Ikusgarria da benetan industrial erraldoia den Mondragon Kooperatiba (MCC) bere erraietatik bertatik arrakalatzen ikustea. Oso fenomeno adierazgarria da halako titan korporatibo bati jaio eta hazi zaizkion kimuak matxinatzea (Orona eta Ulma orain edo Irizar eta Ampo lehenago). Izan ere, kooperatiben arteko elkartasuna eta leialtasuna pikutara joan dira urteko balantzean bakarka aritzea errentagarriagoa dela azaldu bezain laster. Edozein administrazio kontseiluren modura, azkar egin dute hanka hondoratzen ari den barkutik, haien irabaziak babesteko. Horra hor mugimendu kooperatibista gehien izutzen duen egia; funtsean, gainerako negozio guztiak gobernatzen dituzten arau berberekin funtzionatzen duela, hain zuzen ere.
IDEALEN GALERA ETENGABEA
Hari beretik tiraka, gainerako kooperatibismoaren edo enpresak antolatzeko modu alternatiboen ibilbidea aztertuz gero, behin eta berriro ohartuko gara proiektu horien jatorrizko prestutasun eta asmo on guztiak ur ilun eta nahasietan galtzen direla behin eta berriro. MCC beraren kasuan, Arizmendiarretak (enpresaren fundatzaileak) jarrera irmoa erakutsi zuen, hasieran behintzat. Erretorika kristauaren jantziak kenduta, miseria lurtarraren mundura jaisten zenean, nahiko argi zituen gauzak:
«Etorkizuna lan egiten eta lana goresten dakitenentzat da. Ez al da lana kapitala baino elementu nobleagoa, zaharragoa eta gizatiarragoa, eta, beraz, estimazio handiagoa merezi duena? Justifikaziorik gabeko anbizioa al da haien ordezkariek zuzendaritzaren nagusitasuna nahi izatea?»
Nola igaro ote da mugimendu kooperatibista fabrikaren kontrol demokratikoaren balio subertsibo horretatik beste edozein putre kapitalistaren modura jardutera? Non dago «lanaren ordezkarien kontrola» Eroskik Galizian bere sektoreko soldata baxuenak dituenean, Fagorrek kaleratzeetan bazkide ez direnei bizkarra ematean, Lagun Aroko harpideak ez diren bazkideekin zerrenda beltzak egitean edo Laboral Kutxa mendeko finantza-ekarpenen bidez jendearen aurrezkiak lapurtzen ari denean?
Nola igaro ote da mugimendu kooperatibista fabrikaren kontrol demokratikoaren balio subertsibo horretatik beste edozein putre kapitalistaren modura jardutera? Non dago «lanaren ordezkarien kontrola» Eroskik Galizian bere sektoreko soldata baxuenak dituenean, Fagorrek kaleratzeetan bazkide ez direnei bizkarra ematean, Lagun Aroko harpideak ez diren bazkideekin zerrenda beltzak egitean edo Laboral Kutxa mendeko finantza-ekarpenen bidez jendearen aurrezkiak lapurtzen ari denean?
MCC berak eta gainerako mugimendu kooperatibistak lau haizetara aldarrikatzen dituzten printzipioen arrastorik ez dugu aurkitzen bertan. Lanaren subiranotasuna, antolamendu demokratikoa eta kapitalaren izaera instrumentalaren eztizko ametsak iraganeko distiraren arrastoak besterik ez dirudite, apalategian edergarri gisa jartzen diren liburu zaharren antzera. Baina gaitz hori ez da MCCra mugatzen, ezta kooperatibismora soilik ere. Azken finean sozietate kooperatiboa, gaur egungo merkatu ekonomian, forma juridiko sozietario bat besterik ez da. Bazkideen ekarpenen forman, batzarretako botoetan edo tributazioan berezitasunak dituen arren egungo sozietate kooperatiboak oso urruti daude mugimendu kooperatibistaren espiritu historikotik. Hala ere, konpromiso etikoak mantentzen dituzten enpresak sortzeko gurutzadak fededun berriak aurkitu ditu nonahi, kooperatibaren forma hartuta zein hartu gabe. «Ekonomia sozial eta solidarioa» deituriko kontzeptuak, adibidez, anbizio hori duten proiektuak barne hartzeko asmoa du.
Estandarte horren azpian sortutako kontsumo, banaketa, ekoizpen edo dena delako proiektuek «konpromiso etiko» batzuei uko egin gabe oligarka zitalenekin lehiatu behar dute. Langileen baldintza onen, ingurumenarekiko errespetuaren, ekoizle txikiekiko loturaren eta kapitalak irensten dituen gainerako balore babesgabeek merkatuaren barruan dituzten azken gotorlekuak baitira. Hala, etsenpluaren bidez predikatu nahi dute, gero eta enpresa gehiagok haien bidea jarrai dezaten. Era berean, haien debozioak gainerako enpresariak inspiratuko dituelakoan daude, merkatu osoak langileen baldintzak hobetzea, ingurumena errespetatzea eta beste edozein inperatibo moral euren egin arte. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen barruan aldaera asko daude, noski. Batzuek, adibidez, beharrezkotzat jotzen dute gobernuaren babesa kooperatibek gainerako enpresekin lehiatu ahal izateko. Hala ere, funtsezko ideia partekatzen dute gainontzeko kooperatibekin.
Zergatik amaitzen dute orduan batzuek MCCk bezala, edo beste batzuek beren helburutik horren urrun? Euren lana eta iniziatiba, gorputza eta arima behin eta berriro sakrifikatu dituzte pertsona askok halako proiektuak aurrera ateratzeko. Steve Jobs, Amancio Ortega edo negozioen munduan arrakasta izan duen edozein ekintzaile aberatsek baino askoz ere gogorrago egin dute lan. Ezinezkoa da, beraz, borondate falta izatea abenturazale filantropo horiei guztiei falta zaiena. Kostata sinetsi daiteke, inguruko miseria ikusita, eredu alternatibo bat martxan jartzen saiatzeko adorea izan duten eta askok oraindik duten kooperatibista zintzo guztiak halako ustelkeria eta atzerakada ideologiko batean erori direnik bata bestearen atzetik. Zergatik ez dute aurrera egiten, bada, proiektu adoretsu horiek? Bada, Arrasateko apaizak aurkitu zuen horma berarekin egiten dutelako topo.
Kostata sinetsi daiteke, inguruko miseria ikusita, eredu alternatibo bat martxan jartzen saiatzeko adorea izan duten eta askok oraindik duten kooperatibista zintzo guztiak halako ustelkeria eta atzerakada ideologiko batean erori direnik bata bestearen atzetik
MERKATUAREN BRONTZEZKO LEGEA
Nahiz eta halakoen eta MCCko putre korporatibisten artean amildegi etiko erraldoi bat egon, biek egiten dute topo lehenago edo beranduago merkatuaren lege bortxaezinekin. Ekonomialari klasikoek «soldataren brontzezko lege» kontzeptua erabiltzen zuten biztanleriaren eta elikagaien prezioaren hazkundeen arteko desorekak soldata biziraupenerako maila minimora mugatzen zutela adierazteko. Horrekin, lege hori soldataren muga gaindiezina zela adierazi nahi zuten, hau da, joera demografiko bat. Errealitatean, Marxek adierazi bezala, brontzezko lege hori naturala izatetik urrun kapitalismoaren ondorio zen, lan egiteko gaitasuna (lan indarra) gainerako merkantzien modura salerosten baitzen. Era berean, gorago aipatu dugun kooperatibismo edota ekonomia eraldatzailearen porrota gizarte honi berezkoa zaion merkatuaren brontzezko legeari lotua dago. Izan ere, merkatuak bere erritmora eta neurrietara moldatzen ez den enpresa oro kanporatzen du. Ondorioz, lehen aipatutako enpresa alternatiboak, arrain-sarda baten moduan, merkatuaren korronte erraldoiaren aurka igeri egin ezinean ari dira.
Inork saihestu ezin dezakeen diktadura gupidagabe horrek ez du indar armatuen beharrik hertsapenerako. Prezioa da enpresa horiek guztiak merkatuaren mandamentuak betetzera behartzen dituen munstroa. Era sinplean esanda, zenbait kriterio etikok (bere lehiakideek baino soldata altuagoak ordaintzea, bertako lehengaiak erabiltzea, ekoizpen prozesuan kutsadura murriztea…) enpresak saltzen dituen produktuen prezioan eragiten dute azken instantzian, eta, beraz, bere lehiakortasunean. Konpromiso horiek goresgarriak badira ere, produktu lehiakorrak saltzeko beharrarekin orekatu behar dira, bestela kapital metaketarako gaitasun handiagoa duten lehiakideek kanporatuko baitituzte. Ezer gutxi balio dute konpromiso etikoek kreditu, kapital sozial, likidezia, merkatu-kuota, inbertsio-gaitasun eta kaxa-fluxu handiagoak zein prezio baxuagoak dituzten enpresekin norgehiagokan. Horrenbestez, gainerako enpresen antzera, merkatuan lehiatzen diren enpresa alternatiboak Damoklesen ezpataren pean bizi dira. Etikaren eta negozioen arteko dilema horren baitan, irabaziak handitzea ez diren irizpide etikoekin eta demokratikoekin jokatu nahi duenak, bi aukera soilik ditu: bere irizpideak ez betetzea edo lehiakideek irentsita desagertzea. Escobar narkotrafikatzaileak dioen bezala: «plata edo plomua».
Prezioa da enpresa horiek guztiak merkatuaren mandamentuak betetzera behartzen dituen munstroa. Era sinplean esanda, zenbait kriterio etikok (bere lehiakideek baino soldata altuagoak ordaintzea, bertako lehengaiak erabiltzea, ekoizpen prozesuan kutsadura murriztea…) enpresak saltzen dituen produktuen prezioan eragiten dute azken instantzian, eta, beraz, bere lehiakortasunean
Brontzezko legeak, hau da, merkatu kapitalistaren legeak, azaldutako oinarri horretatik abiatuta, bere aldaera ezberdinekin egungo egoera ikaragarria sortzen du. Lege horren beste aurpegietako bat kapitalaren kontzentrazioa eta zentralizazioa da. Lehena, inolako eskrupulurik gabeko korporazioek prezio baxuenak eta irabazi handienak metatzen dituztelako. Bigarrena, berriz, aberastasun horrek lehiakideen enpresak osorik erostea baimentzen dielako. Hala, darwinismo kapitalista horrek merkatu botere neurrigabeak dituzten monopolioak eta oligopolioak sortzen ditu. Beren eremu geografiko edota sektorialeko jaun eta jabe bihurturik, prezioak diktatzen dituzten agintari drakoniar gisa koroatzen dute euren burua. Inolako zuzenbide natural zein positiborik aitortzen ez den oihan honetan, hau da, kapitalisten arteko lehiak soilik agintzen duen erregimen honetan, MCC bezala etika guztia saldu eta erraldoi industrial bihurtzen ez direnak, merkatuko indar geldiezin horien menpe egongo dira. Enpresa alternatibo horiek (gainerako enpresa txikiak, autonomoak, etab.) prezio-hartzaile (price-takers) hutsak izango dira, nola edo hala merkatuko Goliat horien irabaziak handituko dituzte eta, aldi berean, beren burua bizirik mantentzeko dirua biltzen saiatuko dira.
Adibide zehatz bat emate aldera, merkatu energetikoan gertatutakoa azter dezakegu. Som Energia «irabazi-asmorik gabeko kooperatiba» bat da, «energia berdearen ekoizpen eta komertzializazioan» aritzen dena, bere hitzetan. Xede laudagarria da gero elektrika enpresen merkatuan trantsizio energetikoaren alde apustu egitea axioma gisa duen kooperatiba bat martxan jartzea. Baina eskuko hatzekin zenbatu daitekeen enpresa multzo batek inolako ezbairik gabe argiaren handizkako prezioa handitu zuenean, ezer gutxi egin zezakeen bazkideen borondate onak, galerak borondatezko ekarpenen bidez osatzen saiatzeaz gain. Aurreko martxoan bezeroak onartzeari utzi zioten, kontratu berri bakoitzarekin dirua galtzen baitzuten. Horra hor kooperatibismoaren burujabetza: printzipioei uko egin edo jarduerari uko egin.
Som Energia «irabazi-asmorik gabeko kooperatiba» bat da, «energia berdearen ekoizpen eta komertzializazioan» aritzen dena, bere hitzetan. Xede laudagarria da gero elektrika enpresen merkatuan trantsizio energetikoaren alde apustu egitea axioma gisa duen kooperatiba bat martxan jartzea. Baina eskuko hatzekin zenbatu daitekeen enpresa multzo batek inolako ezbairik gabe argiaren handizkako prezioa handitu zuenean, ezer gutxi egin zezakeen bazkideen borondate onak, galerak borondatezko ekarpenen bidez osatzen saiatzeaz gain. Aurreko martxoan bezeroak onartzeari utzi zioten, kontratu berri bakoitzarekin dirua galtzen baitzuten
Hala, enpresa ororen kasuan bezala, bide alternatibo bat eraikitzeko bokazioarekin jaiotako kooperatiba horien existentzia ere kostuak murrizteko saiakera konstante bat bihurtzen da. Izan ere, merkatuan lehiatzen duen enpresa batentzat oso garestia da aipatutako printzipioak mantentzea. Egia da askok (kooperatiba bakoitzaren arabera) ez dietela sozio kapitalistei irabazirik ordaindu behar, baina bai bankuari, hornitzaileei edo bazkideei (langileak badira ere askotan sozio kapitalistak baino ez-solidarioagoak dira). Mugimendu kooperatibista aipatu ditugun arazoei aurre egiten saiatu da behin eta berriro, besteak beste, aurrezki eta kreditu kooperatiben zein kontsumo kooperatiben bidez. Hala ere, beti geratzen da agerian konglomeratu horiek, haien arteko harremanetan behar batzuk asebete arren, alde batetik edo bestetik merkatu “arrunt” edo kapitalistaren menpe daudela.
Internazionalaren baitan izandako eztabaidetan, mugimendu kooperatibistaren urrezko aroaren hasieran, Marxek argi adierazi zituen halako proiektuen mugak zein bertuteak:
«Era berean, 1848tik 1864ra arteko aldiko esperientziak argi eta garbi erakutsi du, praktikan bikaina izan arren, langile sakabanatuen ahalegin partzialen zirkulu estuan itxitako lan kooperatiboa ez dela gai monopolioaren aurrerapen geometrikoa gelditzeko, ez dela gai masak emantzipatzeko, eta ez dela gai bere miseriaren zama arintzeko ere. Hori da, agian, asmo oneko aristokrata batzuek, filantropiko burgesek eta are ekonomialari zorrotzek, bat-batean lan kooperatiboaren sistema goraipamenez betetzea erabakitzeko benetako arrazoia, alferrik saiatu baitziren sistema hori ernamuinetan itotzen, ameslarien utopia bat bezala barregarri uzten edo sakrilegio sozialista bat bezala estigmatizatzen. Langile-masak emantzipatzeko, lankidetzak garapen nazionala lortu behar du, eta, ondorioz, bitarteko nazionalen bidez sustatu behar da.»
Aurreko aipuan argi geratzen da, beraz, kooperatibismoak merkatuaren brontzezko legearen pean, lege kapitalistaren menpe, alegia, zer nolako izaera hartzen duen; autonomoen edo enpresa txiki eta ertain askoren kasuan bezala, langileen esplotaziorako mekanismoak dira berdin-berdin, zeharka bada ere. Izan ere, biziraupenerako kostuak murrizteko behar horrek lan baldintzak okertzera, kutsadura handitzera eta gainerako exijentziak onartzera behartuko du enpresa. Finean, aurrez kapitalismoarekin amaitzeko baldintzak ez badaude, kooperatibismoaren baitan, langileak euren buruaren kapitalista bihurtzen dira, eta horrek ez du langileen askatasunik bermatzen. Marxek honela zioen Kapitala lanean:
«Langileen beren lantegi kooperatiboak dira, forma tradizionalaren barruan, bertan (sistema kapitalistan) irekitako lehen arrakala, nahiz eta, edonon daudela ere, haien antolaketa eraginkorrak, jakina, lehendik dagoen sistemaren akats guztiak aurkezten dituen, eta nahi eta nahi ez aurkeztu behar dituen. Baina lantegi horien barruan kapitalaren eta lanaren arteko antagonismoa ezabatuta dago, nahiz eta, oraingoz, langile elkartuak euren kapitalistak diren modu bakar batean, hau da, ekoizpen-baliabideak erabiltzen dituzte beren lana balioesteko».
NOLA IRITSI GARA HONA? KOOPERATIBISMOAREN TRAGEDIAREN JATORRIAK
1844an artisau eta langile talde txiki batek enpresa bat bere kabuz eraikitzea erabaki zuen Ingalaterrako Rochdaleko barrutian. Haien inguruko langabezia eta miseriak bultzatutako abenturazale horiek ezarritako printzipioak gerora mugimendu kooperatibistaren bandera bihurtu dira: kontrol demokratikoa, soberakinen itzulera, kapitalaren interesei mugak jartzea, bai eta fabrika inolako jabe kapitalistarik gabe kudeatzea ere, administrazio kontseilua eta bertako kontulari zein zuzendari koadrila beharrezkoak ez direla frogatzeko.
Saiakera hori mugimendu kooperatiboaren mito fundatzaile bihurtu den arren, lehendik ere egon ziren hainbat langile talde jardun horretan. Langile goseti eta etsien jardun praktikotik haratago, David Ricardoren jarraitzaile (edo interprete) ezkertiar deiturikoek aldaketa orokor baten aitzindari gisa kokatu zituzten. Thompsonek, adibidez, 1827an, sindikatuen eta kooperatiben bidez kapitalismoaren alternatiba bat proposatzen zuen. Zentzu berean mintzatu zen Owen sozialismo utopikoaren baitan, industrializazioa, lehian beharrean, kooperazio orokortu batean oinarritzeko beharra defendatu baitzuen. Sozialismo asoziazionista eta utopia owenista horiek lehiaren abolizioan zentratu ziren gehienbat. Are gehiago, Rochdale baino lehen kooperatiben hainbat kongresu izan ziren ekoizpen kapitalistarekin apurtzeko norabidea bateratzeko. 1844rako mugimendu kooperatibista osatuta zegoen, haien arteko aliantza, funtzio politikoaren teorizazio homogeneoa eta norabidearen azalpen zientifikoa jada gauzatu baitzituzten. 1830erako 300 kooperatibatik gora zeuden Ingalaterran, beren aldizkari eta koordinazio organoekin.
Mugimendu horrek lehen ideologia ekonomiko ortodoxoaren arreta ere deitu zuen. Malthus berak saiakerak idatzi zituen kooperatibismoak eskasia eragingo zuela defendatu nahian. Dena den pentsamendu burges menderatzailearen hasierako erreakzio hori apalduz joan zen, gorago Marxek aipatzen zuen moduan. Millek, adibidez, kooperatibak etorkizuneko joera gisa ikusten zituen. Bere ustez, une batean irabaziak ez lirateke ekonomiaren motorra izango:
«Jabeen eta langileen arteko harremanaren ordez, bi modu hauetako bat ezarriko da: kasu batzuetan, langileak kapitalistarekin elkartzea; beste batzuetan, eta agian guztietan azkenean, langileak euren artean elkartuko dira».
Irabazi asmorik gabeko kooperatiben orokortzeak «iraultza moral» bat ekarriko luke justizia soziala azkenik posible litzatekeen kapitalismoaren fasean. Ideia hori gehiagotan errepikatu zen ekonomialari ospetsuenen artean. Geroago, ekonomia neoklasiko hegemonikoaren aitek (besteak beste, Marshallek eta Walrasek) langileak administrazio kontseiluetan txertatzea defendatu zuten, zuzendaritza erantzukizunaz ohartu eta zuzendaritzaren beraren langileekiko harremana humanizatzeko.
Mende erdialdetik aurrera, aldiz, ordena napoleonikoan eraikitako gizarte zibilak eta kapitalismo jaioberriko lehia askeko merkatuak hondoa jo zuten. Vienako akordioaren bakeak, bankaren eta burtsaren hazkundeak eta amaigabea zirudien karrera kolonialak aberastasun metaketa neurrigabeen sorrera erraztu zuten. Ordura arteko historian izandako korporazio kontzentratuenek lehiakide guztiak irentsi zituzten. Izan ere, firma bakar batean batzen ziren ekoizpen prozesu osoak, eta marka ezberdinak sare katramilatuen bidez lotzen ziren. Horrez gain, administrazio kontseilu guztietan banku gutxi batzuen presentzia errepikatzen zen. Kapital industrialak eta bankariek bat egin zutenean, kapital finantzario bat sortu zen, eta horren ondorioz, gobernuek barne-politikak hartu behar zituzten ordena mantentzeko, bai eta kanpo-politikak ere, abentura inperialistei laguntzeko. Gorago aipatu den gisa, enperadore komertzial horiek prezioak nahierara ezartzen zituzten, noski. Lehia liberalaren gainbehera horretan mugimendu kooperatibistaren alderdi burgeseko eta burges txikiko hegal liberala ahulduz joan zen. Emilio Nazzaniren gisako pentsalarien tesiak gerora zentzugabetzat jo ziren:
«Askatasuna eta lehia errespetatuz, langileen ekoizpen-elkarteek ez diote laguntzarik eskatu behar Estatuari. Askatasunez konkistatu behar dute gizarte-ordenan duten postua, ausarki, beren indarrekin, gobernuari eskua luzatu gabe».
Testuinguru horretan, Nazzaniren moduko eskola italiarretik urrunduz, kooperatibismoa, germaniar eta frantziar inguruneetan gero eta indartsuagoak ziren estatu-nazioen eskutik irudikatu zen. Lavergne izan zen XX. mendearen lehen erdialdean kooperatiba publikoen figura zabaldu zuena. Régie coopérative horiek bazkide ziren administrazioen (udalak, probintziak, departamentuak, instituzioak…) esku zeuden, noski, baina garai hartarako fabrikaren baitako demokrazia eta langile kontrola asko lausotu ziren. Hala ere, eskaintzen zen merkantziaren prezioa minimoa izaten saiatzeko printzipioa mantendu zen, eta horrela kooperatibaren eta enpresa publikoaren kontzeptuak erabat nahasi ziren. Aipatutako testuinguruak lagunduta kooperatibismoaren kontzepzio pragmatikoa nagusitu zen, eta eskola italiar liberalean (Rabbeno) ere Estatuaren kredituak eta laguntzak onartzeko posizioak sortu ziren.
II. Mundu Gerra ondorengo ongizate estatuaren baitan, kooperatiben kontzeptuaren nahasmenak berdin jarraitu zuen. Oligarkia yankiaren erabateko nagusitasunean, kapitalismo monopolista deitu izan den garaian, ekoizpen alternatiboaren biziraupenerako, Estatuaren laguntzak beharrezko izaten jarraitu zuen. Kooperatibisten arteko eztabaidak, beraz, gerra aurreko terminoetan izan ziren; hau da, laguntza horrek handiagoa ala txikiagoa izan behar ote zuen. Ikerketak, aldiz (garaiko Mendebaldeko marxismoaren kasuan bezala ia esklusiboki akademikoa), kooperatiben sailkapen ezberdinetan zentratu ziren horien funtzioan baino. Izan ere, kooperatiba batzuk (MCC edo Crédit Agricole izan daitezke adibide ezagunak) kapitalaren hazkunderako forma juridiko-sozietario hutsak bihurtu ziren. Gehiengoak, ordea, ezin zuen merkatuan lehiatu. Era berean, asko izan dira, gaur egunera arte, kooperatibismoaren espiritua erabat galdurik, hasierako idiosinkrasia berreskuratzeko saiakerak. Azaldutako ekonomia sozial eta eraldatzailea (ESS) adibide aproposa da, eskala mugatu batean printzipio etiko batzuk errespetatzen saiatu baita. 2008ko krisiaren testuinguruan piztu zuten interesa bereziki halakoek, langabezia eta pobrezia orokortuen irtenbide gisa. Zer esanik ez oso eskala txikian leundu ahal izan dituztela arazo horiek, lortu izan dutenean. Espainiako Estatuan Coop57 litzateke horren adibide bat, zeinak ekoizpen eta kontsumo kooperatiben sare zabal bat eta horien finantzaketarako baliabideak biltzen dituen. Proiektu horiek zenbait printzipio erlatiboki mantentzeko ahalegin handia egiten dute, egoerak baimentzen dienean behintzat, eta ESSko erreferente nagusiak izanda ere, euren eragin-esparrua nabarmen mugatua da. Coop 57k, esaterako, 50 milioi inguruko funtsak maneiatzen ditu guztira (horietatik 48 inguru borondatezko ekarpenak dira). MCCk, aldiz, 11 milioi euro biltzen ditu urtebeteko fakturazioan soilik, eta 335 milioi inguruko inbertsioak ditu. Nabarmena da bakoitzaren eragin esparruaren ezberdintasuna.
Epigrafe horretan egindako narrazioak bere burua mugimendu kooperatibistaren ondorengo izendatzen dutenek eraikitako kontakizuna jarraitu du. Baina errepasatu dugun historia ofizial horretatik kanpo, kooperatibismoaren kontzeptuak sasi-ondorengo ugari izan ditu. Autogestioa, adibidez, itzulipurdi asko egin dituen hitza izanda ere, kooperatibismoarekin harreman estua izan duen armarria izan da. Espainiako gerra zibiletik edo Italiako gerrarteko garaitik hasita 2001eko Argentinako eta 2008ko Greziako esperientzietaraino, oso ezberdinak izan diren gertakariak zaku horretan sartu izan dira. Horiez gain, mugimendu kooperatibistaren barruan ere kooperatiben eredu berriak sortu ziren, printzipio historikoen bertsio berri batekin (Ward, Domar edo Vanek bezalakoek jasotako fenomenoa).
Funtsean jabe kapitalistek alde batera utzitako fabrikak langileen artean kudeatzean oinarritu izan da autogestioaren aldarrikapena, batzuetan jabeei fabrika kenduta. Edonola ere kooperatiba klasikoen inguruan hitz egitean aipatutako muga berberekin aurkitu ziren beren lanpostuak defendatzeko antolatutako langile ausart horiek. Lehenago edo beranduago, fabrikan bertan patroirik ez egon arren, hornitzaileak, bankua edo monopsonioa zuen bezeroa bertako langileen esplotatzaile are zitalagoak bihurtzen ziren: lan erritmoak azkartzea, soldatak jaistea, kostuak murriztea… Kapitalaren betiko sinfonia fabrika kanpotik sartzen zen langile horiek merkatuan nabigatzen saiatu orduko. Esperientzia horiek aztertzea artikulu honen xedea ez den arren, horien inguruko eztabaidetan eta irakaspenetan askotan errepikatu izan da galdera hau: zertarako balio du lantegiaren jabe izateak, kapitalaren diktadura gupidagabea eteten ez bada?
Azkenik, badira erabat ezberdinak izan arren kooperatiba gisa izendatzen diren beste zenbait unitate produktibo, hala nola, sozialismoaren eraikuntzarako prozesuen baitan sortu diren kooperatibak: Errusia boltxebikean sortutako nekazal-kooperatibak, Yugoslaviako sozialismo autogestionarioa deiturikoa, Italiako langile kontrolpeko fabrikak… Artikulu honetan zehar esku artean darabilgun kooperatiba kontzeptutik asko aldentzen diren fenomenoak dira. Gainera, haien artean ere amildegi bat dago. Dena den, azpikeriaz bada ere, baten batek kooperatiben mugak ukatzeko erabili ditzake. Jarraian, beraz, oihan horretan murgilduko gara, gainazala soilik ukituko dugun arren.
PERTSONA ASKEEN ARTEKO BORONDATEZKO ELKARLANA: KOOPERATIBISMOA ETA SOZIALISMOA
Amaitu baino lehen, beraz, azpimarratu beharra dago aztertu duguna merkatu kapitalistan lehiatzen duten kooperatibei dagokiela. Hau da, hemen ez dago elkartasunaren eta elkarlanaren printzipio kooperatibisten kritika absoluturik, horiek gizarte kapitalista batean gauzatzeko hautu politikoarenak baizik. Ez al du kooperatibaren kontzeptuak funtziorik bete mugimendu komunistaren ibilbidean? Ez al dira printzipio kooperatibista historiko horiek bateragarriak sozialismoaren eraikuntzarekin?
(...) hemen ez dago elkartasunaren eta elkarlanaren printzipio kooperatibisten kritika absoluturik, horiek gizarte kapitalista batean gauzatzeko hautu politikoarenak baizik
1840ko hamarkadan hasi zen sozialismo asoziazionista pisua galtzen langile mugimenduaren baitan, marxismoaren alde, makina berriek gehien zigortutako artisauen artean bereziki. Hala ere, Manifestu Komunistak lau haizetara zabaldutako klase banaketak eta ekoizpen harremanen iraultzak oihartzun txikiagoa izaten jarraitu zuten sindikatu, babes-kutxa, greba, mutualitate eta kooperatibek baino langile mugimendu heterogeneoaren baitan. Are gehiago, Parisko Komunara eta I. Internazionalera arte, Marxek halako proiektuen inguruko eztabaida politikoetan parte hartzen jarraituko zuen, besteak beste, Proudhoninekin eta Bakuninekin. Bere heriotzaren ondoren ere sozialdemokrazia alemaniarraren baitan sozialismo burges txikiaren lelo berdinak errepikatu ziren. Tresna horiek guztiak, kooperatibismoa barne, oso praktikoak eta garaiko edozein proletario arrunten bizitzak zekarren oinazea arintzeko eraginkorrak ziren azken finean. Lehen pausoak ematen ari zen kooperatibismoari dagokionez, are gazteagoa zen mugimendu komunistak haren printzipio teoriko-politikoak birrintzen zituzten hiru eztabaidari heldu zien: zein gaitasun du kooperatibismoak gizarte kapitalista eraldatzeko, zenbateraino da kooperatibismoa sozialismoaren aitzinirudia eta zer harreman izan behar dute kooperatibek Estatuarekin (azken hori soilik partekatzen zuen gainerako kooperatibismoarekin, liberalak barne).
Lehen pausoak ematen ari zen kooperatibismoari dagokionez, are gazteagoa zen mugimendu komunistak haren printzipio teoriko-politikoak birrintzen zituzten hiru eztabaidari heldu zien: zein gaitasun du kooperatibismoak gizarte kapitalista eraldatzeko, zenbateraino da kooperatibismoa sozialismoaren aitzinirudia eta zer harreman izan behar dute kooperatibek Estatuarekin
1848ko iraultzan, hainbat txokotako proletarioek gizarte zibileko eztabaida politikoan burgesiaren fakzioen itzalpetik atera eta gorputz propioa eskuratu zuten. Langileak, lehen aldiz beren gizarte zibil propioa eratzeko erantzukizuna usaintzen hasi zirenean, beren aurreko belaunaldiko arbasoen ideiak berreskuratzen hasi ziren. Gorago aipatutako sozialismo utopikoaren ideia, gaur egungo ESSak horren era baldarrean errepikatzen duena, helduleku onena izan ziren askorentzat. Kooperatiben ekoizpen alternatiboa orokortzeak aukera ona zirudien. Luis Blanc, adibidez, Estatuak babestutako ekoizpen kooperatiben bidez sozialismoa eraikitzeaz aritu zen, lehen urte horietan bertan aurreko eztabaidetatik abiatuta. Era berean, luzea izan zen ideia berberekin (ñabardura txikiekin) ordena soziala eraldatzeko grina piztuta zuten langile masak liluratu zituzten hitzontzien ilara, besteak beste, Lasalle, Bernstein, Proudhon eta Bakunin.
Marxek argi utzi bazuen ere merkatuaren brontzezko legeak lan kooperatiboa enpresa edo enpresa zirkulu lokal batera mugatzea erabat antzua bihurtzen zuela (gerora militante komunista ugarik behin eta berriro egin behar izan duten modura), ez zen ebidentzia horretan geratu. Eta ez: 60ko hamarkada inguruan Marxek lehen aipatu ditugun iruzurti horietako askorekin Internazionalaren baitan mahaia partekatu behar izan zuenean kooperatibismoari emandako laudorioak ez ziren kontzesio taktiko hutsak. Ideologia alemaniarra bezalako testu goiztiarretatik aipatzen zuten Marxek eta Engelsek lanaren banaketa sozialak (kapitala eta lanaren artekoak, alegia) behartutako kooperazioaren eta borondatezko kooperazioaren arteko ezberdintasuna. Printzipio kooperatibistak benetan errespetatzen diren kooperatibetan (ez, ordea, MCCkoaren moduko esplotazioaren monumentu iraingarrietan) sozialismoaren lehen zantzuak irudikatzeko bertutea dagoela defendatzen zuten Internazionalaren adierazpenetan Marxen firma nabaritzen da:
«Mugimendu kooperatiboa klase antagonismoan oinarrituta dagoen egungo gizartearen indar eraldatzaileetako bat dela aitortzen dugu. Egungo sistema despotikoa, lana kapitalaren mende jartzen duena, ekoizle aske eta berdinen sistema errepublikarrak ordezka dezakeela frogatzea da garrantzitsua»
Parisko Komunak lanaren kooperazio edo ekoizleen asoziazio askea eta borondatezkoa lortzeko aukera errealitate bihurtu zuen. Hona hemen Gerra zibila Frantzian testuan, adibidez, Marxek kooperatibismo ezberdinen arteko diferentzia letra larriz adierazten duen unea:
«[Parisko Komunak] Jabetza indibiduala errealitate bihurtu nahi zuen, ekoizpen-bideak, lurra eta kapitala, gaur egun esklabo bihurtzeko eta lana ustiatzeko bitartekoak direnak, lan libre eta elkartuko tresna soil bihurtuz. Baina hori komunismoa da, egin ezinezko komunismoa! Hala ere, klase menderatzaileetako banakoak, egungo sistemak jarraitzeko ezintasunaz ohartzeko bezain adimentsuak direnak –eta ez dira gutxi– ekoizpen kooperatiboko apostolu gogaikarri eta garratz bihurtu dira. Hala ere, produkzio kooperatiboak itxurakeria eta engainua baino zerbait gehiago izan behar badu; sistema kapitalista ordezkatu behar badu; kooperatiba-sozietate elkartuek ekoizpen nazionala plan komun baten arabera arautu behar badute, plan hori euren kontrolpean hartuz eta ekoizpen kapitalistaren ondorio saihetsezinak diren etengabeko anarkiari eta aldizkako konbultsioei amaiera emanez, zer izango da orduan, jaunok, komunismoa baino gehiago, komunismo “gauzagarria”?»
Ekonomia politikoaren kritika da, hain zuzen ere, kooperatiba kapitalaren botere ahalguztiduna betikotzeko edo gizarte sozialista berria eraikitzeko pieza izatearen arteko muga marrazten duena. “Plan komun” horrek askatzen du merkatuaren esklabo den fabrika barneko anaitasuna:
«Imajina dezagun, azkenik, ekoizpen-baliabide arruntekin lan egiten duten eta, hitzartutako plan baten arabera, gizarte-lanerako indar bakar gisa euren indar indibidual ugariak erabiltzen dituzten gizon libreen elkargune bat».
«Langile elkartuen produktu osoa produktu soziala da. Alde batek berriro balio du ekoizpen-bitarteko gisa eta soziala izaten jarraitzen du. Baina bestea kontsumitu egiten da eta, beraz, denen artean banatu behar da. Banatzeko modua aldatu egingo da sozietatearen organismo ekoizlearen eta langileen garapen historikoaren arabera. Demagun, merkatu-ekoizpenarekin paralelismo bat ezartzeko soilik, langile bakoitzari ematen zaion zatia bere lan-denborarekiko proportzionala dela, horrela lan-denborak eginkizun bikoitza izango luke. Alde batetik, gizartean duen banaketak funtzioen eta premien arteko proportzio zehatza arautzen du; bestetik, ekoizle bakoitzak lan komunean duen zati indibiduala neurtzen du, eta, aldi berean, kontsumorako gordetako produktu komunaren zatian dagokion partea. Gizakiek beren lanetan eta haietatik datozen objektu erabilgarriekin dituzten harreman sozialak sinpleak eta gardenak dira hemen, bai ekoizpenean, bai banaketan».
HEMEN ARGITARATUA