Zalaparta sortu zuten hilabete batzuk atzera Mondragon Kooperatiban gertatutako gatazkek. Hartakoan, bi enpresak utzi zuten Kooperatiba, Ulmak eta Oronak, kooperatibak autonomiarik ematen ez ziela argudiatuta. Enpresa horien arabera, kooperatibismoari dagozkion printzipio demokratikoak hautsi egin ziren zuzendaritza zentralizatu baten esku-hartze jarraituaren ondorioz. Kooperatibaren defendatzaileek, baina, Ulmako eta Oronako kideei egotzi zieten printzipio horiek haustea. Izan ere, printzipio horien artean aurkitzen dira elkartasuna eta elkarlaguntza, eta hori zuzendaritza bateratu baten bitartez soilik berma daiteke.
Gatazka horretan, ordea, Kooperatiba bizirik mantentzea baino gehiago egon da jokoan. Eztabaidei eta elkarri leporatutakoei erreparatuta, kooperatibismoa izan da eztabaidagai, nahiz eta esplizituki ez den gehiegi eztabaidatu horren inguruan. Printzipioen inguruan eta etikaz mintzatu dira, kooperaziora eramaten duten baloreez eta horien hausturaz, baina ez dira ohartu errealitatea, hau da, une horretan eztanda egin zuen krisia, haien enpresen bideragarritasuna baino gehiago, bideragarritasun horri gainjarritako ideologia ari zela kolpatzen.
Kooperatibismoa kooperazio ekonomikoa baino gehiago da. Funtsean oinarria enpresa bata artikulatzeko modua izatea bada ere, enpresa hori ez da antolakuntza tekniko-produktibo bizigabe bat. Enpresak helburu batzuk zehazten ditu, printzipio batzuen pean gauzatu beharrekoak. Kooperatibek ere hala egiten dute, baina, euren jatorrian, enpresa hori etekin ekonomikoaz gain etekin sozio-kulturalera bideratzeko asmoz eraikitzen dute. Bestela esanda, kooperatibistek ez dute jardun ekonomiko soila saldu nahi: interbentzio soziala ere gauzatu nahi dute. Politika bat dute, printzipio ideologiko batzuekin.
Kooperatibistek ez dute jardun ekonomiko soila saldu nahi: interbentzio soziala ere gauzatu nahi dute. Politika bat dute, printzipio ideologiko batzuekin.
Interbentzio sozialak ez ditu gehiegi bereizten beste edozein motatako enpresetatik. Jakina da denek esku hartzen dutela sozialki; kooperatibek, ordea, interbentzio hori saldu egiten dute, eta, gainera, ekinbide eraldatzailetzat daukate euren praktika. Azken batean, gizarte kapitalistan, gauzak egiteko modu berri baten atzean, merkantziak saltzeko helburua duen marketin mekanismo bat egoten da, alegia, interbentzio sozialerako bokazioa bera bilakatzen da salgai.
Mondragon Kooperatibaren krisiarekin hori da agerian geratu dena. Kooperatibismoaren printzipioetan zentratzeko asmoz irekitako eztabaiden antzutasunak agerian utzi du enpresa kooperatiben benetako aurpegia. Bi bandoek elkarri leporatu diote kooperatibismoaren printzipioei traizio egin izana, baina printzipio horiek ez datoz bat errealitatearekin. Elkarri sinetsarazi nahi izan dioten printzipio kooperatibista ez da oinarritzen inolako balore etiko gorenetan. Kontrara, printzipio kooperatibista ekoizpen praktika kapitalistari atxikitako trikimailu ideologikoa da, hura eztitzeko asmoa duena, eta bere benetako funtzioarekin egin du talka orain.
Elkarri sinetsarazi nahi izan dioten printzipio kooperatibista ez da oinarritzen inolako balore etiko gorenetan. Kontrara, printzipio kooperatibista ekoizpen praktika kapitalistari atxikitako trikimailu ideologikoa da, hura eztitzeko asmoa duena, eta bere benetako funtzioarekin egin du talka orain.
Ez dago inolako printzipio-hausturarik Kooperatibaren desegitean, batu zituen printzipio berak banatu dituelako: etekin ekonomikoak handitzea eta elkarri laguntzea bide horretan, denentzat onuragarria zen bitartean behintzat. Inor ez baita batzen mugimendu kooperatibistara horrek etekin ekonomikoak emango ez badizkio, eta inork ez baitu kooperatibista izaten jarraituko horrek galera ekonomikoa badakarkio.
Kooperatibismoaren krisia, beraz, ez da etekin ekonomikoaren krisi soila. Horrek ez luke krisi hori beste edozein enpresaren krisi batetik desberdinduko. Kooperatibismoaren krisia bere printzipioen eta justifikazio ideologikoaren nahiz praktika politikoaren krisi da, eta irakaspen nabarmena utzi du: langile-kooperazioak, enpresa kapitalistaren barruan, muga batzuk ditu, hain justu, ekoizpen modu kapitalistaren muga horiexek.
Horrek ez du esan nahi, ordea, langileen arteko kooperazioak, sistema kapitalistan, onurarik ez dakarrenik. Horrek esan nahi du langileen arteko kooperazio horri ematen dioten margo ideologikoa okerra dela, eta horrek egiten ditu oker kooperazioa eta haren helburuak. Izan ere, enpresa kapitalistan, langileen lankidetza sustatzen duten helburu politikoek zehazten dute zein den lankidetza horren funtzioa indarrean den ekoizpen-moduan: batzuen biziraupen soila eta kooperatibista gutxi batzuk aberastea edo ekoizpen-onura antolakuntza komunistaren mesederako instrumentalizatzea.
Kooperatibismoak funtzio erabakigarria izan dezake langileak eginkizun komun batean batzen dituelako, baina erabat baldintzatzen dute muga kapitalistek. Lehenik eta behin, kooperazio hori Kapitala ekoizteko kooperazio gisa sortu delako, eta, bigarrenik, eginkizun komun hori aurrera eramateko antolatu den langileen batasun subjektiboa irabazi ekonomikoaren ekoizpen kuantitatiboaren mende dagoelako, edo bestela esanda, subjektu antolatu gisa duen potentzia Kapitalaren ekoizpen-potentziak zedarritzen duelako erabat. Beraz, kooperazioa Kapitala ekoizteko sortzen da, eta Kapitalaren ekoizpenak kooperazioaren indar subjektiboa jartzen du bere existentzia-baldintza gisa. Gainera, gaitasun subjektibo hori ez da objektibotasun sozialaren adierazpen soil bat, eta ez da ekoizpen kapitalistaren bideragarritasunaren baieztapen huts bat: erabakigarria ere bada. Izan ere, Kapitala ekoiztea, ekoizpen-baldintzen erreprodukzio materiala izateaz gain, onurak maximizatu nahi dituen subjektibotasunaren erreprodukzioa da, eta hori da benetako subjektibotasun kapitalista.
Kapitalaren ekoizpen-moduan, langile-kooperazioaren subjektua ez da kontzienteki eta borondate propioz antolatu den langileria, Kapitala bera baizik. Kooperatibetan izaten den langileen arteko elkarlana Kapitalak berak ezartzen du, beste edozein enpresa kapitalistatan ezartzen duen bezala. Aldatzen dena Kapitalaren pertsonifikazioa da, hau da, zein den kapitalistaren funtzioa betetzen duen klase soziala: burgesia edo langileria. Eta, horrekin batera, bi klase sozialen arteko muga lausotzen da, kooperatiban gertatzen den langileen arteko estratifikazioa dela eta. Kooperatibistak eta ez-kooperatibistak banatzen dira, eta kooperatibista maila desberdinak bereizten dira.
Kooperatibismoari berezkoak zaizkion mugak onartzen ez dituztenek tokikotasunean eta txikitasunean aurkitzen dituzte kooperazioaren baldintzak. Kooperatibismoa, kooperazioaz gaindi, balio moraletan oinarritzen da ideologia politiko gisa. Ezkerreko ikuspegiaren arabera, Mondragon Kooperatibaren gainbehera tokiko atxikimenduaren galerarekin azaldu daiteke. Beraz, ezkerreko ikuspegi desberdinek kooperatiba horren gainbehera, eta, horrekin batera, kooperatibismoari egindako traizioa, kooperatiba eta kooperatibismoa hedatu nahiarekin lotzen dute.
Ezkerreko ikuspegiaren arabera, Mondragon Kooperatibaren gainbehera tokiko atxikimenduaren galerarekin azaldu daiteke. Beraz, ezkerreko ikuspegi desberdinek kooperatiba horren gainbehera, eta, horrekin batera, kooperatibismoari egindako traizioa, kooperatiba eta kooperatibismoa hedatu nahiarekin lotzen dute.
Kontraesana agerikoa da: kooperatibismoarekin eta bere eranskinekin (ekonomia sozial eraldatzailea eta abar) mundua aldatzera datozenak esaten ari dira mundua ez aldatzearen arrazoia mundua aldatzea dela. Haien arabera, enpresa txikiak eta gertukoak sortu behar dira, eta nork bere espazio murritzean eragin. Mundua aldatzeko biderik onena mundua ez aldatzea da, alegia. Horretan datza ezkerrak kooperatibismoaren porrotaren aurrean hartu duen posizio politikoa.
HEMEN ARGITARATUA