Nord Stream gasbidearen aurkako erasoa
Martin Goitiandia
2021/10/02

[Paperean 2021eko urrian argitaratutako testua]

Ohiko gerren aldaerak izan dira azken hamarkadetan, eta horren hainbat adibide argi aurki ditzakegu Arteka aldizkariaren zenbaki honetan: Armenia, Ukraina eta Yemen. Jarraian ikusiko dugun bezala, gerra belaunaldi berri hauek ezaugarri zehatz batzuk dituzte. Ezaugarri horiek zuzenean lotuta daude egungo baldintza zehatzekin, baina baita gizarte kapitalistaren izaera historikoarekin ere. Hau da, gizarte honetan aurretik izan den gerrak, belaunaldi horien kasuan bezala, harreman kapitalistei lotutako beharrezkotasun bat du alde batetik, eta une bakoitzeko baldintza zehatzen araberako forma ezberdin bat, bestetik. Azken finean, bortizkeria horren guztiaren izaera gizarte kapitalistari dago lotuta, bere forma zehatza edozein izanda ere.

Gaur egungo gatazka asko, horien artean zenbaki honetan jasota daudenak, nahasgarriak izan daitezke. Kasu bakoitzean interes eta baldintza zehatz mordoa dago, sufrimendu izugarriarekin batera, eta kaos horrek ez digu egoeraren erroa behar bezala ikusten uzten. Horregatik, gaur egungo gatazka horien ezaugarri batzuen jatorria aztertzeko, lehenik aurrekariak aztertuko ditugu, ondoren, egungo egoera nolakoa den eta aktore bakoitzak zein interes dituen (azaleko analisia, noski) eta, azkenik, erroa gerraren egungo forma zehatzean ala bere izaeran dagoen egiaztatuko dugu.

BURGESEN ARTEKO GERREN GARAPENA

XX. mendeko lehen erdialdean, hegemonia britaniarraren amaierarekin batera potentzia inperialista handien arteko norgehiagoka belikoa nagusitu zen. Oso sinpleki azalduta, kapitalistek, beren herrialdeetako mugetan aberasteko zailtasunak ikusirik, beren estatuen bidez beste herrialdeetako merkatu, baliabide eta lurraldeak (koloniak barne) konkistatzea bultzatu zuten. Hura ez zen praktika berria, inondik inora, baina Rosa Luxemburgek ondo adierazi zuen bezala, beste lehiakideekin konfrontazioan sartu gabe konkistatu zitekeen lurralderik ez zegoen jada. Horrek eskala oso handiko gerra eta aliantzak ekarri zituen, gerren modalitate eta estrategia paradigma zehatz bat sortuz. Belaunaldi horretakoak dira bi Mundu Gerra famatuak adibidez (1914 eta 1939), baina baita Balkanetako bi gerrak(1) (1912 eta 1913), Aliantza Hirukoitzaren Gerra(2) (1864), Ozeano Bareko Gerra (gerora Bigarren Mundu Gerraren parte), Frantzia-Prusia Gerra (1870), India eta Pakistanen artekoa (1947)…

Ondorengo Gerra Hotzean, aldiz, erabat ezberdina zen egoera. Bigarren Mundu Gerratik «garaile» atera ziren bi (super)potentziak beren eragina ahal bezainbeste zabaltzen saiatu ziren. Gerra berri honetan bloke militarrak NATO eta Varsoviako Ituna izan ziren. Hau da, aurreko gerra handietako aliantzen ordez (Aliatuak eta Ardatza Bigarren Mundu Gerran), oraingoan, gatazka bi aktore erraldoiren artekoa zen, eta gainerako herrialdeek horien satelite eginkizuna hartzen zuten. AEBek Europarekin egin zutena horren adibide argia da. Etorkizunean Europar Batasuna izango zenaren lehen aurrekariak (1951an IAEE, 1957an Erromako Ituna eta Europako Ekonomia Erkidegoa…) Marshall Planaren bidez presionatuz bultzatu zituzten ozeanoaren beste aldetik, alegia. Era honetan, aurreko bi mundu gerren jaioterria izan ziren herrialdeak batzera behartuak izan ziren. Horrela, yankien menpeko merkatu bat sortzeaz gain, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) zen arerio berriaren aurrean dike politiko eta militar bat egonkortu zen. Negozio biribila inondik inora; azken finean, kredituen beharrean zeuden Europako herrialde horiek erabakimen gutxi izan zuten guzti honetan.

Bloke erraldoien existentziak gerra irekiaren aukera oso arriskutsu bilakatu zuen. Amaitu berria zen Bigarren Mundu Gerrak ekoizpen indarrak oso garatuta zituzten potentzien arteko talka batek eragin zitzakeen kalteak frogatu zituen: 60 milioi hildako baino gehiago, nekazaritza ekoizpena %50 murriztua, industria erabat desagertuta (Frantziakoa eta Sobietar Batasunekoa bereziki), azpiegituraren suntsipena (6.000 zubi baino gehiago)... Aukera hori are arriskutsuago bilakatu zen azken aurrerapen belikoekin, bonba atomikoa tartean. Aurrerapen guzti horiek kontuan izanda, agertoki bipolar berrian bi aurkari nagusiak talka zuzenean sartuz gero, galerak kontrolatzeko aukerak oso murritzak ziren. Hamarkada luzez izan ziren arrisku horren jakitun bai Etxe Zuria bai Kremlina ere, elementu askotan antzematen den bezala: Kubako misilen krisia (1962), telefono gorriaren(3) existentzia, SALT itunak(4) (1972), INF ituna (1987, arma nuklearrei lotutakoa hori ere)… Egoera horren ondorioz sortu zen Gerra Hotza; izenak dioen bezala, zeharkako talka bidez egindako gerra, zuzeneko talka baten kalteak ekiditeko. Oreka hauskorra zen, noski, eta bi potentziak une oro ari ziren posizio militar hobe baten bila konfrontazio hipotetiko baterako, baina printzipioz, besteen gerren bidez egiten zioten aurre elkarri.

Aurrerapen guzti horiek kontuan izanda, agertoki bipolar berrian bi aurkari nagusiak talka zuzenean sartuz gero, galerak kontrolatzeko aukerak oso murritzak ziren

AEBen aldetik, Truman doktrina(5) ideia honen adierazpen esplizituena izan zen. Finean, Mendebaldeko eta Ekialdeko blokeen artean aurkitzen ziren herrialdeetan etsaiaren eragina murriztu eta propioa handitzean zetzan. Hori ez zen ezer berria, AEBek askotan egin zuten beste hainbat herrialdetan; Estatu Sailaren 1962ko zerrenda batek AEBen 103 «esku-hartze» jasotzen ditu 1798 eta 1895 artean «beste herrialdeetako kontuetan»: Argentina (1852), Nikaragua (1853), Japonia (1854), Uruguai (1855), Txina (1859), Angola (1860), Hawaii (1893), Nikaragua berriro (1894)… Truman administrazioaren ekarpena gisa horretako teknikak estrategia handi(6) batean integratzea eta esku hartzen den herrialdeko fakzioen bidez egitea izan zen. Delegazio bidezko gerra(7) hor ere teknika berria ez zen arren, egoera bipolar berrian tresna zentrala bihurtu zen igoera beliko global bat ekiditeko. Greziako (1946) eta Koreako (1950) gerrak oreka berri horren adibide argiak dira. Izan ere, bi blokeetako batek bere tropak zuzenean herrialde horietan lurreratu izan balitu, maila handian beste aldeak ere berdina egin beharko luke, eta 1914ko edo 1939ko egoera berdinera itzuliko lirateke, baina arrisku are handiagoekin.

Zeharkako edo delegazio bidezko gerren paradigma horrek agertoki bikaina aurkitu zuen deskolonizazio prozesu berrian. Indiaren 1947ko independentziarekin Asiako eta Afrikako kolonia askotan hasi zen beren metropoliarekin hausteko prozesua. Herrialde horietako baliabideen kontrolak, merkatuen konkistak, egoera ezegonkorrak eta pobrezia sistematikoak hor jarraitzen zuten, noski. Baina atzerritik kudeatutako administrazio arrotz batekin eragindako in situ kontrola Kapitalaren mugikortasun berriarekin bateragarria ez zen eredu bat zen. Ordura arte kolonia ziren gehienek, beraz, estatu propio baten eraikuntza bizi izan zuten urte gutxian. Hori dela eta, hamarkada gutxian batzuetan periferiako herrialde berri piloa sortu zen, Gerra Hotzeko bi poloen artean zeuden beste herrialde ahul askoren taldera batu zirenak (hortik dator «hirugarren mundua» terminoa). Egoera horretan, munduko periferiako herrialde ahul horietan izan ziren delegazio bidezko gerrak Gerra Hotzaren adierazpen nagusi bihurtu ziren. Txinaren kasua oso argia eta goiztiarra da adibidez; askapen nazionalaren elementuak batzen ditu zehazki deskolonizazio prozesu bat izan gabe ere (Txinako Alderdi Komunistaren eta Kuomintangen arteko aliantza Japoniaren aurka), baina baita klasearteko batasunaren haustura ere (1949ko iraultza). Aldi berean, bi bloke handien eraginari aurre egiteko saiakerak ere izan ziren, Bandungo eta Belgradeko konferentziak adibidez(8). Hala ere, saiakera antzuak izan ziren, ordurako delegazio bidezko gerra bi superpotentzientzat bide egokiena bihurtu zelako aurkariari aurre egiteko, etengabeko norgehiagokarekin batera: lasterketa espaziala, armamentu lehia… Bi potentzia handietako batek abantaila nahikoa lortu artean, zeharkako gerra horiek ziren beren eragina zabaltzeko biderik egokiena.

90eko hamarkadaraino izandako delegazio bidezko gerra belaunaldien aldaerak gehiegi dira hemen aipatzeko. Adibide erreferentzial gisa Vietnam eta Afganistan hartu ditzakegu. Lehenengoan AEBen zeharkako esku-hartzea (1964aren aurretik eta 1973aren ondoren) eta zuzenekoa (bi urte horien artekoa) argi eta garbi ezberdindu daitezke. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerraren aurretiko terminoetan planteaturiko inbasio militarren ereduak zituen mugak erakutsi zituen Vietnamgo Gerrak(9). Afganistanen kasua eta bertako delegazio bidezko gerren ezaugarriak ezagunagoak dira gaur egun. Sobietarren okupazioaren aurrean (1978) AEBek bertako fakzio erreakzionarioak, talibanak tartean, finantzatu eta entrenatu zituzten. Denborarekin talibanak indartsu egin ziren, AEBen interesak kolokan jarri arte(10), eta azken horiek Afganistan inbaditu zuten (2001) eta orain tropak erretiratu dituzte. Bi adibide horiek oso ezagunak diren arren, ezaugarri berberak eta berezitasun propioak dituzten adibide asko aurkitu ditzakegu: Iran, Kuba, Aljeria, Angola, Kanbodia, Somalia, Siria, Egipto…

Dena den, agian «delegazio bidezko gerra» barruan sartu ezin daitezkeen gatazketan ere nabaritu zen konfrontaziorako aldaketa hori. Hego Amerikan, adibidez, Truman doktrinaren garapen berezi bat eman zen, Kissinger estatu-idazkariaren Kondor operazioarekin(11). Horiek gerrak ez izan arren, zeharkako esku-­hartzeak hartutako protagonismoa erakusten zuten. Garrantzi txikiagoko mugimenduak ere baditugu beste tokietan, Italian Gladio operazioa(12) adibidez. Era berean, Sobietar Batasunean egindako maniobrek ere ezaugarri horiek erakusten dituzte, 1956an Hungarian eta Polonian zein 1968an Txekoslovakian. Guztiek erakusten dute Kominform edo CIA bezalako inteligentzia ahaleginek pisu handiagoa hartu zutela, zuzeneko gerra irekiak plano hipotetikoago batean utziz.

XXI. MENDEA: AGERTOKI MULTIPOLAR BERRIA

Gerra Hotzaren ondorengo eszenan, konfrontaziorako «zeharkako» estilo horrek, pisua galtzetik urrun, irabazi egin zuen. Izan ere, SESBen erorialditik (1992) aurrera izan zen, aurreko hamarkadetan baino are gehiago, gatazka bipolar batetik multipolar batera igarotzeko prozesua. Kapitalismoaren historiak Ingalaterraren kasuan erakutsi zuen moduan, hegemonia absolutu eta iraunkor bat ez da posible, eta AEB ez zen salbuespen bat izan. Zentzu horretan, urte luzez etsai nagusia izandako SESB erori zen arren, 70. hamarkadatik kapital metaketa azkar batean murgilduta zeuden Asiako herrialdeek botere-polo berriak sortu zituzten. Mendebaldeko oligarkiek beren garaipenaz gozatu ahal izan zuten arren sobietarrak izandako lurraldeak arpilatzen, beren nagusitasun teknikoa (Kapitalaren konposizio organiko altuagoa), periferiarena baino aberastasun pilaketa altuago bat bermatzen ziena hain zuzen ere, ezbaian zegoen aspalditik (tigre edo dragoi asiarrak adibidez). Errusiako Federazio gazteak berak ere burua berriro altxatzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi zuen. Era horretan, demokrazia yankiaren interesei men eginez hazkundea lortu zuten herrialdeen eredutik (Japonia, Hego Korea…) beren hazkundea babesteko eta dibertsifikatzeko burujabe izan nahi zutenen eredua jaio zen (Txinarena, adibide nagusia). Beren interes propioak Gerra Hotzeko garaileen interesekin talka zuzenean zituzten burgesiak finkatu ziren XXI. mende berrian. Orain, hogei urte beranduago, Mendebaldearen kooperazio instituzioetan (NBE, NDF, MME…) kexa formalak aurkeztetik harago hegemonia militarra bera zalantzan jartzera iristen diren lehiakideak dira polo berri horiek. Hala ere, arauak jada ez dira Gerra Hotzaren aurretik zeudenak eta, beraz, denek jokatzen dute delegazio bidezko gerra bezalako bideen barruan.

Norgehiagoka militar hori gainetik aztertu baino lehen, egoera multipolar hori beste aspektu batzuetan ere nabaritzen dela egiaztatu dezakegu. Egoera geopolitiko oso baten erroaren aztarnak jarraitzea ezinezkoa da, argi dago, baina azken urteetan ikusi dugun desadostasunak arrasto izugarriak utzi ditu. Gertaera belikoen atariko klasikoa izan dira harreman komertzialak, esate baterako. Aldizkari honetan oso argi azaltzen den bezala(13) Bretton Woods eta Munduko Merkataritza Erakundearen gerraosteko kontsentsuaren haustura errealitate bat da. Gerra Hotzean bertan Mendebaldearen menpeko lurraldeetan AEB zen jaun eta jabe, eta horrek gainerako guztiek onartu beharko zituzten arauak ezartzea baimentzen zien: GATTren negoziazioak, dolar patroi mundiala (edo DEGak(14)), Munduko Bankua eta Washingtoneko kontsentsua… Baina orain munduko merkatu berdinean daude etsaiak, SESB ez bezala, eta beren hazkundea mantentzeko orain arteko joko-arauak hautsi behar dituzte.

Paradoxa bat dirudien arren, AEBen gerraosteko adostasuna hautsi duen adibide argienetako bat, hain justu, AEBena da. 2018an Txinarekin hasitako gatazka komertzialak eta batez ere horren jarraipenak erakusten du hegemonia argi baten falta dagoela. Urte horretan bertan AEBek Ekialdeko erraldoiarekin zuten defizit komertziala 419 mila milioi dolarrekoa izateak ondo erakusten du bere ahultasunaz erabat jakitun zirela gatazka hori hastean. Izan ere, askok esan bezala, protekzionismoaren itzulera, Trump eta bere jarraitzaileen erokeriak izan ordez, demokratek jarraitutako politika izan da. Eta ez hori bakarrik: Kanadaren 12.600 milioi dolarreko muga-zergak, TTIParen etena, Mexikoren %25eko muga-zerga produktu estatubatuarrei (altzairua, txerrikia, patata…), EBren gatazkak AEBekin (airelineak) edo Errusiarekin (gasa)… Huaweiena bezalako kasu ospetsuetatik harago, sistematikoa eta globala den zerbait da tentsioen hazkundea.

Graham Allison politologo estatubatuarrak (2012) «Tucididesen tranpa» terminoarekin egin zion erreferentzia handitzen ari den potentzia berri bat lehendik indarrean dagoenarekin talkan sartzean sortzen den gerrarako joerari; Txinaren eta AEBen kasuaz hitz egiten zuen bereziki. Indar korrelazioan emandako aldaketa horien bidez soilik uler daiteke Xi Jinpingek(15), merkatuaren kontrol zorrotza ezartzeko zalantzarik izan ez duen estatu bateko burua, globalizazioaren apologia handienak egitea Davoseko Foroan(16). Protekzionismoa, Friedrich List pentsalariak esan bezala, ahul dagoenaren tresna da bere burua indartsuagoetatik babesteko, eta librekanbioa, aldiz, indartsua denak bultzatzen du bere nagusitasuna ziurtatzeko (beste merkatuetarako sarbidea, besteek bere merkantziak kontsumitzea…). Esate baterako, Ingalaterrakoa bezalako merkatu irekien paladin batek, Navigation Acts delakoarekin bere nabigazio konpainiak kanpoko lehiatik babestuz lortu zuen ondorengo mendean itsasoen jaun eta jabe izatea.

Interes ekonomikoen talkak eragiten du jarraian ikusiko dugun gatazka militarra, eta alderantziz. Politika protekzionistak aktoreek beren burujabetza arriskuan ikusten dutenaren seinale dira; besteek beren erabakiak baldintzatzeko gaitasun ekonomikoa izateak eragiten dien beldurrarena, alegia. Horren adibide argiak dira balio-kate osoen kontrola izatea ezinezkoa duten sektoreak. 5G/6G edo adimen artifiziala bezalako puntako teknologiak besteen menpe egon gabe kontrolatzeko gaitasuna izatea hil ala bizikoa bihurtu da, eta mikrotxipena da adibide argiena. Washingtonek milaka milioi dolar bideratu ditu, bi alderdien onespenez, erdieroaleen ekoizpenerako hamar fabrika eraikitzeko lurralde nazionalean. Izan ere, 2020an txipak erosteko merkatu globalaren %35 Txinan zegoen kontzentratuta. Pekinek hala ere arazo berbera dauka, ekoizpenaren %8 soilik daukalako, AEBek %42, Hego Koreak %20 eta Taiwanek %20 duten bitartean. Are gehiago, Txinak bere hornitzaileei arrisku puntuazio bat ematen die sektore horietan presioa egiteko duten gaitasunaren arabera (AEB arriskutsuena, Japoniarekin batera). Hori dela eta, horren funtsezkoa den zerbait (pentsa zirkuitu elektrikoekin dugun menpekotasuna) ziurtatzeko edo behintzat etsaiek baino presio-gaitasun handiagoa lortzeko bideak bilatu dira. Adibide asko dauden arren, lur arraroena nahiko ospetsua da, material horiek beharrezkoak baitira ekoizpen teknologiko berberetarako ere. Txinak horien kontrola bilatu du hasieratik, ekoizpenaren %80 kontrolatzeraino. Horiek erauzteko mehatze batzuk AEBei erosi zizkien gerra komertzialaren erdian, eta ondoren mehatxu gisa erabili ahal izan ditu (Japoniaren aurka adibidez, Senkaku uharteen gatazkaren harira). Afganistanen ere, adibidez, Txinako gobernuak dituen interes asko lur arraroekin daude lotuta. Dena den, joko amaigabea da, mugimendu horien aurrean herrialde asko Txinak kontrolatzen ez dituen lur arraroen erreserba alternatiboen bila aritu baitira Australian, Kanadan, Myanmarren…

TUCIDIDES ARMATUA: ZONALDE GRISA ETA DELEGAZIO BIDEZKO GERRAK

Azaldutako garapen horrek guztiak garamatza gaur egungo paradigma militarrera, edo Arteka honetan nabarmentzen ari garen ezaugarrietara behintzat. Artikuluan zehar azaldutako ibilbide horretan inteligentzia zerbitzuek eta analisirako gaitasunek berebiziko garrantzia irabazi zuten, eta SESB erori zenerako, gerra irekia ez ziren beste modalitateek elaborazio teoriko izugarria zuten: gerrilla gerrak, espioitza, kontrainsurjentzia, sabotajea, propaganda eta egia-ostea, besteen barne politikaren erabilera… Horiek ez ziren elementu berriak estrategia belikoetan, Bigarren Mundu Gerran bertan, adibidez, erabili baitziren (ikusi erresistentziaren papera Frantzian), baina beti ere gerra ireki klasiko batekin osagarriak izan ziren eta ez bide nagusia.

90eko hamarkadarako konfrontazio klasikoaren ezintasuna errealitate bat zen, eta beraz, bake egoera baten zuriaren eta erabateko gerraren beltzaren artean gris-eskala erraldoi bat ireki zen, eraso mota oso ezberdinekin. SESB desagertu eta Gerra Hotza amaitu arren, AEBek gris-eskala horretako tresnez osatutako aparatu garatuegi bat zuten, eta gainera ezin zuen gerra irekien bidez lortutako garaipenekin hegemonia mantendu. Hori Vietnamek erakutsi zuen argi, eta gerora baieztatu dute Afganistanek, Irakek... Horregatik, delegazio bidezko gerratik eratorritako elementuek, desagertzetik urrun, are pisu handiagoa irabazi zuten, eta hori teoria militarrean bertan islatu zen. 90eko hamarkada horretan sortu ziren, hain zuzen ere, «zonalde grisa» kontzeptua eta bere marko osoa. Zentzu horretan, estatuen arteko gerra klasikoen dekadentzia bat nabarmendu zen literatura zabal batean; Van Creveld lehenengo (1991) eta Mary Kaldor ondoren (1999) horren adibide garbiak eta nahiko ospetsuak dira. Zonalde grisak zuzeneko konfrontazio batek garaipen seguru bat ematen ez duen kasuetan etsaia ahultzeko eragindako ekintza maila ezberdinak biltzen ditu: propaganda hutsetik hasita miliziak gerra zibil baterako erabiltzeraino (azken horien papera Kaldorrek azpimarratzen du adibidez). Dena den, kontzeptualizazioa ez da beti berdina, gerra hibridoen kontzeptua ere, adibidez, oso erabilia baita eta, zehazki berdina ez izan arren, oso lotuta daude. Edonola ere, ekoizpen teoriko horrek gerren paradigman izandako aldaketaren finkapena islatzen du.

90eko hamarkadarako konfrontazio klasikoaren ezintasuna errealitate bat zen, eta beraz, bake egoera baten zuriaren eta erabateko gerraren beltzaren artean gris-eskala erraldoi bat ireki zen, eraso mota oso ezberdinekin

Nola kokatzen da gerra modalitate hori gaur egungo egoera multipolarrean? Harreman komertzialak aztertzean nabarmendu den bezala, armak erakutsi gabe ere gerra «ekonomiko» itogarrian daude aspalditik mende honetan munduko sheriff berria izan nahi duten potentziak. Hala ere, gorago azaldu bezala, Europa zaharraren estiloko erabateko garaipen belikoak pentsaezinak dira gaur egun, alde bakoitza bestearen ahalmenaren beldur baita. Duelu mexikar horren ondorio da Gerra Hotzeko zeharkako gerrarako joerak jarraipena izan izana. Zentzu horretan, helburua etsaia ahultzea eta indar korrelazio berri batera mugiaraztea da, baten batek abantaila nahikoa lortu arte. Zonalde grisa gerra irekirik gabeko tentsio horren baitako mekanismo ezberdinen multzoa da. Izan ere, potentzia handiek beren azpiegiturak, populazioa (edo horren zati bat behintzat) eta aberastasuna ez dituzte arriskuan jarri nahi, baina beste herrialdeena sakrifikatzeko orduan ez dute inolako zalantza izpirik erakusten.

Konfrontaziorako baldintza horiek «bake biolento» moduko bat sortu dute. Gerra hibridoa(17) den gerra mota bereziaren eta zonalde grisa den bake motaren artean kokatu dira egungo gatazkak. Mutur batean ditugu gerra edo okupazio militar klasiko baten mugan dauden egoerak, normalean lurraldean bertan dagoen fakzio baten babesarekin egindakoak. Afganistan, Siria, Irak, Libia eta tankerakoak adibide onak dira kasu honetan. Fakzio jakin batzuen bidez indarrean dagoen gobernua aldatzen saiatzea izaten da ideia, bertan duten eragina handitzeko. Soilik estrategia militar horren baitan ulertu daitezke maniobra asko. Afganistanen adibidez talde talibanak gauetik goizera askatasunaren aldeko borrokalariak izatetik fundamentalista ero batzuk izatera igaro ziren, AEBen interesak elikatzeari utzi ziotenean. Era berean, Paris erdian atentatuak egin zituztenak Sirian «talde oposiziogile» soilak ziren, eta Frantziak berak finantzatu zituen. Hollandek publikoki onartu zuen 2012an eta 2013an dirua eta armak bidali zituztela AEBekin batera adibidez, 2012an jada AEBetako NSAko zuzendariak talde hauek Al Kaidarekin lotzen zirela publikoki onartu zuen arren. Beste muturrean, zonalde grisean sartzen diren ekintza ahulenenak ere egunerokoan aurkitzen ditugu: propaganda, sare sozialen erabilera, bot erabilera, eraso informatikoak… Hala ere, beti nahasten dira bi muturretako mekanismo ezberdinak esperientzia konkretuetan, Iraken edo Afganistanen izandako inbasio miliar yankietan adibidez. Koloretako iraultzak, eta bereziki Arabiar Udaberria deiturikoa, adibide bikainak dira propaganda hutsetik interbentzio zuzenerainoko elementuen konbinazioak ikusteko. Gorago aipatutako Kondor operazioa horren aurrekari zuzena da, nahiz eta ezberdintasun argiak izan.

GERRA KAPITALISTA, GERRA SAIHETSEZINA

Gerrak gaur egun ezaugarri zehatz horiek ditu orain arteko ibilbideak eta gaur egungo baldintzek hori bultzatzen dutelako. Klase kapitalistak bere interesen defentsarako duen bortizkeria basatiena denez, ekintzarik gizagabe eta ankerrena, beti amestu izan da horren beharrik gabe gizarte kapitalistak dituen talkak kudeatzearekin. Arazoa da, hain zuzen, kapitalismoarentzat gerra forma iragankorra dela baina gerra bera iragangaitza dela. Klaseetan banatutako gizarte honetan plusbalioaren edo aberastasunaren metaketa da burgesia gidatzen duena. Gorago aipatutako gatazkak eragiten dituzten interesek, beraz, metaketa hori dute motor bakar gisa. Estrategia handiek herrialde bakoitzeko kapitalista ezberdinen interes partikularrak bandera nazionalaren azpian elkartzen dituzte; Estatuak burgesia osoaren diruarekin finantzatutako makineria asasinoaren lehentasunak aukeratu behar ditu estrategia horiek finkatzean. Hori da, eta ez beste ezer, bloke geopolitiko handien estrategia handiek ordezkatzen dutena.

Txinarentzat, adibidez, bere nagusitasun industriala eta horren bidez garapen teknologiko exogenoa bermatzea da garrantzitsuena. Horretarako, lehengai, osagai eta energia iturrien hornikuntza bermatu behar ditu. Hori ezinezkoa izanik, horien garraiorako ibilbide komertzialak kontrolatu nahi ditu, eskualde mailan bereziki (Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan perla koilarea deiturikoaren bidez) baina baita nazioartean ere (Erdialdeko Asian eragina izanez, Afrikako azpiegitura kontrolatuz…). Horrek influentzia hazkor bat eskatzen dio herrialdeekiko: portuen jabetza (Espainian bertan), kooperazio sistematikoa (Hego Amerika), bere zordunak izatea (Afrika)… Zetaren bide berria anbizio horren adibide argiena da. Horrek nahi eta nahi ez AEBekin gatazka bat sortzen du, horiek lehendik duten mundu mailako sarea hausten duelako. Japonia, Taiwan, Hego Korea… Txinaren eragina oztopatzen duten eragin estatubatuarrak dira.

AEBek, aldi berean, proiektu estrategikoari dagokionez desorientazio handiagoa duten arren barne politikan, XX. mendean izandako rola berreskuratzeko asmoa adierazi dute. Haien dekadentziaz jakitun, aditu batzuek diotenez, lehengo hegemoniaren hondarrak erabili beharko dituzte botere posizio berri bat finkatzeko eta Txinaren hazkundea kontrolatzeko: kolokan dagoen botere militarra, Pekinek kopiatu nahi duen independentzia energetikoa, teknologikoki zalantzagarria den digitalizazioan daraman abantaila, urre erreserba eta dibisa berriekin kolokan dagoen dolarraren pribilegioa… Hegemonia posizio batetik abiatzen denez, gainerako poloekin ere talkan hasten da AEB. Errusia oso atzean dagoen aktore bat da guzti horretan, eta hala ere inguruko lurraldean influentzia esparru historikoa mantentzeko haren pretentsio erregionalek AEBetako eta bere Europako ordezkariekin (EB) talkan jarri dute. Zonalde grisaren bi muturren adibide dira Errusiak bere anbizio hauetarako Txekiarekin dituen presio harremanak eta Ukrainarekin duen ia gerra egoera. Esan bezala, AEB tronutik erortzear dagoen erregea izanik aurretiko jarrera handiagoa du gatazkan sartzeko, Errusiak berak aliantza puntualeko harreman bat mantentzen baitu Txinarekin. Azken horrek bere energiaren garraiorako bideen zati bat du Errusiaren esku (Suez, Kazakhstan eta Artikoa) eta Errusiak bestearen laguntza behar du AEBek Asian duten eragina geldiarazteko (OCS(18)). Hala ere, aliantza horrek motzak ditu hankak, eskualde mailan interesek talka egiten dutelako epe luzean, eta Errusiak galtzeko aukera guztiak ditu hor. Txinak, hala ere, Mosku AEBengana hurbiltzea ekidin nahi du.

Oso azaletik azaldutako sasitza hau are gehiago nahasten da indarra hartzen ari diren arriskuak gehitzen baditugu: Indiaren hazkundea eta Txina gainditzeko aukera edo EBren posizionamendua eta barne gatazkak, adibidez. Normalean, horiek baino txikiagoak diren herrialdeen estrategia handiagoak direnen eraginari aurre egitea izaten da (Iranen eragin plana eskualde mailan edo Siriak bere lurraldearen nagusitasuna mantentzeko helburua adibidez), ez baitute planifikazio hedakor baterako perspektibarik ez eta baliabiderik. Edonola ere, estrategia handiek kondizio kapitalista nazioarte mailan adierazten dute, gatazkarako joera saihetsezina hain zuzen ere. Ezinezkoa da herrialde guztiek beren helburuak betetzea, baten garaipenak besteen porrota dakarrelako. Denek ezin dute plusbalio metaketa amaigabearen amets umela bete. Gerra horregatik da berezkoa gizarte kapitalistan, eta horregatik dirudi fenomeno naturalen antzerako lege mugiezina dela. Une jakin batean dituen ezaugarriak, gaur egungoak bezala, baldintza historiko zehatzen produktu aldagarriak dira.

Denek ezin dute plusbalio metaketa amaigabearen amets umela bete. Gerra horregatik da berezkoa gizarte kapitalistan, eta horregatik dirudi fenomeno naturalen antzerako lege mugiezina dela

Gaur egungo gatazkak zonalde gris, gerra hibrido edo proxy war kategorien barruan mugitu arren, hori klase sozial zapaltzaileak eragiten duen bortizkeriaren forma konkretua da, besterik ez. Duela urte batzuk gerrak beste ezaugarri batzuk zituen bezala, urte batzuk barru beste ezaugarri batzuk izango ditu. Gerra guztiek duten ezaugarri berdin bakarra beren jatorria da: klase gizartea hain zuzen ere.

Gerra, funtsean, klaseen arteko edo klaseen baitako gatazken ebazpenaren forma bat da. Zentzu horretan, gerrak eta politikak (diplomaziak, hauteskundeek…) oinarri berbera dute; talde sozial batek bere interesak beste batenaren kaltean egikaritzea, alegia. Adibide klasikoena herrialde bateko burgesia beste herrialde batekoaren gainetik jartzea litzateke, indar korrelazioan posizio indartsuagoa duelako. Horrela, itxuraz politika (elkarrizketa) gerraren (bortizkeriaren) antagoniko gisa azaltzen zaigun arren, errealitatean bere jarraipen logikoa da. Bi aldeetako batek ere ez badu presio hutsaren bidez beste aldeak bere pretentsioei uko egitea lortzen, bortizkeria erabili beharko du gero eta maila handiagoan. Hori marxismorik gabe ere hautematen den zerbait da, Jokoen Teoria erabilita soilik bada ere(19). Marxek eta epigonoek egin zutena gerraren izaera horren halabeharrezkotasuna gizarte kapitalistarekin lotzea izan zen. Hau da, Kapitalak aurkakoak diren interesak (bere petrolioa garesti saldu nahi duena eta petrolio berbera merke erosi nahi duena adibidez) utziezinak bihurtzen ditu, eta utziezinak diren interesak talkan daudenean gatazka puntu gorenera iristen da: politika gerra bihurtzen da, alegia. Teoria militar garaikidea bakearen eta gerraren arteko egoerak identifikatu dituelako harrotzen bada ere, bi horiek dominazio berberaren adierazpenak direla zonalde grisaren kontzeptua baino askoz ere zaharragoa den nozioa da.

Teoria militar garaikidea bakearen eta gerraren arteko egoerak identifikatu dituelako harrotzen bada ere, bi horiek dominazio berberaren adierazpenak direla zonalde grisaren kontzeptua baino askoz ere zaharragoa den nozioa da

Azaldutako guztia erraz hauteman dezakegu Lenin bere garaiko gerrak aztertzen irakurtzen dugunean: «“Gerra politika beste bide batzuetatik luzatzea da” (hau da, indarkeriaren bidez). Epai ospetsu hori Clausewitzena da, gai militarrei buruzko idazlerik sakonenetako batena. Marxistek beti hartu izan dute tesi hori, arrazoi osoz, gerra bakoitzaren esanahiari buruzko ideien oinarri teorikotzat. Ikuspegi horretatik aztertu zituzten beti Marxek eta Engelsek gerra ezberdinak. Aplika bekio tesi hori egungo gerrari –Lehen Mundu Gerra–. Ikusiko da hamarkadetan zehar, duela ia mende erditik hona, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Italia, Austria eta Errusiako gobernu eta klase nagusiek koloniak arpilatzeko, beste nazio batzuk zapaltzeko eta langile mugimendua zapaltzeko politika egin zutela. Eta politika hori da, hain zuzen ere, eta hori baino ez, egungo gerran luzatzen dena. Bereziki, Austrian eta Errusian, bake garaiko politika, gerra garaietakoa bezala, nazioak esklabo bihurtzea izan da, eta ez askatzea»(20). Beharrezkotasun horren baitan gerrak forma oso ezberdinak hartzen ditu existitzen diren baldintzen arabera. Hala ere, edozein forma hartuta ere, klase kapitalistaren erraietan jaiotzen da gerra, zalantzarik gabe. Ondorioz, burgesiari bere boterea kenduta, gerra den piztia krudela ere hilko dugu; hori da hain zuzen ere gerra belaunaldi guztietan militante komunistek atsedenik gabe errepikatu dutena.

OHARRAK

1. Lehen Mundu Gerraren aurrekari zuzena izan zen. Lehen gerran Balkanetako Liga (Bulgaria, Montenegro, Grezia eta Serbia) eta Otomandar Inperioaren arteko gatazka izan zen, Austria-Hungariako eta Errusiako Inperioak tartean zirela. Bigarrenean Bulgariak bere aliatu-ohien aurka egin zuen, berriro ere inguruko bi potentzia handien presentziarekin.

2. Uruguaiko barne politikako gatazken harira inguruko potentziek egindako esku hartzeek sortutako gerra bat dugu hau. Brasil, Uruguai (koloredunen alderdia) eta Argentina Paraguairen aurka (zurien alderdiaren defentsan). Periferiako kolonia ohien arteko gerra bat izan arren eta Britania Handiak eragin erraldoia izan bazuen ere zentro inperialistako gerren karakteristika asko partekatzen ditu.

3. Washington eta Mosku zuzenean lotzen zituen komunikazio haria izan zen, hain zuzen ere zuzeneko gatazkak ekiditeko tresna.

4. Akordio hau AEB eta SESB artean sinatu zuten arma nuklearren erabilera murrizteko; zehazki hainbat tokitako karga nuklearra zuten misil antibalistikoen sistemak kentzeko izan zen. Ondoren SALT 2 akordio bidez are gehiago zabaldu zen.

5. Honela ezagutu zen Harry S. Truman presidentearekin indarrean egondako administrazioak 1947 ingurutik martxan jarritako politiken multzoa. Kongresuan bertan esposatu zituen presidenteak politika egiteko modu berri honen ardatzak, «herri libreei laguntza» ematea zela esanez. Teoria honek aldaera zehatz bat izan zuen Gerra Hotzean «komunismoaren eragina» (SESBena alegia) geldiarazteko; Domino Teoria gisa ezagutu zena hain zuzen ere.

6. Teoria militarrean erabiltzen den kontzeptua da Estrategia Handiarena. Gaur egun nahiko anbiguoa izan arren, orokorrean herrialde bateko baliabide eta bitarteko guztiak helburu nagusi baten lorpenera bidean martxan jartzeari egingo lioke erreferentzia. Ekintza bakoitza helburu nagusi bati begira egitea alegia.

7. Gerra subsidiario edo proxy war deitutako hauek hain zuzen delegazio bidez egindako gerrari egiten diote erreferentzia; herrialdean bertan esku hartze militar bat egin ordez bertako fakzio afin bati finantzaketa, armak edo aholkuak emanez.

8. Lehena deskolonizatutako herrialdeek egin zuten, kolonialismoaren eta beren barne auzietan injerentzien aurkako jarrera adierazteko. Bigarrena Gerra Hotzean «neutralak» izan nahi zuten herrialdeen konferentzia izan zen, horietako asko hirugarren mundukoak hain zuzen ere.

9. Dena den hausnarketa bereziki konplexu eta sakona da Vietnamgo gerraren atzean dagoena. Munduko potentzia boteretsuenak Viet Congaren aurka «galtzea» ertz asko dituen fenomenoa da.

10. Afganistaneko interbentzioa adibide bikaina da salafismoak izan duen garapena delegazio bidezko gerren garapenarekin erlazionatzeko. Izan ere, islamaren fakzio erreakzionario eta fundamentalistak oso ohikoak izan dira Ekialde Hurbileko delegazio bidezko gerretan: Irak, Siria, Yemen…

11. Hego Amerikan zehar emandako estatu kolpe multzo bati erreferentzia egiten dion AEBren inteligentzia zerbitzuen plana. Ameriketako eskolarekin oso lotua.

12. NATOren plan bat izan zen Varsoviako paktuaren aldetik Europaren inbasio hipotetiko baten aurrean erresistentzia baliabideak prestatzeko. Suitzan eta Bruselan operatu zen arren, bereziki Italian egin zen lana, faxistak izandako agente asko inplikatutako sare bat osatuz, besteak beste.

13. Ikusi Eneko Carrionen «Txina vs AEBak: aldaketa al dator?» 2020ko abuztuko Arteka aldizkarian.

14. Derecho Especial de Giro, NDFak erabiltzen dituen dibisa eskubideen errepresentazio bat.

15. Txinako Herri Errepublikako presidentea 2013tik.

16. Munduko Ekonomia Foroa. Munduko gobernu, elkarte eta pertsona boteretsuenak biltzen dituen erakundea erronka handiei aurre nola egin adosteko.

17. Medio ez konbentzionalak betiko indar militar klasikoarekin erabiltzen dira gerra da: terrorismoa, teknologiak…

18. Shangaiko Elkarlan Erakundea, besteak beste Errusia eta Txinak helburu honetarako erabiltzen duten tresna.

19. Jokoen Teoria portaera arrazionalak irudikatzeko modeloak eraikitzeko erabiltzen da.

20. V. I. Lenin «Sozialismoa eta gerra» (1915). Oso laburra eta azalekoa den testu bat dugu hau, garaiko testuingurua aztertzeko. Hala ere, egindako aipuak gerraren inguruko hausnarketa orokorrago bati egiten dio erreferentzia.

EZ DAGO IRUZKINIK