ARGAZKIA / Sara Berganza
2025/01/01

Leninen idatzirik ezagunenetako bat, Estatua eta iraultza, ez zen sekula bukaeraraino idatzi. Idatziaren amaiera aldera, Leninek eten bortitza egin zuen, Urriko Iraultzaren bezperan sortua zen krisi politikoa zela-eta, eta ondorioztatu zuen idazkia osorik idazteko zeregina atzeratu egin behar zuela momentuz, izan ere, “atseginagoa eta probetxugarriagoa da ‘iraultzaren esperientzia bizitzea’ hari buruz idaztea baino”.

Estatua eta iraultza lanean, Leninek botere politikoaren teoria marxista aztertu zuen, eta, horretarako, hauek baliatu zituen besteak beste: Parisko Komunako esperientziaren material historikoa, proletariotzaren esperientzia handi hari buruz Marxek idatzitako saiakera politikoak eta ondoren Engelsek Estatuari buruz idatziriko liburuxka.

Lehen begiratuan, esan liteke esklusiboki teoriari zuzenduta dagoen Leninen idatzi bakarrenetakoa dela, batez ere etorkizunerako oinordetzan utzi zuen idatzi sortarekin konparatuz gero; liburux­ka iraunkorra da, itxuraz harreman esturik gabea Alderdi Boltxebikeak garatu zuen taktika politiko koiunturalarekin. Hala ere, nolabait ere, gure lekuan jartzen gaitu bukaerako eten horrek: botere politikoaren auzia gaurkotasun handiko gaia zen une horretan, eta hura argitzea, beraz, agindu bat biharamunean bertan boterea hartu nahi zuen Alderdi Komunista harentzat. Leninek teoriarekin zuen harremanaren adibiderik frogagarriena –teoria praktika sozialistara subordinatuta eta beti haren mende zegoen elementu gisa– Estatua eta iraultza lanaren bukaeran gelditu zen hutsunean ikus daiteke, betirako geroratu zuen bukaera horren gabezian hain zuzen.

Leninek teoriarekin zuen harremanaren adibiderik frogagarriena –teoria praktika sozialistara subordinatuta eta beti haren mende zegoen elementu gisa– "Estatua eta iraultza" lanaren bukaeran gelditu zen hutsunean ikus daiteke, betirako geroratu zuen bukaera horren gabezian hain zuzen

Liburuxkaren edukia ezaguna da. Hartan, Leninek baieztatzen du iraultza sozialistaren zeregina Estatu kapitalistaren abolizioa dela, eta horrek Polizia, armada iraunkorra eta burokrazia abolitzearen zeregina dakarrela berekin, “herri armatua” antolatuz bakarrik egin daitekeena. Horrela, gizartearen antolakuntza demokratikoaren bidez bakarrik abolitu daiteke Estatu kapitalista, proletariotzaren borroka antolatuaren eta haren diktaduraren zabalpenaren bidez bakarrik konkista daiteke, norbanako guztiak antolakuntza-forma berri batean txertatzeko, non auzi publikoa ez den lanaren banaketa kapitalistaren eremu bat, politikaren eta klase menderakuntzaren eremu berezi eta baztertzaile bat, ezinbestean burokratek bereganatua.

Alabaina, programa politikoaz harago, etsaiaren kontrako erabateko gerrako egoera bat aurkezten digu liburuxkak. Botere politikoaren teoriaz baliatuz, Leninek bere helburu bat bete zuen: burgesiaren eta gizarte kapitalistaren kontrako guztizko borrokarako proletariotza antolatzea. Ez da, inondik ere, hausnarketa lasai eta kaltegabe bat, ezta hurrik eman ere. Sozialdemokratek hausnartzen dute Gobernuko boterea bereganatzen dutenean nola antolatuko dituzten Estatua, Polizia eta Armada; eta komunista eta iraultzaileek, berriz, haiek guztiak nola suntsitzen diren hausnartzen dute, horixe baita, beren-beregi, iraultzaren helburua. Haiek suntsitu ezean, ulertzen da nahikoa liratekeela erreforma metagarriak, erreformistek aldarrikatzen duten moduan.

Sozialdemokratek hausnartzen dute Gobernuko boterea bereganatzen dutenean nola antolatuko dituzten Estatua, Polizia eta Armada; eta komunista eta iraultzaileek, berriz, haiek guztiak nola suntsitzen diren hausnartzen dute, horixe baita, beren-beregi, iraultzaren helburua

Sozialdemokraten eta komunisten egoera desberdina haien pentsamendu desberdinei eta beren buruei esleitzen dizkioten zeregin desberdinei dagokie. Sozialdemokraten pentsamenduan dagoena zera da, behin “garaile” direnean zer egingo ote duten burgesiaren indar politikoekin; eta, komunistek, berriz, indar horiek nola suntsitu pentsatzen dute, ez baitute beste aukerarik existitzen jarraitu nahi badute.

Azken pentsamendu hori dagokio mugimendu iraultzaile bati, bai eta errealitatea aldatzeko xedea duten mugimendu guztiek aurrean duten errealitateari ere. Nola pentsa zezaketen boltxebikeek zer egin autokraziak eta haren ondorengo gobernu burgesak oinordetzan utzitako botere-egiturekin, kontuan hartuta aurrean zuten gerra soilik buka zitekeela etsaia guztiz suntsituz edo bizia galduz? Inork pentsatzen al du Txinako komunistak, Kuomintang­aren kontrako gerra zibil bete-betean, pentsatzera gelditu zirenik nola berrantolatu behar ote zen indar publikoa garaipenaren ondoren? Alderdi Komunista hori, bestalde, etsaiaren kontrako gerrarako armada bat zen neurri handi batean, hura suntsitzeko antolatua.

Nola pentsa zezaketen boltxebikeek zer egin autokraziak eta haren ondorengo gobernu burgesak oinordetzan utzitako botere-egiturekin, kontuan hartuta aurrean zuten gerra soilik buka zitekeela etsaia guztiz suntsituz edo bizia galduz?

Maiz, iraultzaile handiek saihestu egin dute etorkizuneko gizarteari buruzko hausnarketak egitea edo gizarte horrek hartuko dituen antolakuntza-­formak konkretuki aztertzea, esan izan baitute zenbait auzi praktiko ebazteko unea mugimendu praktikoa haiei aurre egin beharrean dagoenean dela, ez lehenago. Horren adibide paradigmatikoa da lanaren emantzipazioari dagokion forma politikoa Parisko Komunan deskubritu izana, dagoeneko hamarkada batzuk paseak zirenean formulatu zutenetik proletariotzarentzat berehalako helburua zela botere politikoa hartzea. Gainera, etorkizuneko fantasiak, espekulazio filosofikoak, ez dira iraultzaileen kontua, iraultzaileek iraultzan zentratzen baitituzte beren indarrak, etsaiaren menderakuntza suntsitzean, dagoeneko existitzen den horretan (Kapitala, Marxen hitzetan, “burgesiaren buruen kontra inoiz jaurti izan den misilik tamalena da”). Fantasia eta espekulazio horiek dituzten bakarrak bizirik aterako direla dakitenak dira, eta ez etengabe aurre egin behar dietenak indarrean dagoen ordena iraultzaren bidetik –bide posible bakarra– borrokatzeak dakartzan arriskuei.

Etorkizuneko fantasiak, espekulazio filosofikoak, ez dira iraultzaileen kontua, iraultzaileek iraultzan zentratzen baitituzte beren indarrak, etsaiaren menderakuntza suntsitzean, dagoeneko existitzen den horretan

Horrekin, sozialdemokraziaren espekulazioaren kontra –burgesiaren botere-egiturak konkistatu eta bere onurarako erabili nahi ditu–, uste dugu ez dagoela errealitate gordina baino argudio hoberik. Zenbaki honetan, zenbait iraultza-esperientzia aztertu ditugu arlo militarraren ikuspegitik. Izan ere, komunismoaren osagai funtsezkoa da botere politikoa konkistatzearen eta klase-etsaiaren gaitasun politikoak suntsitzearen aldeko borroka erabiltzea esplotazioaren gainean eraikia ez dagoen gizarte berri bat eraikitzeko. Zalantza oro, klase-etsaiaren gaitasun politikoak erabiltzera irekia dagoen hausnarketa oro, ez da iraultza sozialistari uko egiteko modu bat besterik.

Halaber, botere politikoa konkistatzeko borroka-prozesuan sortzen diren antolakuntza-forma komunitarioak aztertuko ditugu. Hizpidera ekarriko ditugu etorkizuneko gizartearen aurreirudi bat ematen diguten forma batzuk, baina boterea har­tzeko bulkada politikoari menderatuta sortzen direnak, eta momentu estrategiko horri egokituta daudenak. Iraultza sozialistaren onurarako baino existitzen ez diren forma politiko batzuk, eta haren mende daudenak.

EZ DAGO IRUZKINIK