Komunismoaren izaera internazionala halabeharrezkotasun pisutsu bat bailitzan eta kausa-efektua alderantzikatuta aurkeztu da sarri: etsaia mundu mailan antolatuta dago eta, ondorioz, guk ere hala behar dugu. Askatasunaren lurraldea eraikiko duen mugimendu politikoak, baina, printzipio askatzaileagoetan formulatu beharko luke bere egitekoa. Horrek ez du esan nahi gure praktikaren izaera objektiboa aztertu eta ezagutu behar ez dugunik; jakin badakigu gure gaitasunen eta aukeren ezagutza dela komunistontzat askatasunaren printzipioa definitzen duena. Alabaina, gure antolakuntza maila etsaiarenean sostengatzen dugunean, hau ahazten ari gara: etsaiak ere gure gaitasunen arabera moldatzen duela bere antolakuntza maila eta gure nahiei aurre egiteko antolatzen dela.
Nahi horiek balioan jartzea garrantzitsua da, etsaiaren nahiek irentsi ez gaitzaten. Gure pobreziak gure konbikzio komunista baldintzatu eta azaldu dezake akaso, baina ez du inondik inora ere justifikatzen. Beste zerbait ere izan gintezke, baina komunistak izatea erabaki dugu. Proletarizazio prozesuak berak ez du komunismoaren etorrera justifikatzen –aukerak zabaltzen ditu, hau da, askatasunaren printzipioa argitu egiten du–; komunismoa gure obra handia izan behar da, ez etsaiarena.
Gure pobreziak gure konbikzio komunista baldintzatu eta azaldu dezake akaso, baina ez du inondik inora ere justifikatzen. Beste zerbait ere izan gintezke, baina komunistak izatea erabaki dugu
Ezbairik gabe konplexua da beharra eta nahiaren arteko harremana. Esaten digute ezin dugula nahi dugun guztia egin, baina, ezingo balitz egin, ez genuke nahiko. Egingarri den guztia ez da desiragarri. Beharra borondatez gauzatu beharreko prozesua da, borondate horren forma determinatzen duena. Eta borondateaz ari garenean, jakina, antolakuntzaz ari gara, eta antolakuntza horrek bere helburuak konkistatzeko hartu beharreko formaz.
Horregatik, zaila da hasieran aipatutako pentsamendu ziklikotik harago pentsatzea. Etsaia internazionalki antolatuta dagoelako antolatu behar gara hala gu ere; baina hori baino gehiago, etsaia internazionalki antolatuta dago proletalgoa eta komunismorako aukerak ere internazionalak direlako. Eta gure nahia hauxe da: askatasun unibertsala konkistatzea, zapalkuntza forma oro gainditzea eta gure bizitza beste modu batean antolatzea. Eta aukera hori gizaki guztiei eskaintzea. Eta orain posible dugu.
Posible dugu, kapitalismoaren garapenarekin batera ate hori ireki delako. Baina garapen hori ez dugu modu instrumental batean ulertu behar. Garapena ez da eskura ditugun bitarteko materialen aniztasun oparoa, ezta horien gaitasunen handitze soila ere. Soldatapeko lanaren abolizioa ez datza makinek gure ordez lan egitean; hala balitz, makinena litzateke mundua eta horrek ez luke inondik inora proletalgoaren askatasuna ekarriko.
Kapitalismoak ez ditu bitarteko fisiko soilak sortzen eta garatzen. Kapitalismoak giza-harremanak garatzen ditu, ekoizpen-harremanak edota ekoizpen-indarrak, eta horrek irekitzen du bere gaindipenerako aukera. Aukera hori ez datza indar mekanikoen garapenean, gizateriaren garapen determinatu batean baizik. Eta maila internazionalean gertatzen da hori.
Gure proiekturako baldintza ez da soilik etsaiak modu kontzientean hartutako antolakuntza-eskala, hau da, etsaiaren gaitasun politikoa, kapital-harremanaren garapenarekin batera sortutako gizatasun berri hori baizik –proletalgoa–, oraino modu miserablean garatu dena baina miseria horretan aurkitzen duena askatasun unibertsalerako aukera.
Gure proiekturako baldintza ez da soilik etsaiak modu kontzientean hartutako antolakuntza-eskala, hau da, etsaiaren gaitasun politikoa, kapital-harremanaren garapenarekin batera sortutako gizatasun berri hori baizik –proletalgoa–
Proletalgoa, gizarte kapitalistaren produktua, gizatasunaren etorkizuna berma dezakeen klase sozial bakarra da eta horren aukerak bere baitan aurkitzen ditu. Izan ere, gizatasun unibertsalerako aukera berekin jaiotzen da; klase internazionala delako, baina, bereziki, internazionalismoa eta batasun sozialaren ulerkera berekin jaiotzen delako, lehenengo aldiz lortzen duelako proletalgoak gizateriaren parte handi bat gizarte berdinaren parte izatea, interes komunekin eta gehiengo zabalaren hoberako izan daitezkeen interesekin. Horretan datza bere gizatasuna eta bere eraikuntza positiboa.
Indar positibo hori erabat neutralizatzen da proletalgoa nazio-estrategia desberdinen arabera antolatzen denean. Izan ere, nazionalismoak proletalgoaren kontzeptuaren aurka egiten du; bere funtzio politikoa –kapitalismoaren gaindipena– desitxuratzen du, bere unibertsaltasuna ukatuz, eta metaketa kapitalista nazionalaren aldeko borrokara lerratzen du proletalgoa.
Alta, proletalgoaren askapena eta gizarte kapitalistaren gaindipena baditugu helburu –biak ala biak dira eraikuntza komunistaren produktu–, antolakuntza inplikazio zuzenak ditu horrek. Etsaia internazionalki antolatuta dago, bai, baina proletalgoa munduko txoko guztietan aurkitu dezakegulako da hori. Eta leku guztietan egote horrek, egotea baino gehiago, egitea dakar: proletalgoak funtzio sozial bat du klase gisa, eta soilik klase bat den heinean –eta ez norbanakoen multzo abstraktu bat– ebatzi daiteke proletalgoaren funtzio soziala gainbalioaren eta kapital-harremanaren ekoizle gisa. Funtzio horrek egiten du bere batasun politikoa ezinbesteko, funtzio hori bera gainditu ahal izateko.
Sarri alderantziz aurkezten den arren, soilik komunismoaren aukerak eta proletalgoaren izaera internazionalak egiten dute posible gizarte kapitalistaren gaindipena; erorketarako joera mekaniko batekin ez da nahiko, ehorzleak eta subjektibitate modu bat ere ekoiztu behar ditu errealitate sozialak, borondatearen eta proiektu politikoaren forma hartzen duena.
Sarri alderantziz aurkezten den arren, soilik komunismoaren aukerak eta proletalgoaren izaera internazionalak egiten dute posible gizarte kapitalistaren gaindipena; erorketarako joera mekaniko batekin ez da nahiko
Mugimendu komunistaren XX. mendeko esperientzietan, horren adibide nahikoa dugu. Boltxebikeentzat internazionalismoa ez zen etsaiak inposatutako antolakuntza marko soila. Alemaniako iraultza, esate baterako, ez zen Errusiako iraultza sozialista indartzeko baliabide subordinatu bat. Kontrara, Errusiako iraultzak Alemanian iraultza piztea eta egonkortzea zuen helburu.
Kolonietako askapen borrokak edo antikolonialismoa ez ziren herrialdeotan komunismoa posible egingo zuen garapen «ekonomikoa» bermatzeko baliabide soila. Herrialde zapalduen askapena, testuinguru horretan, komunisten behar etikoa zen eta komunismoak hori esan nahi zuen.
Errusiako iraultza bera ez zen posible izango «baldintzen» aurrean makurtzen ez den askapenaren etika komunistarik gabe. Mentxebikeen azterketa ekonomikoaren arabera, ez zegoen baldintzarik iraultza abiarazteko; beharrezkoa zen Errusian kapitalismoaren berezko garapen bat izatea. Boltxebikeek erakutsi zuten, aldiz, errealitate ekonomikoa aztertzea ez dela zientzia ekonomiko kapitalistan bezala azterketa instrumental bat gauzatzea, harreman sozialen eta proletalgoaren gaitasun politikoen azterketa egitea baizik.
Zentzu horretan, proletalgoaren proiektu askatzailea, komunismoa, ez da gauzen uneko egoeraren ukazio soila, nahiz eta modu horretan adierazten den klase antagonikoen arteko borroka. Positiboki irudika genezakeen errealitate berri bat ere bada, eta nahiaren eta borondatezko militantzia politikoaren bidez adieraz dezakeguna bereziki.
Proletalgoaren proiektu askatzailea, komunismoa, ez da gauzen uneko egoeraren ukazio soila, nahiz eta modu horretan adierazten den klase antagonikoen arteko borroka. Positiboki irudika genezakeen errealitate berri bat ere bada, eta nahiaren eta borondatezko militantzia politikoaren bidez adieraz dezakeguna bereziki
Hori izan da iraultzaile komunisten handitasuna: proletalgoaren askapena gauzatu nahia, aurkitzen den lekuan aurkitzen dela. Eta nahi hori ikur bat eta bakarrarekin adierazi zuten, gurea ere baden ikurra: bandera gorri bat, komuniston bandera.
HEMEN ARGITARATUA