ARGAZKIA / Elena Martínez
2025/03/01

Hona hemen materialismo historikoaren oinarri kanonizatu bihurtu den testu-zati bat, Marxek idatzia Ekarpena Ekonomia Politikoaren Kritikari lanaren hitzaurrean:

“Ez dago formazio sozialik bere barruan sartzen diren ekoizpen-indar guztiak garatu baino lehen desagertzen denik, eta sekula ez da ekoizpen-indar berri eta maila altuagokorik sortzen haiek existitzeko baldintza materialak garatuak diren arte aurreko gizartearen barruan. Hori dela eta, lor ditzakeen helburuak bakarrik proposatzen dizkio gizateriak bere buruari; izan ere, hobeto begiratuz gero, beti ikusiko du helburu horiek bakar-bakarrik sortzen direla badaudenean haiek gauzatzeko baldintza materialak, edo, gutxienez, baldintza horiek sortzen hasiak direnean.”

Iraultzari traizioa egin zioten haien arabera, iraultza ez zen posible, ez baitzen existitzen hura gauzatzeko baldintzarik: baldintzak heldu arte itxaron behar zen, iraultzaren aurreko etapa bat pasatu, non baldintzek, beren kabuz bidea eginez, ateak irekiko zizkioten etorkizuneko gizarte bati

Testu-zati horretan, XX. mendeko mugimendu iraultzaileari uko egin zioten haiek, etapismoaren formaren pean, justifikazio bat ikusi zuten erreformismoaren eta errebisionismoaren bidea aukera­tzeko. Iraultzari traizioa egin zioten haien arabera, iraultza ez zen posible, ez baitzen existitzen hura gauzatzeko baldintzarik: baldintzak heldu arte itxaron behar zen, iraultzaren aurreko etapa bat pasatu, non baldintzek, beren kabuz bidea eginez, ateak irekiko zizkioten etorkizuneko gizarte bati.

Historiak mugimendu iraultzaileari eta marxismoari arrazoia eman die XX. mende osoa eta gaur egunera bitartekoa baldintzatu zuen iraultza bat piztu zenean. Gertakari hark kontra egiten zion iraultza sobietarra ukatzeko marxismoan bertan oinarritzen zirela zioten horien iragarpen teoriko orori – adibidez, mentxebikeak iraultzaren kontra zeuden, haien ustez Errusiak lehenbizi garapen-fase kapitalista bat eta gizarte burgesaren ajeak pasatu behar baitzituen–.

Gaur, iraultza antolatzeko beharra ukatzen duten horiek horrelakoxe terminoetan mintzo dira. Are, etorkizunerako iraultza prestatzen ari direla diote, baina iraultza ezinezko bilakatzen duten estrategia batzuk ere bultzatzen dituzte, zeinek baldintza objektiboen garapen librea sustatzen baitute –eta horiek proletariotzaren muturreko miseria sortzen dute–, bai eta Kapitalaren estatu-forman garatzea ere.

Alabaina, Marxek berak, Parisko Komunaren esperientziari buruzko hitzok esan zituenean, erabat itxi zuen materialismo historikoaren interpretazio hutsal eta indargabeetarako aukera:

“Esentzian, [Parisko Komuna] langile klaseko gobernu bat zen, klase jabedunaren kontra klase ekoiz­leak egindako borrokaren fruitua, lanaren emantzipazio ekonomikoa gauzatzeko modua ematen zuen forma politikoa, azkenenik desestalia.

Azken baldintza hori gabe, Komunaren erregimena ezina eta inposizioa izango zen. Ekoizleak menderatzaile politikoak izatea bateraezina da haien esklabotza soziala betikotzearekin. Horrenbestez, klaseen existentziaren azpian dauden zimendu ekonomikoak erauzteko palanka izan behar zuen Komunak, eta, beraz, baita klase menderakuntza deuseztatzekoa ere.”

Antzera egin zuen Feuerbachi buruzko hamaikagarren tesi ezagunean ere: “filosofoek mundua zenbait modutan aztertu dute, besterik ez; baina mundua eraldatzea da kontua.”

Halaber, historiak mugimendu iraultzaileari eta marxismoari arrazoia eman die XX. mende osoa eta gaur egunera bitartekoa baldintzatu zuen iraultza bat piztu zenean. Gertakari hark kontra egiten zion iraultza sobietarra ukatzeko marxismoan bertan oinarritzen zirela zioten horien iragarpen teoriko orori –adibidez, mentxebikeak iraultzaren kontra zeuden, haien ustez Errusiak lehenbizi garapen-fase kapitalista bat eta gizarte burgesaren ajeak pasatu behar baitzituen–.

Subjektu iraultzailearen XX. mendeko porrota guztiz osatu zen nazioarteko iraultzaren ateak itxi eta indarrean zegoen estatuen ordena onartu zenean. Onartu zenean ez zegoela sozialismorako beharrezko baldintzarik, eta, haiek sortzeko, beharrezkoa zela aurretiazko etapa bat, demokrazian sakontzekoa

Aipatutako kasu guztietan, iraultzaren bulkada determinatzen duen kondizio moduan ageri da subjektua, eta ez historiaren emaitza bizigabe moduan, edo bizitza propioa duten gertakari historikoen hondakin kontingente moduan, beste era batera esateko. Izan ere, marxismoa eta materialismo historikoa ez dira interpretazio-filosofia bat, ez eta subjekturik gabeko historia bat ere. Kontrara, subjektuak historian hartu duen posizioan oinarritzen dira biak; hau da, subjektuak gertakarien aurrean eta indarrean den errealitatearen aurrean kokatzeko duen forma espezifikoa dira.

Gauzak horrela, Ekarpena Ekonomia Politikoaren Kritikari lanaren hitzaurrea beren etsitzea eta eraginkortasun eza zuritzeko erabiltzen duten horien aurrean –izan ere, horrekin justifikatzen dute iraultzak atea joko duela gauzatzeko prest dagoenean–, esan dezakegu, XX. mendean baldintzak egon bazeudelako piztu zela iraultza, eta gaur ere mugimendu iraultzailea berraktibatu eta komunismoaren helburua lortu nahi dugula, hain justu, badaudelako hura “gauzatzeko baldintza materialak, edo, gutxienez, hasiak direlako sortzen”.

Era berean, Parisko Komuna ez zen historiari errenditutako subjektu bat, baizik eta “klaseen existentziaren azpian dauden zimendu ekonomikoak erauzteko palanka[…], eta, beraz, baita klase menderakuntza deuseztatzekoa ere”; hau da, aurre egin behar zitzaien klaseak eratzeko aukera eman zuten baldintza objektiboei. Bestela esanda, historiak jarri zuen subjektua zen Parisko Komuna, bere historia propioa egin behar zuena, eta, bere oinarriak gauzatzeko, errealitatea eraldatu behar zuena; izan ere, oinarri horiek potentzia politiko moduan bakarrik existitzen ziren, burgesiaren eta garatzen ari zen ordenaren kontrako klase-borrokan.

Laburbilduz, errealitatearen aurrean jarrera hartzeak, zentzu marxista batean, hari aurre egitea, hura eraldatzea esan nahi du. Subjektu iraultzailearen XX. mendeko porrota guztiz osatu zen nazioarteko iraultzaren ateak itxi eta indarrean zegoen estatuen ordena onartu zenean. Onartu zenean ez zegoela sozialismorako beharrezko baldintzarik, eta, haiek sortzeko, beharrezkoa zela aurretiazko etapa bat, demokrazian sakontzekoa.

Espainiako Estatuan, etapa hori, nahiz eta XX. mende guztian zehar garatu zen, trantsizio demokratikoan egin zen ofizial –PCEk hasieratik adostua–, eta, azkenik, indar guztiak Estatuan integratu zirenean itxi zen. Euskal Herrian, ezker abertzalearen inguruan antolatutako konfrontazio mugimendua desartikulatzea ekarri zuen horrek.

Zenbaki honetan komunismoaren “jatorrizko traizioa” izango dugu hizpide, zeina Espainiako Estatuan PCEk ordezkatzen baitu. Horretarako, PCEren errendizio ideologikoa –nazioarteko komunismoaren errendizio ideologikoaren testuinguruan–, alderdi hori Espainiako Estatuan eta ordenaren alderdian integratu izana eta mugimendu proletarioaren desartikulazioan izan zuen erantzukizuna landuko ditugu.

Izan ere, maiz aurkeztu izan zaigunaren kontrara, errebisionismoa eta erreformismoa ez dira baldintza errealetara egokitzeko mugimenduak; ez dira errealismo- eta pragmatismo-ariketa bat. Oso kontrara, mugimendu kolaborazionistak dira, eta haien helburua proletariotzak burgesiaren eta Estatuaren uztarripean jarraitu dezan baldintza errealak sortzea da. Baldintza objektibo batzuetara egokitzen direla diote, baina, azken finean, haiek dira baldintza horien erantzuleak; izan ere, haien mugimendu amore-emailea, haien errendizio-ekintza da mugimendu iraultzailearentzako kontentzio-­dikearen forman irudikatzen diren baldintza horien sorrera-unea.

Haien aurrean, guk diogu posible dela iraultza, emanak daudela haren baldintzak, eta, hala ez balitz, ez ginatekeela hura planteatzeko gai izango proletario guztientzako hizkuntza ulergarri eta komun batean..