ARGAZKIA / Elena Martínez
2025/03/04

Sarrera

Egungo alderdi politiko instituzionalek irauten badute, Estatuaren eskutik hainbat formatan jasotzen duten finantziazio publikoari esker da soil-soilik. Estatuko Kontuen Auzitegiaren arabera, alderdi gehienen kasuan, finantziazio hori %80ra iristen da batez beste; finantziazio propioa, berriz, kopuru hutsaletara erori da.

Hasteko, nahiko argigarriak dira 2018 eta 2019an alderdi politikoek jasotako finantzaketa publikoko 555 milioi euroak, 2019ko hauteskunde-­kanpainarekin bat, ezinbestekoak izan baitziren propaganda masiboa zabaltze­ko, bai eta eguneroko jardueren gastuei aurre egiteko ere.  Ez da harritzekoa, beraz, mekanismo horiek sortzen duten menpekotasuna, praktika politikoa forma instituzional bakarraren arabera egiteko aukera ematen baitu soilik; hain zuzen ere formalki “egungo demokrazia” deitzen zaion horren arau zorrotzen pean. 

Aipatu beharra dago, baita ere, araudiak erregulatu egiten dituela ekarpen ekonomiko pribatuak, kapital pribatuaren eta botere politikoaren arteko harremana hain esplizituki ez agertzeko saiakeran, behintzat hauteskunde-mailan.

Ikerketa honetan espektro politiko instituzionalean ezkerrean kokatzen den hegalaren kontu ekonomikoak argitzeko saiakera egingo da, diru publiko edo pribatuarekiko izan dezaketen menpekotasun maila noraino iristen den ulertu ahal izateko, alderdi gisa duten jardunetik nolako etekina ateratzen duten ikusteko eta gastuen nahiz diru-sarreren osaera ikusteko. Hori guztia, Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) eta haren antzeko alderdiek erakusten duten asimilazio eta deriba erreformista saihestezina hobeto ulertzeko helburuarekin. Alderdi horiek teorikoki emantzipatzaileak diren helburuak badituzte ere, aurpegi lagunkoiagoa izan dezan ahalegintzen diren kapitalismoaren kudeaketa baldarrean parte hartzera mugatzen dira.

Metodologia eta marko kontzeptuala

Ikerketa hau egiteko PCEk nahiz Izquierda Unida alderdiak (IU) beren gardentasun atarietan duten informazio publikoa batu da, eta urteko memoria ekonomikoko “sarrerak” eta “gastuak” kategoriak xehatu eta alderatu dira. Beste alderdi batzuei buruzko informazio zehatza eskuratzeko Gardena web-orrialdea bisitatu da. 2019. eta 2023. urteetako hauteskunde-­aldiko gorabehera ekonomikoak ulertzeko helburuz, egoki ikusi da 2017. eta 2023. urteen arteko dokumentuak aztertzea.

Aztertutako kategoriak ondoko eran aurkeztuko dira: 

1. Diru-sarrerak

1.1. Jatorri publikoko diru-sarrerak

1.1.1. Funtzionamendu gastuetarako urteko dirulaguntza 

1.1.2. Talde parlamentarioen ekarpenak

1.2. Jatorri pribatuko diru-sarrerak

1.2.1. Afiliatu, kide eta jarraitzaileen diru-sarrerak

1.2.2. Dohaintzak, legatuak eta bestelakoak

2. Gastuak

2.1. Soldatak eta lansariak

2.2. Kanpo-zerbitzuak eta bestelako gastuak

3. Emaitzak


Esan beharra dago hauteskundeetara modu independientean aurkezten diren beste alderdi batzuekin alderatuz gero, unean uneko desberdintasunak egon daitezkeela aurrekontuei dagokienez. Ikus daitekeenez, aztertutako aldian, PCEk hauteskunde kanpainak gauzatu ditu Izquierda Unida federazioarekin, Elkarrekin Podemos alderdiarekin 2019an eta Sumar alderdiarekin 2023an. Koalizioan egindako parte-hartzearen ondorioak ikerketaren aztergai nagusiak ez badira ere, testuan haiei dagozkien zenbait puntu mahairatuko dira.

Marko juridikoari dagokionez, finantzaketa publiko nahiz pribatuen erregulazioari dagozkien legeak kon­tsultatu dira (bereziki, 8/2007 Lege Organikoa, uztailaren 4koa, alderdi politikoen finantzaketari buruzkoa) osagarri gisa eta definizioetan ekarpen zehatzak egin ahal izateko.

Azkenik, aipatutako iturrietan esplizituki ageri ez diren datu estatistiko guztiak iturriek berek emandako informazioan zorrotz oinarrituta kalkulatu dira. 

Datu ekonomikoen deskribapena eta azterketa

1. Diru-sarrerak

2017. eta 2023. urteen artean, erakundeak­ jatorri publikoko 3.917.342,67 euro eta jatorri pribatuko 9.247.038,18 euro jaso ditu, ondare-­besterentzeetatik datozen diru-­sarrerak edo ohiz kanpokoak direnak kontuan hartu gabe, horiek bereiz kontatzen baitira. Horrenbestez, 13.164.380,85 euro dira guztira aztertutako aldiko ohiko jarduerari dagozkionak diru-sarrera garbietan; %30 diru-sarrera publikoak eta %70 diru-­sarrera pribatuak. 

Hasiera batean, aipatutako zifrak alderdi nagusien joera orokorrarekin bat ez datozela dirudi. Izan ere, 2023ko hauteskundeen aurretiko datuei erreparatuz gero, ikus daiteke PP alderdiaren finantzaketaren %83 publikoa zela, eta berdin gertatzen da PSOEren kasuan, non zifra hori %68koa den. Jarraian zehatzago ikusiko bada ere, pribatutzat hartzen den diruaren atze­an kutxa publikoetatik datozen partidak ezkutatzen dira. Halaber, aipatu behar da Izquierda Unidak (federazio horren barruan gauza­tzen du PCEk  bere jardun instituzional gehiena), batez beste, %60tik gorako zuzeneko finantzaketa publikoa mantendu duela 2017az geroztik.

Finantzaketa publikoaren eta pribatuaren urtez urteko aldakortasunari erreparatuz, 2019tik alderdia bere diru-­sarrera pribatuak egonkortuz joan dela ikus daiteke, baina behe­ranzko tendentzia agertzen du jaso­tzen duen diru publikoari dagokionez; hala, 2023an 2020an jasotako diru publikoaren ia erdia deklaratu zuten.

PCEk instituzio organoetan zuzeneko parte-hartzerik ez duenez, jasotzen duen zenbatekoa aldakorra da urtetik urtera. Ziurrenik, zenbateko hori IUrekin edo koalizioan aurkeztu den alderdiekin (Podemos eta Sumar) barne mailan ezarritakoaren araberakoa izango da

1.1. Jatorri publikoko diru-sarrerak

Aurretik aipatu moduan, alderdi politikoen sostengu ekonomiko nagusia dira, eta jasotzen duten kantitatea erakundeetan duten ordezkaritzaren arabera aldatzen da nagusiki. Salbuespen bakarra aparteko dirulaguntzak atalean aurki daiteke, baina ez dugu aztertuko, aldizkako izaera duelako eta balio osoaren %1,88 hartzen duelako.

1.1.1.Funtzionamendu gastuetarako urteko dirulaguntza

Aurrekontu orokorretan ezartzen den partida ekonomikoa da, eta alderdiei zuzenean ematen zaie, haien kudeaketarako. Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak alderdi bakoitzaren ordezkaritzaren araberakoak dira, eta instituzioetan posizio onena dutenek beren jardunaren zati handi bat diru-iturri honen bitartez finantzatzen dute.

Adibide bat jartzearren, PSOEk, finantzaketa mota honi esker diru gehien jasotzen duen alderdia izanik, 36 milioi euro jaso zituen 2022an bakarrik, eta alderdiaren finantzaketaren %40 suposatzen du horrek. 

Kontrara, PCEk instituzio organoetan zuzeneko parte-hartzerik ez duenez, jasotzen duen zenbatekoa aldakorra da urtetik urtera. Ziurrenik, IUrekin edo koalizioan aurkeztu den alderdiekin (Podemos eta Sumar) barne mailan ezarritakoaren araberakoa izango da. Horren guztiaren emaitza gisa, 3.158.986,04 euro dira guztira jaso dituztenak aztertutako zazpi urteetan, berezitasun batekin: 2017 eta 2023an ez zuten inolako dirulaguntzarik jaso. Interesgarria da ikustea PCEren zuzeneko parte-hartzea oso txikia izanik ere, jaso duten finantzaketa publiko zuzenaren %80,64a laguntza honetatik datorrela oso-osorik. Horrek argi uzten du zeinen onuragarria izan daitekeen alderdi batentzat ahalik eta ordezkaritza instituzional handiena lortzea. 

Atal honekin amaitzeko, beharrezkoa da aipatzea IUk, bere aldetik, azken urteetan egonkor mantendu dituela laguntza honen bitartez jasotako diru sarrerak; hain zuzen, urtean 1,6 eta 2,7 milioi euro artean.

1.1.2. Talde parlamentarioen ekarpenak

Kategoria honetan, talde parlamentarioek ordezkaritza duten ganberek edo instituzioek emandako eta kudeatutako zenbatekoak sartzen dira. Aurretik aipatutako dirulaguntzek ez bezala, hauek organoek eurek kudeatzen dituzte eta jarduera parlamentarioarekin lotura zuzena duten jarduerak finantzatzeko balio dute. Zentzu horretan, laguntza honen onuradunak soilik laguntzak kudeatzen diren markoetan zuzenean-parte hartzen dutenak dira.

Behin hori esanda, ez da harritzekoa, nahiz eta alderdi gehienen bigarren finantzaketa iturririk handiena izan, PCEk soilik 484.630,29 euro aitortu izana, zeinaren %97 2023an metatzen den, ziurrenik funtzionamendu gastuetarako dirulaguntzarik ez jasotze­aren truke.

IUk, bestalde, ia 27 milioi euro aitortu ditu aztertutako zazpi urteetan, horrela, taldearen finantziazio-iturririk handiena bihurtu da, alde handiarekin. Kopuru horiek IUri, eta PCEri zeharka, beren jardun parlamentarioaren zatirik handiena finantzatzeko balio diete.

Arreta ematen du “afiliatu, kide eta jarraitzaileen diru-sarrerak” atalean jasotako zenbatekoaren aldakortasunak. Izan ere, oinarri militante sendo eta egonkor bat aurreikus zitekeen, batez bestekoak baino laguntza publiko gutxiago jasotzen baititu

1.2. Jatorri pribatuko diru-sarrerak

Jatorri pribatukotzat jotzen diren diru-sarrerak hauek dira: banakoen edo erakunde pribatuen dohaintzatik datozenak, afiliatuen kuotak, kargu publikoengandik jasotakoak, ondarearen etekinak eta zuzenean eta esplizituki finantzaketa publikotik ez datozen bestelako baliabideak. 

Hala, jasotako zenbatekorik esanguratsuenak afiliazioetatik eta alderdiko kargu publikoen ekarpenetatik jaso ohi dira, nahiz eta ohikoa den, kontuak aurkezterakoan, zenbait jarduera “kudeaketa arrunteko beste gastu batzuk” atal anbiguoan sartzea. Kasu honetan, aipatutako azken atal hori bereziki esanguratsua da.

1.2.1. Afiliatu, kide eta jarraitzaileen diru-sarrerak

PCEko oinarri militanteak egindako ekarpen ekonomikoa 2.532.412 eurokoa izan da aztertutako urte guztiak kontuan izanda; finantzaketa guztiaren %20,93.  

Arreta ematen du atal honetan jasotako zenbatekoaren aldakortasunak. Izan ere, oinarri militante sendo eta egonkor bat aurreikus zitekeen, aurretik aipatutako arrazoiengatik, batez bestekoak baino laguntza publiko gutxiago jasotzen baititu. Inflexio-puntu bat atzeman daiteke 2018 eta 2019 artean, jasotako gutxieneko baliotik (125.052,81 euro bildu ziren kuotetan) azken urteetako zenbatekorik handienera (531.086,06 euro) pasatzen baita, jasotako zenbatekoa lau bider baino gehiago izatera pasa zelarik. 

Hala ere, ziurrenik 2017ko alderdiaren hogeigarren kongresuak eta 2019ko hauteskundeek bultzatutako gorakadaren ostean, aipatutako zifrek behera egin zuten, alderdiko militantziak bezalaxe. 2023rako, jasotako kuoten zenbatekoa %30 jaitsi zen, eta aipatutako kongresutik alderdiaren 2022ko mendeurrenera arte, afiliatuak 10.500 izatetik 7.700 izatera pasa ziren, gutxi gorabehera. 

Afiliatuen eta kargu publikoen ekarpenak urteko 150.000 eta 225.000 euro artean kokatzen dira, aldaketak egon daitezkeen arren. Hala ere, 2019an berriro nabarmendu ziren, 307.983,00 eurorekin; horrek argi uzten du urte hartako apustu ekonomikoa.

Guztira, atal honetan alderdiaren finantzaketaren %11,43 jasotzen da. Finantzaketa mota hau pribatutzat jo­tzen den arren, hein handi batean kargu publikoen soldatei dagokie, eta horiek zuzenean ordaintzen dira diru-kutxa publikoetatik. Horrenbestez, hainbat analistek egiten duten moduan, zeharkako finantzaketa publiko gisa har daiteke. 

1.2.2. Dohaintzak, legatuak eta bestelako diru-sarrera pribatuak

Alderdiaren finantzaketaren %7,89 dohaintza edo legatuetatik datorrela dio erregistroak. Finantzaketa mota hau ohikoagoa da ibilbide handia duten alderdien kasuan. Hala eta guztiz ere, alderdi honek gehiengoak baino zenbaki zertxobait altuagoak ditu atal honetan.

Garrantzia ken ezin dakiokeen zenbateko bat, beraz, bestelakoak kategorian aurkitzen da. Batez beste, atal honetan jasotako diru-sarrerek finantza­keta guztiaren herena baino gehiago (%36,61) hartzen dute.  

Bestelako kudeaketa-sarrerak kategoriako zenbateko esanguratsu horien atzean hainbat arrazoi egon daitezke. Lehenik, baliteke hazkunde horren zati handi bat garrantzi politiko handiko uneetan militanteen nahiz, jarrai­tzaileen ekarpenekin osatuta egotea, 2019an barne mailan ekarpen ekonomikoei eman zitzaien bultzadarekin gertatu bezala. Bestalde, ezin da baztertu aipatutako igoeretako batzuk Izquierda Unidaren edo azkenaldian kide izan dituzten beste alderdi batzuen (Podemos edo Sumar) laguntzaren edo transferentzia ekonomikoen ondorio izan daitezkeenik. 

Edonola ere, balantze xeheko informazioa edo barne-kontabilitatea ikusi gabe, zaila da jakitea partidak nondik datozen; argi ikus daitekeena da bai 2022an, baita 2023an ere, PCEk aurreko bost urteetan eskuratutako diru “extra” horri dagokion kantitate bera batu duela. Horrek jatorri pribatua duten eta puntualki sartzen diren finantza-­iturriak dauden seinaleak ematen dizkigu.

Afiliatu, kide eta jarraitzaileen diru-sarrerak” atalean alderdiaren finantzaketaren %11,43 jasotzen da. Finantzaketa mota hau pribatutzat jotzen den arren, hein handi batean kargu publikoen soldatei dagokie, eta horiek zuzenean ordaintzen dira diru-kutxa publikoetatik

2. Gastuak

Kudeaketa arrunteko gastuak hainbat ataletan banatzen dira: lehenik, langileen soldata, lansari eta karga sozialak; bigarrenik, jarduera arrunteko gastuen epigrafeak, zeinak kanpo-zerbitzuak nahiz bestelako kudeaketa-kostuak barne-hartzen dituen; eta, azkenik, ibilgetuen amortizazioa erregistratzen da, aktiboen galera progresiboa kontabilitatean islatuz.

Ez dira aztertuko gastu arrunten kategoriatik kanpo gelditzen diren gastuak, finantza-gastuei edo garran­tzi handirik gabeko kasuei egiten baitiete erreferentzia.

Oro har, entitatearen guztizko gastuari erreparatuz gero, ikus daiteke 13.391.095,77 eurora iristen dela zazpi urtean. Joera nabarmen da goranzkoa. Izan ere, lehen lau urteetako batez besteko balioak hartu eta azken urteetakoekin alderatuz gero, ikus daiteke azkenetan %81,23 gehiago gastatu dela.  Gainera, oso adierazgarriak dira hainbat gorakada: 2019an, aurreko urteko gastuekin alderatuta, %151,34ko gorakada nabarmena egon zen (870.013 eurotik 2.186.735 eurora), eta 2022an, berriz, 2.330.501 eurotik (multzotik bigarren baliorik altuena) 3.314.342 eurora (erregistratutako baliorik altuena); %42,21eko aldaketa ekarri zuen horrek.

2.1. Soldata eta lansariak

Liberatuen soldatak eta haietatik eratorritako gastu sozialak batuta, alderdiak zenbateko osoaren laurden bat inguru gastatzen du (3.225.930,45 euro). Garrantzitsua da berriro nabarmentzea, parlamentuetan parte-­hartzerik ez izatean, jardun horri dagokiona IUren kontuetan islatzen dela; 2022. urtean 124,873 liberatu zeuden erregistratuta IUn (dezimalak kontratu partzialengatik dira), eta horietatik 27,51 dira PCEkoak.

Era berean, PCEko liberatu bakoi­tzaren gastua (2022. urtea erreferentziatzat hartuta), 28.500 euro ingurukoa dela ikus daiteke. Zenbateko horri karga sozialak kenduz gero, urteko 21.509,86 euro gelditzen dira.

Beste kategoriekin gertatzen den bezalaxe, esan daiteke 2019 urte garrantzitsua izan zela alderdiarentzat, langileen gastuak 2,24 aldiz biderkatzen direlako, eta horrenbestez, ondorioztatu daitekeelako liberatuen kopuruarekin ere gauza bera gertatu zela.  Aldi berean, gorakada horretatik beheranzko joera ikus daiteke, 2023an langileen gastuak 2019an baino %18,29 baxuagoak izan baitziren.

2.2. Kanpo-zerbitzuak eta bestelako gastuak

Alderdiak hornitzaileei nahiz beren langileak ez direnei egindako ordainketak dira hauek.  Hauek ere hartu ditzake barne: aholkularitza juridikoa edo kontabilitate-aholkularitza, diseinu-enkarguak edo kanpainak aurrera eramateko maketazio nahiz hedapen materialak, marketin eta komunikazio zerbitzuen kontratazioa, ekitaldi publikoetarako espazioen alokairua, edota barne mailan kudeatzen ez diren bestelako aldizkako horniketa zerbitzuak.

Alderdiak zerbitzu horietan gastatutakoa 5.394.182,12 euro izan dira guztira. Kategoria honek, beraz, esangura handia hartzen du, ekintza horiek diruaren %40 baino gehiago baitakarte. Horren haritik, ez da harritzekoa hauteskunde garaietan islatzea zenbatekorik handienak era horretako gastuetan. Beste behin ere, 2019ko kanpaina izan zen garestiena, 2.332.153 eurorekin. 

Atal honekin amaitzeko, azpimarratu nahi da alderdian afiliatutakoen kuotetako zazpi urtetako zenbatekoak batuta ere ez direla iristen 2019ko kanpaina ordaintzera ere.

Alderdian afiliatutakoen kuotetako zazpi urtetako zenbatekoak batuta ere, PCE ez da iristen 2019ko kanpaina ordaintzera ere

3. Emaitzak

Jarduera arruntari daokionez, hiru urtetan bakarrik ikus daitezke balantze positiboak: 2019an, 2020an eta 2023an. Kontrara, beste lau urteetako emaitza ekonomikoak negatiboak dira, aurretik aipatutako urteetako zifrak baino zenbateko nabarmen handiagoekin. Guztira, ondorioztatu daiteke, salmenta edo aktiboen besterentzeetatik dirurik jasoko ez balu, PCEk zazpi urtean 1.292.914,03 euro galduko lituzkeela bere eguneroko jardunean. Izan ere, aipatutakoek 1.561.625 euro batu dituzte denbora-tarte horretan.

Azken hiru urteak kontuan hartzen badira, hain zuzen ere, are argiago gelditzen da alderdiak bere burua sostengatzeko duen gaitasunik eza. 2021etik 2023ra bakarrik, alderdiak 1.197.665,9 euroko galerak izan zituen, eta besterendutako ibilgetuetan 1.436.341,66 euro batu zituen.

Oro har, arruntak ez diren gastuak balantzean gehituz gero, aztertu diren zazpi urteetako jardunaren emaitza 130.519 euroko galerak dira.  Galera horiek hainbat aktiboren galera hartzen dute barne, baina batik bat lursail eta eraikuntzei dagozkienak, zeinek, 2023ko memoriaren arabera, 1.813.809,06 euroko balioa duten oraindik ere.

Bere ondarera jo ezean, PCEk galera handiekin bukatuko zituen azken ekitaldiak

Ondorioak

2017 eta 2023 arteko PCEren kontuak guztira 13.164.380,85 euro dira diru-­sarrera arruntetan (finantzaketa publikotik datozen 3.917.342,67 euro eta a priori  jatorri pribatuko 9.247.038,18 euro), eta islatzen dute Estatuaren finantzaketa ezinbestekoa dela alderdiaren biziraupenerako, izan diru­-laguntza zuzenen bidez jasotzen dena, izan kargu publikoen soldatetatik zeharka jasotakoa. Aldi berean, ia are garrantzi gehiago hartzen du Estatuko finan­tzaketak ordezkaritza instituzional handiagoa duten alderdien kasuan. Itxuraz euren funtsen %30 baliabide publikoetatik eta beste guztia pribatuetatik badator ere, azterketa xeheago batek erakusten du ekarpen pribatuen ehuneko handi batek jatorri publikoa duela (bereziki altxor publikotik ordaintzen diren kuota eta dohaintzak, edo IU bezalako talde nahiz Podemos, Sumar, eta gisako koalizioen laguntzak). Modu horretan, hautes-karguetatik datorren dirua Estatuaren finantzaketa moduan sailkatuz gero, diru publikoaren ehunekoa nabarmenki hazten da.

Adibidez, 2019aren kasuan, ikus daiteke afiliatuen kuotek asko egin zutela gora alderdiaren minimotik (125.052,81 euro 2018an) 531.086,06 euroko gehienekora, hauteskundeetara begira alderdiak barne-mailan egindako apustuaren isla, eta antolaketa-egitura indartzeko helburuz egin berria zen (2017) kongresuaren isla ere. Hala eta guztiz ere, kideen beheranzko joerak (2017an 10.500 izatetik, 7.700 izatera pasa ziren 2022an) aurreragoko jardunean eragina izan zuen, alderdiaren beheranzko joeraren adierazle, beste behin.

PCErentzat, ia ordezkaritza parlamentario propiorik gabe, ezinbestekoa da babes-mekanismoak bilatzea IUk kudeatzen duen diru publikoan

Beste alde batetik, 2019an kanpo-­zerbitzuetan egindako ordainketa handiek, hauteskunde kanpaina indartsuaren eskutik, agerian uzten dute hauteskunde garaiek alderdien gastuetan izan dezaketen neurrigabeko eragina, baita jarduera parlamentario gutxien duten alderdien kasuan ere. Horri gehitu behar zaio, bere ondarera jo ezean, PCEk azken ekitaldiak galera handiekin bukatuko zituela; horrek bere finantza-ereduaren hauskortasuna eta higiezinen salmentek euskarri ekonomiko gisa duten garrantzia islatzen du.

Paraleloki, hauteskundeetan Izquierda Unidarekin zeharka parte-hartzea esanguratsua da. Izan ere, PCErentzat, ia ordezkaritza parlamentario propiorik gabe, ezinbestekoa da babes-­mekanismoak bilatzea IUk kudeatzen duen diru publikoan. Horrela, agerian gelditzen dira lehiaketa instituzionalaren menpe jartzen ez diren eta, horrenbestez, ahalik eta baliabide publiko gehien pilatzeagatik lehiatzen ez diren alderdiei inposatzen zaizkien zailtasun ekonomikoak.

Azterketa honen ondoren, agerian geratzen da politika profesionalak duen inposaketa ekonomikoa, zeina ahalik eta funts publiko gehien lortzera bideratuta dagoen

Horrela, PCEren ikuspegi orokorra ikusiz, afiliazioen beheranzko joerek eta dirulaguntzak jasotzeko duten gaitasun ezak apurkako higiduran sakontzen dute, eta hori alderdi indartsuagoekin harremanak eraikiz eta historian zehar metatutako aktiboekin konpentsatu daiteke soilik. Horri guztiari gehitu behar zaio duela gutxi gazte-taldeen haustura eman dela (mugimendu sozialistara batu diren gazteak). Joera sozialdemokratarekin eta borondate iraul­tzaile ezarekin kritiko ziren ahotsak isilaraztea leporatu zioten alderdiari.

Hori guztia esanda, azterketak arreta soilik PCE alderdian jarri arren, agerian geratzen da politika profesionalak duen inposaketa ekonomikoa, zeina ahalik eta funts publiko gehien lortzera bideratuta dagoen. Aldi berean, ezarritako bideetatik kanpoko edozein ekintza zailtzen du inposaketa horrek, eta joko instituzionalean sartzen direnen asimilazioa bultzatzen du.

ERREFERENTZIAK

https://www.gardena.eus/2024/05/09/como-sefinancian-los-partidos-politicos/

https://transparentia.newtral.es/buscador

https://izquierdaunida.org/transparencia/

https://www.pce.es/portal-de-transparencia/