ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2023/02/04

«¿Qué es “reparto equitativo” ¿No afirman los burgueses que el reparto actual es “equitativo”? ¿Y no es éste, en efecto, el único reparto “equitativo” que cabe, sobre la base del modo actual de producción? ¿Acaso las relaciones económicas son reguladas por los conceptos jurídicos? ¿No surgen, por el contrario, las relaciones jurídicas de las relaciones económicas? ¿No se forjan también los sectarios socialistas las más variadas ideas acerca del reparto “equitativo”?»

KARL MARX, Crítica al programa de Gotha

Erreportaje honek kooperatiben baitako klase-estratifikazioak hartzen duen formaren inguruko gako batzuk aipatuko ditu, proletalgoak kooperatiben baitan duen lekuari erreparatzeko. Ba al da tokirik proletalgoarentzat hemen eta orain ezagutzen ditugun kooperatiba desberdinetan? Zeintzuk dira bertako baldintza ekonomiko eta politikoak?

Zuzenbide burgesaren baitan zehazten den kontzeptuaren arabera, kooperatiba langile-elkarte baten jabego juridikoaren pean dagoen enpresa bat da. Ulerkera horrek, definizioz, askoz konplexuagoa den errealitate materialaren muturreko abstrakzio bat egiten du, ekoizpen harreman sozial kapitalistak desitxuratuz eta horien gaineko kontrola interpretatzeko kategoria burgesak ezarriz. Badira langile hutsez osatutako kooperatiba txikiak, ez dutenak inolako kapital metaketarik gauzatzen eta bertako kideen lan-indarra erreproduzitzea ozta-ozta lortzen dutenak. Beste zenbait kooperatiba, aldiz, korporazio erraldoiak dira, hierarkia nabarmenekin, eta euren barnean proletalgoaren lan indarraren gaineko esplotazioaz argi eta garbi probesten diren figura burokratikoak daude. Zentzu komunean txertatuta dagoen kooperatibaren kontzeptu juridiko burgesak errealitate material hori ezkutatzen duela esan daiteke, eta, beraz, ekonomia politikoaren kritikaren bidez gezurtatzea komeni da.

Ilusio kooperatibisten arabera, kapitalismoaren lege-markoaren baitan langileek ekoizpenaren gaineko kontrola izateko eskubidea dutela eman dezake, jabego pribatuaren printzipioa hautsi gabe, estatu burgesarekin bizikidetza baketsuan eta borondate hutsaren ondorioz. Hau da, kooperatibak, bere horretan, alternatiba ekonomiko zein politiko aproposa izan daitezkeela esatea, langileriak eta burgesiak merkatuan lehiatzeko aukera erreal berdinak dituztela ontzat ematea da, eta euren artean dauden desoreka materialak aitortzen diren kasuetan ere, kooperatibak parametro horien baitan jardunez, alternatiba etikoagoa izan daitezkeela ondorioztatu ohi da; ekoizpen-unitate partikularren baitako «iraultzarik gabeko sozialismo» moduko bat. Horregatik azpimarratzen du Cuadernos de Negación (CdN) argitalpen-kolektiboak kooperatibak edo «autogestioa» ez direla kapitalismoaren alternatiba, bere baitako alternantzia baizik[1]. Zentzu horretan, autogestioa edo kooperatiben eredua ez da «auto-esplotazio» gisa errefusatu behar, «kapitalaren zerbitzura dagoen esplotazioaren autogestio gisa baizik». Ez baita ahaztu behar, subjektu esplotatzailea ez dela patroi bat ala bestea, eta esplotatua ez dela proletario bat ala bestea; burgesia da, klase gisa, proletalgo osoa esplotatzen duena, esplotazioaren administrazio-eredua edozein delarik ere. Eta zer esan nahi du horrek? Funtsean, burgesiaren eta proletalgoaren arteko antagonismoa ez dagoela norbanakoen arteko harreman pertsonaletan, ekoizpen harreman sozial orokorretan baizik. Hau da, desjabetu zein esplotatu kondiziotik ezin gara askatu norberaren borondatez, kontzientzia-­ariketa hutsez edo autonomo kuota ordaintzearen bidez. Esplotazioa ez dagoelako jasaten dugunon gogoan, horri buruz egin ditzakegun interpretazioetan, nagusi baten presentzia fisikoan edota izendegi juridikoan, ekoizpen baldintza orokorretan baizik. Baldintza horietan ikusten duguna da langileriak ez duela ekoizpen bitartekoen gaineko inolako kontrolik, ez lehengaietan, ez manufakturan, ez banaketan, ez publizitatean, ez eta kontsumoan ere. Beharginek zertxobait aurreztea lortu eta kooperatibak eratu arren, ekoizpen sozialaren oso proportzio murritz eta sinpleak kudeatu ahal izango dituzte kapitalismoaren baitan. Ondorioz, errealitate material berberari erreferentzia egiteko terminoak moldatzea edo bertan «asmo onez aritzea» ez da aski lan-indarraren esplotazioaren aboliziorako. Esplotazioa ezkutatzeak edo desitxuratzeak, kontrara, gizarte kapitalistaren klase-izaera ezkutatzea eta betikotzea dakar. Esplotazioa ez baita gradu kontu kuantitatiboa, “ezin gara gehiago edo gutxiago esplotatuta egon” gogorarazten du CdN-k.

Desjabetu zein esplotatu kondiziotik ezin gara askatu norberaren borondatez, kontzientzia-­ariketa hutsez edo autonomo kuota ordaintzearen bidez. Esplotazioa ez dagoelako jasaten dugunon gogoan, horri buruz egin ditzakegun interpretazioetan, nagusi baten presentzia fisikoan edota izendegi juridikoan, ekoizpen baldintza orokorretan baizik

Baina ez hori bakarrik. Gogoan izan behar da merkatua norbanakoen borondatearekiko dinamika autonomo bat den heinean, ez dagoela langileek osatutako merkatu «on» baten eta kapitalista handiek kontrolatutako «txar» baten arteko bereizketarik; merkatua bat eta bakarra da. Berdin dio merkantzia zein ekoizle pribatuk ekoitzi duen edota nola ekoitzi duen, baldin eta irabazia sortzen badu. Irabazia sortzeko ezinbestekoa da ekoizleen lan pribatua gainontzeko guztienarekin batera merkatuan ekibalentzia-­harremanetan jartzea, lan sozial gisa. Ikuspegi horretatik, kooperatibek darabilten lan-indarra merkantzia bat gehiago baino ez da, eta hari esleitzen zaizkion gainontzeko partikulartasun guztiak, berriz, merkantziak salgarriago egiteko marketina. Zentzu horretan, kooperatibek euren marketin-diskurtso propioa garatu dutela argitzen du CdN-k: «Ez du axola freskagarriak egarririk ez kentzea, jaiaren sinonimoa bada, gozoki batek ez du elikatu behar, “dibertigarria” izan behar du, eta kooperatiban egindako produktu bat, ezer baino lehen, besteak baino zuzenagoa da, eta, beraz, gehiago lotzen da politika batekin asebetetzearekin baino, edo behar politiko faltsu bat asetzearekin»[2].

Horregatik, ohikoa da kooperatibismoaren baitan ondokoa bezalako adierazpenak entzutea: «Kapitalismoaren mugetan edota bertatik at ekoitzi dezakegu, baina arazoa produktuak merkaturatu behar ditugunean dator». Ideia hori erabat erratua da, ekoizpena, trukea eta kontsumoa modu isolatuan ulertzen dituelako prozesu bakar baten momentu desberdin moduan ulertu beharrean. Ekoizle kooperatibistak ez du zer ekoitzi behar duen erabakitzen, gizarte burgesaren beharren arabera ekoizten du. «Bere merkantzia saltzera “irteten” denean ez da merkatuarekin aurkitzen, merkatuak jada ezarri du zer eta nola ekoitzi behar duen, horren posibilitateak eta helburuak», zehazten du CdN-k. Izan ere, gizarte kapitalistan ekoizpen oro merkantzien ekoizpena da, trukerako ekoizpena. Auzia, beraz, ez da zirkulazioaren edo banaketaren esferara murrizten, eta bertan ez dira «modu kapitalistan» eta «modu ez-kapitalistetan» ekoitzitako merkantziak aurkitzen.

KLASE-FILTROA

Sarrera-lerroetan kooperatibek langileen aurrean historikoki bete izan duten funtzio ideologiko antikomunista orokorra problematizatu dugu modu sinplean. Soldatapeko lanaren kudeaketa-eredu horren bidez langile guztiak enplegatzea estrukturalki ezinezkoa dela bistakoa da, ordea, eta hori gogorarazteaz arduratzen dira estatu-aparatuak, lan-merkatua eta proletalgoaren gabezia materialak. Bertatik abiatuta ikus daitezke propaganda erreformista utopikoak errealitatean aurkitzen dituen muga estrukturalak. Jarraian, bada, kooperatibek proletalgoa ekoizpen bitartekoen jabetzatik aldenduta, produktu sozialaren banaketan baztertuta eta gainbalioaren erauzketan esplotatuta mantentzen duten modu espezifikoari erreparatuko diogu, gure ingurura begiratuta.

Kooperatibak eratzeko edo eratutako kooperatiba bateko kide izateko hasierako inbertsio bat egin behar da, herrialde bakoitzeko legediak edota kooperatiba bakoitzeko estatutuek zehazten duten gutxieneko kopuruaren arabera. Hori ordaintzeko, aurrezkietara, kredituetara edota familiaren diru-laguntzetara jotzea da ohikoena, hurrenez hurren. Baliabide horien eskuragarritasunak klase izaera nabarmena du, eta, zehatzago esanda, klase-estratifikazioaren araberakoa izaten da. Nola sartuko da proletalgoa kooperatibetan, Espainiako Estatuan aurrezteko gaitasuna duten unitate familiarrak hamarretik hiru baino ez badira?[3]. Zenbat izango dira kooperatibetarako sarbidea izango duten proletarioak Espainiako Estatuko hamar biztanletik lau etxebizitzagatik «gainzorpetuta» bizi badira, hau da, sektore horrek hileroko diru-sarreren % 40 baino gehiago etxearekin lotutako ordainketetara bideratu behar badu?[4]. Egiaztatu ahal izan denez, bost biztanletik batek hilean 400 euroko ondarearen baliokidea dauka kontu korrontean, hots, estatu mailan 10 milioi lagun inguruk etxeko errenta ordaintzeko zailtasunak dituzte ezusteko gastuen aurrean[5]. Alokairuen batez besteko prezioa hilean 1.373 eurora iritsi zen 2023ko urtarrilean, eta asko dira gastuoi aurre egiteko gorriak ikusten dituzten pertsonak. Zer esanik ez urtebetean % 15 garestitu diren elikagaien prezioari, azken sei urteetan % 73 inguru garestitu den butano gasa edota erregaien zein argindarraren azken igoerak gehitzen badizkiogu. Pobretze testuinguruaren erdian proletalgoari kooperatibetan inbertitzeko eskatzea, etxea berotzeko altzariak sutara botatzen ari denari zurezko taila bat egin dezan eskatzea bezalakoxea da.

Pobretze testuinguruaren erdian proletalgoari kooperatibetan inbertitzeko eskatzea, etxea berotzeko altzariak sutara botatzen ari denari zurezko taila bat egin dezan eskatzea bezalakoxea da

Langile klasearen aurrezkiak burgesiaren irabazien mesedetan xurgatzen dituen koiuntura inflazionarioaz haratago, momentu historiko honetan badira proletalgoari zenbait kooperatibetara (arrakastatsuenetara) sarbidea are gehiago zailtzen dioten elementu egonkorrak ere, hezkuntzarena, esaterako. Industria, berrikuntza eta finantzak bezalako arloetan aritzen diren kooperatibetan sartzeko gaur egun ez da aski ekarpen ekonomikoak egitea, geroz eta titulazio akademiko altuagoak eta konpetentzia zorrotzagoak eskatzen baitira. Unibertsitate titulua bere horretan ere ez da nahikoa, gure inguruko kooperatiba lehiakorrenek lan-merkatuan preziatuenak diren hezkuntza-kredentzialak hautatzen baitituzte lanaren espezializazio maila handiari erantzuteko. Ikasketa horiek unibertsitate pribatuetan eskuratzen dira gehienbat, eta publikoetako exijentzia akademikoa horren da altua, ikasketak lanaldi osoko lanpostu batekin uztartzea bateraezina dela, familiak «kultur-kapital» jakin bat izatea galdegiten duela, eta abar. Hau da, enpresan esku hutsik eta «lan egiteko gogoz» sartu, eta lehen soldatekin ekarpena egitearen bidez ibilbide profesional luze, egonkor eta oparo bat izatearen pagotxa amaitzen ari da. Mendebaldeko erdigune inperialistako kooperatiba arrakastatsuenek gaur egun ez dute kualifikazio baxuko lan-indarra xurgatzeko XX. mendean izan zuten gaitasuna.

Horren erakusle da kooperatibetan lan egiten duen biztanleria erlatiboki baxua dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, 58.700 lagunek egiten zuten lan kooperatibetan 2018an. Kopuru esanguratsua bada ere, gogoan izan behar da une horretan hiru lurraldeetan enplegatuta zegoen biztanleriaren % 6a suposatzen zuela horrek; ez behargin masa osoaren % 6a, enplegua zutenena baizik[6]. Langabeak eta langile klaseko bestelako sektoreak ere ekuazioan sartuko bagenitu, kooperatibek enplegatzen duten langileen proportzioa are murritzagoa dela konturatuko ginateke. Proletariotza hedatuen dagoen adin-segmentuak kooperatibetan duen presentzia urria ere azpimarragarria da: 2020an kooperatibetan lan egiten zuten gazteen proportzioa ozta-ozta iristen zen % 1,2ra[7].

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2019an onartutako Kooperatiben Legearekin, bazkide ez diren langileen ehunekoa % 30a izatea baimendu zuen; aurreko araudiak baino % 5 gehiago, alegia[8].

Neurriak krisi sasoian «lan-malgutasuna» deiturikoa ahalbidetzen du, hots, lan-indarraren kostuak aurreztea. Nola? Bazkide ez den eta lan-baldintza kaxkarragoak dituen plantillaren proportzioa handituta. Bestalde, zuzendaritzako kideen baitan «bazkide ez diren kudeatzaileak» txertatzeko baimena ere eman zieten, aurrerago ikusiko dugun moduan, eurek «kooperatiben kudeaketaren profesionalizazioa» deitzen dutena bultzatzeko. Ondorioz, krisi garaietan irabaziak banatzen dituzten kooperatibetako goi-mailako langileentzako sarbidea geroz eta estuagoa dela ikus daiteke batetik, eta bestetik, lan-baldintza okerragoak dituzten langileen kontratazioa esponentzialki hazten dela. Proletarioak kooperatibetan egon daitezke, baina gonbidatu moduan eta menpeko posizio batean baino ez.

Krisi garaietan irabaziak banatzen dituzten kooperatibetako goi-mailako langileentzako sarbidea geroz eta estuagoa dela ikus daiteke batetik, eta bestetik, lan-baldintza okerragoak dituzten langileen kontratazioa esponentzialki hazten dela. Proletarioak kooperatibetan egon daitezke, baina gonbidatu moduan eta menpeko posizio batean baino ez

Zirkuitu ekonomiko klasista horren barrenak eta egungo egoera modu zehatzagoan ezagutzeko, Mondragon Korporazioan lan egiten duen pertsona batengana jo dugu. Ekarpen edo partehartzeen inguruan mintzatu da lehenbizi, eta argiki dio: «Partehartzeak, kapital ekarpenak, urtez urte igotzen doaz, hasierako zenbatekoa berdinduz. Hori “ongi” funtzionatzen duten kooperatibetan posible da, hau da, diru-sarreren eta dibidenduak banatu beharreko kooperatibisten kopuruaren arteko erlazioa positiboa denean». Hala ere, gogora ekarri du 2011n lege-moldaketa batzuk izan zirela, gauzak ongi ez doazen kasuetarako. Fagor Electrodomésticos hartzekodunen konkurtsoan sartu zenez geroztik, galerak badaude, ekarpenak ez dira itzuliko, edo dagokiona baino zenbateko txikiagoan itzuliko dira. Gaur egun Euskal Herrian erretirotik gertu dauden hainbat pertsona 18 urte zituztenetik aritu dira kooperatibetan lanean; bere garaian 9.000 euroko ekarpenak egingo zituztenak, esate baterako. Ekarpen haiek gaur egun «300.000 euro edo gehiago» balio dezaketela azpimarratu du kideak. Ordaintzeko gehienezko epea bost urtekoa denez, kooperatiba galeretan badago eta horren frogak aurkeztu baditzake, «enpresak azkenean askoz gutxiago ordainduko duela», gogoratu du kooperatibistak. Halako kasu ugari epaitegietara iritsi diren arren, askotan akordioak lortzen direla dio: «Galera erlatibo bat izan arren, 9.000 euroko inbertsio batetik 150.000 euro ateratzea ez dago batere gaizki».

KRISIALDIKO KOOPERATIBISMOA

Aurrekoa ez da azken hamarkadako krisialdiak Euskal Herriko kooperatibismoan ekarri duen aldaketa bakarra. Mondragoneko kideak azaldu duenez, Fagorreko kasuaren ostean Mondragon Korporazioak Udalaitz S. Coop. izeneko kooperatiba sortu zuen, egoitza sozialik ez duena eta Aldi Baterako Laneko Enpresa (ABLE) moduan erabiltzen dutena. «Zintzilik geratu ziren kooperatibistei “mesede” modura egin omen zuten», aipatu du. Beraz, legalki arraroa badirudi ere, langile horiek kooperatibaz-kooperatiba kokatzera bideratuta dagoen ABLE moduko bat da, funtsean: «Lehenik kooperatiba hontan uzten zaitut, Udalaitzeko bazkide izaten jarraitzen duzu, baina beste kooperatiba batean kobratzen duzu, han azkenean ez bazara bazkide gisa onartua eta kaleratzen bazaituzte, beste batera eramango zaitut, eta bestela, beste batera», dio. Beste kooperatiba batzuetako bazkide izatea lortzen ez dutenek urte batzuk eman ditzakete horrela; aldi baterako lanak egiten eta lanik egiten ez dutenean langabezia kobratzen. Udalaitz, ordea, ez da iraganeko kontua: «Hartzekodunen konkurtsoei dagokionez, orain Igorren (Bizkaia) matrizeko konkurtso bat dago, eta hor ere Udalaitz erabiltzen ari dira», aitortu du kideak.

Fagorreko kasuaren ostean Mondragon Korporazioak Udalaitz S. Coop. izeneko kooperatiba sortu zuen, egoitza sozialik ez duena eta Aldi Baterako Laneko Enpresa (ABLE) moduan erabiltzen dutena

Mondragon Korporazioak funts galdurako poltsa moduko bat dauka, hondoratzen hasten diren kooperatibak salbatzeko. Halako kasuetan, Banco Santander, La Caixa eta bestelako bankuek Korporazioari debekatu egiten diote operazio horietatik etekinik ateratzea. Hala ere, bistan da erreskate funts horren finantzazioak arazo ugari dakartzala Mondragonen baitan. Ulma eta Oronaren kasuetan ikusi denez, taldeko enpresa errentagarrienek geroz eta mesfidantza handiagoa dute euren irabazien zati bat bertara bideratzeko. Bestalde, Mondragon Korporazioko iturriak ziurtatu duenez, hartzekodunen konkurtsoetan murgilduta dauden enpresetan «ingeniaritza juridiko zein fiskal ugari» baliatzen dute, batez ere higiezinak hustu eta saltzea bezalako operazio sarraskijaleak egiteko.

Bestalde, Ikerketa eta Garapen arloan (I+G) inbertitzeko gaitasuna duten kooperatibei erraztasun fiskal ugari ematen dizkie estatuak, eta berdin «proiektu sozial zein kulturaletan» sartzen badira. Kidearen ustez, «bulegoetan errentagarritasun estrategien inguruan pentsatzen da etengabe, eta lantokiko azken lerrora oso informazio gutxi heltzen da». Zein puntutaraino daki langile kooperatibista arruntak bere enpresan gertatzen ari denaren inguruan? Kideak argi dauka: «Hondoratuta ez dauden arte, ez da batere kontziente».

FILIALAK

Kooperatiba arrakastatsuen baitan bada proletalgoa eta langile aristokrazia bereizten dituen lerro lodi bat: filialena. Izan ere, denek S.L edo S.A. kategoria enpresarialen baitan kokatzen diren filialak dituzte, eta justuki, lan baldintza onenak dituzten langileak, bazkideak, sozietate matrizean aritzen dira, ez filialetan. Ezaguna den bezala, filial gehienak Hego Amerikan, Afrikan, Txinan edo Ekialdeko Europan daude. Eremu geografiko horietan datza matrizeen sostengu ekonomiko guztia. Periferietako filialetan dauden lan-baldintzengatik ez balitz, zentro inperialistako langile-patriziatuaren soldatak, mediku-aseguru pribatuak, erretirorako urtero sortzen diren kapital-errendimenduak, oporrak, autoak eta bestelako prebendak karta-gaztelu bat bezala eroriko lirateke.

Periferietako filialetan dauden lan-baldintzengatik ez balitz, zentro inperialistako langile-patriziatuaren soldatak, mediku-aseguru pribatuak, erretirorako urtero sortzen diren kapital-errendimenduak, oporrak, autoak eta bestelako prebendak karta-gaztelu bat bezala eroriko lirateke

Baina filial eta matrize arteko zatiketaren funtzioa ez da klase-banaketa zein erreprodukzioan geratzen. Su-hesi juridiko eta morala ere bada: «Segurtasun juridikoa ematen du. Proiektu bat gaizki ateratzen bada, atzerriko SLk abortatu egiten du eta ez dio kooperatibari eragiten, onuretatik haratago», azaldu du Mondragoneko langileak. Are gehiago, filialen bidez «ustelkeria eta arrisku-indize handiko makroproiektuetan» ere murgiltzen direla ziurtatu du. Aitortu duenez, kooperatibetako aholkulari fiskalak «billetez betetako maletekin» itzultzen dira Euskal Herrira. «Gero diru hori nola edo hala garbitzeaz arduratzen dira. Baina aireportuetako aduanetatik nola pasatzen duten? Hori misterio hutsa da», gaineratu du. Gauza bat argi du ordea: «Horrelako eragiketetan zein atzerriko filialen salerosketan diru asko mugitzen da».

Kooperatiben Legearen 2019ko erreforman aipatutako «kooperatiben profesionalizazioaren» eskutik, «kudeatzaile» eta «aholkularien» figurak ugaritu dira. Mondragoneko langileak Oronako adibidearekin azaldu du zertan datzan, bai eta filialekin duen harremana ere: «Lehendakari bat zegoen Oronako Kontseilu Errektorean, eta hori izan da irteera-prozesu osoa bultzatzeaz arduratu dena. Bada, pertsona hori jada ez da presidentea». Azaldu duenez, kontratuak egiteaz arduratzen den SA bat du Oronak, eta bertako dirua kooperatibara joaten da. Hortik aurrera ingeniaritza fiskal konplexu oso bat dagoela argitu du: «Pertsona hori SA horretako presidentea da. Horrelako figurek dibidenduak kobratzen dituzte, kapitalistak direlako, baina kooperatibetan bazkide kooperatibo gisa agertzen dira, kooperatibarentzat lan egin gabe, aholkulari gisa baizik». Modu xumeagoan esateko, berez filialean lan egiten duten eta filialeko dibidenduak kobratzen dituzten aholkulari bazkide kooperatiboak daude.

KOOPERATIBISMOAREN MISERIA ANTIPROLETARIOA

Gaur gaurkoz Espainiako Estatuko espetxeetan langileak esplotatzen dituzten 181 enpresen artean bada kooperatibarik. Alecop Kooperatiba Sozietate Mugatuak, Mondragon Linguarekin elkartuta dagoen filialak, 2017an Langraiz Okako (Araba) espetxean presoen lan-indarra erabiltzen zuen kableen ekoizpenean (9). 2022an Barne Ministerioarekin hitzarmenak zituzten enpresen zerrenda aztertuz gero, Alecopek Espetxe Laneko eta Enplegurako Prestakuntzako Estatuko Erakundearekin (TPFE) duen akordioari eusten ziola ikus daiteke (10). Seguruenik, Alecop ez da presoak esplotatu dituen kooperatiba bakarra izango, baina espetxeetako harresien barruan gertatzen den ia guztia oso opakua denez, ezin dugu ziur esan zeintzuk diren gainerakoak.

Espainiako Estatuko espetxeetako lan-baldintzen inguruan badakigu zerbait ordea, autoritateak eta komunikabide gehienak estaltzen saiatzen diren arren. Lehenik eta behin, espetxeko lan-harremanak ez dira Langileen Estatutuaren bidez arautzen, 782/01 Errege Dekretuaren bidez baizik. Horren arabera, espetxeetako lana «izaera bereziko lan-harremana» litzateke, hots, ez ditu langile arrunten eskubide berdinak bermatzen eta tirania burgesari bidea libre uzten dio: soldatak legezko gutxienekoa baino askoz baxuago ordaintzen dira (hilean 200 eta 300 euro artean), ez dute eskubiderik ez oporraldirako, ez sindikatzeko, ez gaixotasun-­bajarik hartzeko, kaleratzen badituzte ez dute aparteko ordainsaririk ez kitapenik, enpresak ez die ordaintzen lanik ez badago, eta abar. El Saltok ateratako kalkuluen arabera, 2022ko ekainean Espainiako Estatuko espetxeetako tailerretan lan egiten zuten presoek orduko 3,98 euro jasotzen zituzten batez beste. Aurrekoak espetxeko lan-baldintza «onenak» lirateke, izan ere, presondegietako hainbat ekonomato, sukalde zein kafetegitako lanak zuzenean ez baitira ordaindu ere egiten. Aurreko guztia gutxi balitz, enpresa horiek diru-laguntza publikoak ere jasotzen dituzte presoak esplotatzeagatik.

ESKUBIDE POLITIKOAK

Kooperatibetan, espetxeetan ez bezala, sindikatzeko eskubidea aitortuta dago; edo ez dago debeku espresurik, hobeto esanda. Izan ere, kooperatibetan ez dago langileen ordezkaritza-organorik, hau da, sindikatuak ez daude kooperatiben baitan antolatuta. «Langileak norbanako gisa sindikatuta egon daitezke dagozkion kuotak ordainduta horrek dakartzan eskubideekin (abokatua, etab.), baina enpresen barruan ez dago inolako sindikaturik», azaldu du Mondragoneko iturriak. Horren ordez, Kontseilu Soziala deituriko organoak daude, eta horiek dira, ustez, bazkideen (ez langileen) interesak babesten dituztenak. Gogoan izan behar baita Kontseilu Sozial berbera aldi berean enpresaren parte dela, eta organo horrek ez dituela bazkideak ez diren langileen interesak politikoki ordezkatzen. Beraz, hutsune horretan azaldu ohi dira sindikalgintza eta langile borrokaren bestelako adierazpenak kooperatiben baitan: besteren konturako soldatapeko langileen proportzio altuagoak dauden tokian, kooperatibetako langileriaren sektore proletarizatuenetan. Gainontzean, sindikatuek kooperatiben egunerokoan ez dute inolako botererik ez zentzurik, langile aristokraziak enpresako ordezkaritza-organoetan zuzenean defendatzen baititu bere interesak, langile zein enpresari gisa. Mondragoneko kideak zentzu berean deskribatzen ditu Kontseilu Sozialetako ordezkaritzak: «Historikoki kutsu sozialdemokrata hori izan dute».

(...) sindikatuek kooperatiben egunerokoan ez dute inolako botererik ez zentzurik, langile aristokraziak enpresako ordezkaritza-organoetan zuzenean defendatzen baititu bere interesak, langile zein enpresari gisa

ERREFERENTZIAK

[1] Cuadernos de Negación, 12. tomo. Crítica de la autogestión. 2018.

[2] Ibídem.

[3] GEDAR LANGILE KAZETA. Espainiako Estatuko hamar familiatik hiruk baino ezin dezakete aurreztu, indarrean den inflazioaren eraginez. (15 de julio de 2022). gedar.eus.

[4] GEDAR LANGILE KAZETA. Alokairuaren prezioak maximo historikoetan daude Espainiako Estatuko hiriburu gehienetan (15 de noviembre de 2022). gedar.eus.

[5] GEDAR LANGILE KAZETA. Espainiako Estatuko bost biztanletik batek 400 euroko ondarearen baliokidea dauka kontu korrontean (11 de noviembre de 2022). gedar.eus.

[6] Larrakoetxea, C. La futura Ley vasca de cooperativas permitirá que haya más trabajadores no socios (18 de diciembre de 2018). elcorreo.com.

[7] Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila. Gazteen Euskal Behatokia (Koord.) Euskadiko Gazteak 2020/2021. Gasteiz, 2022. pág.24

[8] Larrakoetxea, C. La futura Ley vasca de cooperativas permitirá que haya más trabajadores no socios (18 de diciembre de 2018). elcorreo.com

[9] Requena, A. 120 empresas emplean a miles de presos sin apenas derechos laborales (16 de abril de 2017). eldiario.es.

[10] Poloi. Trabajando por cuatro euros a la hora en la cárcel (29 de octubre de 2022). elsalto.com.

EZ DAGO IRUZKINIK