Urriko bultzadaren ondoren, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) jaio zenerako, beheraldi iraultzaile betean zegoen bai Errusia, bai mundu osoa. Espainiaren kasuan, gainera, klandestinitatean jaio zen, Primo de Riverak bultzatutako jazarpenaren ondorioz. Alderdiaren fundazioa bera Internazional Komunistak dekretuz agindu behar izan zuen, aurretiaz existitzen ziren bi talde komunista fusionatzearen bitartez; horrek argi islatzen du alderdiaren ahuldade teoriko eta praktiko handia –ahuldade horrek haren garapena baldintzatu zuen gerora–. Ondorioz, jarraian etorri zen fasea, alderdia benetan eraikitzearena, motela eta oztopoz betea izan zen, eta ezaugarri hauek izan zituen: lerro argirik ez izatea, barne krisiak, sektarismoa, eta influentzia txikia tradizio sozialista eta CNTri loturiko tradizio indartsuen aldean.
Gero eta erradikalagoak ziren masek iraultzarako indarra, ekimena eta bat-batekotasuna erakutsi zuten, maila handian gainera; horren aurrean, baina, ez zegoen lehen lerroan jartzeko gai zen alderdirik. Horixe da Espainiako iraultzaren drama
II. Errepublika aukeraz beteriko garaia izan zen, non klase borroka areagotu egin baitzen. Hala ere, garai hartan ez zegoen masen aspirazioen eta nahigabeen arteko kontraesana baliatzeko gai zen behar bezalako alderdirik. Horren adibide da PCEk oso garrantzi txikia izan zuela masa-borroken mugarrietan, hala nola 1934ko urriko matxinada proletarioan, 1936an presoak askatzean, edo uztaileko kolpe militarra geldiaraztean. Hondoan, etengabeko bidegurutze teoriko eta estrategiko bat zegoen, alderdiaren praktika osoa baldintzatu zuena: Espainiako kapitalismoaren garapen fasearen karakterizazioa, bai eta –haren ondorioz– egiteke zegoen iraultzarena ere. Marxismoaren garapen teoriko propiorik egin ez zenez, ezin izan zitzaien behar bezala heldu aipaturiko funtsezko auzi horiei. Hala, azkenean erantzun zuten egiteke dagoen iraultza hertsiki demokratikoa izango zela, eta ez sozialista. Horretarako eman ziren arrazoi ofizialak: Espainiaren atzerapen ekonomiko eta sozial handia, proletariotzaren ahuldadea eta nazioarteko egoera. Lehen arrazoiari ñabardura ugari egin dakioke; hirugarrena sobietarren kanpo politikako interesei egotz dakioke; baina bigarrena justifikaezina da guztiz. Gero eta erradikalagoak ziren masek iraultzarako indarra, ekimena eta bat-batekotasuna erakutsi zuten, maila handian gainera; horren aurrean, baina, ez zegoen lehen lerroan jartzeko gai zen alderdirik. Horixe da Espainiako iraultzaren drama.
Militantzia foku ere izan zen, bai eta disidentzia foku ere, hala alderdiaren barruan nola kanpoan, gaur egunera arte
Hain zuzen ere, fronte popularraren aldeko hautua egin ondoren hasi zen PCE garrantzia hartzen; hala ere, alderdia ez zen benetako indar bihurtu gerra zibil betean egon arte. Eskematismo etapista eta interklasistarekin bat, programa eta rol burgesa onartu zituen, batzuetan errepublikanoen mende, eta besteetan de facto haien tokia hartuta. Iraultzaren krisi betean, errepublika faxismoaren eta iraultzaren artean harrapatuta zegoela, PCEk desagertuta egoteari utzi zion eta ordenaren agente aktibo eta kontziente gisa agertu zen, klase borrokaren tokiko historiaren momentu biziki erabakigarri batean. “Gerra edo iraultza” hautu faltsuaren bitartez, gidaritza militar garrantzitsua gauzatu zuen, baina ez alderdi iraultzaile baten diziplinapean, baizik eta botere burgesaren euskarri gisa, botere hori desegiten ari zen une batean. Gerra galdu ondoren, PCEren militantzia gerrilla-erresistentzia heroiko baten protagonista izan zen, baina amaiera tristea izan zuten. Izan ere, borroka armatuaren likidazioa borroka ideologikoaren likidazio ere bihurtu zen arian-arian; Fronte Popularrean, Batasun Nazionalean, eta azkenik Adiskidetze Nazionalean, behin betiko egin zitzaion uko iraultza sozialistari.
Aldi berean, baldintza ekonomiko, sozial eta politiko berrien epeletan, alderdiaren posizioa indartu egin zen frankismoaren aurka hobekien antolatuta zegoen eta indartsuena zen aukera gisa –nahiz eta bakarra ez izan–. Eta, militantzia foku ere izan zen, bai eta disidentzia foku ere, hala alderdiaren barruan nola kanpoan, gaur egunera arte. Trantsizioan, langile mugimendua diziplinatzeko bere helburua beteta, alderdiak bere burua suntsitu zuen azkenerako, posible ziren aldarri guztiei uko egin ondoren, demokrazia berrian sufrikario luze baten bitartez. Gaur, ziklo bat itxi eta beste bat irekitzen da Espainiako komunismoan: PCE alderdiaren hondarrak gerra inperialistaren Gobernuan parte hartzen ari dira eta, aldi berean, gazteen belaunaldi berri bat bere bidea egiten hasi da, pauso irmoz.
HEMEN ARGITARATUA