Leninek bere bizitza eman zuen iraganeko iraultzak aztertzen, etorkizuneko iraultzetarako prestatzen eta zorionez bere ibilbide politiko luzeko bi unetan (1905ean eta 1917an) suertatu zitzaizkion iraultzak gidatzen. Ordura arte ikusi gabeko Estatu baten sorreran isuri zuen bigarren iraultzaren urak: historian lehenengo aldiz, esplotatutako gehiengoak zeukan boterea, eta ez gutxiengo esplotatzaileak. Zer esan daiteke Lenini, Estatuari eta iraultzari buruz mila hitz eskasetan? Ikus dezagun.
Ohiz kanpoko une batzuetan, bizitza publikotik baztertuta dauden klaseek bat-batean hartzen dituzte botere politikoaren zeruak. Historiaren une benetan emankorrak dira horiek; hainbat hamarkadatan pixkanaka pilatu ondoren, gizartearen erraietan itzalita dagoen energia askatzen dute esperientzia horiek. Marxismoaren abezea ezagututa, Leninek bazekien proletariotzak, boterea emango dion iraultzarik gabe, ezin dituela bere esplotazioaren sustrai ekonomikoak eraldatu; izan ere, "orokorrean, eraldaketa politiko erradikalen bidez bakarrik ase daitezke klaseen interesik funtsezkoenak eta erabakigarrienak"[1]. Bere eginkizun historikoa betetzeko, proletariotzak botere politikoa konkistatu behar du.
Marxismoaren printzipio hori 1793ko, 1848ko eta 1871ko iraultzetako esperientziek egiaztatu zuten. Horietatik Leninek ikasi zuen "Estatuaren boterea klase baten eskuetatik beste baten eskuetara pasatzea dela iraultzaren lehen ezaugarria, nagusia, funtsezkoa"[2]. Baina momentu iraultzaileak logika espezifiko bati erantzuten dio; logika hori hamarkadatako bake sozial gogaikarriari kontrajartzen zaio. Klase guztiak boterearen aldeko borroka politikoaren hondarrera eramanez gero, iraultzaren "zurrunbiloak" posizionatzera behartzen ditu gizarteko alderdi guztiak. Guztien arteko borroka ireki bat da, eta aldi baterako bertan behera utzi diren joko-arauak definitzea du helburu. "Une erabakigarri bat" da, ekintza bakoitzak –zein omisio bakoitzak– irismen oso luzeko ondorioak baititu, etorkizuneko gertaeren sekuentzia osoaren inguruan "erabakitzen" duelako.
Iraultza guztien esperientziak erakusten du hiru funtsezko jarrera sortzen direla beti une erabakigarrian, gizarte modernoko hiru klase nagusiak ordezkatuz. 1) Burgesia, iraultza ororen aurka, aldaketa politiko eta ekonomikoa saihesten saiatzen da; horretarako, ordena zaharraren berrezarpena bultzatzen du, bitarteko guztien bidez; 2) Burgesia txikiak (erdi-mailako klaseek, nekazariek eta abarrek osatuak), iraultza gogoko badu ere, ez du burgesiarekin erabat apurtzeko pausoa ematen. Bere "ilusio konstituzionalistek", bere "kretinismo parlamentarioak" eta ausardia faltak kondenatzen dute berrezarpenaren eta iraultzaren artean ibiltzera, zalantzan beti ere; 3) Proletariotza da iraultza azken ondorioetaraino eramateko egiazko interesa duen klase bakarra. Bere alderdiak baino ez du goran eusten iraultzaren bandera, haren fase guztietan zehar, eta haren azken helburua ahaztu gabe.
Boterearen arazoa iraultza ororen funtsezko arazoa da, eta hiru klaseen arteko botere-harremanak ordena politiko berri batean birdefinituz konpontzen da. Baina iraultza bat ez da zerutik erortzen. Beti sortzen da borondatezkoak ez diren baldintza objektibo batzuen ondorioz. Funtsezkoena: indarrean dagoen –eta Estatuaren gobernu-ahalmena hausten duen– ordena politikoaren krisia. Leninek honela laburbildu zuen: "Iraultzarako, nahitaezkoa da esplotatzaileek lehen bezala bizi eta gobernatu ezin izatea. ‘Behe-geruzek’ zaharra nahi ez dutenean eta ‘goiko geruzek’ antzinako moduari eutsi ezin diotenean, orduan bakarrik lor dezake Iraultzak arrakasta"[3].
Boterearen arazoa iraultza ororen funtsezko arazoa da, eta hiru klaseen arteko botere-harremanak ordena politiko berri batean birdefinituz konpontzen da. Baina iraultza bat ez da zerutik erortzen. Beti sortzen da borondatezkoak ez diren baldintza objektibo batzuen ondorioz
Krisi politikoak ezkutuan zegoen botere-harremana azaleratzen du. Eragile bakoitza argi eta garbi kokatzera behartzen duenez, masek esperientzia zuzena izan dezakete gertaera erabakigarrien aurrean klase bakoitzak duen jarreraren inguruan. Bake garaian, aukera hori galarazita dago, eta adierazpen zein maniobra bakoitzaren azpian dauden interesak argitzeko modu bakarra da propaganda eta heziketa pazientea dakartzan ariketa zorrotz bat. Propaganda horrek, gainera, proletario masaren gutxiengo bat baino ez du hezten. Krisi iraultzailearen momentu batean, ordea, proletarioak trumilka pasatu daitezke klase-posizio iraultzailera, eta, gainera, abiadura bizian –iraultzaren unean, asteak hamarkadaka zenbatzen dira–.
Baina, horretarako, bigarren baldintza bat behar da. Antolatutako borondate kolektiborik gabe, klase iraultzailearen interesak ordezkatzen dituen alderdirik gabe, masak burgesiaren eta burgesia txikiaren zuzendaritzapean eroriko dira, krisi iraultzailea ezertara iritsi aurretik itxiko da eta, azkenik, kapitalisten erregimen politikoa berrezarriko da, izan modu agerikoan zein makillatuta. Iraultza garaileak alderdi bat aldez aurretik prestatzea eskatzen du. Eta ez edozein alderdi, iraultzailea eta masa-izaerakoa baizik. Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrata –Lenin zen buruzagi garrantzitsuetako bat– masa-alderdi iraultzaile bihurtu zen 1910eko hamarkadan. Alderdi hori gabe, 1917ko urriko iraultza ezinezkoa izango zen.
Masa-alderdi iraultzaile eta kontziente batek soilik balia dezake gobernu-indarren krisi politikoa, eta hark bakarrik zuzen dezake proletariotza agertoki erradikalenerantz, gobernatzeko duen eskubideaz konbentzituz eta eskubide horren erabilera babestuko duen gehiengo erabakigarri bat konkistatuz. Hau da, alderdi proletarioak bakarrik eraman ditzake une iraultzailearen aukerak azken ondorioetaraino, Estatuaren aginte-krisia agintaritza politiko alternatibo baten eraketa bihurtuz; alegia, erregimen politiko berri bat eratuz. Leninen ustez, funtsezko arazoa ez datza gobernuko kideen edo alderdien aldaketan, Estatuaren formaren aldaketan baizik. Iraultzak, garaile izateko, Estatu berri bat ez ezik Estatu mota berri bat ere eratzea lortu behar du.
Leninen ustez, funtsezko arazoa ez datza gobernuko kideen edo alderdien aldaketan, Estatuaren formaren aldaketan baizik. Iraultzak, garaile izateko, Estatu berri bat ez ezik Estatu mota berri bat ere eratzea lortu behar du
1917ko otsailean, krisi politiko orokor bat piztu zen Errusian, eta tsarismoaren erorketa azkartu zuen horrek, Behin-behineko Gobernu bat ezarriz. Zabalik geratu zen eratuko zen Estatu motaren inguruko auzia, honako aukerekin: monarkiaren berrezarpen osoa, errepublika burges oligarkiko baten sorrera edo benetan demokratikoa izango zen nekazari- eta langile-errepublika baten eraketa. Behin-behineko Gobernuaren botereak –burgesiak eta burgesia txikiak osatuta eta babestuta– lehen bi aukeretako baten alde egiten zuen (hitzekin beti ez bazen ere, ekintzekin behintzat). Baina Behin-behineko Gobernua ez zen, garai hartan, agintaritza politiko bakarra. San Petersburgon, besteak beste, botere efektiboa langileen eta soldaduen sobieten diputatuen esku zegoen. Beraz, 1917ko otsailetik urrira bitartean, Errusian botere-dualtasuna nagusitu zen.
Leninek ikusi zuen botere-dualtasunak bi estatu moduren arteko lehia ordezkatzen zuela. Bi modu horien arteko desberdintasunean datza "arazoaren mamia"[4]. Armada, Polizia edo aparatu burokratikorik gabe, sobietek, de facto, botere guztia masa armatuen eskuetan kontzentratzea gorpuzten zuten. Leninek behin eta berriz errepikatu zuen: "Hori da guk behar dugun ‘Estatu’ mota!" [5]. Kontua zen, orduan, botere-dualtasunaren testuinguru berezi hori sobieten boterearen mesederako heltzea, Behin-behineko Gobernu burgesaren boterearen kalterako. Hori zen berrezarpenaren aukera deuseztatzeko bide bakarra: masa armatuen botereak bakarrik "babestu, sendotu eta garatu zezakeen iraultza"[6].
Behin-behineko Gobernuaren esku zegoen onartzea erregimen berriaren oinarria sobieten boterea izango zela. Hau da, bere legitimitatea tsarismoa eraitsi zuten masen botere matxinatuan oinarritzea. Baina Behin-behineko Gobernuak bere legitimitatea etorkizuneko Batzar Konstituziogile baten promesean oinarritu nahi zuen; batzar horretan, hiru alderdien arteko elkarrizketan erabaki behar zen Errusiarentzat Estatu mota egokiena zein zen (monarkia, oligarkia edo demokrazia). Errealitatean, aldiz, Parlamentuak ez zuen eskumenik "erabakitzeko", "aldarrikatzeko" edo "arautzeko" ea herria subiranoa zen ala ez; izan ere, herriak kalean konkistatu zuen bere subiranotasuna. Legalismo edo "instituzionalismo" burges txikiak kontrairaultzaren esku uzten zituen boterearen tresna materialak, iraultzaren konkistak blindatuko zituen etorkizuneko Konstituzioaren ilusioa tarteko. Leninek bazekien: iraultza amaieraraino eramanez bakarrik salba zitezkeen iraultza eta haren konkista guztiak; hau da, herriaren boterea eta subiranotasuna onartuz Estatuaren printzipio gidari modura. Bestela esanda: botere guztia sobietei ematea eta horiek Estatuaren oinarri bihurtzea zen bide kontsekuente bakarra.
1917ko otsailetik urrira bitarteko zenbait unetan, iraultzaren garapen baketsua aukera erreal bat izan zen. Horretarako, boterea borondatez aldatu behar zen Behin-behineko Gobernuaren eskuetatik Sobieten eskuetara. "Botere guztiaz jabetuz gero –zioen Leninek–, sobietek gaur egun ere ziurta lezakete (...) iraultzaren garapen baketsua, herriak bere diputatuak modu baketsuan hautatzeko aukera, sobieten barruko alderdien arteko borroka baketsua, alderdien programen kontrastatze praktikoa, boterea modu baketsuan pasatzea alderdi batetik bestera"[7]. Baina burgesia txikiaren alderdien esku zegoen bide hori egiteko aukera. Horiek Behin-behineko Gobernuaren barruan zeuden, burgesiaren alderdiarekin batera, eta gehiengoa ziren sobietetan, alderdi proletarioarekin batera. Alderdi proletarioa sobieten barruan gutxiengoa zen bitartean, arriskutsua zen Behin-behineko Gobernuan matxinada egitea.
Kontrairaultzak aurrera egin izanak (Uztaileko Jardunaldiak, Korniloven Kolpea…) behin betiko itxi zuen iraultzaren garapen baketsurako aukera. Alderdi proletarioak pazientziaz kritikatu zituen burgesiaren traizioa eta burgesia txikiaren inkontsekuentzia, eta bere gobernu-programa beste biei kontrajarri zien. Horri esker, gehiengo erabakigarria lortu zuen eta horrek ordura arte izan gabeko indarra eman zion. Iraultza haren hondoratze saihestezinetik salbatzeko, boterea sobieten esku egotera pasatu behar zen, Behin-behineko Gobernuaren borondatearen –ordurako gutxiengoa– aurka: matxinada puri-purian zegoen[8].
Mundua inarrosi zuten hamar egunetan, proletarioen alderdiak Behin-behineko Gobernua abolitu zuen. Gobernu-koalizio bat osatu zuen burgesia txikiaren ezker hegalarekin –ezkerreko eseristak–, eta Estatuaren oinarritzat aitortu zituzten Sobietak[9]. Zein dira Estatu mota horren printzipio nagusiak? Galdera horri erantzuteko, Leninek uste du lehenik beste honi erantzun behar zaiola: zein da Estatu mota bakoitzaren boterearen iturria?
Estatu parlamentario burgesean –edo Zuzenbide Estatuan–, legea da subiranotasunaren iturria. Hori botere legegilearen, botere betearazlearen eta botere judizialaren artean dago banatuta, eta elkarrekin blindatzen dituzte gutxiengo esplotatzailearen klase-interesak. Parlamentarismoaren printzipioak, botereen banaketa eta eskubide politikoen murrizketa (biltzeko, elkartzeko, adierazteko edo bozkatzeko eskubidea murriztea) dira burgesiaren Estatu oligarkikoaren beharrezko oskola. Erregimen parlamentario burgesean, legearen autoritateak gutxiengo horren jabetza babesten du, mugak jarriz proletariotzaren borondateari. Estatu parlamentario burgesa, funtsean, burgesiak proletariotzaren gainean duen diktadura da.
Errusian garatzen ari zen Estatuan, zeinak Parisko Komunaren ereduan hartu baitzuen inspirazioa, "boterearen iturria ez zegoen lege batean –aldez aurretik Parlamentuak eztabaidatu eta onartutakoa–, herri-masen behetik gorako iniziatiba zuzenean baizik"[10]. Zentzu horretan, Leninek dio "demokrazia" dela "gutxiengoa gehiengoaren menpe egotea onartzen duen Estatua, hau da, klase bat bestearen kontra indarkeria sistematikoa erabiltzera bultzatzen duen antolaketa bat"[11]. Funtsean, proletariotzak gutxiengo esplotatzailearen gainean duen diktadura iraultzailea da[12].
Hiru dira, funtsean, boterearen iturria gehiengo proletarioaren borondatean kokatzen duen Estatuaren printzipioak: ordezkaritza-erakundeak (parlamentarismoa deuseztatzea), botere guztia erakunde horietan biltzea (botereen banaketa eta aparatu burokratiko-militarra deuseztatzea) eta herritar guztien berdintasun politiko-soziala (funtzio publikoetarako sarbide pribilegiatua deuseztatzea, eskubide politikoak mugatu beharrean).
Jaiotzen ari zen demokrazia berriaz honakoa zioen Leninek: "demokrazia izateari uzten dio; izan ere, demokraziak herriaren mendekotasuna dakar, eta herri armatuak berak ezin du bere burua menderatu"[14]. Estatua Estatu izateari uzten ari zen. Baina hori ez zen gertatzen desagertzen ari zirelako erabakiak hartzeko mekanismo kolektiboak, taldeak alderdikoiak edo gutxiengoaren iritzia gehiengoaren iritziaren mende jartzeko prozeduren beharra. Desagertzen ari zena, ostera, erakunde publikoen funtzio errepresiboa zen; izan ere, gizartearen alderdi guztiek bidera zitzaketen beren borondatea eta interesak legez ezarritako bideetatik.
Gutxiengoa gehiengoaren menpe dagoela onartzen duen Estatua ez da sozialismoa eraikitzeko bitarteko posible bat, prozesu horren beharrezko forma politikoa baizik: ekoizpen-bitartekoen kontrol kolektiboa ahalbidetzen duen Estatu mota da. Gehiengo proletarioak gobernatzen duen Estatua "demokratismoaren fase bat da, eta gizarte burgesaren esparrutik ateratzen da. Estatuaren eraldaketa sozialistaren hasiera da. Guztiek benetan esku hartzen badute Estatuaren zuzendaritzan, kapitalismoa ezingo da gehiago sostengatu"[15].
ERREFERENTZIAK
[1] Lenin, V., “¿Qué hacer?”, Marxists.org, 1902.
[2] Lenin, V., Entre dos revoluciones, Siglo XXI, 2017, Madril, 59. orr.
[3] Lenin, V., La enfermedad infantil del izquierdismo en el comunismo, Ediciones Akal, Madril, 2021, 100. orri.
[4,5,6,7] Lenin, V., Entre dos revoluciones, Siglo XXI, 2017, Madril, 72. orr.
[8] Lenin, V., “El marxismo y la insurrección”, Marxists.org, 1917.
[9] Lehen gobernu sovietarrari buruz, ikus Douds, Lara, Inside Lenin´s Government. Ideology, Power and Practice in the Early Soviet State, Bloomsbury Academic, London, 2018.
[10] Lenin, V., Entre dos revoluciones, Siglo XXI, 2017, Madril, 72. orr.
[11] Lenin, V., “El estado y la revolución”, Marxists.org, 1917.
[12] Demokraziaren eta zuzenbidezko estatu burgesaren arteko antagonismoa ere beti aipatu izan dute iraultzaren etsaiek. Ikus, adibidez, Schmitt, Carl, Teoría de la constitución, Alianza Editorial, Madril, 2024. Arendt, Hannah, Sobre la revolución, Alianza Editorial, Madril, 2013.
[13] Lenin, V., “El estado y la revolución”, Marxists.org, 1917.
[14] Lenin, V., Entre dos revoluciones, Siglo XXI, 2017, Madril, 105. orr.
[15] Lenin, V., “El estado y la revolución”, Marxists.org, 1917.
HEMEN ARGITARATUA