guztiak –dominazio ekonomikoa, errepresio politikoa, autoritarismo legala, pobretzerako joera– intentsitate handiagoarekin erreproduzitzen direlako Errusian. Lurralde nazionalean izandako klase borrokaren urte luzeen ondorio da hori. 

Errusiako proletariotzaren azpiratzeak hartu duen forma konkretua petrolioari eta gasari loturiko kapitalen –Gazprom, Lukoil, Rosneft– garaipen politikoa izan da; izan ere, Errusiak mundu mailako merkatuan kokatzeko behar zuen agintaria aurkitu dute Putin presidentearengan. Are gehiago, herrialdeko enpresa nagusietako bakarra aritzen da finantzen sektorean, zehazki Sberbank enpresa. Enpresa hori Errusiako Banku zentralak sortu zuen, eta orain banku horrek partaidetza du bertan; 1999an Sberbank banku lehena bihurtu zen, hain zuzen ere energia enpresetan zuen inbertsio zorroa ia hirukoiztu zuen urtean, Putinen presidentetzaren lehenengo urtean hain zuzen. Errusian, botere burgesaren artikulazioak printzipio ekonomiko kapitalisten egokitzapen «iliberal» bat behar izan du metaketa erregimen egonkor bat eraiki ahal izateko ‒horretarako ezinbesteko baldintza izanik proletariotza nazionalaren azpiratzea‒, bai eta botere ekonomikoen eta estatu botereen arteko harilkatze praktikoki ustel bat ere. Hori dena gorabehera, Errusiak ez zuen inoiz lortu Mendebaldeko potentzia nagusien estandar ekonomikoetara iristea. Energia merkatuetan zuen posizio onak harreman sendoa finkatu zuen Estatua gidatzen zuen presio taldearen eta Mendebaldeko kapitalaren ordezkari politiko nagusien artean, hala nola Angela Merkel, José María Aznar, Tony Blair, Silvio Berlusconi, Emmanuel Macron eta are Bill Clinton edo Barack Obama, interes txikiagoarekin bada ere. Errusiako kapitala lanaren nazioarteko banaketan integratu zen, Europaren lankidetza estuarekin. Errusiako Estatuak, Putinen inguruan eraikia, desabantaila militarreko posizioan zegoela onartu zuen eta NATO hedatzeko muga bere herrialde mugakideetan finkatu behar izan zuen. Errusia Mendebaldearekin lankidetzan aritzen zen (nahiz eta ekonomikoki integratu ez) NATOren blokea etengabe hedatzen zen bitartean. Egoera hori itxuraz kontraesankorra bada ere, ondo islatzen du nazioarteko harreman kapitalisten izaera gobernaezina.

Errusiako proletariotzaren azpiratzeak hartu duen forma konkretua petrolioari eta gasari loturiko kapitalen garaipen politikoa izan da; izan ere, Errusiak mundu mailako merkatuan kokatzeko behar zuen agintaria aurkitu dute Putin presidentearengan

ESTATUA, GLOBALIZAZIOA ETA GERRA INPERIALISTA

Estatua zer da? Kapitalaren boterearen komisio politikoa. Estatuaren izaera belikoa klase egitura gisa ulertzen denean soilik ateratzen da argitara. Estatuaren gerra ez da agintarien gehiegikeria bat; aitzitik, burgesiaren botere politiko eta ekonomikoa indartzeko funtsezko mekanismoetako bat da. Estatuaren existentziak osatu egiten du klase kapitalistaren dominazioaren hedapena, zeina ezin daitekeen haren adierazpen ekonomikora mugatu: erakunde politikoen eta ekonomikoen uztarduran bat eginik baizik. Biek ala biek, aldi berean, proletariotzaren azpiratzea erreproduzitzen dute. Ondorioz, biak ulertu behar dira klase harreman kapitalistaren beharrezko adierazpen gisa. Kapitalaren balorizazio ekonomikoa, klase dominazio gisa, iristen ez den lekuetan agertzen da Estatu kapitalista [8]. Gainbalioa ekoizteko zirkuituek beren kabuz bermatu ezin dituzten hainbat funtzio betetzen dituzte. Funtzio horiek era honetan laburbil litezke: funtzio errepresiboak, funtzio ekonomikoak eta funtzio belikoak. Kritika iraultzaileren zeregina da Estatuaren funtzio horiek guztiak –Engelsen hitzetan [9]– kapitalista kolektiboaren jarduera gisa azaltzea, zeinen helburu bakarra kapitalaren boterea indartzea besterik ez baita, errepresioa eta gerra gehiegikeria gisa edo Estatuaren jardun ekonomikoa kapitalaren eta lanaren arteko bizikidetza harmoniatsu gisa azaltzen dena; ilusio ideologikoa da baina, ez besterik.

Metaketa kapitalista globala da edukian, baina nazionala forman [10]. Era horretan, estatu nazio kapitalistak, funtsean aurreko estatuak ez bezalakoak direnak, proletariotza nazionala erreprimitzeko berme gisa ageri da historian, baina baita kapitala hedatzeko tresna gisa ere. Zentzu horretan, Clausewitzen ideia, zeinak esaten duen «gerra beste bitarteko batzuen bidezko politika» dela, birformulatu egin liteke, argudiatuta gerra beste bitarteko batzuen bidezko lehia dela. Hori dela eta, estatuen arteko elkartzea, loteslea denean eta merkataritza trukerako, politika ekonomikorako edo interbentzio militar bateraturako espazio komunak sortzen dituenean, beti da iraungitze data duen elkartze bat. Kredituak gehiegizko ekoizpenak zehazten duena artifizialki atzeratzen duen modu berean, estatuen arteko elkartzeak behin-behinean ezkutatu egiten du gizartean duten posizioa zehazten duen hori. Beste modu batera esateko, Grossmanen hitzen arabera, «estatuen arteko antagonismo inperialistek haien arteko harremanen bitartez ere irauten dute» [11]. 

Estatuen elkartzeak elikatu egiten du burgesiaren fikzio pazifista, zeinaren arabera gerra ekidin litekeen gaitz bat den, irakaspenak ekarri dizkigun iraganeko emaitza penagarri bat. Hala ere, ezein kasutan ez ditu estatu arteko harremanen oinarri klasistak gainditzen, ezin duelako. Bakea borondate politiko kontua dela dioen tesia guztiz baliagarria zaio dominazio burgesari: gauzen egungo egoera naturalizatu eta gerra gehiegikeria gisa azaltzeko aukera ematen du eta, ondorioz, kritikarako aukera oro deuseztatzen du. Globalizazioa zera izan zen: konkistatutako bakearen eta mundu osoko nazioen eta estatuen arteko anaitasunaren korrelatua; merkataritza- eta finantza-zirkuituak nazioartekotzeko prozesu sozial bat, Estatu Batuak buru zituena eta aukerak handitu zituena kapitala balorizatzeko, proletariotzaren kontrako ofentsiba ekonomiko eta politikoa gordintzeko eta Mendebaldeko esferan erakunde esparru erraldoiak eraikitzeko, hala nola NATO, Europar Batasuna, Merkataritza Askerako Itunak, Europako Banku Zentrala, Munduko Bankua edo Nazioarteko Diru Funtsa. Egitura eta legedien sare oso horrek Mendebaldeko kapitalari aukera eman dio posizioa hobetzeko nazioarteko merkatuetan, estatuen eragin politiko eta militarra hedatzeko eta bakoitzak lurralde nazionalean duen boterea indartzeko. 

Estatu elkarteen multzoa, batez ere Europan, ezin azal daiteke soilik Estatu Batuek subiranotasun nazionala bahitu dutela esanez, Europako chauvinista ugarik defendatzen duten eran. Europako ekonomien lehiatzeko gaitasunen rolak berebiziko garrantzia dauka. Europako kapitalen elkartze politikoa funtsezkoa izan da azken hamarkadetan Europar Batasuneko ekonomiak munduko merkatuan txertatzeko. Hortik eratortzen da, ondorio praktikoetarako, Europar Batasunak herrialde bakar bat balitz bezala funtzionatzen duela, hura osatzen duten estatu kideen moneta politika modu zuzen eta antidemokratikoan finkatzen du Banku Zentralaren bitartez, gomendio lotesle gisa ezarriz zerga politika edo are zorpetze bateraturako tresnak garatzen hasiz [12]. 

Alabaina, globalizazioak bizkortu egin zuen ekoizpen kapitalistaren garapen eta kontsolidazio prozesua gaur-gaurkoz munduko balorizazio polorik nagusienetako bat bilakatu den herrialdean: Txinan [13]. Txinaren botere kapitalista nazioarteko eskalan eraikitzeak zerikusia izan du Mendebaldeko kapitalen eta haien aliatuen kapitalaren hedatze prozesuan. Paradoxikoa badirudi ere, Txinaren garapen kapitalistak rol erabakigarria izan du Mendebaldeko finantza oligarkiaren boterearen hedapenean [14]. Txinan ekoitzitako gainbalio kantitate handiak aukera eman die Estatu Batuei hainbat hamarkadaz beren zorra finantzatzeko. Txina munduaren fabrika bilakatu izana pizgarria izan da Mendebaldeak eskualdearekin duen merkataritzan eta, gainera, balio erantsi handiko industria espezializaziorako baldintzak sortu ditu Estatu Batuetan, Frantzian, Alemanian, Japonian eta beste herrialde batzuetan. Argi ikus daiteke Marxek esaten zuena: «gizarte burges modernoa mago bat bezalakoa da [...] berak sorginkeria bidez sortutako lur azpiko potentziak kontrolatzeko gai ez den magoa» [15]. Hala, beharrezkoa da munduko merkatua nazioarteko ekoizpen harreman kapitalisten egituratze gisa ulertzea, eta ez kapitalismo nazional independenteen batura gisa. 

«Lur azpiko potentziak» jada zabalduta daude mundu osoan. Haien kontraesanak dira gizarte osoa zuzentzen dutenak. Zapaldu guztien arteko alienazio-lotura bat eratzen dute, eta ondorioek guztioi eragiten digute neurri berean. Kongoko Errepublikan, El Salvadorren edo Ukrainan gertatzen direnen ustezko edo itxurazko deskonexioa, azken finean, metaketa globalaren adierazpen nazionalaren eta kapitalaren eraketa politikoaren artean lehiatzen diren estatuetan (edo makroestatuetan) antolatzearen ondorio da. Emantzipaziorako beharrezkoa den marko politikoa behartuta dago haratago begiratzera eta nazionalismoaren ikuspegi itsuak ezkutatu nahi digun hori deskubritzera: ekoizpen-harreman kapitalistak direla gure bizitza sozialaren funtsa.

Globalizazioan eta merkatuaren etengabeko hazkundean oinarritutako nazioarteko hazkunde eredua agortzeak intentsifikatu egin ditu nazioarteko harreman kapitalisten berezko kontraesanak; horrek, blokeen arteko bake komertziala fagozitatzeaz gain, Aliantza Atlantikoaren barne kohesioa ere suntsitu du. Roosvelten idealismoa gerraostean mundu mailako gobernu bat finkatzen saiatu zen; ordea, Trumanen errealismoak bidetik kendu zituen asmo horiek [16]. Gaur egun Ipar Amerikaren hegemonia proiektua, zeinak antikomunismoa baitzuen oinarri, arrakalatzen hasi da. Zenbait hamarkadatan izandako lanaren nazioarteko banaketak itxuraz ahalbidetu zuen guztiontzako kafearen eredua agortzen ari da. Estatu Batuak eta Europar Batasuna inbertsio publikoko programa handiak onesten ari dira, beren ekonomiak berriz industrializatzeko; aldi berean, Txinak denbora darama edozein ekonomia kapitalistari berezko zaizkion arazo ekonomiko nagusiak pairatzen (gehiegizko metaketa, espekulazio burbuilak, langabezia, desberdinkeria, etab.) eta Errusia ‒ekonomikoki ahula aspalditik‒ bere bazkide energetiko nagusia galtzen ari da (nahiz eta badirudien beste merkatu batzuetara bideratuta konpentsatu ahalko duela).

Txinak denbora darama edozein ekonomia kapitalistari berezko zaizkion arazo ekonomiko nagusiak pairatzen (gehiegizko metaketa, espekulazio burbuilak, langabezia...) eta Errusia bere bazkide energetiko nagusia galtzen ari da

Egun, gerra komertzialak errealitate normalizatuak dira eta protekzionismoa politika nazional gisa ezarri da merkatu librea zalantzan jartzea bekatutzat hartzen zen lekuetan. Monetarismoak eta neoliberalismoak bidea utzi diote neokeynesianismoari; joera horrek, posible da tesia berrestetik urrun, argi erakusten dute esku-hartze publikoaren rola kapitalaren boterearen bermatzaile gisa. Ez da kasualitatea merkataritza tentsioen atzetik finantzaketa publikoaren aurrerapausoak gertatzea; izan ere, balorizaziorako zailtasunen adierazle baino ez dira. Mundu mailako merkatuaren estutasuna ez dago trukerako espazioaren dimentsio geografikoaren mende, baizik eta merkatuaren oinarri klasista [17] berberen mende ‒Leninek Luxemburgi gogoraraziko zion eran‒; hau da, kapitalak gehiegi ekoizteko duen berezko joeraren [18] ondorioz, kapitalak eta haien estatuak behartuta daude «metodo normalek» (István Meszárosen hitzetan) lortzen ez dutena beste bide batzuen bitartez lortzen saiatzera [19]. Hala, gerra inperialista (estatuak aldi berean urratsak egitea proletariotza nazionalaren eta atzerritarraren gainean) azken konponbide gisa agertzen da, kostu altua duen baina sozialki beharrezkoa den konponbide gisa, merkataritza dinamika «normalek» prezioaren eta lehiaren bitartez antolatu ezin dutena berriz antolatu ahal izateko.

Hala, gerra inperialista (estatuak aldi berean urratsak egitea proletariotza nazionalaren eta atzerritarraren gainean) azken konponbide gisa agertzen da, kostu altua duen baina sozialki beharrezkoa den konponbide gisa, merkataritza dinamika «normalek» prezioaren eta lehiaren bitartez antolatu ezin dutena berriz antolatu ahal izateko

PROXY GERRA

2012. urtean, Ukrainako Gobernuak negoziazioak hasi zituen Europar Batasunarekin progresiboki batasun horretan sartzeko, Nazioarteko Diru Funtsak kudeatutako kreditu baten truke, Ukrainako industria ehunak nazioarteko merkatuan zuen lehia posizioa hobetzeko eta herrialdearen egoera ekonomiko benetan prekarioa leuntzeko. Handik urtebetera, akordioa sinatu aurreko egunean, Ukrainako Gobernuak bertan behera utzi zuen hura, argudiatuta eskainitako zifra (600 milioi euro), «umiliagarria» zela [20]. Hurrengo egunean, Kieveko Independentzia Plazan protestak hasi ziren (Euromaidana), Eskuin Sektorea eta Svodoba antolakunde faxistek koordinatuta; protesta horiek Gobernuko presidenteak herrialdetik alde egitea eta 2014an herrialdeko indar erreakzionarioenek boterea hartzea eragin zuten. Urte horretan bertan gerra hasi zen Donbassen Kieveko Gobernuaren eta Errusiaren babesa zuten Ukraina ekialdeko eskualde armaden artean, eta, aldi berean, Errusiako Estatuak Krimea anexionatu zuen. Delegazio gerra edo proxy gerra izenez ezagutzen dena hasi zen; hau da, Mendebaldeko eta Errusiako oligarkia finantzarioak Ukrainako lurraldeen kontrola bereganatzen saiatzen ziren armada ezberdinak finantzatuta. Gatazka luze horrek milaka pertsonaren bizitzak eraman ditu eta bereziki gogor kolpatu ditu Luhansk eta Donetsk. Gerra Errusiak Ukrainako lurraldea inbaditu zuen egunean bertan bukatu zen, NATOk babestutako Ukrainaren eta Errusiako armadaren arteko gerra irekia hasi baitzen.

Ukrainaren ekialdeko «herri errepublikak» askatzeko aitzakiapean, Errusiako armadak, inbasioaren bitartez, NATOren base militarrak bere mugetatik hurbil ezartzeko aukera oro deuseztatu du. Errusiar kapital dominatzaileak, Putinek nazioa eta familia faxistizatzeko emandako diskurtsoaren bultzadarekin, Errusiaren posizio ekonomikoaren eta boterearen aurkako mehatxu gisa ikusten du Aliantza Atlantikoaren hedatze militarra, arrazoi osoz ikusi ere, gainera. Estatu Batuak buru dituen NATOrentzat, Txina bolumen txikiagoa duten baina, era berean, herrialde horren eragina mundu mailan eta merkatu berrietara etengabe zabaltzeko eta handitzeko duen gaitasuna mehatxua da. Mehatxuaren mailak ezartzen du hasierako ekintza belikoa. Estatu Batuetako burokratek badakite gaur-gaurkoz Txina ez dela gai Estatu Batuekin lehiatzeko arlo komertzialean, monetarioan edo militarrean, ez eta eragin politiko zein kulturalaren arloan ere –eta are gutxiago Errusia–. Hala ere, badakite azken urteetan Txinaren boterea handitzen hasi dela Estatu Batuen interesen kontra. Adierazgarria da onartu berri den Segurtasun Nazionalaren Estrategiak, Biden presidentearen Administrazioarenak, honako hau esatea: Estatu Batuak «aldi berri eta esanguratsu batean sartu da atzerriko politikari dagokionez, eta horrek Bigarren Mundu Gerraz geroztik herrialdeari eskatu zaion baino askoz gehiago exijituko dio AEBri Indiako Ozeanoaren eta Ozeano Barearen inguruan». Ukrainako inbasioak ere ez du lortu arreta fokua Txinatik urruntzea; izan ere, Estatu Batuentzat, Txina «mehatxu sistemikoa da, nazioarteko sistema aldatzeko gaitasuna duen herrialde bakarra den heinean»; ondorioz, Estatu Batuek finkatutako estrategiak «lehentasuna emango dio lehiaren arloko abantaila iraunkorra mantentzeari Txinako Herri Errepublikarekiko, eta, horrekin batera, oraindik sakonki arriskutsua den Errusia mugatuko du» [21]. 

Ukrainako gatazka hedapen kapitalistaren dinamika propioetan sartuta dauden bi blokek aurre egin behar dieten zailtasunen adierazpen belikoa da. Txinaren asmoa bakegile gisa agertzea da, NATOren hedapena indargabetu eta Europar Batasuneko herrialdeekiko merkataritza lotura indartzeko; izan ere, badirudi Europar Batasunean Estatu Batuekiko posizio kritikoak indarra hartzen ari direla –hala erakusten dute, besteak beste, Sánchez, Macron, Scholz edo Von der Leyen bilera egin izanak Xirekin edo Europako burokraten artean autonomia estrategikoaren ideiak indarra hartu izanak–. Gatazkaren ibilbidea klase borrokaren garapenak markatuko du; horrek, beraz, zilegitasuna kentzen dio ekonomia kapitalistaren eta bere gerraren zabaltze geldiezinean oinarritutako edozein irakurketa katastrofistari, bai eta kapitalismoa bere erantzukizuna zuritzeko eta zibilizazioa salbatzeko bide bakarra Mendebaldearen garaipena dela defendatzen duen interpretazio erreformista liberalari ere.

GERRAREN KONTRA

Gerraren kritika egiteko, beharrezkoa da haren izaera aztertu eta, ondorioz, hari aurre egiteko estrategia internazionalista bat ezartzea. Gobernu burgesek, ideologia nazionalistaren bitartez, gure klasearen pasiorik baxuenak elikatzen ditu, «nazioen arteko borroka betikotzeko, horrek ezinezko bilakatzen baitu langileen arteko aliantza serio eta zintzo oro […] eta, ondorioz, baina haien emantzipazio komuna ere» [22]. Gerra bereizketa artifizial horren adierazlerik tragikoena da, eta modu gordin eta izugarrian erakusten du internazionalismoaren beharra emantzipazioa erdiesteko bide gisa. Klasearen betebeharra da bere blokeari aurre egitea, zanpatzen duten erakundeak nahiz kapitala gaitzetsi eta konfrontatzea; betebehar hori ez da emantzipazioa ebatzi beharreko klase borroka ezberdinen batura gisa ulertzen duen lizentzia chauvinista bat. Programa komunistaren gauzatze internazional(ist)a da, antolakuntza politikoak burgesia globalaren Estatuetan ezartzen dituen aukera errealen araberakoa. Europako militantziaren ahalegina, egun garatuta dagoen moduan, Mendebaldeko oligarkia finantzarioari aurre egitera bideratuta egon behar da, bai eta bere lurraldean zabalduta dauden botere egiturei aurre egitera ere: NATO, Banku Zentrala, Europar Batasuna, estatu kideak… Izan ere, horiek dira Europan kapitalaren azpiratzea gorpuzten duten erakundeak eta Ukrainako lurraldean sarraski inperialista elikatzen dutenak. Onartezina da inongo potentziarekin lerrokatzea. 1914an bezalaxe, «ikusteko egungo gerran “aberriaren defentsa”ren ideia babes daitekeela uste izatea antihistorikoa, faltsua eta hipokrita dela, nahikoa da egungo gerra potentzia “handien” politiken eta horien oinarrizko klaseen luzapen gisa ulertzea [23]». Ez dago justifikaziorik ezein inperialismo defendatzeko. Errusiako eta Ukrainako proletariotzarekiko elkartasun eta anaitasun internazionalerako tokia baino ez dago; anaitasun hori da, gainera, laguntasun abstraktu bat izatetik urrun, «gobernuen arteko gerra hori gerra iraultzaile bilakatzeko» nazioarteko estrategia sozialista bat eratzera bultzatzen eta motibatzen gaituen izpiritua. [24].

Ez dago justifikaziorik ezein inperialismo defendatzeko. Errusiako eta Ukrainako proletariotzarekiko elkartasun eta anaitasun internazionalerako tokia baino ez dago; anaitasun hori da, gainera, laguntasun abstraktu bat izatetik urrun, «gobernuen arteko gerra hori gerra iraultzaile bilakatzeko» nazioarteko estrategia sozialista bat eratzera bultzatzen eta motibatzen gaituen izpiritua

ERREFERENTZIAK ETA OHARRAK

[1] Andrew Kliman, Michel Roberts edo Guglielmo Carchedi autoreen obrak sarrera egokia dira gaia lantzeko. Kliman, A. (2010): The failure of capitalist production. Underlying causes of the Great Recession. PlutoPress; Roberts, M. (2009): The Great Recession. LuluPress; Carchedi, G. (2011): Behind the crisis: Marx's Dialetics of Value and Knowledge. BRILL.

[2] ELGAren eta Eurostaten arabera, Espainiako Estatua, Polonia, Italia, Txekia edo Grezia, besteak beste, batez bestekoaren gainetik daude urtean lan egindako orduei dagokienez, aparteko orduak kontuan hartu gabe. Informazioa eskuragarri: https://ec.europa.eu/eurostat/statistics-explained/index.php?title=Hours_of_work_-_annual_statistics

[3] Cuadrado, P (2023): «Un análisis de la evolución de las horas trabajadas por ocupado en España: desarrollos tendenciales y evolución reciente». Espainiako Bankua.

[4] Marx, K (1971): Grundrisse. Elementos fundamentales para la crítica de la economía política. I. liburukia. Siglo XXI

[5] Artikulu honetan, Pablo del Amok laburtu egiten ditu NATOk dituen arazoak epe laburrean munizioa hornitzen jarraitzeko: «El eterno retorno de la política industrial» (martxoa, 2023). Hemen eskuragarri: https://www.descifrandolaguerra.es/el-eterno-retorno-de-la-guerra-industrial/

[6] Lenin, V.I. (1915): El socialismo y la guerra.

[7] Langabezia estrukturala, batez ere gazteen artean, eta soldatapeko lanaren kalitate txarra dira kapitalaren gaitasun integratzaileetan atzerakada bat gertatu dela adierazten duten elementu nagusiak.

[8] Estatuaren izaera klasistan sakontzeko: State, Class Struggle, and the Reproduction of Capital, Simon Clarke autorearena, «The State Debate» liburuan jasoa (1991).

[9] Engels, F. (1880) autorearen lan honetatik hartua: Del socialismo utópico al socialismo científico. Hemen eskuragarri: marxists.org

[10] Estatu kapitalistaren garapen historiko eta kritikorako, Simon Clarke autorearen (1988) «Keynesianism, Monetarism and the Crisis of the State» liburuaren 7, kapitulua, Overaccumulation and the Limits of the Nation State, irakurtzea gomendatzen da.

[11] Grossman, H. (1929): Ley de la acumulación y del derrumbe del sistema capitalista: una teoría de la crisis. Siglo XXI

[12] 2021ean, Europar Batasunak 20.000 milioi euro jaulki zituen bere lehen eurobonurako, NextGeneration funtsak finantzatzeko; Europan aurrekaririk gabeko adibidea da eta ezin hobeki islatzen du deskribatu dugun Estatuaren funtzio ekonomikoa –­errentagarritasuna estimulatzea inbertsio pribatua iristen ez den eremuetan–. Iturria: cincodias.elpais.com/cincodias/2021/06/15/mercados/1623748256_188119.html

[13] Arteka aldizkariaren 38. zenbakiak Txinako clase-borrokaren garapenaren zenbait gai gako jorratzen ditu.

[14] 2019an, garai hartan Europar Batasunaren segurtasunerako kanpo politikaren goi ordezkari zen Federica Mogherinik, EU-China – A Strategic Outlook izeneko argitalpenean, honela deskribatu zuen Txina: «bazkide, lehiakide eta arerio sistemikoa». Hemen eskuragarri: https://commission.europa.eu/system/files/2019-03/communication-eu-china-a-strategic-outlook.pdf 

[15] Marx, K. (2017): Escritos sobre materialismo histórico. Alianza.

[16] Arrighi (2007) autorearen Adam Smith en Pekín liburuko IX. kapitulua, El Estado mundial que nunca existió, izenburuduna, gerturapen egokia da Estatu Batuek mundua gobernatzeko egindako ezinezko saiakerara.

[17] «Kapitalistek ez dute beren artean mundua banatzen gaiztakeriak bultzatuta, baizik eta, lortu den kontzentrazio mailak, onurak lortzeko, bide horri jarraitzera behartzen dituelako, eta gero, mundu hori ‘kapitalaren arabera’, ‘indarraren arabera’ banatzen dute; ez da beste banaketa-prozedurarik posible merkataritza-ekoizpenaren eta kapitalismoaren sisteman […]. Lehenbiziko aldiz, mundua dagoeneko banatua dago, eta, beraz, hemendik aurrera bestelako banaketak besterik ezin dira egin, hau da, lurraldeak ‘jabe’ batetik bestera eskualda daitezke, ez besterik» (geuk itzulia) Lenin, V.I. (2012): Imperialismo: la fase superior del capitalismo. Taurus, Madril.

[18] «Kapitalaren gainprodukzioa, eta ez merkantzia indibidualen gainprodukzioa –nahiz eta kapitalaren gainprodukzioak beti dakarren lehengaien gainprodukzioa–, beraz, kapitalaren gainmetaketa besterik ez da (geuk itzulia). Karl Marx, Grossmanek aipatua (1929)

[19] Mészáros, I. (2009): La crisis estructural del capital. Argitaletxerik gabe.

[20] «Presidente de Ucrania bloquea intento UE por salvar acuerdo de asociación» (2013). Hemen eskuragarri: https://www.reuters.com/article/internacional-ucrania-ue-yaukovich-idLTASIE9AS05020131130

[21] «National Security Strategy» (2022). Estatu Batuetako Gobernua. Hemen eskuragarri: https://www.whitehouse.gov/wp-content/uploads/2022/10/Biden-Harris-Administrations-National-Security-Strategy-10.2022.pdf 

[22] Marx, K. (1870): komunikazio konfidentzial baten pasartea, hemen jasoa: «Extracto de una comunicación confidencial», Karl Marx (1870). Hemen eskuragarri: https://www.marxists.org/espanol/m-e/1870s/educ70s.htm#fn0 

[23] V. I. Lenin (1915)

[24] Idem.

EZ DAGO IRUZKINIK