ARAZO BAT
Sarritan, teoria eta proposamen politikoak baztertu egiten dira gaur egun horiek formulatu ziren garaiarekiko egoera desberdinean gaudela azpimarratuz. Hala ere, askotan, ezberdintasunaren onarpena errealitatearen ezjakintasunean oinarritzen da; eta ez nahitaez iraganeko errealitateari buruzkoan, baizik eta baita orainaldikoari buruzko esperientzian ere, zeina iragana aztertu eta ulertzeko aukera ematen digun funtsezko esperientzia baita.
Leninen teoria ez dago arrisku horretatik salbuetsita. Garaiak aldatu direla esatea da bide erraza. Zailena garai horien ezaugarriak ematea da. Inperialismoaren teoria leninista aldarrikatu izan da, hain zuzen ere, hari dagokionez zahar geratu dena defendatuz: interpretazio aldebakarrekoa eta abstraktua. Kontrara, teoria hori kritikatu egin da, zaharkituta ez dagoena zaharkitu bilakatuz. Eta, hala ere, esan dezakegu ezer ez dela zaharra teoria horretan; izan ere, denboraren poderioz zaharkituta egongo balitz, teoria osoa egongo litzateke zaharkituta. Zaharkituta daudenak, ordea, interpretazio jakin batzuk dira, nahiz eta orain dela gutxi eginak izan. Hura babesten dutenek zatietako bat zaharkitu bilakatzen dute, modu partzial eta aldebakarrean defendatzen baitute, osotasuna baliaezin bihurtuz. Hura kritikatzen dutenek osorik iraungi nahi dute.
Nire ustez, inperialismoaren teoria leninistari buruzko eztabaidaren funtsezko elementua garai inperialistako monopolioaren ezaugarrietan eta haren benetako edukian datza. Leninek defendatutako teoria inperialista eta haren zentzu politikoa salbatu ahal izateko, funtsezkoa da Leninek inperialismoari buruz idatzitako testuen izaera eta haren garaiarekin duten harreman estua ulertzea.
Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena lana 1917an idatzi zen, Mundu Gerrako egoera batean, non potentzia handiak munduaren banaketagatik ari ziren lehian. Monopolioa funtsezko kategoria zen lehian zeuden bloke handien osaera ulertzeko, eta haren argazki erdiestatiko bat egiteak aukera eman zuen botere burgesaren esentzia identifikatzeko (botere burgesa milioika gizakiren bizitzak erabat kontrolatzen zituen botere gisa ulertuta). Halako egoera batean kapitalismoaren aurreko fase bateko –merkataritza-fasea– lege ekonomikoak desaktibatzeko gaitasuna zuen botere absolutu gisa identifikatzen zen monopolioa, eta horrek lotura estua zuen unean nagusi zen egoerarekin, hau da, mundu mailako krisiarekin eta sarraski-gerrarekin, eta premiaz erantzuten zion egin beharreko lan politikoari: burgesiaren eta haren estatuen aurkako erabateko gerra zibila.
"Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena" lana 1917an idatzi zen, Mundu Gerrako egoera batean, non potentzia handiak munduaren banaketagatik ari ziren lehian. Monopolioa funtsezko kategoria zen lehian zeuden bloke handien osaera ulertzeko, eta haren argazki erdiestatiko bat egiteak aukera eman zuen botere burgesaren esentzia identifikatzeko (botere burgesa milioika gizakiren bizitzak erabat kontrolatzen zituen botere gisa ulertuta)
Baieztapen batzuen arabera, kapitalismoaren fase gorenarekin behin betiko ezabatzen da balioaren legea, monopolioa baita prezioen eraketa ia kontzienteki zehazten duena –kontrako baieztapenak ere egiten dira, ordea: monopolioa merkatuarekin eta lehiarekin batera bizi dela, eta, beraz, Lenini politika pentsatzeko aukera ematen dion aldi baterako egoera abstraktua besterik ez dela–; hala ere, horiei ezin zaie erantzun alde batera utziz joera monopolistak eta geopolitika kapitalistak gero eta pisu handiagoa dutela prezioen gaineko eta milioika proletarioren bizitzaren gaineko mundu mailako kontrolean. Zentzu horretan, ezin da baztertu Leninen teoriaren balioa, zalantzarik gabe egoki interpretatzen baitu bizi garen garaietako berezitasuna eta Marxek berak Kapitalean deskribatzen eta frogatzen duen monopoliorako joera etengabea. Are gehiago, nahiz eta lehiak monopolioa sortu eta monopolioak lehia –funtsezkoa Marxen teorian, baina baita Leninen teoria inperialistan ere–, ezin dira joera abstraktu gisa berdindu; izan ere, monopoliorako joera da benetan nagusi ikuspuntu politiko batetik, eta funtsezkoa gerraren krisia eta irekiera iraultzailerako aukerak ulertzeko. Azken finean, krisiak monopolioen arteko lehia gisa egiten du eztanda. Leninek monopolio horiek deskribatu zituen eta kapital finantzario gisa ezaugarritu, zeina banku-kapitalaren eta kapital industrialaren bat egitearen eta Kapitalak estatu kapitalistaren egiturekin ehundutako sareen emaitza den. Azken gai horrek berebiziko garrantzia du, Kapitala ez baita mugimendu ekonomiko abstraktua, botere ekonomiko eta politikoa baizik, proletariotza estatuaren indarkeriaren bidez menderatzea.
Aurrez aurre dugun arazoa, beraz, monopolioa –zentzu leninistan– kapital-harremanean nagusi den joera gisa aldarrikatzea da, zeinak aukera ematen baitigu borrokan ari diren talde geopolitiko handiak identifikatzeko, eta, batez ere, haiek burges gisa eta haien gerrak inperialista gisa identifikatzeko. Azken batean, arazoa Leninen teoria politikoa akademiako analisi zientifikoetatik berreskuratzean datza.
INPERIALISMOAREN OINARRI EKONOMIKOA
Leninen ikuspegiaren arabera, ekoizpen-prozesuen gaineko kontrol monopolikoa ezartzeko gaitasunean datza inperialismoaren oinarri ekonomikoa. Haren testuinguruan, kontrol hori gerraren bidez konkistatutako lurraldeen gestio politikoa bereganatuz ezartzen zen, hau da, potentzia kapitalistek kolonia bihurtutako lurraldeak banatuz. Kontrola, zentzu horretan, erabat politikoa da. Hori egitura ekonomikoan ere islatzen da; edo, hobeto esanda, egitura ekonomikoa da botere politikoa gauzatzeko modua azaltzen duen oinarria. Leninen garaiaren ezaugarri nagusia kapital-metaketa eta zentralizazio prozesu handiak dira, zentzu guztietan. Gehien nabarmentzen dena ekoizpen-zentro erraldoien eraikuntza da, fabrika handiena, non kapital espezifikoek salgai jakin baten ekoizpen-prozesu osoa kontrolatzen zuten fase guztietan. Botere politikoa ez da soilik burges talde jakin batzuek beren produkzio-guneetan konfinatutako proletarioen gainean duten erabateko nagusitasun gisa ezaugarritzen; baita burges horiek errealitatearen eta naturaren legeen gainean duten erabateko nagusitasun gisa ere, gutxi gorabehera kontzienteki kontrolatzen baitute zenbait merkantziaren ekoizpena. Talde batzuk, hala nola kartelak edo trustak, burgesiak errealitatearen gaineko kontrol monopolikoa ezartzeko gauzatzen dituen bat-egite kontzienteak dira.
Leninen garaiaren ezaugarri nagusia kapital-metaketa eta zentralizazio prozesu handiak dira, zentzu guztietan. Gehien nabarmentzen dena ekoizpen-zentro erraldoien eraikuntza da, fabrika handiena, non kapital espezifikoek salgai jakin baten ekoizpen-prozesu osoa kontrolatzen zuten fase guztietan. Botere politikoa ez da soilik burges talde jakin batzuek beren produkzio-guneetan konfinatutako proletarioen gainean duten erabateko nagusitasun gisa ezaugarritzen; baita burges horiek errealitatearen eta naturaren legeen gainean duten erabateko nagusitasun gisa ere, gutxi gorabehera kontzienteki kontrolatzen baitute zenbait merkantziaren ekoizpena
Garai hauetan, neurri batean, despertsonifikatu egin da lantokiko menderakuntza burgesa. Orain beste figura sozial batzuk dira proletalgoaren gaineko kontrol immediatoa ezartzen dutenak; burgesiaren bitartekariak dira, soldatapeko lanaren formara subsumituak, klase-antagonismoaren banaketa-lerroa salbatzea helburu dutenak, nola eta proletalgoa diziplinatzearen funtzio burgesa proletarioari berari irekitako lanpostu bihurtuz, eskubide formalari dagokionez behintzat.
Hala ere, inperialismoaren oinarri ekonomikoak berbera izaten jarraitzen du; haren forma politikoa da aldatzen dena. Ez, ordea, haren bultzada politikoa: gerra eta konkista. Funtsean, gauza bera da: prozesu ekonomikoen kontrol monopolikoa eta despotikoa, diktadura politikoaren mekanismoaren bidez ezarria. Eta haren bitartekorik funtsezkoena ere ez da aldatu. Gerra, lurraldeen konkista militarra eta periferiako herrialdeen gaineko menderakuntza politikoa (gobernu txotxongiloak ezartzearen bidezkoa) dira garai inperialista batean soldatapeko lanaren esplotazio-prozesu ekonomikoen gaineko menderakuntza burgesaren adierazpen politiko funtsezkoenak.
Forma politikoa, ordea, jada ez da nagusiki kolonialista. Orain, konkistek demokrazia, hauteskunde burgesak eta hautagai autoktonoak esportatzen dituzte. Menderakuntzaren oinarria ez da horrenbeste ekoizpen-prozesuaren kontrol immediatoa ezartzea, baizik eta ekoizpen-prozesu hori Kapitalaren modu garatuenaren bidez kontrolatzea, hau da, kapital finantzarioaren bidez, zeinak ekoizpen-prozesuen gaineko kontrol ekonomikoa gauzatzen baitu diruzko kapitalaren gaineko jabetza pribatuan oinarrituta. Orain kapitalaren gaineko partaidetza-tituluak erosten dira, eta bankuek baldintzak ezartzen dizkiete aldez aurretik haiek beraiek suntsitutako herrialdeei ematen dizkieten kredituei.
Baina, egia esan, hori guztia Leninen teorian eta kapital finantzarioari buruzko azterketan aurkitzen da, nahiz eta oraindik kapital finantzarioaren menderakuntza guztiz hedatu aurreko inperialismoforma iragankorrekin nahastuta ageri den. Haren teorian dagoeneko aurreikusita zegoen gaur egun ezagutzen dugun garapena; izan ere, gertatzen ari zen. Azken finean, inperialismoaren azterketaren funtsa –inperialismoa kapitalismoaren fase goren gisa ulertuta– menderakuntza kapitalistak munduaren gainean zuen forma politikoa eguneratzea zen: kolonialismoaren gaindipena eta menderakuntza politikoaren egokitzapena kapitalaren fase ekonomiko berrira (monopolioaren fasea).
Menderakuntza-forman izan diren aldaketak, hain zuzen ere, Leninen garaitik aldatu den horren ondorioa dira; hala ere, berritasun horiek jada txertatuta zeuden Leninen teorian, hain justu menderakuntza politikorako forma zehatzak oraindik erabat hedatu ez zituen garapen-joera gisa. Berria den hori eredu produktibo kapitalista da, eta, egun, ez da oinarritzen ekoizpen-kate osoaren gaineko kontrol immediatoan –zentzu fisikoan–, baizik eta kapital finantzarioaren forma garatuenaren bidezko menderakuntzan. Horrek esan nahi du konkistek jada ez dutela ageriko presentzia iraunkorrik behar lurraldean, baizik eta haien helburua herrialde menderatuetan mendekotasun ekonomiko erreala sortzea dela. Mendekotasun horiek azpiratze politikoaren bidez berritzen dira, eta, aldi berean, azpiratze politikoa berritzen dute. Eta hori posible da kapital finantzarioaren menderatze-modua jada ez delako soilik herrialdeen artean gertatzen, baizik eta baita ekoizpen-prozesuaren barruan ere.
INPERIALISMOAREN OINARRI SOZIALA
Aldatzen ez direnak ondorio sozialak eta garai inperialistak klase-konposizioari eta klase-borrokari dagokionez dituen espezifikotasun politikoa dira. Leninek jada ohartarazi zuen ezen, herrialde inperialistetan, herrialde txiroetako proletarioek sortutako gainbalioaren espoliazioak baimenduta, geruza pribilegiatu bat sortu zela langile-klasearen baitan, botere burgesaren oinarri sozial eta koltxoi gisa jarduten zuena.
Gainera, esan dezakegu langile-aristokrazia ez dela soilik burgesiaren boterearentzako babesa: langile-aristokrazia, langile-klasearen geruza pribilegiatua, botere burgesa da proletalgoaren barnean. Eta ez bakarrik soldataren forman proletalgoak sortutako gainbalioaren zati bat bereganatzen duelako, baizik eta, era berean, langile-klasearen baitan geruza txiroenarekiko (proletalgoa) barnebereizketa sortuz diziplina sozialaren funtzio politikoa betetzen duelako, bai estamentu pribilegiatu gisa existitze hutsagatik, baina baita kontzienteki ere: bloke politiko bereizi gisa antolatzen da sozialdemokrazian eta erreformismoan; proletario migratzailearen aurka jarduteko antolatzen da; estatu burgesaren egituretan betikotzen da eta haiek ia osorik beretzen ditu; politikarekin bat egiten du eta berak langile-klasearen estamentu pribilegiatu gisa duen existentzia-formara egokitzen du... Langile-aristokraziak, erdi-mailako klase gisa eratuta, burgesiak berak ordezkatu ezin dituen balio burges guztiak ordezkatzen ditu, eta balio horiek gizarte osoaren balio gisa sozializatzea ahalbidetzen du, burgesia monopolista jada balio kolektibo eta sozial ororen aurkako estamentu atzemanezin gisa existitzen den egoera batean.
Langile-aristokrazia (...) botere burgesa da proletalgoaren barnean. Eta ez bakarrik soldataren forman proletalgoak sortutako gainbalioaren zati bat bereganatzen duelako, baizik eta, era berean, langile-klasearen baitan geruza txiroenarekiko barne-bereizketa sortuz diziplina sozialaren funtzio politikoa betetzen duelako, bai estamentu pribilegiatu gisa existitze hutsagatik, baina baita kontzienteki ere
Periferiako herrialdeei atzemandako altxorren ondorioz Ingalaterrako proletalgoak izan zuen burgeste-prozesua izan zuten mintzagai Marxek eta Engelsek. Leninek langile-aristokraziaren ideologia burges txikiaz hitz egin zuen, edo, besterik gabe, langile-aristokrazia burges txiki gisa identifikatu zuen haren ideologiagatik. Marxismoaren kategoria-aparatuek klaseen analisiari eta klase-borrokari eta haren dinamismoari dagokienez duten aberastasuna infinituki handiagoa da alderdi burgesena baino, eta, bereziki, sozialdemokraziarena baino, azkeneko horrek ez baitu ulertzen burgesiaren aginduetara dagoen diziplinatze-figura sozial gisa jardun dezakeenik langile batek, edo hura burges txiki bat izan daitekeenik haren ideologiagatik. Klase-borrokaren elementu politikoa, borrokatzen den proletalgoaren duintasuna, klasea osatzen duten elementuak dira zentzu marxistan, klasea ez baita dagoena, baizik eta zer egiten duen, zer ekoizten duen eta zer joera duen borroka iraultzailerako.
Klase-borrokaren analisi marxistaren ezinbesteko irakaspena da Leninek langile-aristokraziari buruz egindako azterketa, hau da, hura potentzia zentralen baitan sortzen den inperialismoaren produktu berri gisa aztertu izana. Gainera, bat dator inperialismoa fase terminal gisa hartzen duen azterketarekin: gizarte kapitalistaren kolapsoa, haren usteltzea, burgesiak gizartearen eta haren balio positiboen ordezkari gisa jarduteko duen ezintasunean adierazten da; horregatik, beharrezkoa da erdi-mailako klaseak haren ordez jardutea, gizarte kapitalistaren bizitasuna sinbolizatzea eta nazioaren, kulturaren eta demokraziaren oinarrizko printzipioak ordezkatzea. Hala ere, gizarte kapitalista hausten den neurri berean hautsi behar du klase horrek, bera baita gizarte kapitalista.
Gizarte kapitalistaren kolapsoa, haren usteltzea, burgesiak gizartearen eta haren balio positiboen ordezkari gisa jarduteko duen ezintasunean adierazten da; horregatik, beharrezkoa da erdi-mailako klaseak haren ordez jardutea, gizarte kapitalistaren bizitasuna sinbolizatzea eta nazioaren, kulturaren eta demokraziaren oinarrizko printzipioak ordezkatzea. Hala ere, gizarte kapitalista hausten den neurri berean hautsi behar du klase horrek, bera baita gizarte kapitalista
MONOPOLIOA BOTERE BURGESAREN TEORIA POLITIKO GISA
Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena liburuxkaren zati handi bat monopolioak sortzeko kapitalismoak duen joera ekonomikoa datu bidez azaltzera bideratuta dago. Leninek monopolioa inperialismoaren oinarri ekonomiko gisa identifikatu zuen. Monopolio horrek, monopolio izateagatik, geldialdia eta deskonposizioa dakartza berekin, haren printzipio gidaria ez baita ekoizpen-indar kapitalisten garapena, lukurreria eta errentaren erauzpena baizik. Prozesu hori kapital finantzarioaren eraketaren bidez gertatzen da –diruzko kapitalaren eta kapital industrialaren arteko fusioaren emaitza–, zeinaren erdigune nagusia banku monopolistak baitira. Horiek dira kapitalen esportazioaren bidez gainbalioaren ekoizpen-prozesuaren kontrola hartzen dutenak eta etekin errentistak ateratzeko helburuarekin monopolizatzen dutenak.
Baina prozesu horren berme bakarra indarra da. Inperialismoak berekin dakar izugarri handitzea bultzada belikoa, desjabetze errentistaren oinarrian dagoen menderakuntza politikoa bermatzeko. Era berean, oinarri sozial bat eskatzen du, bultzada beliko inperialistari bermeak emango dizkiona eta hura justifikatuko duena haren produktu positiboa izateagatik. Azken batean, analisi ekonomikoaren babespean, kapitalismoaren fase gorenean sortutako baldintza politiko berriak eta haiek estrategia iraultzaileari zegokionez zekartzaten ondorioak aztertu zituen Leninek, garaiko beste idazki batzuetan garatu zuen moduan. Baldintza horiek honako hauek dira: 1) krisi kapitalista eta bultzada belikoa, eta 2) langile-aristokrazia iraultza-krisia saihesten duen itsasgarri sozial gisa. Horietatik klase-independentziaren kontzeptu bat eratortzen da, klase independentziak hartzen duen forma zehatzean sostengatua: proletalgoaren diktaduran.
(...) kapitalismoaren fase gorenean sortutako baldintza politiko berriak eta haiek estrategia iraultzaileari zegokionez zekartzaten ondorioak aztertu zituen Leninek, garaiko beste idazki batzuetan garatu zuen moduan. Baldintza horiek honako hauek dira: 1) krisi kapitalista eta bultzada belikoa, eta 2) langile-aristokrazia iraultza-krisia saihesten duen itsasgarri sozial gisa. Horietatik klase-independentziaren kontzeptu bat eratortzen da, klase-independentziak hartzen duen forma zehatzean sostengatua: proletalgoaren diktaduran
Burgesiaren botere politikoaren oinarria aztertzeko oinarritzen du bere analisia monopolioaren nagusitasunean, burgesia bera botere-bloketan nola eratzen den aztertzeko. Hala ere, monopolioa ez dago lehiatik salbuetsita. Leninek berak dio lehia orokorreko testuinguru batean garatzen dela, eta, are gehiago, lehia hori ez dela joko ekonomiko soil batera mugatzen, baizik eta monopolioen arteko borroka politikoa eta gerra inperialista dakartzala.
Monopolioaren teoria leninistak, beraz, aukera ematen digu politikan pentsatzeko menderakuntza burgesaren garapen aurreratuenaren –eta azkenekoaren– testuinguruan. Monopolioari botere burgesaren garapen-fasearen gailur gisa esleitutako ezaugarri politikoak dagoeneko agertzen ziren Kapitalaren faserik goiztiarrenetan. Izan ere, Kapitala ez da modu abstraktuan garatzen garapen ekonomiko inpertsonal baten ondorioz, baizik eta norabidez garatzen da, era konkretuan, zentzu bakarrarekin: burgesiak proletalgoaren gainean ezartzen duen botere politikoa garatzea, proletalgoa menderatzea. Beraz, monopolioari esleitutako botere absolutuak, termino politikoetan, botere diktatorialak dira. Monopolioa, menderakuntza absoluturako joera, diktaduraren kontzeptuari dagokio.
Monopolioari esleitutako botere absolutuak, termino politikoetan, botere diktatorialak dira. Monopolioa, menderakuntza absoluturako joera, diktaduraren kontzeptuari dagokio
Izan ere, soilik diktaduraren eta botere despotikoaren metaketaren terminoetan pentsatzen badugu kontzebitu dezakegu teoria politiko bat. Horrek proletalgoari ere eragiten dio. Proletalgoaren diktadura ez da baliabide literario moduko bat, politika eta klase-borroka ulertzeko modu bakarra baizik. Leninek berak esan zuen: marxista ez da klase-borroka onartzen duena; "marxista da klase-borrokaren onarpena proletalgoaren diktaduraren onarpenera hedatzen duena".
Monopolioak antzeko lekua du Leninen inperialismoaren teorian. Burgesiaren hainbat alderdik boterea metatzeko, elkarren artean lehiatzeko eta lehia horrek gerra inperialistan garatzeko duten joera funtsezko elementuak dira bizi garen errealitatea ulertzeko. Monopolioaren teoria botere politiko burgesaren teoria da, haren mugen eta gure aukeren teoria. Ultrainperialismoaren teoria kautskiarraren guztiz kontrakoa da, hark antagonismo politikoa eta klase-antagonismoa mundu mailako garapen harmoniatsu moduko batean diluitzen baititu; izan ere, ultrainperialismoa indarkeriaren bidez garatu badaiteke ere, indarkeria hori bere forma politikotik, klase borrokatik, erabat gabetua agertzen da.
Zalantzarik gabe, aldarrikatzen dugun Lenin da Lenin posible bakarra: burgesiaren aurka hiltzeraino borrokatu zena arlo guztietan. Errebisionismoari eta oportunismoari tarterik txikiena ere uzten ez ziena. Eta gaur hizpide dugun gaian, proletalgoaren diktadurari forma zehatza eman zion Lenin aldarrikatzen dugu: burgesiaren aurkako borrokan, gerra zibila egitera deituz; eta Lehen Mundu Gerran beren bloke inperialistaren alde agertuz proletalgoaren kausa internazionalari traizio egin ziotenen kontrako borrokan, haiekin hautsi eta klase-independentzia birkonkistatzera deituz.
HEMEN ARGITARATUA