Maddi Sarasua
@SarasuaMaddi
2021/07/03

1970eko hamarkadan «Euskal Herria ez da salgai» lema ezker eskuin agertu zen Ipar Euskal Herrian. Kanpotiar burgesek erosiriko etxeen problematika beti egon da presente, baina duela hilabete batzuk, berriz ere, kezkaz eta kritikaz, denen ahotan dabil etxebizitzaren auzia; kolektibo desberdinen partetik, salaketak, ekintza sinbolikoak edota mobilizazioak ugaritu dira. Auzi horren inguruan jardungo dut bada, ondorengo lerroetan.

EGOERAREN AURKEZPENA

Euskal Hirigune Elkargoak (EHE) bildutako datuen arabera, Ipar Euskal Herrian dauden etxebizitzen %21a bigarren egoitzak dira, eta %7a dira hutsik dauden etxebizitzak. Horren aurrean baina, urtero 2.700 etxebizitza gehiago egiteko xedea agertu du Euskal Elkargoaren Tokiko Etxebizitza Planak. Hauetatik 1.200 lirateke etxebizitza sozialak. Horrek, Ipar Euskal Herriko etxebizitza sozialen kopurua %50 emendatuko luke.

Planak berak, egoera nolakoa den ohartzeko balio digu. Alde batetik, etxebizitza eskaria izugarria da. Bestetik, etxebizitza sozialen beharra ere anitz emendatu da. Elkargoaren etxebizitza programa lokalak prekarietatearen emendatzea azpimarratzen du: biztanleriaren %72ak etxebizitza sozial bat ukaiten ahal luke. Ipar Euskal Herriko familien %17a pobrezia heinetik behera bizi da (2015eko datua, posible da hau emendatu izana).

Pandemiak aurretik zetozen joerak bizkortu dituela erran izan dugu maiz, Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren auzian ere, ezbairik gabe, horrela izan da. Hetsaldi edo murrizketa garaia hiriko pisu txikietan igaro duen orori sartu zaio mendi eta itsaso arteko herri txiki lasaietara joateko antsia. Ezin sinetsiko jende uholdea izan genuen joan den udan, sekula baino jende gehiago mendietan, ostatuetan, inguruetan... Horrek bigarren buelta izan du, eta higiezin agentzietako eskari gorakada izugarria izan da. Poltsikoak ahalbidetzen dion edonorentzat paradisiakoa da, etxea, bigarren etxebizitza edo jubilatzeko etxea hemen erostea. Burgesiaren leku maite ere bihurtu da hau eta hemen dirutza uzteko prest dauden bezero ugari ikusten dituzte hemengo enprendedoreek. Langileentzat eskuragarriak ez diren prezioetako ostatu, hotel edo aisialdiaren emendatzea erran nahi du horrek.

Azken hilabeteetan, etxebizitzen prezioen igoera %20-30 artekoa izan dela salatu da. Horrekin batera, luxuzko etxebizitzak saltzen dituzten agentzien salmentak pandemiaren urtean %30 emendatu dira (Miarritzen eta Donibane Lohizunen bulegoak dituen Barnes taldeko kudeatzaileak aitortua 2021eko neguko perspektibak agirian). Baionan eta Bidarten izan dute etxebizitzek prezio igoerarik handiena (Etxalde elkarteak 2013tik 2020ra apartamendu eta etxeen prezioak aztertu ditu Frantziako Gobernuko datuak oinarritzat hartuz). Baionan apartamentuen prezioa %49 igo da eta Bidarteko etxeena aldiz, %125.

Testuinguru honetan, prezio bereziki altuak prentsako lehen orrietan agertu dira eta salaketa jasa ekarri dute. Hala nola, Miarritzen, metro koadroa 40.000 euroan saldu zen luxuzko apartamentua, (higiezinen agentzia batek urte hastapenean aurkeztutako txostenean jakitera eman zenez), edota, 18,9 milioi eurotan salgai zen Bidarteko itsasertzeko etxea.

Ipar Euskal Herriko biztanleen %72ak etxebizitza sozial bat eskura dezakeen testuinguruan, asaldura sortu dute kanpotar burgesei bideratutako etxeen prezioek. Ipar Euskal Herrian eraikitzen diren etxebizitzen %70 bertakoak ez diren pertsonei saltzen dizkietela salatu da. Horren parean, azpimarratzekoa da bi azken errolden arabera (2012an eta 2017an eginak), adibidez, Hendaiak, Donibane Lohizunek eta Miarritzek biztanleak galdu dituztela.

Prezioen gorakadako joera honek ez dirudi etenik izanen duenik. Kostaldean bigarren etxebizitza gehiago izanen dira, eta jada garestiak diren etxeek geroz eta prezio goragoa izanen dute. Ondorioz, bertako langileak kostaldetik uxatuak izanen dira eta barnealdean aurkitu beharko dute etxebizitza merkeago bat, lana kostaldean ukanik ere. Kostaldean, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %60a bizi da gaur egun. Kopuru hori barnealdera joaten bada, laborantzako lurrak galduko dira.

Kostaldean bigarren etxebizitza gehiago izanen dira, eta jada garestiak diren etxeek geroz eta prezio goragoa izanen dute. Ondorioz, bertako langileak kostaldetik uxatuak izanen dira eta barnealdean aurkitu beharko dute etxebizitza merkeago bat, lana kostaldean ukanik ere

UGARITU DIREN SALAKETAK

Hastapenean erran bezala, joera honen aurrean, salaketa ekintzak ugaritu dira azken garaietan. Hala nola, urte hasieran, Bidarrain mendiko etxe baten murruetan margoketak agertu ziren salmenta salatuz: «600.000 euro? Aski da!» eta «Ez dugu onartzen, guk ere EHn bizi nahi dugu». Urruñan aldiz, martxo bukaeran, sareetan eta medio estataletan biralak egin ziren pankarta batzuk ezarri zituzten: «Parisiens, rentrez chez vous. Vous êtes le virus du Pays Basque. Alde Hemendik». Pazkoko asteburuan zehar, Getarian eta Hendaian pintaketak agertu ziren, «Etxe hutsa = etxe librea» edo «Guk ere hemen bizi nahi dugu» eta «Stop turismoa» bezalako mezuekin.

Apirilaren 10ean, EH Baik elkargoaren Tokiko Etxebizitza Plana salatu zuen elgarretaratze batekin. Eta ondotik adibidez, Donibane Lohizunen etxebizitza salmenta iruzurtia edo Hiriburun higiezin agentzia baten publizitatea salatu dituzte, departamenduko hauteskundeetarako hautagaiak lehen lerroan agerraraziz. Geroztik, herri sarreretan bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen kopuruak afitxatu dituzte. EH Baik Elkargoaren egoitzaren aitzinean elgarretaratu eta egun batzuetara, Gazte Ekintza-Action Jeunes taldea sortu zen, Aitzina antolakunde ohiko kide batzuek eta Baionako Friday For Future mugimenduan parte hartu zuten hainbat gaztek osaturik. Bi etxebizitza agentzietan afitxak jarri eta banderolak atxiki zituzten eta Ezpeletan elgarretaratze bat egin dute, Airbnbak eta etxebizitza turistikoak salatuz, «Euskal Herrian Bizi nahi dugu» lema pean.

Horrez gain, Bastidako etxalde baten salmenta prezioa bi urtetan %78 igo dela salatu zuten Lurzaindia eta ELB sindikatuak, ez zela gehiago laborari batentzat erabilgarri izanen eta jabeak ahal bezainbat diru ateratzeko salduko zuela. Hendaiako gaztetxeak ere etxebizitzaren inguruko kanpaina bat abiatu du. Afixa kolaketak, mintzaldiak eta ekintzak aurreikusi dituzte. Geroztik BAM taldea ere sortu da, eta «Ez da salgai» lema idatzirik zuen banderola erraldoi bat zabaldu zuten maiatzaren 13an Biarritzeko itsasbazterrean. Aste bat geroago, Donibane Lohizuneko camping herrikoi baten lekuan burgesentzako camping bat ezartzea salatu zuten, baita oraingo campingean bizi den batek jasandako erasoak ere.

SALAKETEN MUGAK

Interesgarria da salaketa horietan erabili diren lema edo diskurtsoak aztertzea. Esaterako, Lurzaindia eta ELB sindikatuak eginiko elgarretaratzean «gazteei etxea bermatu nahi diegu, gure ingurukoei etxea bermatu nahi diegu» bezalako adierazpenak egin zituzten. Gisa berean, Peio Etxeberri Aintxart EH Baiko hautetsiak honela bukatzen du Enbataren azken alean idatziriko iritzia: «Horien bigarren etxebizitzek gure haurren exilioa balio ote dute?» Orain arte etxebizitza aukera bermatua zuten klase ertaineko familiek kezkaz bizi dute euren seme alaben ahal ekonomikoen beherakada, ezin eurek izan duten bezalako etxebizitzen jabe izateko aukera bermatzea. Bestalde, ELBk eta Lurzaindiak ohartarazpen bat ere egin zieten higiezin agentziei, notarioei eta erosle espekulatzaileei: «Euskal Herria ez da aberatsentzat jolasteko lurra». Zer gaitasunekin egikaritzen da ohartarazpen hau? Euskal Herria bada burgesentzat jolasteko lurra, mundu osoa den bezala, sistema kapitalistak dirauen bitartean, burgesek nahi dutena eginen dute, bai lurrarekin, baita bertako biztanleekin ere, gizarte modu honen aurkako antolakuntza batek hori ekiditeko aski gaitasun izanen ez duen artean behintzat.

Bestalde, «espekulazioaren aurrean posizionatzeko» galdegin diete hautetsiei ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak. Baina espekulazioa berezkoa zaio sistema kapitalistari. Horri aurre egiteko gaitasunak eskuratzen aritu baino, gaur egungo sistema ekonomikoa ahalbidetu eta boteredunei boterea bermatzen dien sistema politikoaren baitako alderdiei posizionatzea galdegiten zaie. Posizionatzeak zer ekartzen du baina, aldarrikapen horiek euren zerrendetan eta jendea eurentzat bozkatzera bultzatuko duen mobilizazio edo ekintzetan sartzeaz gain?

Adierazgarria da, lema edo adierazpenak nori zuzentzen zaizkien aztertzea. Gazte Ekintzak erabili duen «Lurra behin saldua, betiko galdua!» lema adibidez, lur jabe direnei zuzentzen zaie. Honi loturik, «gu ere bagira errudun, bertakoek, euskaldunek dugu saltzen» errepikatzen da hainbatetan. Auzia ez da saltzen dutenak, frantsesak edo euskaldunak diren, bertakoak ala kanpotarrak diren. Saltzen dutenak jabeak dira eta merkatu legeak agindu bezala, ahal bezain garesti saldu nahi dute, beraz, prezio horretan erosteko gai denari salduko diote.

Kanpotarrak per se etsaiak bezala ikusaraztera eramaten du zapalkuntzaren ulerkera sinplifikatuak, hortik, Urruñako «Paristarrak itzuli zuen etxera. Euskal herriaren birusa zarete» banderolak bertako vs kanpotiar dikotomia ezartzen du. Baina zein Paristarrez ari gara? Paristar batzuek hemengo hainbat pertsonek baino zailtasun gehiago dituzte etxebizitza bat lortzeko.

Argi dago, etxebizitzaren auzi honek ondorio kultural azkarrak dituela, seinalatu beharrekoak. Turismoaren eskutik edota etxebizitzak alokatu edo salduz dirua egiteko irrika ondorio kultural argia da. Euskal kulturaren folklorizazioa ere bai: espresio kultural oro testuinguru sozialetik at baliatzea, etekin ekonomikoa erauzteko perspektibarekin erabiltzea. Euskara ez dakiten edo ikasiko ez duen jende uholdeak ere ondorio latzak dakartza euskal hiztun komunitatearentzat, urtez urte euskal hiztun kopurua apaltzen ari den lurraldean.

Hendaiako Enbata Gaztetxeak turismora zuzenduriko ekonomia «inposatua» salatu du. Euskal Herria Frantziako Estatuko eskualde bat bezala aurkeztua dela eta, euskal kultura «produktu gisa saldua, euskal nazio kontzientzia kaltetuz». Egoera honekin, promotoreak, hedabide frantsesak, turismo agentziak eta Frantziako Estatua bera irabazle ateratzen direla azpimarratzen dute.

Sistema kapitalistan produktu kultural oro da «saldua» boterean direnen mesedetara. Euskal nazio sentimendua indartzeko balio dezakete Hendaiako gazteek egindako adierazpen horiek, baina kasu honetan, oinarrian dagoena ez da euskaldunak garelako zapaldu nahi gaituztela, burgesak direlako dirua egin nahi dutela baizik.

Berriki sortu den BAM taldeak irakurketa hau egin du : «Bi arazoren aitzinean aurkitzen gira: lehenik, arazo kulturala. Euskal herritarrak Euskal Herritik kanpo bizitzera beharturik gira. Bigarrena, klase arazo bat da. Euskaldunok eta erdaldunok hunkituak gira. Klase popularrek ezin dute hemen bizi eta uxatuak dira pixkanaka-pixkanaka, eta ordezkatzen duena klase burgesa edota ultra-burgesa da». Arazoaren bi aspektu aipatzen dituzte, nahiz eta arazo beraren ondorioak diren. Sistema kapitalistan burgesiak du non eta nola bizi aukeratzeko gaitasuna, eta langileria ahal duen lekuan ahal bezala biziko da.

PROPOSATZEN DIREN ATERABIDEAK

Diskurtsoez iruzkin zenbait eginik, aterabideei so egin diezaiegun. Bigarren etxebizitzei zergak igotzea da proposatzen den aukera bat. Baina neurri horrek aberatsenei ez die eragiten, arazorik gabe ordain baititzakete zerga gehiago. Bigarren etxebizitzak debekatzea litzateke muturreko erabakia, beharrezkoa, arazo horrekin bukatzeko. Baina dudak ditut Kantabrian edo Bizkaian adibidez, edo mendian borda bezala, bigarren etxebizitza bat duten klase ertaineko politikariek neurri hori hartuko dutenik. Dena den, legedia burgesak horrelako lege mugatzaileak debekatzen ditu, izan Frantziako Estatuko legedia zein Europako Batasunekoa. Izan ere, merkatuak du politika zuzentzen. Sozialdemokraziaren xedea legalitatearen baitan gauzak aldatzea denez, aldarrikapen horiek guztiz utopiko gelditzen dira.

Legedia burgesak horrelako lege mugatzaileak debekatzen ditu, bai Frantziako Estatukoak, bai EBkoak. Izan ere, merkatuak du politika zuzentzen. Sozialdemokraziaren xedea legalitatearen baitan gauzak aldatzea denez, aldarrikapen horiek guztiz utopiko gelditzen dira

Kortsikan adibidez, aterabide bezala, erresidentzia estatus bat proposatu izan dute, Kortsikan etxebizitza bat eskuratzeko bost urtez han bizi behar duzula diona. Hau, bistan dena, ez da eragozpen bat bost urteez alokairua ordaindu dezakeen burges batentzako. Estatus horren aldeko borrokak Kortsikar langileria eta burgesia nazionalistaren arteko aliantza bat suposatzen du, nazionalismo etnizista elikatuz, munduko langileriarekiko klase batasuna sustatu ordez. Dena den, lehen erran bezala, neurri hori debekatua izan zen Frantziako Konstituzioaren kontra eta Europar Batasunaren legediaren kontra doalako.

Etxebizitza sozialen kopurua emendatzea ere proposatzen da. Hendaia Biltzen taldeak, adibidez, etxebizitza sozialen kopurua %40tik %60ra eramatea proposatu du. Hobekuntza txiki bat bada ere, horrek ez du inolaz ere desparekotasun ekonomikoen arazoa konpontzen.

Bada elkarte bat Ipar Euskal Herrian, etxebizitzaren arazoari alternatiba gisara aurkezten dena: Etxalde. 2005etik etxebizitzak kolektiboki erosi eta ondotik hauen bizi osoko erabilera proposatzen die elkartekideei, alokairu bat ordainduz. Gisa horretan herritarrak babestuak dira, ez direla etxe horretatik kanporatuak izanen. Etxaldek azpimarratzen du, horrela, etxebizitzak ez direla «merkatu zabalean salduko» eta «sistema baten aurka ari direla», helburua izanik, Etxalde bezalako milaka elkarte sortzea. Bi arazo hemen, batetik oso eros ahalmen txikia dute, eraikin biziki guti eskuratzea lortu du Etxaldek 15 urtez. Bestetik, hainbat eta hainbat urtez alokairua ordaindu lezaketenentzat bakarrik da aukera. Ez du inongo gaitasunik merkatu globalaren funtzionamenduari alternatiba errealik eskaintzeko.

ONDORIOA

Sistemaren ulerkera eskasa nabari da bai diskurtsoetan baita proposaturiko aterabideetan ere. Horregatik dira aterabide biziki partzialak edo utopistak. Askotan subjektibistak dira, lurra kanpotar bati saltzen dionaren edo udan etxea Airbnbn ezartzen duenaren aurka egiten dituzte salaketak, arazoa sistema delarik. Haatik, etxebizitzaren gaur egungo egoerak gehien kolpatzen dituenak ez dira horien eros ahalmena ttipitzen ikusten duten klase ertaineko familietako gazteak; aterberik ukan ezin dutenak, etorkinak edota etxetik kanporatuak direnak baizik. Atherbea eta Baionako PAJ guneko langile batek, joan den hilabetean prentsari azaldu zionez, hogei bat pertsonek egunean zehar lan egin eta gaua autoan pasatzen dute Baionan. Milaka etorkin iristen dira hona, lanik gabe, aterberik gabe, hemen egoteko eskubiderik gabe. Dirurik eta paperik gabe, ez dira ezer gizarte honetan.

Aste honetan agertu da Sud Ouest egunkarian, Kanbon bi haur dituen ama bat etxetik botako dutela hilabete honen amaieran. Ez du alokairurik lortzen ahal kontratu mugatua duelako eta 2020ko otsailetik ari da etxebizitza sozial bat eskatzen. Kanboko auzapezak adierazi duenez 50 pertsona omen dira, emazte hau bezala, etxebizitza sozial merke bat eskuratzeko itxaron zerrendan.

Ez dira zapalduenak hasiko 700.000 euroko etxe baten prezioa salatzen, teilatu baten xerka baizik. Horientzat balio duen aterabide bat proposatzen ez badugu, ez gabiltza arazoa konpontzen. Aterperik ukan ezin duen eta hamar etxe dituenaren arteko aldea ezin da konpondu kapitalismoaren baitan. Oinarrizko beharrizanak merkatuaren menpe diren artean ez da justiziarik existituko. Burgesiak nor-nola biziko den erabakiko duen artean, ezin da berdintasunik izan. Hortaz, etxebizitzaren arazoari bere errotik heltzea sistema kapitalistaren funtzionamendua zalantzan jartzea da, eta gure borroka horri aurkakotasunean antolatzea. Iraultzailea izan behar du proposamenak, eraiki nahi dugun gizartearen forma eraman behar du bere baitan.

Etxebizitzaren arazoari bere errotik heltzea sistema kapitalistaren funtzionamendua zalantzan jartzea da, eta gure borroka horri aurkakotasunean antolatzea. Iraultzailea izan behar du proposamenak, eraiki nahi dugun gizartearen forma eraman behar du bere baitan

Merkatuaren baitan burgesiaren kontrolpeko espazio direnak, okupazioaren bidez langile kontrolpeko espazioak bihurtzea da horretarako bidea, orokortasuna antolatuko duen jendarte eredu hobearen gaitasunak garatzen ditugun bitartean. Etxebizitzari dagozkion arazoak, sistema kapitalistaren arazoak dira eta sistema hau iraultzeko estrategiaren baitan baizik ezingo diegu arazo horiei eraginkorki heldu. Baditugu jadanik esperientzia praktikoak bide erakusle, hainbat gune sozialista ideki dira, antolakuntza komunista indartzera bidean. Ikusi dugu Erraki eramaten ari den langile kontrolpeko espazioen defentsa, baita Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak hainbat langilerentzat antolakuntzaren bidez etxeak nola lortu eta defendatu dituen, gero eta gaitasun gehiago eskuratuz.

Baina horren parean, ikusten dugu burgesiak okupazioaren legea nola zorroztu nahi duen Frantziako Estatuan. Okupatzaileentzat zigorrak gogortu nahi dituzte, 15.000 euroko isuna eta urtebeteko kartzela zigorra. Horrez gain, prozedura azkarragoa da orain prefetaren bidez hogeita lau ordu dituzte okupatzaileek beren kabuz joateko, okupaturikoa bigarren etxebizitza den kasuetan ere.

Badaukagu zer borrokatu. Bidea luzea da oraindik eta etsaia indartsua, baina zentzu onean bideratutako langile antolakuntzarentzat deus ez da ezinezkoa. Eta onena egin nahi dugu posible.

EZ DAGO IRUZKINIK