Eduardo Abad García historialaria da. Doktorea da Oviedoko Unibertsitatearen eskutik La disidencia ortodoxa en el comunismo español (1968-1989) tesiarekin, eta hainbat artikulu eta liburu argitaratu ditu, hala nola Desencanto y disidencia, estudios sobre la crisis del comunismo en España (2023) eta A contracorriente, las disidencias ortodoxas en el comunismo español.
Elkarrizketa hau esku artean duzun Artekaren oinarri eta abiapuntu da; bertan, PCEk trantsizioan eta ondorengo hamarkadetan izan zuen papera eta garapen politikoa aztertzen dira.
Testuinguruan jartzeko: zer izan zen PCEren Adiskidetze Nazionalerako Politika frankismoan? Zer izan zen carrillismoa?
Adiskidetze Nazionalerako Politika (aurrerantzean, ANP) PCEren Komite Zentralak egindako proposamen taktikoa izan zen. 1956ko ekainean egin zuen, Espainiako Gerra (1936-1952) hasi zuen altxamendu faxistaren hogeigarren urteurrena hurbil zegoela. Aitzitik, esan behar da, “Espainiako Gerra Zibila” izenez ezagutzen den arren, Alemania naziak eta Italia Faxistak zuzenean parte hartu zutela hartan. Bada, PCEren proposamenaren abiapuntua hiru hamarkada lehenago hasitako erresistentzia armatuaren zikloa erabat ixtea zen. Erresistentzia armatuaren lehenengo fasea Errepublikako Herri Armadaren ohiko gerra izan zen, 1936tik 1939ra iraun zuena, eta, bigarrena, 1939-1952 urteen artekoa, non gerrilla-taldeek jazarpen izugarriari egin zioten aurre, heroismoz, kopuruan eta armamentuan haiek baino askoz ahaltsuagoak ziren tropei. PCEk 1956an egindako proposamenaren arrazoi nagusia hurrengoa zen: erregimenaren hierarkia isolatzen ari zelako ustea, eta tradizionalki gerraren irabazlearen bandoan zeuden sektoreen artean nahigabe handia agertzen ari omen zelakoa. Praktikan, hala ere, Adiskidetze Nazionalerako Politika martxan jartzeak diktaduraren garairik basatienean erresistentzia antifrankista gorpuztu zuten pertsonen memoria kolektiboa lurperatzen zuen. Zertarako, eta ustezko aliantzak egiten saiatzeko sektore argiki antikomunistekin, beren burua Alderdiarekin lotzea kosta ahala kosta saihesten zuten horiekin. Edonola ere, aldaketa horiek nazioarteko mugimendu komunistaren barruko korronteei jarraitzen zieten. Izan ere, hiru urte lehenago Stalin hil izanak eta 1956ko otsailean egin zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresuak inflexio puntu bat markatu zuten alderdi komunisten norabideari dagokionez. Koexistentzia Baketsuaren politikak atsedena ekarri nahi zuen sozialismo errealarentzat, eta, horretarako, sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko elkarbizitza baketsua bermatu behar zuen bakoitzaren eragin-eremuetan. Praktikan, baina, lurperatu egin zuen etorkizuneko mundu mailako iraultza proletariorik gertatzeko aukera.
Praktikan, hala ere, Adiskidetze Nazionalerako Politika martxan jartzeak diktaduraren garairik basatienean erresistentzia antifrankista gorpuztu zuten pertsonen memoria kolektiboa lurperatzen zuen. Zertarako, eta ustezko aliantzak egiten saiatzeko sektore argiki antikomunistekin, beren burua Alderdiarekin lotzea kosta ahala kosta saihesten zuten horiekin
Adiskidetze Nazionalerako Politikara itzuliz, joera-aldaketa nabarmen horrek alderdiaren egiturazko helburua aldatu zuen: "demokraziaren" aldeko borroka apustu estrategiko nagusi bilakatu, eta sozialismoa erretorika erromantiko huts batera baztertu zen. Horretarako, PCEren zuzendaritzak neurri lexiko batzuk hartu behar izan zituen, baita azpimarratu ere joera berri horrek ez zuela inolaz ere "klaseen adiskidetzea" ekarriko. Hala ere, militantziak ezusteko handia hartu zuen, eta, gaiari buruzko azterketa monografikorik gabe ere badakigu politika hori aurrera eramateko dezenteko erresistentzia egon zela. Nolanahi ere, alderdiko beti-bateko diziplinak zalantzak eta balizko disidentziak leundu zituen. Ia hamarkada bat geroago, 1964an, komunismo ofizialarekin bat ez zetozen sektore txiki batzuk, zenbait Txinako sozialismoaren ereduaren eraginpean, erakunde berriak sortzeko pausoak ematen hasi ziren, hala nola Acción Comunista, Partido Comunista de España (marxista-leninista) eta Unión do Pobo Galego. Hala ere, ANP gogor kritikatu zuten urte horietan jaiotako erakunde komunista guztiek, frankismo berantiarrean eta trantsizioan ezker iraultzailearen siglen mapa osatu zutenek. Finean, gertaera horrek PCEren amaieraren hasiera markatu zuen, haren gainbeheraren edo, gutxienez, hura indar erreformista huts bilakatzearen jatorria izan baitzen.
Nolanahi ere, adierazpen horrek epe luzera izan duen inpaktua da interesgarriena; alegia, berrogeita hamarreko hamarkadako berehalako koiunturatik askoz haratagoko irismena eduki izana. Kontuan izan behar da dokumentu horren oinarriek erakundearen ondorengo hamarkadetako politika eta nortasuna markatu zituztela. Espainiako Estatuak izan dituen aldaketa eta eraldaketa sozioekonomiko handiak gorabehera, haren esentziak aldaezin jarraitu du eta, itzaltzen joan beharrean, hamarkada batzuk geroago izan zuen goraldirik handiena, Trantsizio garaian. Franco hil ondoren irekitako testuinguru horretan, PCEk parlamentarismo liberalaren eredu burgesarekiko izan duen leialtasun luzearen berme gisara aurkeztua izan zen ANP. Hau da, alderdiak statu quoa mehatxatzen ez zuelako froga, hartan eztabaidatik kanpo geratzen baitzen iraultza-bidea.
Arestian aipatutako guztia, sakonki eta zuzenean, "carrillismoaren" fenomenoarekin lotzen da; alegia, proiektu komunistaren mutazioaren formula espezifikoki espainiarrarekin. ANParen irismen orokorra ez zatekeen posible izango Santiago Carrillo Solaresen zigilu pertsonalik gabe –PCEko idazkari nagusia 1960 eta 1982 artean–. Carrillo PSOEko gazte antolakundetik etorria zen, eta ziztu bizian egin zuen gora PCEren erbesteko egituretan, espainiar komunismoaren autoritate gorena bihurtu arte. Hasieran irekitasun ideologikorako joera berezirik erakutsi ez zuen arren, laster aprobetxatu zuen Mendebaldeko alderdi komunistekiko autonomiaren abagune berria alderdiaren erreferente tradizionalak eta nortasun ortodoxoa desegiteko. Ildo horretan, buruzagi horrek militantzia komunistaren gehiengoari utzitako ondarearen elementu nagusiak, hain zuzen ere, bere jarduteko modu lotsagarriki taktizista, maila ideologiko baxua eta bere politikak babesten ez zituztenei jazartzeko joera izan ziren. Horrela, gaur egun ere, damnatio memoriae prozesu argia izan du Carrilloren figurak (memoriaren kondenazioa). Haren presentzia ezabatu egin da alderdiaren dokumentaletatik eta memoria-egintzetatik, akaso ez hainbeste haren politikek gaitzespena sortzen dutelako berez, baizik eta haren figurak alderdiaren autosuntsipen-prozesuarekin lotura estua duelako. Hala ere, gertaera anomalo horrek benetan erakusten diguna zera da: lehengo idazkari nagusiaren figura pagaburu gisa hartu dela alderdiari bera erantzukizun oro kentzeko, nahiz eta erantzukizun hori askoz gehiago den kolektiboa indibiduala baino. Areago, nekez absolbitu daitezke erantzukizun horretatik bestelako agintariak, esaterako, Pasionaria bera, hain figura gurtua.
Kontuan izan behar da Adiskidetze Nazionalerako Politikaren oinarriek erakundearen ondorengo hamarkadetako politika eta nortasuna markatu zituztela. Espainiako Estatuak izan dituen aldaketa eta eraldaketa sozioekonomiko handiak gorabehera, haren esentziak aldaezin jarraitu du eta, itzaltzen joan beharrean, hamarkada batzuk geroago izan zuen goraldirik handiena, Trantsizio garaian. PCEk parlamentarismo liberalaren eredu burgesarekiko izan duen leialtasun luzearen berme gisara aurkeztua izan zen
Zein zen Europako gainerako alderdi komunisten egoera garai hartan? Italiako Alderdi Komunista (PCI) bezala, PCE ere eurokomunista izan zen?
Oro har, esan daiteke PCEren kasua ez zela inolako salbuespena izan bilakaera politiko eta ideologikoari dagokionez. Beharbada ezohikoena da mutazio hori diktadura frankistaren testuinguruan gertatu zela, halako klase-diktadura sutsu eta nabarian. Iberiar penintsulako kasutik haratago, Mendebaldeko Europako alderdi komunistak indartuta atera ziren II. Mundu Gerrako faxismo naziaren porrotetik. Baina ikuspegi eskematiko batzuek Mendebaldearen etorkizuna baldintzatu zuten, Jaltako eta Potsdameko akordioek, adibidez. Akordio horietan, eragin-eremuak bloke kapitalistaren eta sozialistaren artean banatu ziren; hala ere, klaseen arteko borroka ez zen eten gerraren ondoren, ezta Europako eremu honetan ere. Hasiera batean, herri-klaseek aurrerapen batzuk izan zituzten, adibidez, Frantzian edo Italian, non gerra bukatu eta berehala konkista sozial garrantzitsuak lortu ziren koalizio-gobernuetan parte hartuz. Hala ere, herrialde horietako ministro komunistak kanporatuak izan ziren 1947an, eta ziklo berri bat ireki zen: planetaren alde honetan antikomunismoa indartu zen, eta proiektu iraultzaileentzat askoz ere latzagoa bihurtu zen testuingurua. Inperialismo estatubatuarrak, Europako burgesien gobernuekin lankidetzan, Red Gladio eta tankerako proiektuak garatu zituen; eta horien bitartez langileen erakundeen aurkako eraso ugari gauzatu zituzten, haien irismena eta autonomia argitzeko eta kuantifikatzeko dagoen arren. Beste faktore garrantzitsu bat da ez zutela zalantzarik egin, beharrezkoa izan zenean, alderdien maila gorenei ere erasotzeko; 1950ean Julien Lahaut Belgikako Alderdi Komunistako presidentea erail izana da horren erakusgarri.
Gertaera anomalo horrek benetan erakusten diguna zera da: lehengo idazkari nagusiaren figura pagaburu gisa hartu dela alderdiari bera erantzukizun oro kentzeko, nahiz eta erantzukizun hori askoz gehiago den kolektiboa indibiduala baino. Areago, nekez absolbitu daitezke erantzukizun horretatik bestelako agintariak, esaterako, Pasionaria bera, hain figura gurtua
Blokeo-testuinguru konplexu horretan, alderdi komunisten zuzendaritzek helburuak eta diskurtsoa beheratzea erabaki zuten. Hala ere, aldaketa ez zen izan ez berritzailea, ezta bat-batekoa ere; hain zuzen, narratiba hori "frontepopulismoaren" garaiko taktikan sortu zen. Garai horretan, alderdiek gero eta ikuspegi interklasistagoa hartu zuten: etengabe erabiltzen zituzten "demokrazia" edo "askatasuna" bezalako kontzeptu abstraktuak, eta faxismoaren aurkako koiunturazko aliantza zabalak sortzen saiatu ziren. Agian deigarriena zera da: antifaxismoa atzean geratu zenean sakondu zutela dinamika horretan. Gainera, joera-aldaketa hori Ekialdeko alderdi komunistekin batera egin zuten, bereziki SESBekoarekin. Kontua da Mendebaldeko beste alderdi ugarik proposatu zituztela ANPren antzeko proiektuak. Proiektu horietan, programaren garapen "etapista" baten bidez "sozialismorako bide nazional propioa" aurkitu nahi zuten; ezagunena Italiako kasua izan daitekeen arren, adibidez, 1952an Britainia Handiko Alderdi Komunistak bere British Road to Socialism programa abiarazi zuen, For a Soviet Britain (1935) izeneko aurreko programa ordezteko. Zentzu horretan, salbuespen bakarra Portugalgo Alderdi Komunista izan zen; izan ere, Alvaro Cunhalek 1960an Penicheko espetxetik ihes ikusgarria egin ondoren, atzera egitea eta altxamendu armatuaren beharra defendatzen jarraitzea erabaki zuen. Orduan, Batzorde Zentralak erakundearen noraeza aztertu zuen (PCEren eraginez gertatua, hain zuzen ere), eta desvio de direita harekin amaitzea erabaki zuen (“eskuinerazko joera”).
Aitzitik, mutazio ideologiko hori gauzatu ahal izateko, Mendebaldeko alderdi komunistek erreferente sobietarraz libratu behar zuten, beren jaiotzaren lekuko izan zen hartaz, hain zuzen. Egiari zor, Ekialdeko Europako sozialismo-ereduari buruz egiten dugun balorazioa gorabehera, haien sistema sozioekonomikoa urrun zegoen herrialde kapitalistenetatik, eta modu iraunkor eta nabarmenean demostratu zuen nola klase nagusiak gabetuak izan zitezkeen ekonomian eta gizarte kapitalistan betetzen zuten rolaz. “Sozialismo errealeko” herrialdeekiko haustura hori 1968ko abuztuan hasi zen, tropa sobietarrek eta Varsoviako Ituneko beste 3 herrialdek ezustean Txekoslovakiako Errepublika Sozialista inbaditu zutenean. Mendebaldeko alderdiek beren kritiken tonua altxatzeko erabili zuten gertaera hori, eta kasu batzuetan nabarmen urrundu ziren haren ondorioz.
70eko hamarkadaren erdialdean epifenomeno bat sortu zen alderdi komunisten pixkanakako aldaketa horren barruan, eta garai hartan ospe handia eman zitzaion, komunikabideen jarraipen zabalari esker. Herritarrek "eurokomunismo" gisa ezagutu zutenaz ari naiz: prozesu luze baten enegarren adierazpena zen, nahiz eta argi eta garbi erradikalizatuta egon, eta, haren bidez, alderdi komunistek sakoneko proiektua aldatu zuten: iraultza sozialistaren ereduak presente jarraitzen zuen, baina estatu burgesaren esparruan erreforma sozialak egiteko estrategia gradualista baten eta haren kudeaketa-modu parlamentarioaren barruan. Eta hori, bide batez, alderdi sozialistek eta sozialdemokratek aurreko hamarkadetan aldarrikatutako gauza bera zen. Menderatze-esparru burges hori onartu zuten, erreformagarria omen zelako, eta, ez hori bakarrik, baita proletariotzaarentzat hobekuntzak lortzeko modu bakarra ere. Fenomeno hori ez zen Mendebaldeko Europako herrialdeetan bakarrik gertatu: beste latitude batzuetan ere izan zuen eragina, tartean Mexikon, Japonian, Australian, Costa Rican, etab.. Zentzu horretan, Carrillo buru zuen alderdia sutsuki eurokomunista izan zen edukian eta forman. Beharbada PCI bera baino gehiago, bere burua benetan "berritu" zuela eta sobietar komunismotik urrundu zela frogatzeko erabili baitzuen abagune hura. Bestalde, PCEren kasuan, etapa horri Francoren heriotza, klandestinitatetik irtetea eta hauteskunde-prozesuetan parte hartzea gehitu zitzaizkion. Halako moldez, non aldaketa eta erronka handiko garaia izan baitzen antolakunde osoarentzat, eta militantziako hainbat sektorek indar-metaketa prozesu bat gauzatzeko taktika huts gisa erabili zituzten eraldaketa horiek. Hori horrela ez zela (alegia, zerbait estrategikoa izan behar zela) frogatu zenean –izan ere, arlo guztietako emaitzak negargarriak izan ziren– alderdiaren krisi geldiezina hasi zen.
Oro har, esan daiteke PCEren kasua ez zela inolako salbuespena izan bilakaera politiko eta ideologikoari dagokionez. Beharbada ezohikoena da mutazio hori diktadura frankistaren testuinguruan gertatu zela, halako klase-diktadura sutsu eta nabarian
Orain bai, hitz egin dezagun trantsizioaz zentzu hertsian. Nola igaro zen PCE denbora gutxian erbestean erresistentziaren erreferentzia izatetik Fragarekin batera ordena konstituzional berriaren alde bozkatzera?
Historikoki pentsatzeak erakusten digunez, iragana oso gutxitan igarotzen da linealki, hau da, une bakoitzeko agendako presentismoek markaturik, konpartimentu higiezinak bailiran. Historiako aldi jakin batzuetan gertatzen den bezala, urte batzuetan badirudi ez dela ezer gertatzen; egun gutxian, berriz, eraldaketa erradikalak etor daitezke. Logikoa denez, bi egoera horiek estuki lotuta daude; izan ere, ezer aldatzen ez zela zirudien tokian, ordena sozial osoa suntsitzeko oinarriak ezartzen ari ziren. Ildo horretan, komeni da eraldaketa horiek iraupen luzeko prozesutzat hartzea, eta ez azken uneko aldaketatzat. Izan dezagun kontuan kantitatetik kalitaterako eraldaketa dialektikoa, Engelsek Anti-Dühringen aipatzen zuen bezala. Bada, antzeko zerbait gertatu zitzaion PCEri hamarkada horietan guztietan. 1930eko hamarkadaren hasieratik 1990eko hamarkadara arte alderdiaren norabidean izan ziren etengabeko aldaketak mailakatuak izan ziren, baina baita geldiezinak ere. Beraz, diktadorea hil zenerako, alderdiaren zuzendaritzaren epe laburreko eta luzeko helburuak oso urrun zeuden Internazional Komunistaren Espainiako Atala sortzeko proposatu ziren haietatik. Egia da, halaber, errealitate horren plano desberdinei begiratzen badiegu, bi alderdi erabat desberdin diruditela; adibidez, dikotomia horren erakusle da 1976an Carrilloren adierazpenen aurrean auzo eta lantegietako militantziak izan zuen borroka gordina. Horregatik, beharrezkoa da oinarrietan edo tarteko egituretan gertatzen dena eta Komite Exekutiboak aldarrikatzen duena bereiztea. Carrillok trantsizio garaiko eguneroko adierazpenetan izan zuen eldarnioa –1978ko Konstituzioak "sozialismorako autobidea" ekarriko zuela eta antzeko beste esaldi arranditsu batzuk esan zituen– alderdi komunista baten zuzendaritzaren erabateko mutazioaren testuinguruan baino ezin da ulertu. Izan ere, alderdi komunista horrek, puntu horretan, beste zerbait bihurtzeraino eboluzionatzea erabaki zuen.
Zer eztabaida eta haustura eragin zituen PCEren "joera-aldaketa" horrek?
Lehen aipatu dudan bezala, orain arte aztertu dugunaren arabera, badirudi ANParen potentzial zismatikoak ez zuela berehalako eraginik izan; ordea, ondoeza, talkak eta zenbait kanporatze ere eragin zituen. Hala eta guztiz ere, ezin da hitz egin eztabaida edo haustura kolektibo handi bati buruz, ez behintzat hasierako puntu horretan. Egia da gazteen eta erbesteratuen sektore minoritario batzuek, neurri batean txinatarren eta sobietarren arteko hausturak eraginda, argi eta garbi kritikatu zutela ANPa, alderdiaren "errebisionismoaren" hasiera zelakoan. Hala ere, PCEren baitan gutxi errotutako joera izan zen; funtsean, indar exogenoz elikatu zen, eta Espainiako Estatuko mugimendu komunistaren barruan azpikultura berri bat sortzea ekarri zuen: maoismoa.
Garaiko beste fenomeno bat Espainiako komunismoaren disidentzia ortodoxoa izan zen: denboran zehar gehiago hedatu zen, alderdian benetako eragina izan zuen, eta gaiaren aldetik nolabaiteko jarraitutasuna ere izan zuen. Mugimendu hori elkarren artean harreman handiak zituzten hiru olatu bereizik osatu zuten, eta barne-mugimendu plurala eta heterogeneoa bazen ere, motibazio bateratua zuen: beren kultura politikoaren ikuskera klasikoak berezkoa zuen nortasun komunista defendatzea. Internazionalismo proletarioak, obrerismoak eta frankismoaren aurkako erresistentzia armatuaren oroimenak, besteak beste, funtsezko zeregina izan zuten disidentzia-mugimendu horretan.
Zehazki, lehen olatuak Txekoslovakiako inbasioaren aurrean PCEk izandako jarreraren kritikan izan zuen jatorria. Jarrera horren ondorioz, militantziaren "matxinada primitibo" masibo bat gertatu zen, bai Espainian eta baita erbestean ere. Gertaera hori alderdiaren heldutasunaren adibide gisa jarri ohi da, dageneko finkatua baitzuen Carrillok aldarrikatutako ildoa, baina narratiba hori ez da inondik ere egiazkoa. Buruzagi-kupulari zinez egin zion egoerak gainezka oinarri militantearen ezezko masiboaren ondorioz; izan ere, masek sobietarren jarrera babestu zuten. Azkenean, alderdi-diziplinak oinarriak baretzea lortu zuen, zeinak bere DNA komunista kolokan jartzen zelako baino ez zuten protestatzen. Hala ere, ez zen desadostasun horren amaiera izan: harrezkero, hainbat sektore militantek ildo politikoaren gai gero eta gehiago salatu zituzten. Alderdiaren barrutik koordinatzen ziren, kanporatzen zituzten arte. Halaber, disidentzia-mugimendu horren liderrak, hala nola Enrique Líster eta Eduardo García, pertsona ospetsuak ziren alderdian, ibilbide luzea zuten, eta haren memoriarekin lotura estua. 1971n, VIII. kongresu paralelo bat egin zuten eta alderdi berri bat sortu zuten, "benetako" PCE gisa aldarrikatu zutena. Zoritxarrez, egoen arteko borrokak eta programa-desberdintasunek 1973an banaketa berri bat ekarri zuten: batetik, Eduardo Garcíaren PCE (VIII. eta IX. kongresuak) eta, bestetik, Lísterren Partido Comunista Obrero Español. Atomizazio horrek borroka proletarioaren baitan esku hartzeko ezintasunera eraman zituen bi erakunde horiek.
Garaiko beste fenomeno bat Espainiako komunismoaren disidentzia ortodoxoa izan zen: denboran zehar gehiago hedatu zen, alderdian benetako eragina izan zuen, eta gaiaren aldetik nolabaiteko jarraitutasuna ere izan zuen. Mugimendu hori elkarren artean harreman handiak zituzten hiru olatu bereizik osatu zuten, eta barne-mugimendu plurala eta heterogeneoa bazen ere, motibazio bateratua zuen: beren kultura politikoaren ikuskera klasikoak berezkoa zuen nortasun komunista defendatzea
Disidentzia ortodoxoaren bigarren olatua 70eko hamarkadaren hasieran garatu zen, itxuraz loturarik ez zuten sektoreek barne-demokraziarik ez zutela salatu zutenean. Alde batetik, PCEko Ezkerreko Oposizioaren (OPI) eraketa dugu, unibertsitarioek eta profesional liberalek bultzatutako barne-korronte moduko bat; kide horiek marxismo-leninismoaren barruan beste erreferente teoriko modernoago batzuk erabili zituzten. Joera klandestino gisa bere lana ezin zitekeen negargarriagoa izan; baina, egia esan, ekoizpen teoriko iradokitzailea izan zuen, eta baita trantsizio-prozesuari buruzko analisi nahiko zehatzak ere. PCEk sektore disidente batzuk berreskuratzea lortu zuen (adibidez, Javier Sauquillo abokatua, Atochako hilketan eraila), eta, ziklo berriarekin, OPIren zuzendaritzak Langileen Alderdi Komunista (PCT) bilakatzea erabaki zuen. Hala ere, laster isolatuta geratu ziren, eta lehen olatuko sektoreekin harremanak hasi zituzten. Horiekin batera Espainiako Alderdi Komunista Bateratua (PCEU) sortu zuten, baina, berriro ere, militantzia eta proiektu politiko komunista ulertzeko modu desberdinek haustura eragin zuten. Egoera negargarria eta zentzugabea zen, sigla berberak zituzten hainbat talde existitzen baitziren, eta ez zen hori bigarren olatu honen barruko erakunde bakarra izan: 70eko hamarkadaren hasieran, PCE Berreskuratzeko Oinarrizko Zelulak sortu ziren, Pepe Satuék eta Fernando Sagasetak zuzenduta. Mugimendu horren argudio legitimatzailea zertxobait kafkiarra zen, babesgune zuten estatutuetako puntuak baitzioen komunisten betebeharra, zuzendaritzarekin harremanik ez bazuten, autonomoki antolatzea zela. Erakundearen noraeza salatu zuten eta zuzendaritza salatu zuten azken kongresuan onartutakoez bestelako estatutuak zituen alderdi bat legeztatzeagatik. Erakunde gisa egitura nahiko likidoa zuen arren, arrakasta handiak izan zituen mugimendu sozialetan edo hauteskundeetan parte hartzeari dagokionez. Sagaseta diputatu izan zen Madrilen (1979-1982), eta zinegotziak izatera iritsi ziren Las Palmasen eta Granadan.
Laurogeiko hamarkadako lehen urteetan PCEren krisi handiena gertatu zen. Urte gutxiren buruan, erakundeak eztanda egin zuen arrazoi askorengatik: bete gabeko itxaropenak, hauteskundeetako porrota, barne-borroka ugariak, frankismoaren osteko marko berria sendotzea, etab. Hala ere, ahultasun-testuinguru horretan, haren militantziako gero eta sektore gehiagok identitate komunistaren eta sozialismoa arautzen duen horizontea mundu mailan galdu izanari egotzi zioten porrota
Zer aldatu zen 80ko hamarkadaren hasieran, carrillismoa alderditik bota zutenean?
Laurogeiko hamarkadako lehen urteetan PCEren krisi handiena gertatu zen. Urte gutxiren buruan, erakundeak eztanda egin zuen arrazoi askorengatik: bete gabeko itxaropenak, hauteskundeetako porrota, barne-borroka ugariak, frankismoaren osteko marko berria sendotzea, etab. Hala ere, ahultasun-testuinguru horretan, haren militantziako gero eta sektore gehiagok identitate komunistaren eta sozialismoa arautzen duen horizontea mundu mailan galdu izanari egotzi zioten porrota. Egoera nahasi horretan, disidentzia ortodoxoak dimentsio askoz handiagoa hartu zuen, eta hirugarren olatua sortu zen. Mugimendu hori ez zatekeen posible izango, ez behintzat neurri berean, PSUCek ez balu krisirik izan bere V. kongresuan, 1981ean. Lehen aldiz, kongresu komunista bateko ordezkariek tesi programatikoen puntu garrantzitsuak bertan behera uztea lortu zuten, eta Carrilloren politikak aurrez aurre gaitzetsi zituzten, eurokomunismoak, beren egunerokoan, "grebak zapuztea" zekarrelako. Kontua azkar bukatu zen: emaitzak baliogabetu ziren, kudeatzaile talde bat muntatu zen kanpoan eta kanporatze masiboak izan ziren. Tentsio horrek sektore zalantzatiak pausoa ematera behartu zituen, beren kideei elkartasuna adierazi baitzieten. 1982an Partit dels Comunistes de Catalunya sortu zuten, 5.000 militante baino gehiago zituena, gehienak proletarioak.
Bartzelonan gertatutakoa pizgarri izan zen Espainiako Estatuan sakabanatuta zeuden taldeentzat, eta, bereziki, PCEren barruan. Urrats garrantzitsu bat Ignacio Gallego antolakuntza-arduradunaren dimisioa izan zen –une horretan leninista sutsu bihurtua zen–. 1984ko urtarrilean Partido Comunista sortu zen, 1986an "de los Pueblos de España" gehitu behar izan zuena lege-arazoak saihesteko. Antolakunde berri horrek arrasto katalan handia izan zuen, nahiz eta principat-etik kanpo ez zen lortu jatorrizko joeren kohesio handirik. Sektore jakin batek laster utzi zuen alderdia, PCEren iraganarekiko autokritikarik ez zuelako eta gai estrategiko batzuetan moderatuak zirelako. Hala eta guztiz ere, hasierako urteak ilusioz beteak izan ziren militantziarentzat, industria-birmoldaketaren, Espainiak NATOn jarraitzearen eta abarren aurkako borrokan murgilduta baitzeuden. Ordea, itxaropen handiegiak izan eta ez betetzeak, Moskuren presioak eta buruzagien oportunismoak urte batzuk lehenago utzi zuten alderdirantz hurbilarazi zituzten.
Sektore handi bat alderdian sartu zen berriro 1989rako, Europako Ekialdeko “sozialismo errealaren” suntsipenaren testuinguruan, eta nolabaiteko garrantzia izan zuten beste sektore batzuek PCE desegiteko egindako saiakeren aurka. Hortik aurrera, PCE "lobby" baten modukoa bihurtu zen, Izquierda Unida itzalean kontrolatzen zuena, eta orain presentzia publiko handiagoa duen alderdi bihurtu da
Hala ere, kontua da ortodoxoak PCE barrutik ateratzeak ere ez zuela barne-gatazkak deuseztatzea lortu. 1985ean, Carrillo, hiru urte lehenago Gerardo Iglesiasek ordezkatu zuena, kanporatua izan zen bere akolitoekin batera. Hala ere, espero izatekoa zenez, betiereko idazkari nagusiak ez zuen politika aktiboa utziko hirurogeita hamar urte besterik ez zituenean. Noraezera ihes eginez, alderdi berri bat eratzea erabaki zuen, urte haietan boladan zegoen "komunisten batasunaren" mantraren pean. Erakundeak arazo batzuei aurre egin behar izan zien, zorpetua baitzegoen hauteskunde-kanpainak ordaintzeko eta CCOOtik dirua desbideratzeko. Ideologiari dagokionez, alderdia indartsu hasi zen, Urriko Iraultzaren oroimena aldarrikatuz, eta azkenean kutsu europazaleko laborismoaren aldeko apustua egin zuen. “Espainiako Langileen Alderdia - Batasun Komunista” erakundearen existentzia laburrak merezi zuen amaiera izan zuen. 1991n, SESB formalki desagertu zen urte berean, PSOEn sartzeko eskatu zuten haren kideek.
Nola eragin zuten gertakari horiek guztiek PCEren ildoaren eta praktikaren garapenean?
Gerardo Iglesiasen alderdia gero eta murriztuago zegoen, baina arrakastaz identifikatu zuen NATOren kontrako mugimenduak Espainia osoan izan zuen potentziala, eta hauteskunde plataforma bat eratzen saiatu zen mugimendu horretatik etekina ateratzeko. Hori dela eta, 1986an Izquierda Unida izeneko koalizio bat osatu zuen talde marjinalekin batera, hala nola Tamamesen alderdi sozialista, Alderdi Karlista edo bere buruari "Alderdi Humanista" deitzen dion sekta bat. Funtsean, PCEren zuzendaritzak kontrolatzen zuen pantaila bat zen, baina itxura atseginago batekin. Erakunde horiekin batera, PCPE ere gonbidatu zuen, baina oso bigarren mailako postuetara baztertu zuen eta logoa erabiltzea debekatu zion (igitaia eta mailua eramateagatik). Estrategia horri esker, eragina irabazi zuen eta beste prozesu garrantzitsu bati ekin zion. Kasu honetan, dinamika hori bere ondorengo Julio Anguitak burutu zuen; erakunde ortodoxoak desegiten saiatu zen, erakunde horretako buruzagiekin zuen hurbiltasunaz eta PCEra itzultzeko zuen jarrera onaz baliatuz. Batasun horretarako lan-materialak irakurriz gero, argi eta garbi ikus daiteke bi sektoreak ondorio desberdinak ateratzen ari zirela adostasun-puntu beretatik. Nolanahi ere, erakunde horretako sektore handi bat alderdian sartu zen berriro 1989rako, Europako Ekialdeko “sozialismo errealaren” suntsipenaren testuinguruan, eta nolabaiteko garrantzia izan zuten beste sektore batzuek PCE desegiteko egindako saiakeren aurka. Hortik aurrera, PCE "lobby" baten modukoa bihurtu zen, Izquierda Unida itzalean kontrolatzen zuena, eta orain presentzia publiko handiagoa duen alderdi bihurtu da.
BIBLIOGRAFIA
Erice, F. (dir.) Un siglo de comunismo en España II. Presencia social y experiencias militantes. Akal, 2022.
González de Andrés, E. ¿Reforma o ruptura? una aproximación crítica a las políticas del Partido Comunista de España entre 1973 y 1977: programa, discurso y acción sociopolítica. El Viejo Topo, 2017.
Abad García, E. y Xavier (dirs.), Desencanto y disidencia. Estudios sobre la crisis del comunismo en España. Universidad de Valladolid, 2023. (descarga gratuita en https://uvadoc.uva.es/handle/10324/61688 )
Abad García, E. A contracorriente. Las disidencias ortodoxas en el comunismo español (1968-1989), PUV, 2022.
HEMEN ARGITARATUA