2025/03/05

PCEk ehun urte baino gehiago ditu alderdi moduan; urte horietan, erreferente antifrankista izan da, baina baita Espainian monarkia berrezartzeko euskarri argi bat ere. PCEk bere historian proiektu komunistari nolako ekarpena egin dion aztertzen badugu, argi-ilunak ikusiko ditugu; ordea, azken urteetako historia aztertuz gero, argiak baino gehiago dira ilunak. Horrek ez du esan nahi PCEk IUren bidez eta Podemosen eta Sumarren integratuz jarraitu duen estrategia instituzionalaren mugak aztertzeak ezin digunik irakaspen baliotsurik utzi botere instituzionalak egun duen konfigurazioa ulertzeko, eta, horrela, ageriko muga horien bidez proiektu komunista batek saihestu behar lituzkeen akatsak konprenitzeko. Artikulu honek horri egin nahi dio ekarpena, hain zuzen.

Espainiako Alderdi Komunista (PCE) XXI. mendean hasi zen XX. mendean izana zenaren itzala izaten. Arrasto gutxi gelditzen zen diktaduraren 40 urteetan oposizio antifrankista gidatu zuen masa-alderdi hartatik; Trantsizioan ere eragile politiko nagusia izan zen, baina ordurako onartua zuen erregimen monarkikoa, eta banderatzat hartua eurokomunismo liberal-demokrata. Edonola ere, Espainiako Estatuaren XX. mendeko historia politikoa ezin daiteke ulertu PCEren agertze ustekabekoa, goraldia eta eragin politikoaren galera aztertu gabe.

Ezin daiteke gauza bera esan XXI. mendeaz; izan ere, PCE ez da izan Espainiako panorama politikoko eragile nagusia ezta PSOEren ezkerreko indarren artean ere. Ezker Batuaren (Izquierda Unida, IU) barrenean leku subordinatua izanik iritsi zen PCE mende berrira; alderdi hori ezker eurokomunista eta postkomunistako zenbait alderdiren koalizio moduan sortu zen PCEren laguntzaz, 1986an. Egiari zor, PCEk, izandako barne-krisiak eta hauteskunde-eraginaren galera gorabehera, ondo eutsi zion bere egiturari eta militantziari, eta gaur egun mugimendu sozial eta sindikaletan parte hartzen jarraitzen du.

Espainiako Estatuaren XX. mendeko historia politikoa ezin daiteke ulertu PCEren agertze ustekabekoa, goraldia eta eragin politikoaren galera aztertu gabe

2010eko hamarkadan, Podemosen sorrerak PCE kolpatu zuen, haren oinarri soziala eta hauteskunde-oinarria erakarri baitzituen. Hala ere, alderdia Unidas Podemoseko espazio berriaren barruan birkokatu zen, eta eragin handi samarra izateari eutsi zion Estatuko politikan. 2016an, Alberto Garzón PCEko militanteak hartu zuen IUren koordinazioaren burutza, eta, horrekin, alderdiak Podemosekin bat egitea bultzatu zuen Garzónek. Instituzioetan, PCEk presentzia errekuperatu zuen 2020an; urte horretan Laneko ministro sartu zen Yolanda Díaz (PCEko afiliatua bera), eta Kontsumoko ministro Alberto Garzón.

Unidas Podemos koalizioa barrutik lehertu zenean, Yolanda Díazen proiektuaren alde agertu zen PCE, eta IUrekin batera Sumarren sartu zen kritika handirik gabe. Alabaina, 15-M garaiaren ondoren ezkerreko koalizioen barruan gertatu zen higadura politikoaren eraginez, PCEk ordezkaritza instituzional txikiagoa ez ezik barne-leherketa bat ere izan du azken urteotan. 2023. urtearen amaieran atera zen argitara PCEren gazte-antolakundeko kideen gehiengoak (Unión de Juventudes Comunistas de España, UJCE) alderdiarekin harremanak etetea erabaki zuela, eta kide horietako asko Mugimendu Sozialistara joan ziren ondoren, zeina zabalpen politiko eta lurralde-zabalpen etengabean baitago.

Azken puntu horrek garrantzigabea irudi dezake, alderdi komunisten historiako beste haustura bat, askoren artean. Baina ez da horrela: ondo ilustratzen ditu PCEk azken urteetan gidari izan duen desorientazio estrategikoa eta hauteskundeetan izan duen goranahaikeria. Alderdi historiko hori koalizio alderdikoietako kide txiki gisa baztertua gelditu da azken urteetan, nahiz eta beste alderdiek baino militante gehiago izan, Unidas Podemosek baino gehiago, kasu.

Halaber, azpimarratzekoa da eurokomunismoa agortu izanak eragindako desorientazio ideologikoa. Horrek PCE jarrera postkeynesiarrak izatetik hertsiki populistak izatera eraman du, hasierako Podemos haren eraginez. Horrek guztiak agerian utzi du komunismoa erreferenteen umezurtz dagoela Espainiako Estatuan. Testu honetan, PCE egoera horretara nola iritsi zen azaltzen saiatuko gara.

Indar galera eta IUren sorrera

PCEren azken urteetako historia ulertzeko, beharrezkoa da IUren sorrera eta bilakaera ulertzea, lehenbizi hauteskunde-koalizio modura, eta gero alderdien federazio modura. 1986an, eta NATOn sartzeari buruzko erreferendumari “bai” erantzun izanak PSOEren ezkerrean zeuden mugimenduetan eragin zuen porrotaren ondoren, PCE gero eta higatuago zegoen botoei dagokionez, eta, hala, ideia hau inposatu zen alderdian: hauteskundeetara ez bazen ezkerreko beste alderdi batzuekin batera aurkezten, parlamentuko ordezkari guztiak galduko zituen.

Gauzak horrela, PCE IUn integratu zen; IU koalizio bat zen, alderdi komunista edo postkomunistek eta PSOEren eta PPren politiken alternatiba bat artikulatu nahi zuten mugimendu sozialek osatua –izan ere, Adolfo Suárezen UCD desegin ondoren, PSOE eta PP bihurtu ziren Espainiako sistema politikoko alderdi nagusi–. 1990eko hamarkadan, Julio Anguita liderraren pean, PCE funtsezko eragilea izan zen IU garatzeko; IUk 1996an lortu zituen hauteskunde-emaitzarik onenak, Kongresuan 21 diputatu lortuta (horren baliokidea litzateke, gutxi gorabehera, gaur egun Sumar, Podemos eta ezkerreko gainerako federazioen boto guztien batura).

Anguitak, 1988ren eta 1998ren artean PCEren idazkari nagusi izandakoak, “bi ur-bazterren politika” izenekoa bultzatu zuen. Haren helburua zen IUren ekintza politikoa ez subordinatzea ez IUri, ez PSOEri eta ezta PPri ere, eta ezker “autonomo eta koherentea” aldarrikatzea. Teoria horren arabera, PCE eta haren IUko aliatuak ziren Espainiako panorama politikoko ezkerreko ur-bazterreko eragile bakarrak. PSOE, aldiz, eskuineko ertzean zegoen, proiektu erregresibo bat baitzekarren balioei, eskubide sozialei eta askatasun demokratikoei dagokienez.

Hortaz, Santiago Carrilloren ikuspegiarekin hautsi nahi zen, zeinak trantsizioko PSOE aliatu­tzat hartzen baitzuen frankismo ondorengo Espainiako Estatuko aurrerabide demokratikoan. Ordea, Trantsizioak aurrera egin eta PSOEk onartu ondoren Espainia NATOn sartzea, Maastrichteko ituna eta Espainia EBn sartzearen ondoriozko desindustrializazioa, Anguitaren IUk argi markatu behar zituen distantziak Felipe Gonzálezen PSOErekin.

Anguitak gidaturiko lehenbiziko IU haren helburua izan zen alderdi hori bipartidismoaren oposizio gisa aurkeztea eta garai neoliberaleko politiken kontra agertzea. Kontra egiten zien politiken artean zeuden, besteak beste, finantza-sektorea sustatzeko neurriak, industria-birmoldaketa, prekarietatea bultzatzen zuten lan-erreformak, soldatei eusteak berekin zekarren joera deflazionista eta pribatizazioen bidez defizit publikoa murriztea, –horrek eurora sartzeko joera markatzen zuen–.

Alabaina, praktikan, IU ez zen iritsi era irmo eta baldintzagabean PSOErekin apurtzera, haren laguntza behar baitzuen udaletan gobernatzeko. 1995eko udal hauteskundeetan, IUk botoen %11,6 eskuratu zuen, eta, horri esker, zenbait federaziok Gobernu-itunak egin zituzten PSOErekin udal ugaritan, bereziki Madril hegoaldean eta Andaluzian. Horrenbestez, nagusiki Espainiako Diputatuen Kongresura mugatzen zen bipartidismoarekiko oposizio politika; izan ere, han, IUk botere-kargurik lortu ezin zuenez, aukera zuen udaletan eta autonomia-erkidegoetan baino erretorika erradikalagoa izateko PSOEren aurrean.

PCE alderdi historiko hori koalizio alderdikoietako kide txiki gisa baztertua gelditu da azken urteetan, nahiz eta beste alderdiek baino militante gehiago izan, Unidas Podemosek baino gehiago, kasu

Gainera, José María Aznar Gobernura iritsi zenean, PCEk, 90eko hamarkadaren bukaeran Francisco Frutos buru zuela, konplexurik gabe eskaini zion PSOEri hauteskunde-koalizio handi bat sor­tzea, bere burua “eskuinari aurre egiteko premian” justifikatuz. 1996ko emaitzak, IUk inoiz izandako emaitzarik onenak izanagatik, eskastzat hartu zituen alderdi-federazioko kupulak; izan ere, PSOErekin zuen aurrez aurreko oposizioaren eraginez, urrundu egin ziren Aznarren PPri aurre egitearren bi alderdi horiek batzearen alde zeuden ezkerreko boto-emaile potentzialak. 

Anguitak gidaturiko lehenbiziko IU haren helburua izan zen alderdi hori bipartidismoaren oposizio gisa aurkeztea eta garai neoliberaleko politiken kontra agertzea

2000ko hamarkada: krisia PSOEren itzalean

1998an, Julio Anguitak PCEren idazkaritza nagusia utzi zuen, eta Francisco Frutosek hartu zuen haren lekua 2009ra arte. Garai hartan, IUren hauteskunde-babesa jaitsi zen, 1996an 21 diputatu izatetik, 2004an 5 izatera pasatu baitzen –Zapatero Gobernuko presidente izatera iritsi zen unea zen hura–. Oposizioko jarrera hausturazaleen eta PSOEtik gertuen zeudenen arteko zatiketak markatu zuen garai hura; hain justu, 2004ko hauteskundeetan eragin nabarmena izan zuten 11-Mko atentatuek, eta, arlo sozioekonomikoari dagokionez, higiezinen burbuilaren bukaera zen Espainiako Estatuan, zeinak oparotasun-sentsazio fal­tsua sortzen baitzuen.

Gainera, Zapateroren PSOE askatasun zibilei loturiko kausen buru izan zen, hala nola ezkontza homosexualaren onespenarena, eta horrek, goraldi ekonomikoko garai hartan, eremu txikia uzten zion IUri haren diskurtso erreformista erradikalena ateratzeko. 2003an Irakeko gerraren kontrako jarrera hartu zuten mugimendu sozial eta sindikalekin nolabaiteko konpromisoa eduki izanak salbatu zituen PCE eta IU; gertakari haiek inflexio-puntua izan ziren Espainiako ezkerraren mobilizazioan.

2005eko ekainaren 1ean, PCEren XVII. kongresuan eztabaidagai izan zuten Julio Anguita idazkari nagusi ohiaren dokumentu bat, alderdia berro­satzeko deia egiten zuena. “Refundar, reconstruir el PCE” izeneko artikuluak (“Birfundatu, berreraiki PCE”) antolakuntza-eredua berrikusi eta demokratikoago eta parte-hartzaileago egitea proposatzen zuen, militanteei aukera emanez inplikazio handiagoa izateko erabakietan. Era berean, nabarmentzen zuen premiazkoa zela langile-klasearen egiazko kezkekin konektatu eta haren eguneroko problemei helduko zien diskurtso koherente bat artikulatzea, baina alde batera utzi behar zirela dogmatismoak edo eskema politiko zaharkituak.

Testuan, halaber, azpimarra jarri zuen kapitalismoari eta politika neoliberalei alternatiba argia eskainiko zien proiektu politiko solido bat berreraikitzeko premian. Horretarako, Anguitak prestakuntza ideologikoaren, ekintza-batasunaren eta beste mugimendu sozial eta indar progresista batzuekiko elkarlanaren garrantzia nabarmentzen zuen: “PCEren birfundazioak ez du esan nahi besterik gabe siglak aldatu eta azaleko egokitzapen bat egin behar dugunik; kontrara, alderdia birdefi­nitzeko prozesu sakon bat egin beharra dago justizia sozialaren eta sistemaren eraldaketaren aldeko borrokan eragin handia izango duen eragile politiko bihurtzera bidean”.

PCEren barreneko kritika horien emaitza gisara, 2008an, Estatu Batuetan Lehman Brothersen hondoratzearekin eta munduko krisi ekonomikoa hastearekin batera, Julio Anguita eta haren hurbileko militante batzuek IU birfundatzera dei egin zuten, hauteskundeetan  eta politikoki amortizatua zegoen proiektu politikoa berpiztu nahian.

2010eko hamarkada: krisia, M-15 eta Podemosen agerpena

2009an, José Luis Centellak hartu zuen PCEren idazkaritza nagusia, eta alderdia barnetik berreraikitzeko eta IUren barruan berak zuen zeregina indartzeko prozesu bat gidatu zuen. Horiek munduko krisi ekonomikoaren eztandaren urteak izan ziren, eta PCEk gidatutako espazioaren berrantolaketa ekarri zuten.

IUren IX. Batzar Federalean, 2008ko azaroan, erakundearen etorkizunari buruzko hainbat proposamen eztabaidatu ziren. Koalizioaren ezkerreko ildoak ildo antikapitalista eta subiranista defendatu zuen; horrekin batera, PSOErekin itunak haustea aldeztu zuen, langileen demokrazia bultzatzea eta “sozialismoaren, Espainiako Hirugarren Errepublikaren eta Espainiar Estatuko herrien autodeterminazioaren” alde borrokatzea. Hala ere, PCEren proposamenak lortu zuen babes handiena; haren apustua IU errepublikanoa, federala eta alternatiboa zen, izaera antikapitalista sakona eta ekonomiaren kontrol publiko zabala izango zituena, baina merkatu ekonomia kapitalistaren barruan. Horrela, beren proiektu estrategikoa izendatzeko, “XXI. mendeko sozialismoa” terminoa erabili zuten, chavismoak Venezuelan izandako gorakadak ospetsu eginikoa, hain zuzen.

Batzarrak, halaber, IUren birfundazio prozesuari hasiera eman zion, zenbait barne-aldaketarekin: militantziaren parte-hartze handiagoa, barne gatazken konponbidea eta antolaketa-egituraren sinplifikazioa, besteak beste. Aldi berean, neoliberalismoaren aurkako beste indar politiko, sindikal eta sozial batzuekin bateratzeko prozesua bultzatu zen; horrela, “XXI. mendeko sozialismoan” oinarritutako alternatiba politiko bat defendatzeko gai izango zen fronte zabal bat eraikitzeko eta egungo esparru konstituzionala gainditu nahi zen, baita Estatuan prozesu konstituziogile bat hasi ere.

Hala ere, proiektuak ezkerreko alderdi eta mugimenduen siglen batuketan ainguratua jarraitzen zuen, eta ideia hori laster inplosionatu zen, krisi ekonomikoaren hastapenean gizarte mugimendu berri bat agertu izanaren ondorioz, apartidista eta identifikazio ideologiko lausokoa: M-15. M-15 mugimendua 2011ko maiatzean sortu zen, krisi ekonomikoaren eta Espainiako sistema politikoarekiko nahigabearen adierazpen gisa. Hasieran, ezaugarri izan zituen alderdi tradizionalekiko independentzia eta egitura politiko demokratiko-liberal klasikoekiko gaitzespena.

Hasieratik, IUk eta PCEk bat egin zuten M-15aren aldarrikapenekin; izan ere, mugimenduak sistema politikoari, finantzarioari eta ekonomikoari egindako kritika asko bat zetozen alderdi horiek historikoki defendatutako jarrerekin. Alderdi-bitasunaren, ustelkeriaren eta austeritate-politiken salaketak bat egiten zuen IUren eta PCEren diskurtsoarekin eta, nolabait, alderdi horiek mugimenduaren ideologiarekin identifikatu ziren.

Hala ere, kolaborazio formalaren oztopo izan ziren M-15aren izaera horizontal eta asanblearioa eta mugimendu horrek alderdi politikoekiko lotura arbuiatzea. IUko eta PCEko militante batzuek modu aktiboan parte hartu zuten kanpaldietan eta batzarretan, baina mugimenduko kideak, oro har, uzkur agertu zen erakunde politiko finkatu eta zentralizatuen eraginarekiko, hala nola PCEren eraginarekiko, uste baitzuten arbuiatzen zuten sistemaren parte zirela erakunde politiko horiek.

Bestalde, IUren eta PCEren barruan eztabaida bat egon zen M-15aren aurreko jarreraren inguruan. Sektore batzuek inplikazio handiagoaren eta hurbilketa aktiboagoaren alde egiten zuten; beste batzuek, berriz, uste zuten mugimenduaren independentzia errespetatu behar zutela, eta instrumentalizazio saiakera oro saihestu. Ildo horretan, garai hartan IUko buruzagiek –Cayo Lara koordinatzaile nagusiak, besteak beste– babesa adierazi zioten mugimenduari, baina beti distantzia jakin batetik.

Hala ere, 2011ko hauteskundeetan, eta Mariano Rajoyren PPk eskuratutako gehiengo absolutua gorabehera, IUk XXI. mendeko emaitzarik onenak lortu zituen, ia milioi eta erdi boto emailerekin eta Kongresuan 11 eserlekurekin. Larak berak honela definitu zuen lorpena: “berri on bat pobreen etxean”. Hala ere, poztasun horrek ez zuen eragin handirik izan PPk legegintzaldi horretan Troikaren aginduek babesturik (IMF, ECB eta Europako Batzor­dea) abiarazitako eskubide politiko eta ekonomikoen aurkako erasoaldia geldiarazteko.

IUren IX. Batzar Federalean, PCEren proposamenak lortu zuen babes handiena; horrek IU errepublikano, federal eta alternatiboaren aldeko apustua egin zuen, izaera antikapitalista sakon eta ekonomiaren kontrol publiko zabalarekin, baina merkatu ekonomia kapitalistaren barruan

Hala eta guztiz ere, urte horietan, Rajoyren Gobernuaren aurkako oposizioan, Alberto Garzón IUko politikari gaztea nabarmendu zen Kongresuan. Ekonomialari gazteak laster markatu zuen bai IUren bai PCEren norabide diskurtsibo eta politikoa. Garzónen gorakada gertatu zen unean, krisi ekonomikoaren urte gogorrenetan alegia, politika gero eta gehiago ari zen espektakulu bihurtzen.

IUren eta PCEren barruan eztabaida bat egon zen M-15aren aurreko jarreraren inguruan. Sektore batzuek inplikazio handiagoaren eta hurbilketa aktiboagoaren alde egiten zuten; beste batzuek, berriz, uste zuten mugimenduaren independentzia errespetatu behar zutela

Urte haietan, kaleko mobilizazioak gero eta ugariagoak ziren, eta telebistako solasaldi politikoek nahigabe sozial hori jaso zuten. Testuinguru horretan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoko irakasle batzuek –neurri handi batean IUren espaziotik etorriak– egoeraren analisi egokia egin eta alderdi-mugimendu likido berri bat abiarazi zuen, telebistako solasaldietara zuzendua; haietan, ezagutzera eman zen Pablo Iglesias outsiderra, eta horrela jaio zen Podemos.

Alderdi morea 2014an sartu zen Espainiako panorama politikoan; haien diskurtsoak berri­tzailea izan nahi zuen, eta krisi ekonomikoaren eta M-15aren nahigabe soziala bideratzeko gaitasuna izan. Urte hartako Europako hauteskundeetan izan zuen hazkunde eta arrakasta azkarra erronka handia izan ziren IUrentzat, zeina ordura arte PSOEren ezkerreko erreferente nagusi izan baitzen. Horrez gain, Podemos sortu berriaren liderrek mespretxu teoriko zein diskurtsiboz jarduten zuten IUrekiko. 

Íñigo Errejónekin bat zetorren sektoreak Ernesto Laclau eta Chantal Moufferen postulatuetan oinarritutako tesi populistak babesten zituen, zeinak Espainiako langile-mugimendua eta mugimendu errepublikanoa sinbolo historiko eta diskurtsiboetatik erabat bereiztearen alde egiten zuen. Pablo Iglesiasek berak ere jarrera hori hartu zuen lehen urte haietan, eta Público egunkarian egindako elkarrizketa batean, IUri esaldi ospetsu hau bota zion: “Egos zaitez izar gorriz eta bestelakoez betetako zure saltsan, baina ez zaitez hurbildu, zuek baitzarete, hain zuzen ere, herrialde honetako aldaketa ezaren erantzuleak”.

Baina Konplutenseko buruzagi-taldeak ez zuen egitura militanterik, eta lehen urteetan Anticapitalistas alderdiaren azpiegitura eta koadroekin moldatu baziren ere, ez zen nahikoa 2015eko udaletako eta autonomia-erkidegoetako hauteskundeetara aurkezteko erronkari heltzeko. Beraz, tokiko itunak egin ziren IUko eta PCEko sektoreekin eta, horri esker, udal handiak konkistatu ahal izan zituzten, besteak beste, Madrilgoa. Azken horretan, hauteskunde-koalizioan IUko kide gehienak ez egon arren, udal Gobernuan  haren orbitako kideak sartu zituen. Horren adibide da Carlos Sánchez Mato, IUko ekonomialari aipagarria izatetik Ekonomiako eta Ogasuneko zinegotzia izatera pasatu zena.

Politikoki, 2015-2016 urteetan hainbat gertakarik agerian utzi zituzten PCEk eta IUk defendatzen zituzten hauteskunde-eraldaketaren muga politikoak. Muga horiek EBko austeritatearekin zuten harremana

Udal hauteskundeetako itunak eta desadostasunak are gehiago handitu ziren Espainiako hauteskunde orokorretan. Podemos eta IU bereizita aurkeztu ziren, eta bien artean sei milioi boto lortu zituzten, PSOEk baino ia milioi erdi gehiago. Testuinguru horretan, IUk barne-krisia izan zuen, Cayo Lara koordinatzaile nagusiaren dimisioa ematearekin eta Alberto Garzón 2016an buruzagitzara iristearekin batera. Azken horrek Podemosekin bat egitearen alde egin zuen ezkerrak Parlamentuan zuen presentzia indartzeko. Izan ere, Rajoyren PPk gutxiengoa zuenez eta Gobernua osatzeko gai ez zenez, 2016an berriz egingo ziren hauteskundeak.

Bien bitartean, Podemos barne-leherketa izaten ari zen, eta Iglesiasen postulatuetatik gertuen zegoen lerroak Garzónen IU berriarekin batera­tzearen alde egin zuen. Horren ondorioz, PCEko eta IUko militanteek hauteskundeetan PSOEri sorpassoz irabazteko asmoa izan zuten urte haietan. Baina helburu hori ez zen lortu; izan ere, 2016an, bi alderdien artean –Unidas Podemos koalizioan bat eginda– ia milioi bat boto gutxiago eskuratu zuten bi urte lehenago bereizirik lortu zutena baino.

Politikoki, urte horietan hainbat gertakarik agerian utzi zituzten PCEk eta IUk defendatzen zituzten hauteskunde-eraldaketaren muga politikoak. Muga horiek EBko austeritatearekin zuten harremana. Alde batetik, 2015ean Greziako Gobernura iritsi zen IUren Greziako alderdi homologoa, Syriza. Alexis Tsipras buru zuen eta Podemosen miresmena jaso zuen koalizio hori IUren formularen erreplika izan zen: ezkerreko alderdi ohien eta alderdi postkomunisten arteko konbergentzia, hauteskunde-koalizio bihurtua. Austeritatearen aurkako programa argiarekin, Syrizak, austeritate-politikak geldiarazteko ahaleginean Troikako instituzioekin izan zuen talkaren bidez, gainerako alderdi politikoen norabidea markatu zuen.

Puntu gorena 2015eko Greziako erreferendumarekin batera iritsi zen, uztailaren 5ean. Troikak finantza-erreskate berri bat nahi zuen murrizketa sozial gehiagoren truke; Tsiprasen Gobernuak ez zuen onartu, eta posizionamendu horretan herritarren babesa lortzea zen kontsultaren helburua. Ezetzaren garaipenak –botoen % 61,3rekin– izugarrizko ilusioa sortu zuen IUren, PCEren eta Podemosen sektoreetan. Hala ere, handik egun gutxira, Tsiprasek Grezia hirugarren aldiz erreskatatzea onartu zuen erreferendumean bozkatutakoa baino austeritate handiagoa zekarten baldintza batzuen truke. Horrek, PCEren eta IUren baitan eztabaida eta aukeratu beharra  planteatzetik urrun, ez zuen aldatu instituzioetara iristeko estrategia berean murgilduta zeuden alderdi horien norabide politikoa –nahiz eta estrategia horrek bere mugak erakutsi berri izan Grezian–.

Gainera, nahiz eta 90eko hamarkadan Julio Anguitaren IU izan Maastrichteko Itunak eta euroan sartzeak Espainiako Estatuan eskubide sozial eta politikoen galera ekarriko zutela salatu zuen indar politiko bakarrenetakoa, alderdi hori ez zen inoiz gai izan azterketa hori azken ondorioetara arte eramango zuen erantzun politikorik emateko. Izan ere, Alberto Garzón, EBko arkitekturaren mugen aditua bera, sutsuki mintzatu zen hainbat aldiz 2015eko eta 2016ko hauteskundeetako kanpainan Espainian euroa mantentzearen eta EB barrutik aldatzearen aukeraren alde, ezkerreko indarren arteko korrelazio handiagoa lortzera bidean.

Hala ere, kontraesan horrek berak eztanda egin zien Madrilgo Udaleko Ekonomiako eta Ogasuneko zinegotziekin. Carlos Sánchez Matoren eta PPren Gobernu zentralaren arteko talka Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen aplikazioaren inguruan gertatu zen. Sánchez Matok, Manuela Carmenaren udal Gobernuaren peko politika ekonomikoaren arduradunak, PPren Ogasun Ministerioari aurre egin zion “gastu-araua” zela eta, udalaren superabitaren erabilera mugatzen baitzuen arau horrek. Zerbitzu publikoetan murrizketak saihesteko alternatiba batzuk defendatu zituen, baina ez zegoenez adostasunik Gobernu zentralarekin, aurrekontuetan doikuntzak egin behar izan ziren, eta zinegotziaren dimisioa behartu zuen Carmenak berak.

Gatazka horrek ondo islatu zuen 2015eko hauteskundeen ondoren udal aurrerakoien artean sortutako talka, eta baita PPren Gobernuak gastua kontrolatzeko ezarritako politikak ere. Gainera, agerian utzi zuen udal autonomiak nolako mugak dituen legeria ekonomiko nazionalaren markoan, eta nolako zailtasunak Estatuak eta EBk ezarritako parametro fiskalen barruan politika alternatiboak ezartzeko.

2020an Unidas Podemosek Gobernuan sartzea lortu zuen, M-15aren ondorengo urteetan marraztutako estrategia politikoa bere mugara iristen ari zenean

Hauteskundeetara bideratutako estrategia horrek eta barne-tentsioek agerian utzitako mugek higadura ekarri zieten arren, IUko eta PCEko buruzagiek nolabaiteko lasaitasuna aurkitu zuten 2018an, Mariano Rajoy eta PP –etengabeko ustelkeria kasuek inguratua– Moncloatik kanporatzea lortu zutenean. Paradoxikoki, 2020an Unidas Podemosek Gobernuan sartzea lortu zuen, M-15aren ondorengo urteetan marraztutako estrategia politikoa bere mugara iristen ari zenean. Baina urte hartako urtarrilean Podemosek koalizio Gobernua eratu zuen PSOErekin, zeinak, Bigarren Errepublikatik lehen aldiz, PCEko eta haren espektro politikoko ministroak biltzen baitzituen.

Aktualitatea: koalizio gobernua, Sumar eta gazteen haustura

Unidas Podemos koalizioan sartu zenetik IU, Garzón buru zuen alderdiak garrantzi handia izan zuen PSOErekin Gobernu akordioa lortzeko negoziazioetan. Garzónek, PCEko kide eta IUko koordinatzaile federala izanik, Kontsumo Ministerioaren ardura hartu zuen. Hala ere, ministerio horren zuzeneko kudeaketa online jokoen nolabaiteko erregulaziora eta kontsumo iraunkorraren sustapenera mugatu zen. Bestalde, Enrique Santiagok, PCEko idazkari nagusiak, Agenda 2030erako estatu idazkariaren kargua hartu zuen 2021etik 2022ra bitartean, zeinak lotura zuzena baitzuen lehenbizi Pablo Iglesiasen eta gero Ione Belarraren esku geratutako ministerioarekin.

Koalizio-Gobernuaren lehen agintaldi horretan, IUk eta PCEk aktiboki babestu zituzten Gobernuaren ekimenak funtsezko arloetan, hala nola lan-erreformari, lanbidearteko gutxieneko soldataren igoerari eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren ezarpenari loturikoetan. Era berean, rol aipagarria izan zuten Covid-19aren pandemiak eragindako krisiari eran­tzu­teari dagokionez, esaterako, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteen bidez soldaten estatalizazioa babestuz.

Hala ere, koalizio-Gobernuak “historikotzat” saldutako neurri sozial askok nahi baino askoz eragin txikiagoa izan dute. Azken urteotan, gutxieneko soldata inflazioa baino ehuneko txikiagoan igo da beti eta, beraz, pobretu egin da langile-klasea. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak egindako azterlan baten arabera, pobrezia-atalasearen azpian bizi diren biztanleen %12,2ra baino ez da iristen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, neurria ezarri zenetik lau urte baino gehiago igaro ondoren. Azterlan horren arabera, oztopo burokratikoak dira prestazio hori jasotzeko lehen eragozpena.

PCEko egungo idazkari nagusia funtsezko eragilea izan zen Unidas Podemosen espazioaren desegitean eta Sumarren sorreran

Azkenik, aipatzekoa da nolako garaipen kutsuz iragarri zen Yolanda Díazek itundutako lan-erreforma berria. Díazek iragan sindikalista du, eta PCEren eta egungo idazkari nagusiarekin hurbilekoa da. Erreforma hori PPk 2012an –krisi garaian– egindako erreforma atzerakoia gainditzeko neurri gisa saldu zen. Hala ere, eutsi egin zien Mariano Rajoyren PPk onartutako lan-erreformaren funtsezko aldeei. Hitzar­menen Hari esker, hitzarmenek aurreraeragina izatea eta enpresaren gainetik lehentasuna sektoreko hitzarmenek izatea berreskuratu zen, baina mantendu egin ziren llangileak kaleratzeko malgutasuna eta kalte-ordainak.

Sigla batzuk historikoak izan daitezke, baina Alderdi Komunista eraikitzeko proiektuak ez ditu siglak hartzen aintzat, proiektua baizik. PCEn proiekturik ez egoteak sortzen du egungo PCEko eliteen izaera seinalatzeko beharra

Espainiako Estatuaren botere egituran eta aberastasunaren banaketan aldaketa handirik egiteko balio ez zuten erreforma batzuen ondoren, Gobernuaren hauteskunde-aurreikuspenek behera egin zuten. Yolanda Díaz eta Enrique Santiagoren gertuko buruzagi askok, une horretan, dagoeneko amortizatutako bazkidetzat hartu zuten Podemos; ondorioz, handik askatu edo hura bigarren mailako rol baten mende jar­tzea zegokien. Santiagok berak egin zion aurre Irene Monterok zuzendutako Berdintasun Ministerioari, “Soilik bai da bai” legeak omen zituen akats juridikoak tarteko. Gainera, PCEko egungo idazkari nagusia funtsezko eragilea izan zen Unidas Podemosen espazioaren desegitean eta Sumarren sorreran. Izan ere, Santiagok ziurtatu zuen nolabait leialak izango zirela bere alderdiko eta IUko sektore kritikoenak, zeinak ez baitzeuden prest beren nortasuna desegiteko Lan ministroaren irudiaren baitan eta proiektu nabarmen pertsonalista berri batean.

PCE lurralde-egitura handiena zuen erakundeetako bat zenez, plataforma hedatzea eta Sumar PSOEren ezkerreko indar nagusi gisa sendotzea erraztu zuen, eta, ondorioz, funtsezko posizioa eskuratu zuen Sumarren barruan. Izan ere, azken bi Gobernu hauetan –Unidas Podemosen eta Sumarren bitartez egindako koalizioetan–  proiektuak gauzatzeko oinarri militante sendoa izan da PCEren ekarpen nagusia, bestela ez baitzen proiektu horiek gauzatzeko modurik egongo. Orain, Sumarrek ere amortizatuta dagoela dirudien honetan, IUk –gaur egun Antonio Maíllo du buru– ezkerreko alderdien elkartze berri bat sortzeko deia egiten du, non alderdien autonomia errespetatuko den; badirudi neurriz kanpoko ilusioak egiten dituztela etengabe, geratzen diren botere instituzionalaren kuota txikiak salbatzeko asmoz.

Baina zehaztasun ideologiko eta estrategiko ezak, bai eta hauteskundeak ororen gainetik lehenesteko estrategiak agerian utzitako mugek ere, baldintzak sortu zituzten PCEko gazteek alderdiaren aparatuarekin hausteko. 2023ko abenduan, ezohiko kongresu baten ondoren, Espainiako Gazte Komunisten Batasuneko militante gehienak PCEtik bereizi, eta Gazte Komunisten Batasuna (UJC) izeneko erakunde independente berri bat eratzea erabaki zuten. Militante horiek alderdiarekin hautsi zuten, azken urteetan agerian geratu baitzen ezinezkoa zela alderdiak egindako uko eta topatutako muga guztiei aurre egitea Estatuko instituzioetan integratutako, eta, are, Espainiako Estatu postfrankista edo 78ko erregimena eraikitzeko giltzarri izan zen elite burokratikoen egituraren pean.

Gerora, PCErekin hautsi zuten gazte militante gehienak Mugimendu Sozialista sortu berrian sartu ziren. Erantzun modura, PCEk alderdi historiko bat hausteko barne-konplot bat leporatu zien gazteei. Baina haustura ez da militante gazte batzuen mugimendu makiaveliko batzuen arrazoia; aldiz, PCEk berak hartutako norabidearekiko nahigabetik sortu zen. Izan ere, hausturarako arrazoi nagusia izan zen ez dagoela inolako proiekturik –ez komunista, ez bestelakorik– Espainiako Estatuak, EBk edo NATOk gaur egun ezarritako ordena apurtzen duenik.

Sigla batzuk historikoak izan daitezke, baina Alderdi Komunista eraikitzeko proiektuak ez ditu siglak hartzen aintzat, proiektua baizik. PCEn proiekturik ez egoteak sortzen du egungo PCEko eliteen izaera seinalatzeko beharra, nahiz eta horregatik ez diogun utzi behar komunismoaren proiektuagatik PCEn bizitza eman zuten militante komunista guztien ondarea jasotzeari. Paradoxikoa dirudien arren, gaur egun langile horiei egin dakiekeen omenaldirik onena langile klasearen indar independentea gara­tzea da, PCE bihurtu den horretatik urrun, hau da, Estatuko aparatuetan integratutako aparatu burokratiko izatetik urrun. Azken batean, komunistak proiektu bati zaizkio leialak, ez sigla batzuei, sigla horiek edozein direla ere..

BIBLIOGRAFIA
Martín Ramos, J. L. (2021). Historia del PCE. Los Libros de la Catarata.
Andrade, J. (2015). El PCE y el PSOE en (la) transición: La evolución ideológica de la izquierda durante el proceso de cambio político. Akal.
Garzón, A. (2024). Por qué soy comunista. Ediciones Península.
Castaño, P. (Coord.). (2019). De las calles a las urnas: Nuevos partidos de izquierda en la Europa de la austeridad. Akal.
Alonso, R. (2020). Las «dos orillas». La deslegitimación del PSOE en el discurso comunista (1988-1996). Historia Contemporánea, 73, 83-103.
Anguita, J. (2019). Refundar, reconstruir el PCE. Profesionales PCM. 
Partido Comunista de España. (2008). Propuesta de documento de unidad de la izquierda. Partido Comunista de España.