Klase-borrokaren egungo tentsio eta potentzialitateen analisiak helburu izan behar du bere garapenean jauzi kualitatibo bat gauzatzeko beharrezko mediazioak identifikatzea. Bestela esanda: komunistek klase borrokari haren amaiera iraultzailearen ikuspegitik egiten diote aurre. Helburu horretatik bereizita, analisi oro kontenplazio forma soil bihurtzen da, ustez kanpokoa den objektu baten kontenplazio, soziologia akademikoak egiten dituzten saiakeretan gertatzen den eran.
Gutxik egin dezake egungo koiunturaren izaera tragikoaz zalantza, hitzaren zentzu hertsienean. Lehen begirada batean, kapitalismoaren erabateko krisi baten aurrean gaudela dirudi –kapitalismoa gure harreman sozial guztien multzo bezala ulertuta–. Hala ere, krisi horrek ez dakar berekin kapitalaren gainbehera politikoki antolatzeko gai den subjektu politiko baten existentzia. Errealitate horren aurrean, badago kapitalismoa era automatiko eta saihestezin batean eroriko delako ameskerietan galtzen denik, langile-klasearen agentzia iraultzailearen mediazioaren inolako beharrik izango ez lukeen amiltze baten ameskerian, hain zuzen. Beste batzuek, kontrara, nahiago dute orainaldiaren baldintza objektiboetatik bereizitako borondate iraultzaile abstraktu bati dei egin.
Zorrotz analizatuta, bi ikuspegi horiek berdin dira abstraktuak. Oinarrian duten akatsa bera da: elkarrengandik bereizten dituzte kapitalismoaren dinamikak eta klase-borrokaren garapena, baita egitura eta agentzia elkarrengandik ere, eta subjektu iraultzaile antolaturik ez egotea auzi subjektibo hutsei, gabezia ideologikoei edo borondate ezari lotzen diete. Horixe bera da marxismo-leninismo zaharkitu jakin baten kasua. Bestalde, horren kontrako akatsa litzateke auzi subjektiboari entzungor egitea, eta, hala, eboluzionismo batean erortzea (ikuspegi indargabea). Emaitza, ezinbestez, boluntarismoaren eta fatalismoaren bekatu bikietan erortzea da.
Bada beste posizio bat, ustez horien bien tarteko bide moduan agertzen dena, baina berdin dena indargabea: orainaldiko mugak gainditu ezineko muga bilakatzen dituen posizioa. Hori ohikoa izaten da errealismoari uko egite hori ezkutatu, eta indar-korrelazioa darabiltenen artean errealitatearen aurrean otzan agertzea justifikatzeko argudio gisa. Horrela, estatuaren sindikatuetan edo Erreformaren Alderdiaren espresio ezkerkoietan parte hartzea justifikatzen dute, ustez «saihestezinak» direla argudiatuta.
Berriro ere, posizio horren bestea osatuko lukete muga horiei entzungor egin, eta, are, haiek bertute bilakatzen dituztenak, ezintasuna potentzialtasunez jantziz eta gaitasun politiko falta bertutearen maskarapean ezkutatuz. Talde horretan koka ditzakegu «autonomia» faltsuak, haien kolektibo isolatuaren independentzia formal hutsa helburu duten autonomia desklasatuak.
Lerro orokorretan, bere proiektu politikoaren inpotentziaren aurrean itsu agertzen den horrek, bere praktika arrazionalki ebaluatzeari ezetz esaten dion horrek, autokritikari ihes egin eta erabateko porrot baten sintomak eta formak garaipenaren ikur bezala saltzen saiatzen den horrek, arerio kontsideratua behar du izan. Kritikak gupidagabea izan behar du porrot egin duten formuletan erortzen direnekin zein alternatiba faltsuak eraikitzen dituztenekin, biek ala biek historiaren pisu hila osatzen baitute.
Kritikak gupidagabea izan behar du porrot egin duten formuletan erortzen direnekin zein alternatiba faltsuak eraikitzen dituztenekin, biek ala biek historiaren pisu hila osatzen baitute
Errealitatea ez da eztitu behar, baina errealitatearen gordintasunak ezin du kontenplazio fatalistan berrerortzeko aitzakia izan. Hau da, zentzu oinarrizkoenean –eta horrek errealitatea bere gaindipenaren ikuspegitik analizatzeak dakar–, era batean edo bestean, orainaldiko zailtasunak minimizatzen dituena zein zailtasun horiek gaindiezineko oztopo bilakatzen dituena kontzientzia faltsuaren parte da. Gure abiapuntua, hortaz, langile-klasearen programa iraultzailearen gaur eguneko inpotentzia erabatekoa izan behar da. Egun, proletalgoa politikoki deskonposatuta dago. Ez da botere independentea, programa eta helburu bereiziak dituen alderdi historiko bat, gainontzeko klase sozialen programa eta helburuek menderatu ezin dutena. Eta, hala ere, erreboltak biderkatzen ari dira, Frantziatik Txilera, Sri Lankatik Iranera, arrakalatzen ari den mundu burgesaren erakusle. Istiluak eta errebolta espontaneoa orokortzen ari dira, eta, zenbait egunez edo astez indarrez plazaratu ondoren, itzali egiten dira. Haien aurrean, Erreformaren Alderdiak errepresioaren eta kooptazioaren indar bateratua baliatzen du maisutasunez. Errebolta hori bere muga propioen preso geratzen eta Estatuaren indarrek (gero eta indar autoritarioagoak) aurre egiten diotelarik agorpen-zantzuak adierazten hasten den unean, burgesiaren alderdiek joko-zelaiko jokalari bakar moduan aurkezten dute beren burua –alderdi horiek hasiera-hasieratik mutilatu dituzte haien eskakizunak, egungo gauzen ordenera egokitzeko asmoz–.
Baina miopia politikoak baino ez gaitzake esperientzia horiek erabat mespretxatzera eraman. Bere porrota azpimarratzearekin konformatzen den horrek ez du ulertzen esperientzia horien balioa eta porrota bereizezinak direla, haren potentzialtasun nagusia haren muga propioak ageriko egitean aurkitzen dela. Izan ere, esperientzia horiek, ordena sozial burgesaren arrakala gero eta ugariagoak progresiboki erakustarazteaz gain, antolakuntza politikoaren beharrezkotasuna ikusarazten dute.
Beharrezkotasun hori oinarritzeko eta hartara orainaldiko zein tendentziak garamatzaten adierazterako, komeni da zirriborro historiko bat egiteko tartea hartzea. Zentzu batean, badirudi gure testuinguruak antzekotasunak dituela 1848. urtearen aurreko Europako testuinguruarekin, non politikoki heldu gabeko proletalgoa bere dominazioan oinarritutako mundu horren aurka zutitzen hasi zen, forma kaotikoan lehendabizi (1). Haien borrokak burgesiaren programaren menpean jartzea izan zen emaitza –burgesiak Antzinako Erregimeneko indarren aurka botere politikoa konkistatzea zuen helburu–. Horrela, proletalgoaren helburuak, eta eginkizunak –halabeharrez nazioartekoak– burgesia nazionalen proiektuen menpean gelditu ziren, ekoizpen-harreman kapitalistak mundu-mailan oraindik hedatzen ari ziren aldi historiko hartan. Proletalgo hori sortze-prozesuan zegoen, eta orokorki hiriko lantegi txikietako artisauez osatua eta nabarmen atomizatua zegoen. Europa osoan Ingalaterrak baino ez zuen garapen industrial minimoki azpimarragarria. Komunisten Liga koiuntura horri erantzuteko jaio zen, baina denbora gutxira disolbatu zen, indar iraultzaileen porrotaren ondorioz.
48ko iraultzek proletalgoaren eta burgesiaren arteko interesen antagonismoa azalarazi zuten. Luis Bonaparteren Brumairearen 18a liburuko esaldi ezagun batzuetan, Marxek adierazten du nola, une erabakigarria heltzean, «klase eta alderdi guztiek bat egin zuten ordenaren alderdian klase proletalgoaren aurka, anarkiaren, sozialismoaren eta komunismoaren alderdia osatzen baitzuten» (2). Ordenaren alderdia garaile irten zen Frantzian eta Europa osoan.
Marxek eta bere jarraitzaileek 1848tik ateratako irakaspena langile-klasearen ekintza politikoaren beharrezkotasuna izan zen; ideia hori izango zuen 16 urte beranduago etorriko zen Lehen Internazionalaren sorrerak oinarrian (3). Komunismoaren alderdiak forma politiko definitu bat hartu behar zuen, eta langile kolektiboaren antolakuntza- eta zuzendaritza-organo bilakatu. Mende erdi inguru beharko zuen Alderdiak bere formarik bukatuena lortzeko; hain zuzen, Gerra Handian sozialdemokraziagandik bereizi zenean etorri zen une hori. Irakaspen hori, itxuraz antzinakoa, funtsezkoa da orainaldirako ere. Bere gaurkotzean aurkitzen da basakeriarekiko alternatiba gisa sozialismoak izango duen etorkizunaren giltza.
Nola ez, gaurkotzea ez datza mugimendu erreala ideal abstraktu batera kateatzean, baizik eta mugimendu hori bere bukaera iraultzailerantz bultzatzeko saiakeran. Horretarako, beharrezkoa da ekoizpen-harreman kapitalisten izaera anakroniko gorakorra ezaugarri nagusi duen testuinguru historikoari aurre egitea.
Anakronismo hori ez da ausazko egitate bat; kontrara, harreman horien kontraesan propioetatik eratortzen da. Ekoizpen-harreman kapitalistak lan bizidunaren esplotazioan oinarritzen dira, baina ezin dute saihestu lan horrek ekoizpenean duen papera progresiboki txikiagotzea. Balioaren legeak berak, produktu bakoitzaren balioa bera ekoizteko beharrezko lan denborak zehaztu behar duela dioen horrek, ezin dio iskin egin aurrerapen teknologiko berriak sartzearen bitartez merkantzia bakoitzean gehitutako lan denbora murrizteko konpultsioari. Kapitalak ez dio akumulatzeari uzten, baina, prozesu horretan bertan, alboratu egiten du akumulazioa posible egiten duen faktore bakarra (gainbalioa ekoizten duena izaki): lan biziduna. Tendentzia kontraesankor horren erakusgarri da kapitalak gero eta gainmetaketa handiagoa izatea, eta, haren ondorioz, irabazi-tasak behera egitea. Gainazal ekonomikoan krisialdi puntual bezala plazaratzen diren horiek ez dira harreman sozial kapitalisten krisi sakonaren espresioak besterik. Aberastasunaren forma kapitalistaren (balioa) beraren krisi bat da, bere neurtzailea –sozialki beharrezko lan denbora– zaharkitua gelditzen ari den heinean ekoizpen-indarren egungo testuinguruaren aurrean, non lan biziduna gero eta erredundanteagoa bilakatzen ari den. Goragoko ordena sozial bat eraikitzeko posibilitate objektiboa ekintza politikoak kontraesan horretan gauzatu dezakeen bitartekaritzan oinarritzen da; ordena sozial bat, zeinak, ekoizle askeen asoziazioaren kontrolpean, aberastasuna dauden beharren arabera ekoitziko baitu, eta aberastasun horren neurria giza gaitasunen garapen osorako sozialki erabilgarri dagoen denbora sozialean aurkituko baitu.
Goragoko ordena sozial bat eraikitzeko posibilitate objektiboa ekintza politikoak kontraesan horretan gauzatu dezakeen bitartekaritzan oinarritzen da; ordena sozial bat, zeinak, ekoizle askeen asoziazioaren kontrolpean, aberastasuna dauden beharren arabera ekoitziko baitu, eta aberastasun horren neurria giza gaitasunen garapen osorako sozialki erabilgarri dagoen denbora sozialean aurkituko baitu
Buelta gaitezen edozein kasutan orainaldiaren ezaugarri nagusietara. Marxek «Akumulazioaren Lege Orokor» (4) izendatutako tendentzia historikoaren garapenak bide ematen dio kontraesan hazkor bati, kapitalean gorpuztutako indar sozialaren potentzialtasunen hazkundearen eta gero eta era garbiagoan soberan dagoen lan bizidunaren artekoa. Industria handiaren –kapitalak lana subsumitzen duen eta zientzia eta teknologia indar produktibo bihurtzen diren espazioa– garapenaren (5) beste aldea akumulazioaren kontraesanak gordintzea da, eta horrek lan hilak lan biziduna ordezkatzea dakar. Horren eraginez, gero eta handiagoa da langabeziaren eta azpienplegu forma askoren artean noraezean dabiltzan funtziorik gabeko desjabetuen masa. Horrela, neurrigabeko proletalgo informal bat finkatzen da, lan-indarra pertsonifikatzen duena, eta, bizirauteko soldatarekiko (zuzena edo zeharkakoa) dependentzia izaten jarraitzen duen arren, lanarekiko lotura gero eta ezegonkorragoa duena; oro har hirugarren sektoreko lan ez produktiboen forma hartzen du. Bere ekintza politikorako forma espontaneoa greban baino gehiago istiluan aurkitzen duen proletalgo informal hori (6) da gure garaiko errebolta handien protagonista. Sektore hori hazten doan bitartean, gero eta gehiago zatikatzen da langile kolektiboa nazioartean (7), eta horren emaitza berehalakoena langile-klaseak botere lokala ezartzeko gero eta ezintasun handiagoa izatea da (kontrakoa gertatzen zen beste garai batzuetan; fabrika konkretu bateko greba batek berehalako eragina zuen mundu mailako ekonomian, Detroiteko General Motorseko edo Bartzelonako SEATeko grebekin gertatu zen moduan).
Arestian aipatutako faktoreek –langile kolektiboaren nazioarteko zatikatzea, egiturazko langabeziaren eta azpienpleguaren hazkundea, zerbitzuen sektorearen gorakada– mesede egin diote langile klasearen desartikulazio sozial eta politikoari. Horrelako testuinguru baten aurrean, badago bide erreformistaren aldeko apustua egitearen absolutuki beharrezkoa dela dioenik. Ikuspuntu horren arabera, hobekuntza gradualak lortzearen eta minimoen programa bat adostearen inguruko antolakuntzak baino ezin du klasea politikoki berraktibatu, hau da, antolakunde erreformista handien eta «bloke demokratikoen» inguruan egituratutakoak. Proiektu hori bi poloren artean mugituko litzateke: batean legoke lan-indarraren salerosketa-baldintzak hobetzearen aldeko borroka sindikala (zuzeneko soldataren eta lan baldintzen hobekuntza), eta, bestean, ondasun eta zerbitzu publikoen formako (zeharkako soldata) produktu sozialaren birbanaketaren aldeko borroka parlamentarioa. Arestian deskribatutako lanaren krisia tarteko, bigarren alor hori gailenduko da halabeharrez. Horixe da Erreformaren Alderdiaren ezker hegalaren proiektu ekonomikoaren funtsa, zeinaren parte diren, sarri horretaz jabetu gabe, ustezko «antikapitalista» asko.
Posizio horren defendatzaileek gustuko izaten dute hori errealismo soilez mozorratzea, argudiatuz bera dela gaur eta orain dugun aukera posible bakarra, eta, beraz, zehaztugabeko etorkizun batean iraultza posible egiteko bide bakarra. Haatik, zehaztugabetasun horrek oinarrizko akats bat ezkutatzen du. Berez, soldataren aldeko borroka estrategia erreformistan kokatuta, klase-harremana betiereko bihurtzeko baino ez baita gai (8), hura abolitu beharrean. Klase esplotatuaren baldintzak hobetzen saiatzen dira, ez gainontzeko klaseekin batera desagerrarazten. Bestela esanda: ez da existitzen erreformen aldeko borrokaren eta klase-harremanaren abolizioaren helburu horren arteko lotura sendorik, ez da esplizitu egiten nola bihur daitekeen soldataren aldeko borroka (klase-borroka mugimenduan den kontraesan moduan) soldataren aurkako borroka. Baina komuniston eginbeharra hori da beren-beregi: purutasun indarge batean babesteko helburuz soldataren aldeko borrokari uko egin beharrean, borroka hori soldata-harremanaren abolizio bilaka dadin beharrezkoak diren mediazioak ezarri behar ditugu.
Purutasun indarge batean babesteko helburuz soldataren aldeko borrokari uko egin beharrean, beharrezkoak diren mediazioak ezarri behar ditugu borroka hori soldata-harremanaren abolizio bilaka dadin
Noski, kritikatzen ari naizen posizio honetako asko kapitalaren morroiak besterik ez dira, edo obreristak, askapenaren helburua ortzi-mugatik desagertutzat eman eta hobekuntza partzialen aldeko borroka soilera murriztu, eta beraien esplotazioan oinarrituta eraikitako mundu batean negoziatzeko posizio hobe bat konkistatu nahian dabiltzanak. Alabaina, beste batzuek asmo zintzoak dituztela sinetsi nahiko nuke. Horregatik, posizio horren eta kapitalaren gaindipena helburu duen proiektuaren arteko bateraezintasuna azaltzen saiatuko naiz, eta, gainera, argudiatzen saiatuko naiz politika «behekoen» izenean egin arren («proletalgo» hitzarentzako eufemismoa), klase eduki oso zehatza duela (eta inolaz ere ez proletarioa).
Lerro orokorretan, proiektu horren arazo bistakoena Kautsky eta lehen ortodoxia sozialdemokrataren akats zaharra errepikatzea da: mediazio koherenterik ez egotea bitartekoen eta helburuen artean, taktika erreformista baten eta azken helburu nabarmen iraultzaile baten artean (9). Ondorioz, azken helburua ideologia huts bilakatzen da, gaur egungo menderakuntza justifikatzeko estalki bat. Horren ondorio paradoxikoa da defendatzen dutela kapitala bere buruarengandik salbatzea dela kapitala gainditzeko aurrebaldintza: langile-klasearen bizi-baldintzen hobekuntza posible egingo duen akumulazio-bide «osasuntsu» bat aurkitu behar dela. Hain justu, hori da Green New Deal proiektuaren oinarrian dagoen ideia (10).
Soilik antolakuntza iraultzaileak gauzatu dezake bitartekoen eta helburuen arteko halako mediaziorik. Eta, hala ere, aipatutako proiektu horrek beren burua iraultzailetzat jotzen duten indarrak Erreformaren Alderdian sartzearen alde egiten du. Azken finean, independentzia politikoaren helburua klase dependentzia politikoki zigortzeko premiaren aldeko baieztapen bilakatzen dute. Horrek nahasmenetan handienera garamatza derrigor: orainaldiko indarrak sindikatu korporatiboaren eta kretinismo parlamentarioaren tranpa bikietarantz bideratzea.
Marxek azpimarratutako ekintza politikoaren beharrak ezin du ekintza independentea beste ezer izan, eta derrigorrez joan behar du Alderdi propio baten eraikuntzaren eskutik
Marxek azpimarratutako ekintza politikoaren beharrak ezin du ekintza independentea beste ezer izan, eta derrigorrez joan behar du Alderdi propio baten eraikuntzaren eskutik. Bertan, sozialismoa lortzeko helburuaren konkretizazioa indar sozial moduan antolatutako kontzientzia kolektibo bat izan behar da. Esan gabe doa Alderdi horrek klasearen borondate historiko konkretuari erantzuteko gaitasuna izango duen proletalgo iraultzailearen alderdia behar duela izan, ez iluminatuen sekta bat, kanpo-abangoardia baten formakoa. Haren eraikuntza ezingo da bukatutzat eman helburu horri erantzuteko gai den arte, hau da, ofentsiba-aldi batean masen babes zabala lortzen duen arte. Hala ere, hori da gure gaurko ekintzek klaserik gabeko gizartearen azken helburu horrekin koherente izateko modu bakarra. Beharrezkoa da, beraz, orainaldiko energia denak –gure borroka prozesuen antolakuntza eta gure antolakuntza kolektiboa– norabide estrategiko horretan jartzea, mediazio horrek baino ez baitu orainaldiko borroka inmediatoek norabide efektiboa izatea ahalbidetuko. Soilik era horretan eman dezakete klase-borrokaren gaur egungo formek artikuluaren hasieran aipatutako jauzi kualitatiboa: eginahalak estrategia bateratu baten eta gaitasunen antolakuntza zentralizatuaren inguruan metatuz, mugimendu politiko errealaren sintesi moduan jarduteko ahalmena izango duen antolakuntzaren inguruan, hain zuzen.
Soilik era horretan eman dezakete klase-borrokaren gaur egungo formek artikuluaren hasieran aipatutako jauzi kualitatiboa: eginahalak estrategia bateratu baten eta gaitasunen antolakuntza zentralizatuaren inguruan metatuz, mugimendu politiko errealaren sintesi moduan jarduteko ahalmena izango duen antolakuntzaren inguruan, hain zuzen
Kontrako kasuan, politikagintza parlamentarioaren kontraesanean erortzen jarraitzera kondenatuta egoten jarraituko dugu, bereizita kanalizatzen jarraituko baitugu langileon aldarrikapenak eta haiek inposatzeko gaitasuna izango duen botere sozial baten eraikuntza (11). Edo, edozein kasutan, horren ifrentzuan dagoen tradeunionismoaren akats klasikoetan eroriko ginateke. Bi kasu horietan, langile-klasearen birbanaketa aldarriek klasearen esplotazioa indartzearen aldeko inperatibo kontraesankorraren forma hartzen dute, haien ustez bide bakarra banatu beharreko pastela handitzea dela baita (12). Horixe izan zen politikagintza sozialdemokrataren muina Estatu sozialaren garaietan. Proiektu horrek, ordea, behar-beharrezkoa du kapitalismoak lortzen gero eta zailtasun handiagoak dituen zerbait: akumulazioaren zabalpena. Gaur egun, erabateko krisi baten aurrean, non soldatak arpilatzea aurkezten baitiguten esplotazio-tasaren hazkundea errentagarritasuna mantentzeko era bakar bezala, halako aldarrikapenen eduki erreala oso bestelakoa da. Are, birbanaketa-politika estatalen bitartez, proletalgoaren bizi-baldintzak baino gehiago, klase ertainaren bizi-baldintzak –desegiten ari den klasea– bermatzen saiatzen da, kapitalaren ordenaren beharrezko euskarri den heinean. Gainera, proiektu politiko parlamentarioa den heinean, estatuko marko batera mugatzen da halabeharrez, eta horrek ezinezko bilakatzen du kapitalaren botere globalaren erroari erasotzea.
Ez dugu berriz landuko zein diren sozialismoranzko bide parlamentarioaren estrategia erreformistaren akatsak eta hark nolako izaera kontrairaultzailea duen (13), baina aipatzekoa da proiektu horrek bi zailtasun gehigarri dituela gaur. Alde batetik, noraez sozialdemokrata klasikoaz aparte (sozialdemokraziaren ustez etsaiaren boterearen muina Parlamentuan edo Estatuan dago, eta ez akumulazio globalaren prozesuan (14)), parlamentu eta estatu-gobernuak boterea galtzen ari dira, eta banku zentralak eta nazioarteko erregulazio-agentziak irabazten; hain justu, agente horiek arlo publiko eta pribatuaren artean airoso mugitzeko gai dira, eta konstituzionalismo liberalaren hertsadurak saihesteko ere bai (15). Alabaina, badago funtsezkoagoa den arazo bat. Estatuaren jardunak gaur egun hiru dinamika paraleloren ondorio den dilema konponezin bati aurre egin behar dio: geldialdi ekonomikoa (gainmetaketa), soberan dagoen biztanleriaren hazkundea eta krisi ekologikoa (16). Dilema hori benetan da konponezina ekoizpen-harreman kapitalisten markoan: hazkunde ekonomikoa bultzatzearen ondorioz (inbertsioa akuilatuz eta produktibitatea handituz), krisi klimatikoa areagotzen da eta milioika langile ez dira beharrezkoak; lanpostuak sortzeko plan publikoek kapitalaren gainmetaketa azeleratu egiten dute, produktiboak ez diren kapitalak artifizialki sostengatzen eta estatu-gastua handitzen dituzten heinean, baina ez dute auzi ekologikoa kudeatzeko gaitasunik eskuratzen; teknologia berdeen alorrean egindako inbertsioak laster egiten du topo gainmetaketaren eta lan biziduna lan merkatutik kanporatzearen arazoekin; eta krisi klimatikoaren aurka hartu beharreko neurri zorrotzek talka egiten dute kapitalaren balorizaziorako aginduekin. Ondorioz, bide estatal-parlamentarioa, gaur, bide hila da. Estatu burgesaren kudeaketak ez du emantzipazioa ekarriko, ez eta klasea politikoki berrartikulatzeko balioko ere.
Orainaldiari erantzungo dion langile-klasearen estrategia iraultzaile bat berrosatzeak porrot egin duten proiektu horiek alboratzea galdegiten du. Gaur egun, beharrezkoa da Alderdiaren berreraikuntza mugimendu-forma garatzea, klasea era progresiboan artikulatuz programa komunistaren pean (17). Mugimendu horretan, non klasea klasearentzat antolatzen den eta kontzienteki eta kolektiboki bere gain hartzen dituen orainaldiko kontraesan eta eginkizunak, zertzen da jauzi kualitatiboa azken hamarkadetako borroken mugen aldean. Horrela, mugimendu horren garapenak bide emango die forma organizatibo eta kontzientzia forma gero eta altuagoei eta totalizatzaileagoei. Aurreko eztabaidarekin loturan, badaude erabakigarri moduan inposatzen zaizkigun zenbait puntu. Ez daukat, noski, zehaztasunetan sartzeko asmorik, baina orain arte garatutako analisiaren zenbait ondorio azpimarratu nahiko nituzke.
Aipatu nahi dudan lehen puntua internazionalismo hertsia da; izan ere, haren beharra, politikagintza komunistarako zentrala eta saihestezina, bereziki premiazkoa da gaur. Langileen egungo zatiketa handia denez, botere sozial izateko ere inoiz ez bezalako antolakuntza-maila behar da, eta horrek halabeharrez gainditzen ditu muga nazionalak (18). Alderdi Komunistak ezinbestean izan behar du nazioartekoa, eta haren eraikuntza-prozesuak ezinbestean eskatzen du proletalgoa nazioartean gero eta eskala zabalagoetan antolatzea. Gogoratu behar da langile-klaseak talde moduan ez duela ekoizpen soziala kontrol kontziente eta kolektibo baten menpean jartzeko moduko gaitasun potentzialik bildu gaurdaino, eta, hala ere, inoiz ez dela agian subjektu atomizatu moduan den bezain indargabea izan. Alderdia, zentzu hertsian, langileriaren kolektibo kontzientea baino ez da. Soilik haren inguruan egituratutako lan sozialaren organo kontziente moduan bilaka daiteke langile indibidualen potentzia zientifiko gero eta handiagoa ekoizpena erabat sozializatzeko bitarteko.
Alderdia, zentzu hertsian, langileriaren kolektibo kontzientea baino ez da. Soilik haren inguruan egituratutako lan sozialaren organo kontziente moduan bilaka daiteke langile indibidualen potentzia zientifiko gero eta handiagoa ekoizpena erabat sozializatzeko bitarteko
Bigarren aipatu nahiko nukeen puntua da zein beharrezkoa den proletalgo informal masibo hori –politikoki disruptiboa izan arren, ez da gai berehalakoan botere sozial nabarmen bat osatzeko, ekoizpenarekin duen posizioa tarteko– ekoizpenarekin lotura egonkorragoa duten langile produktiboekin konektatzea. Hori da bide bakarra istilua eta greba estrategia bateratu bereko taktika osagarri bilakatzeko.
Hirugarren puntua, zentro inperialistaren kasuan garrantzia berezia duena, klase ertaineko sektore proletarizatuak programa politiko proletario baten pean jartzea da; horrekin batera, suntsitu egin beharko lirateke sektore horrek egiten dituen saiakerak ekintza politikoa pribilejio galduak berreskuratzeko tresna bihurtzeko –pribilejio horien promesetan hazitakoa da klase ertaina–. Horrek talde horren determinazio sozialen analisi zorrotza egitea galdegiten du (19); kontuan hartu behar da klase ertainaren prestakuntzarako gaitasunek eta erradikaltasun potentzialak indibidualismorako eta aspirazionismorako joera ekar dezaketela, eta, horrez gain, klase ertainak etengabe daramala gainean Erreformaren Alderdiaren ezker hegalak eskaintzen dizkion prebendengatik klasearen proiektu kolektiboa uzteko tentazioaren zama. Zentzu horretan, indibidualismoaren ideologiari aurre egiteko, ezinbesteko bitartekoak dira diziplina kontzientea eta autoritatearen eta lan militantearen antolakuntza arrazionala. Merkantziaren fetitxismoaren estalkia urratzeko –estalki horrek aurrez aurre jartzen ditu norbanako pribatua eta kanpo izate batean fundatutako gizarte bat (20)–, beharrezkoa da norbanakoen lana kontzienteki antolatzea, eta norbanako bakoitza lan sozialaren organo moduan agerraraztea. Era horretan, eraikuntza prozesuan den Alderdiak aurreirudikatu egiten du soilik kapitalaren abolizio erabatekoaz burutu daitekeen hori.
Laugarren puntua klasearen sektore aurreratuenak identifikatu beharra da; hain justu, sektore horiek gidari izan ahalko dira klasearen berreraikuntza klabe komunistan aurrera eramateko prozesuan. Egun, pisuzko arrazoiak daude paper hori gazteria proletarioarena dela esateko, faktore erabakigarriak baitira hauek: sektore hori modu nabarmenean izatea desjabetua; krisi etengabearen testuinguru batean sozializatu izana; klase ertainen gizartearen gainbehera, baita haren eskutik doan klase antagonismoaren neutralizazioarena ere (lotuta doa maila sozialez igotzeko eta egonkortasuna izateko promesekin); eta aurrean duten ortzi-muga, ezaugarri nagusi miseria eta erredundantzia soziala dituena. Zorrotzak izanda, hori ez da anomalia historiko bat. Izan ere, gazteria proletarioa eragile sozial erabakigarria izan zer Gerra Handian sozialdemokraziarekin hausten. Nabarmen azeleratu zituen mundu burgesaren krisia eta ziklo iraultzaile baten hasiera, batetik, Alderdi Sozialdemokraten (21) erreformismoaren aurka zutitzen ari zen langile belaunaldi baten jardun politikoak, eta, bestetik, ondoren belaunaldi hori bera gerra inperialistaren giza haragia txikitzeko makinara masan jaurti izanak. Balio beza datu moduan: Alderdi Boltxebikearen Seigarren Kongresuko (1917) partaideen bataz besteko adina 29 urtekoa zen (22).
Bosgarren, azpimarratu nahiko nuke zein garrantzitsua den ekoizpeneko sektore estrategikoak identifikatzea, hau da, antolakuntza maila txikienaz ere eraren bateko botere soziala gauzatu dezaketen horiek. Egun, rol hori sektore logistikoena da nabarmen (gutxienez era gorakor batean desindustrializatutako zentro inperialistan), merkantzien nazioarteko fluxuak neurri batean haien jardunaren menpe baitaude (23). Haiekin klasearen sektore zabalagoek babestutako borroka taktikoak planteatuz gero, indar korrelazioa zorrotz neurtuz, sektore horietatik abiatu daitezkeen gatazkek zabalpen-efektua izan dezakete langileen botere sozialaren berreraikuntzan. Aurretik aipatutako puntuetan gertatu bezala, hemen ere antolakuntza politikoak egiten du bitartekaritza soziala boterearen eraikuntza hori etorkizuneko ofentsibak eta ekoizpen soziala norbanako elkarretaratuen talde-kontrolaren menpe jartzeak definitutako proiektu baten baitan kokatzeko.
Amaitzeko, zentraltasuna duen auzi bat azpimarratzea gustatuko litzaidake: klasea klabe iraultzailetan berreraikitzeko bide bakarra bitartekaritza politikoan aurkitzen da. Posible da orain dela ehun urte sozialistek amestu izana sozialismoaren gidari izango zen klasea etengabeko hazkundea zuen proletalgo industrialaren inguruan bateratuko zela espotaneoki. Egun, klasea mila puskatan zatituta eta akumulazio dinamikaren agortuta dagoen honetan, ideia hori erabat zentzugabea da. Klasea berreraikitzeko prozesu orok artifizialtasun maila handia beharko du, baita elkarren artean oso desberdinak diren piezak elkarri jostea ere, askotariko bitartekoen bidez (24). Espero dut behintzat zenbait argudio esanguratsu eman izana eraikuntza hori efektiboa izan dadin erdigunean antolakuntza politikoa jarri beharraren alde.
Klasea klabe iraultzailetan berreraikitzeko bide bakarra bitartekaritza politikoan aurkitzen da
ERREFERENTZIAK
1. 48ko iraultzen analisi zehatzago baterako ikus, Clark, Cristopher. Revolutionary Spring. Fighting for a New World 1848-1849, Penguin, Nueva York, 2023.
2. Marx, Karl. El 18 Brumario de Luis Bonaparte, Fundación Federico Engels, Madril, 2003, 23. or. [aipuaren euskarazko itzulpena: Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia, IGELA, Iruñea, 2023, 36.or.]
3. Ikus Galcerán, Montserrat. La invención del marxismo, Traficantes de Sueños, Madril, 2023, 27-28. or.
4. Marx, Karl. El Capital, Crítica de la economía política. Vol1. El proceso de producción del capital, Siglo XXI, Madril, 2021, 703-806. or.
5. Ibíd, 447-588. or.
6. Ikus Clover, Joshua. Riot. Strike. Riot. A New Era of Uprisings, Verso, Londres, 2019.
7. Ikus Charnock, Greig eta Starosta, Guido (edk.). The New International Division of Labour. Global Transformation and Uneven Development, Palgrave, Londres, 2016.
8. Clare Roberts, William. “Class in Theory, Class in Practice”, Crisis & Critique, 10. bol, 1. zbk, 256-257. or.
9. Puntu honen inguruan ikus Schorske, Carl E. German Social Democracy, 1905-1917. The Development of the Great Schism, Harvard University Press, Cambridge, 1983; Sassoon, Donald. Cien años de socialismo, Edhasa, Barcelona, 2001.
10. Kritika bikain bat irakurtzeko, ikus Miasni. “En caso de incendio ¿Green New Deal?”, MarxXXI. Contra la socialdemocracia, Contracultura, Madril, 2023, 195-212. or.
11. Clarke, Simon. “Estado, lucha de clases y reproducción del capital” in Marx, Marginalismo y Sociología Moderna, Dos Cuadrados, Madril, 2023, 340. or.
12. Ikus Clarke, Simon “Estado, lucha de clases…” 340-341. or. eta Mattick, Paul. “The Limits of Reform”, Marxism. The Last Refuge of the Bourgeoisie, The Merlin Press, Londres, 1983, 186-195. or.
13. Analisi sakonago baterako ikus AA.AA. Marx XXI. Contra la socialdemocracia, Contracultura, Madril, 2023n bildutako artikuluak.
14. Ikus Kolitza. “Konstruktibismoa eta klase politikoa”, Gedar, 2019.
15. Callinicos, Alex. A New Age of Catastrophe. Polity Press, Londres, 2023, 71-72. or.
16. Auzi honen analisi xehea irakurtzeko, ikus Alami, Ilias: Copley, Jack; Moraitis, Alexis. “The `Wicked Trinity´ of Late Capitalism: Goberning in an era of Stagnation, Surplus Humanity, and Environmental Breakdown”, Geoforum, 2023, 1-13. or.
17. Ikus Kolitza “Kontseilu Sozialisten artikulazioa eta estrategia sozialista”, Gedar, 2021.
18. Ikus Angry Workers, “Estrategia revolucionaria de la clase obrera para el siglo XXI – Parte 1”, abwerten.noblogs.org.
19. Nahiz eta ez natorren bat garrantzizko auzi teorikoetan eta bere tesi zentralekin, problematika honen inguruko analisi zorrotz bat aurki daiteke hemen: Evans, Dan. A Nation of Shopkeeprs. The Unstoppable Rise of the Petty-Bourgeoisie, Repeater Bookes, Londres, 2023.
20. Ikus, puntu honi buruz, Carrera, Juan Iñigo. Usar críticamente el capital, Ed. Imago Mundi, Buenos Aires, 2007.
21. Ikus Schroske, Carl E. German Social Democracy 1905-1917.
22. Ikus Davis, Mike. “Old Gods, New Enigmas: Notes on Revolutionary Agency”, Old Gods, New Enigmas. Marx´s Lost Theory, Verso, Londres & Nueva York, 2018.
23. Ikus Vela, Corsino. Capitalismo terminal. Anotaciones a la sociedad implosiva, Traficantes de Sueños, Madril, 2018.
24. Nahiz eta hemen garatu dugunaren oso perspektiba politiko batetik egindakoa izan, artifizialtasun hori zein beharrezkoa den azaltzen duen analisi xehea aurki daiteke hemen: Rodríguez, Emmanuel. “¿Cómo se hace una clase?” El efecto clase media. Crítica y crisis de la paz social, Traficantes de Sueños, Madril, 2022, 393-421. or.
HEMEN ARGITARATUA