ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Lara Montilla Navarro eta Aritz Rodríguez Galán
2025/03/03

Estatu burgesaren eta haren gobernuetan parte hartzearen inguruko eztabaidak ez dira berriak; izan ere, askotan sortu dira nazioarteko langile mugimenduaren eta mugimendu iraultzaileen barnean. Espainiako Estatuaren kasuan, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) har dezakegu eztabaida horien eragile nagusitzat, eta alderdi hori ez da aipatu errealitatetik kanpo gelditzen. Azken urteetan, hain zuzen ere, bereziki nabarmena izan da egitate hori, “historiako Gobernurik aurrerakoiena” deiturikoan sartzearen ondorioz.

Duela gutxi azaleratutako eztabaida hori ez zen PCEtik “kanpo” soilik gertatu, baina, alderdi barruan, eztabaida horrek lehendik zeuden kontraesanak areagotzeko edo, gutxienez, erabaki zehatz hori zalantzan jartzeko balio izan zuen. Hau da, hasiera batean Gobernuan sartzearen “taktikari” kritika gisa agertu zirenak berehala sakondu ziren, bereziki gazte antolakundeko kide ginenon artean, eta kritika horiek inpugnazio estrategikoaren eta haustura politikoaren itxura hartu zuten. Egia esan, alderdi horren ibilbidea aztertuz gero, mugimendu oportunista hori logikoa baino logikoagoa zen: PCE Ordenaren Alderdiaren parte den heinean, haren zeregina Trantsiziotik hona proletariotzak lor zitzakeen maximoak markatzea izan da, Kapitalak ezarritako maximoak, alegia –eta Kapitalak balorizazio zailtasun larriak izango zituen gero eta maizago–.

PCEren historia hurbila eta barne-miseriak ezagutzen dituen oro ziur aski ez da harrituko azken urteotan alderdiak bizi izan duen krisia aipatzen badugu: familien arteko liskarrak, taldexken arteko azpijokoak, alderdiaren eta gazteriaren arteko gatazkak, definizio ideologikorik eza, militantzia gero eta murritzagoa, gainbeheran dagoen ondarea eta abar.

Krisi hori ez dute baretu ez “iraultza pasiboen” saiakeren bidez, esaterako, “leninismoa” izendapen huts gisa berreskuratuz beren XX. Kongresuan –ondoren ministerioetan eserlekuak hartuko zituzten horiek beraiek bultzatuta–; ezta XXI. Kongresuan gazteria komunistaren aurka egindako errepresio burokratiko irekiaren bidez ere.

Izan ere, krisi hori, Gobernuan sartzeak areagotu duen arren, PCEk ordezkatzen duen proiektu politikoaren porrota ez onartzeak hartzen duen forma besterik ez da: proletarioen mendekotasun politikoa langileen aristokraziaren programarekiko eta, beraz, burgesiarekiko. Izan ere, gaur egun, miseriaren kudeaketan PCEren parte-hartzeari egiten zaion kritika estrategia sozialdemokrata zaharrari egiten zaion kritika da, nahiz eta estrategia hori zentro inperialistako XXI. mendeko “modernitatez” estalita eta nostalgia obrerista eta errepublikanoz apainduta egon.

TAKTIKAREN TAKTIKA TAKTIKOA

Abiapuntutzat hartu behar dugu ezin dela “PCEren estrategiaz” hitz egin, bakarra balitz bezala, hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, azpimarragarria da dokumentazio programatikoaren barruan kontraesan teoriko ugari aurki daitezkeela. Bigarrenik, eta aurrekoa gutxi balitz bezala,, ez dago dokumentazioaren islarik eguneroko praxian, eta, beraz, praxi hori militanteen borondate indibidualaren eta taktizismo absolutuaren mende geratzen da erabat. Hirugarrenik, borondate indibidual eta taktizismo horrek bizpahiru “barne-familia” dauzka, matrioxka sorta batean bilduak, hain zuzen Izquierda Unida, Unidas Podemos edo Sumar izenda ditzakegunak. Beraz, azalpena hiru zatitan banatuko dugu: paperaren gaineko taktika, praxiaren taktika eta taktika kritikoa.

Paperaren gaineko taktika

Azken hamarkadan PCEren barruan izandako eztabaidetan argi geratu da alderdia gai dela ia edozein kontzesio erretoriko edo sinboliko bere egiteko paperaren gainean, betiere horrek bere funtzio soziala aldatzen ez badu. Errealitate zeha­tzaren azterketa zehatza gauzatutako ekintzen politikarekin nahastu nahi izan da. Edo, bestela esanda, analisia eta koiuntura-lana taktizismoarekin nahastu da. Adibiderik onena nahiko berria da: PCEren XX. kongresuan, 2018an, printzipio leninistak berreskuratzea onartu eta Alderdiaren berreraikuntzaz hitz egin zen, eta horrek gazteekin –beti dira deserosoak– harremanak estutzeko aukera eman zuen. Urtebete geroago, gutxi gorabehera, eta ezein organok berretsi gabe, PCE Espainiako Gobernuaren parte izatera igaro zen. Hau da, hitzontzikeria erradikalista izan zen hainbat hamarkadatako desbideratze eurokomunistaren inguruan egindako itxurazko autokritika; ustezko zentralismo demokratikoa edo ekintza-batasuna tesi komunisten errepresio burokratikorako erabili ziren; eta Alderdia bereraikitzeak benetan esan nahi zuena honako hau zen: PCE™ siglen itsasontzia ez zedila hondoratu.

Azken hamarkadan PCEren barruan izandako eztabaidetan argi geratu da alderdia gai dela ia edozein kontzesio erretoriko edo sinboliko bere egiteko paperaren gainean, betiere horrek bere funtzio soziala aldatzen ez badu

XXI. kongresua 2022an egin zen, tentsioan murgilduta, eta alderdiko idazkari nagusi Enrique Santiago zela, 2030 Agendako Estatu idazkaria. Dokumentazioaren lehen orrialdeetan, kapitala birbalorizatzeko nazioarteko ezintasuna, eskuin muturraren gorakada eta edozein aldaketaren protagonista langile klasea izatearen beharra azaldu ondoren, honako hau irakur daiteke:

“Gure etorkizuna demokraziaren erradikalizazioa da, gure proposamen politikoaren elementu sozialistak beregan duen matxinada- eta haustura-zentzua baliatuz egin beharrekoa. [...] Sozialismoaren Alderdiak berekin dakar demokrazian sakontzea, errepublika federal baten bidez. Errepublika horrek botere osoa langile klasearentzat erreklamatzen du, ekonomiaren antolaketa demokratikoaren bitartez, eta ingurumena errespetatuko duen zein langileen interesen zerbitzura egongo den ekoizpen eredu jasangarri berri batekin”.[1]

Pasa den urtean, PCEk bere “proposamen estrategikoa” plazaratu zuen. Dokumentu hori XXI. kongresutik atera zen –haren legitimitatea tribunalen esku geratu zen–, eta balio digu ulertzeko nola xehatzen eta justifikatzen dituzten paperaren gainean hainbeste irrikatzen duten –eta praktikan eskuraezintzat aurkezten duten– “ortzi muga” edo “etorkizun” sozialista horretarako bideak. Dokumentu horretan, erreformismoaren ikuspegi etapista klasikora joz, honela zirriborratzen zuten beren estrategia:

“Gizartearen etapa sozialistan sartzeko behar besteko indarra izan arte itxarotea ezinezkoa dela ziurtatuta, beharrezkoa da etapa bat baino gehiagoko estrategia definitzea: epe laburrera, ertainera eta luzera. Espainiako Estatuaren kasuan hauek aipa ditzakegu: lehen fasea indar metaketa / bigarren fasea prozesu eratzailea eta III. Errepublika/ hirugarren fasea sozialismoa”. [2]

Argi ikus dezakegu materialismo historikoaren aplikazioa ez dela inon ageri. Lehenik, demokraziaren ideal bat dagoela argudiatzen dutelako (demokrazia “erradikalizatua” eta “sakondua”); bigarrenik, demokraziaren ideia horrek lege kapitalistei nolabait erantzuten diela edo kontrapisu gisa joka­tzen duela uste delako; eta hirugarrenik, proletariotzaren zeregin historikoa bere burua baieztatzean oinarritzen dela ulertzen delako, bere buruari uko egin beharrean. Hau da, sozialismo hitza erabat hutsik geratzen da, zeregin iraultzaileen betiereko atzerapena bilatzen duen etapismo pobre baten bik­tima. Dakigunez, hori ez da berria; XX. mendeko frontepopulismoaren premisa interklasistak eta erreformistak gainditzeko ezintasuna baino ez da.

Sozialismo hitza erabat hutsik geratzen da, zeregin iraultzaileen betiereko atzerapena bilatzen duen etapismo pobre baten biktima

Indar metaketarako fasea aitzakia gisa erabiltzen da salbagailu elektoral baten bilaketa amaigabean, proiektuaren porrota –politikoa eta ekonomikoa– saihestu asmoz: Izquierda Unida, Ahora en Común, Unidad Popular, Ganemos, Unidas Podemos, Sumar eta, orain, Convergencia por la Democracia. Sozialdemokrazia erradikalak “ezkerraren batasun” gisa ospatzen dituen espazioak sorgin-gurpilak dira –gero eta iraupen laburragokoak–, eta erdi mailako sek­toreekin zein hegemonia burgesak menderatutako beste zenbait talderekin konpromisoak ezartzen dituzte, burujabetza-helburuekin apainduta: “ekoizpen-eraldaketarako industrializazio-eredua, gizarte eta ingurumen jasangarritasunaren gakoetatik abiatuta”; “eduki teknologiko altuko eta ertain-altuko industria-ondasunen ekoizpena dibertsifikatzea eta sustatzea”; “kanpo merkatu nagusietan posizioak mantentzeko edo irabazteko gaitasuna duten industria-adar aurreratuak eratzea, Estatua partaide izanik.” [1]

Bestalde, prozesu eratzailearen eta III. Errepublikaren faseak bi iturburu ditu. Lehena, sozialismorako bide demokratikoan oinarritutako teoriak, edo sozialismoa ekarriko duten etapa demokratiko-burgesen beharra, proletariotzaren diktadurari kontrajarrita. Nabaria da apustu estrategiko hori 70eko hamarkadan alderdi komunista batzuek garatutako tesi eurokomunistetatik eratortzen dela, eta “XXI. mendeko sozialismoa” delakoaren teoriek eta Latinoamerikako esperientziek elikatzen dutela.

Bigarrena, nostalgia. Iragan denborarekiko nostalgiak berebiziko rola jokatzen du, baina uko egiten zaio esperientzia historiko horietatik eratorritako ikasketa horien berrikuspen kritikoari, gaur egungo aplikaziorako leudekeen aukerei. Ezinbesteko papera dauka ukapen horrek. PCEren historia, langile mugimenduarena eta nazioarteko mugimendu komunistarena gudu epiko gisa gordetzen dira, harrotzeko, oroitzeko eta ospatzeko gertakari gisa, baina orainaren gaineko edozein agentzia mota ukatzen zaie. Gaurkotasunarekin duen erlazio bakarra errebisionismo historikoaren eskutik dator, esperientzia historiko oro desitxuratuz, gaur egungo erabakiekin bat etor dadin eta, horrela, autoritate-argudio faltsuen bidez, egungo estrategia eta taktika justifikatzeko.

Era berean, historiaren ikuspegi nostalgiko horrek guztiz bustitzen du lortu nahi den Alderdi Komunista irudikatzeko eta sozialismoa eraikitzeko modua; izan ere, sozialismoa ez da gaur egungo aukeretan eta gaitasunetan oinarrituta pentsatzen, baizik eta “iraganeko lorien” erreprodukzioaren bitartez, edozein mugimendu epikotasunez jantziz eta beharra bertute bihurtuz. Horrela, Alderdiaren berreraikuntzari buruzko aipamenak oso urriak dira dokumentazioan, eta antolakuntzaren indartze txiki batean laburbilduta ageri dira: “kuantitatiboki eta kualitatiboki haztea ahalbidetuko dion antolakuntza-­iraultza” [1].

Praxiaren taktika

Kontraesanez betea egoteaz gain, apustu estrategikoa biltzen duen dokumentazioa itxurakeria hu­tsa ere bada; izan ere, PCEren eguneroko jarduera politikoan taktizismo eta oportunismo autojustifikatuak dira nagusi. Erabat hausten da bitartekoen eta helburuen arteko harremana (nahiz eta oso zalantzagarriak izan), eta, horretarako, inprobisazioa edo unean uneko egoeretara muturreraino egoki­tzea gailentzen da, helburu estrategikoak alboratuz eta norberaren edo siglei lotutako etekin politikoa lehenetsiz.

Beraz, lehen aipatutako etapak edergarri baino ez dira; izan ere, benetako estrategia, azken finean, erradikalizatutako klase ertainaren interesen defentsa da, lan-indarraren salerosketan baldintza hobeak izan ditzaten eta gizarte burgesaren administrazio-organoetan posizio politiko hobeak eskura ditzaten.

Bestalde, espontaneotasunari bide emateko espazio moduan irakurria da instituzioetatik kanpoko jarduera; langile aristokraziak zuzentzen du ideologikoki ulerkera hori. Gizarte mugimenduek egiten dutena egiten dutela, ondo eginda egongo da eta elikatu egin beharko da, noizbait “dena ebatziko duen eztanda handia” gertatuko den sinesmen autokonplazientearen pean [3]. Mugimendu sozialen barruan, sindikatuek garrantzi berezia hartzen dute, ortzi mugarik eza obrerismoak, klasearen autoafirmazioak eta mugimenduaren aldeko mugimenduak konpentsatzen baitute. Estatuaren eta masaren arteko dialektikan funtsezkoa den antolamendu eredua duten espazioak dira, eta eskakizunak kanalizatzera bideratuta daude. Horrela, dominazio burgesak berezko duen ekonomiaren eta politikaren arteko bereizketa erreproduzitzen da.

Historiaren ikuspegi nostalgiko horrek guztiz bustitzen du lortu nahi den Alderdi Komunista irudikatzeko eta sozialismoa eraikitzeko modua; izan ere, sozialismoa ez da gaur egungo aukeretan eta gaitasunetan oinarrituta pentsatzen, baizik eta "iraganeko lorien" erreprodukzioaren bitartez, edozein mugimendu epikotasunez jantziz eta beharra bertute bihurtuz

Gainera, litekeena da militanteak adina estrategia egotea; izan ere, ez dago egungo eztabaida estrategikoaz edo Nazioarteko Mugimendu Komunistaren historian gertatu denaz hausnarketa kontzienterik, soilik ortzi muga sozialistari buruzko sinesmen multzo bat. Baina ez dugu geure burua engainatu behar, PCEn intelektual eurokomunistak daude, baina, hortik aparte, ez dago praktika politiko desideologizaturik; praktika bat kontzientzia sozialistak gidatzen ez badu, kontzientzia burgesak gidatzen du.

Beraz, PCEren agenda sozialdemokraziaren agenda da, errebisionismoak hamarkadak baitaramatza bere baitako emantzipazio-ametsik lotsatiena ere garbitzen. Erretorika iraultzailea mitinetarako utzita eta ustezko ezkerkeriaren aurrean sosegua aldarrikatuz, ironikoki, kapitalismo demokratikoki perfek­zionatua gertuago bide dago-eta sozialismoa baino.

Taktika kritikoa

Deskribatu dugun taktika hori burokrazia eta joko zikina erabiliz erreprimitzen duen presio talde txiki batek “zuzentzen” du. Horien aurrean, militante kritiko ugari daude (batzuetan, eskualde osoak), batzuetan kohesionatuagoak eta beste ba­tzuetan ez hain kohesionatuak. Horietako askorentzat, eta duela urte askotatik, “PCE salbatu” nahi izateak nekea, eztabaidak, demandak, kanporatze­ak eta borroka fisikoak ere ekarri ditu. Hala ere, PCEren bahiketaren kontakizunak dilema faltsu bat ezkutatzen du. Ez gaude molde maoistako bi ildoren arteko borroka moduko baten aurrean; kritikotasunak kritikotasun, PCEren osoa dago errebisionismoak erasanda. Sektore kritikoen aldetik, beraz, ez dago taktika eta estrategia koherente eta apurtzailerik garatuko duen kontra-proposamen politikorik, eta obrerismoa eta erradikalismo diskurtsiboa dira testu eta txosten horietan nagusi.

PCEren bahiketaren kontakizun horren beste aldea sigla horien antolaketa indartzea izango litzateke, berreraikuntzarako apustu gisa. Argudiatzen da Alderdi Komunistaren berreraikuntza PCEtik igaro behar da soilik, kontuan hartu gabe azken hori historikoki ezinbestean determinatuta dagoela eta idealismoan erortzen ari dela. Aipatu nostalgiaren eta zenbait figura historikoren aldarrikapen akritikoaz batera, Alderdiaren ulerkera hori ez da ulerkera ofizialetik ia batere urruntzen.

Zuzendaritzarekin zuzenean konfrontatzeaz eta antolakuntza indartzeaz gain, kritikoek –batez ere gazteenek– jarduerarik eza alde batera uztea eta prestakuntza dituzte arazoaren konponbidearen ataltzat. Hanka bat kalean eta bestea instituzioetan eduki behar den ideiaren aurrean, kalean egon beharra lehenestea aldarrikatu dute; hala ere, militante horiek egiten duten lan eskerga ere bat-batekotasunak jaten du. Ia kasu guztietan, jarduera hori egituren autorreprodukzioan eta gatazka instituzioei egindako eskakizunen bidez kanalizatzean datza, eta irtebide bakarra “publikoa” dela lirudike.

Beraz, PCE hausteko eta berreraikitzeko beharrari dagokionez, gune horretan ezin izango litzateke Urriko Zikloaren azterketa seriorik egin, ezta Nazioarteko Mugimendu Komunistarena eta Espainiako Estatuan izan duen korrelatuarena ere, ondorioak suntsitzaileak izan baitaitezke. Hala, leninismoa kontsigna bihurtzen da, eta, kongresuak, familien arteko kontu-kitatze prozesu, norgehiagoka politiko-ideologikorako momentu izan ordez. 

PCEren agenda sozialdemokraziaren agenda da, errebisionismoak hamarkadak baitaramatza bere baitako emantzipazio-ametsik lotsatiena ere garbitzen

KONFLUENTZIAK

“Arazoa ez da Izquierda Unida, arazoa PCE da” hasi zen entzuten, 2016 inguruan, UJCE ren XIII. kongresuan. M15eko mobilizazioak eta Duintasunaren Martxak instituzioen bidez bideratu, eta, zehatzago, Podemos eragile bideratzaile gisa agertu izanak zenbait urteko hausnarketa-aldia ireki zuen gazte komunisten artean. Zerbaitek huts egiten zuen espazio politiko hartan, baina ez genekien zerk, eta Izquierda Unidaren inguruan lastozko panpina bat sortu zen, arazoa “etxean” zegoela pentsatzeko ezintasun dogmatikoak eraginda.

PCEren arazoa ez da kudeatzaile txarrek bahituta egotea, ez sortu dituen nahiz parte hartu duen konfluentzietakoren bat, ezta Podemos haren e­­tsai politikoa ere. Azken hamarkadan, eta bereziki Unidas Podemosekin, behin eta berriz gertatu dira barne-krisi latzak, PCE beste espazioren batean disolba ez zedin IU ez uzteari lotuak. Horrek agerian uzten du, berriz ere, egoera kezkagarria dela, ez bakarrik jarduera politikoaren oinarri gisa egiturak autorreproduzitzearen inertziaren arazoari dagokionez, baita PCEren eta burokrata eta politikari profesional batzuen biziraupena kolokan egoteari dagokionez ere. IUrik gabe eta/edo instituzioetan posturik izan gabe, desagertu egiten dira egoitza, militante edo lanpostu batzuk.

PCEk bere gazte antolakundea IUtik –edo dena delako hautagaitzatik– nola aldentzen zen eta hauteskunde hitzordu edo zerrendetan parte hartzeari nola uzten zion ikusteak konpon ezineko arrakala eragin zuen. Gero eta kontraesan gehiago agertzen ziren egunerokoan. Errepresioa handitzen ari zen, eta Alderdia berreraikitzeko bokazioak urteetako estrategia entrista ugari birpentsatzera bultzatu zuen gazteria. Hala ere, aipatzekoa da, hain zuzen ere, PCEren taktika eta estrategia bere historian zehar zehatz-mehatz aztertu izanak bultzatu zituela gazteak hausturaren beharraz hitz egitera.

Zerbaitek huts egiten zuen espazio politiko hartan, baina ez genekien zerk, eta Izquierda Unidaren inguruan lastozko panpina bat sortu zen, arazoa "etxean" zegoela pentsatzeko ezintasun dogmatikoak eraginda

ONDORIOAK

Laburbilduz, PCEren miseriak justifikatzeko mahai gainean jarri nahi dituzten dozenaka elementu errugabetzaileak gorabehera (barne-krisiak, familien arteko tirabirak edo definizio ideologikorik eza), sozialdemokraziaren programa baino ez da PCEren programa. Interes kapitalisten menpeko taktika eta estrategia eta autoproklamazioan oinarritutako Alderdi Komunistaren ulerkera izateak ehunka militante komunista gazte hutsal­tasun eta frustrazio politikora bultzatu dituzte ezinbestean hamarkadetan zehar.

Ondorio horretara iristeak, eta, aldi berean, hainbat lekutako milaka militantek independen­tzia politikoaren bidea posible dela erakutsi izanak gazte komunisten belaunaldi bat frustrazio horren beraren preso izatea saihestera eraman gintuen, eta erabaki koherente posible bakarra hartzera: gure interesetatik at zeuden klase interesetara azpiratzearekin hautsi, eta prozesu sozialista hedatzen laguntzea.

Modu horretan, geure egin genuen ondorio hau: Alderdi Komunista proletariotzak burgesiarekiko, haren programarekiko eta Estatu burgesarekiko duen independentziaren burutze politiko eta organizatiboa da. Horrek saihestu ezinezko behar historiko hau ekarri zuen: “zaharra hil” behar zen berriari jaiotzen uzteko.

ERREFERENTZIAK

[1] Documentos políticos del XXI Congreso del Partido Comunista de España, julio de 2022: https://www.pce.es/media/uploads/2023/03/01/424c2b40a1fc4f0899e47b0bbf58de41.pdf

[2] “Programa estratégico del Partido Comunista de España”, febrero de 2024: https://pce.es/media/documents/def._PROGRAMA_ESTRATEGICO_PCE.pdf

[3] Aguiriano, M. “¿Qué (des)hacer? Sobre la necesidad del Partido. Marx XXI: Independencia política”, 2024. Pg. 296.