Bigarren Internazionalaren ordezkariak VII. Biltzarrean. Stuttgart (Alemania) 1907
Jon Kortazar
@Drazmihailovitx
2023/01/04

Artikulu honetan «aspaldiko kontuez» arituko gara; hain zuen ere, II. Internazionalaren sorrera prozesuaz. II. Internazionalak mugimendu iraultzailean historikoki oso izen txarra izan du, batez ere bukatu zen moduagatik: I. Mundu Gerran chauvinismoari aurre egin ezinik, heriotza ez oso loriatsua izan zuen. Beraz, zergatik idatzi erdi ahaztutako hilotz honen inguruan?

Historian zerbait egin behar ez bada, hori proiekzioak egitea da, edo hobe esanda, proiekzioak «aukera» edo «posibilitate» baino gehiago modu lineal teleologikoan hartzea. Kasu honetan, II. Internazionalak nola bukatu zuen kontuan hartuta, 1889an fundatutako Internazional haren proiekzioari estuegi lotzea bere ibilbide historikoaren osotasunean hura sagar ustel gisa tratatzea izango litzakete, hau da, Internazional hori erreformismoaren fruitu ustel moduan hartzea. Guk, materialista gisa, erne ibili behar dugu halako tentazioen aurrean.

Hortaz, II. Internazionalaren inguruko halako tentazioak uxatu ostean, galdera hauek planteatzen zaizkigu: zer geratzen da? Zer dugu bertatik ikasteko? II. Internazionala marxismoa corpus filosofiko moduan ezagutarazi zen momentuan sortu zen, nahiz eta, ikusiko dugun moduan, erakundea askotariko ideologietatik sortu zen. Beraz, ez zituen dotrina ideologiko batek batu, nahiz eta askotan hala adierazi. Alabaina, 1889an Parisen bildu ziren langile sozialista askotariko horiek argi zuten euren herrialdeen gainetik helburu amankomuna zutela: langileriaren askapena. Beraz, proletalgoa nazioarteko subjektu gisa berreraikitzeko eta haren independentzia politikoa berresteko saiakera bat izan zen.

Hala, II. Internazionalaren sorkuntza bultzatu zuen arrazoiaren aldean, heriotzara eraman zuena guztiz desberdina izan zen; antagonikoa. Artikulu honek ez du aztertuko Internazional horren usteltze chauvinista. Hemen aztertuko duguna da nola internazionalismoak eragin zuen II. Internazionala sortzea, bai eta Internazional horren konposizioa ere. Era berean, hasierako eztabaida ideologikoak eta hartutako erabakiak jorratuko dira; hau da, gehiago jorratuko da nola eragin zuen internazionalismoak halako saiakera bat gorpuztea. Saiakeraren porrota beste une baterako utziko dugu.

INTERNAZIONALISMOA XIX. MENDEAREN AZKEN HERENEAN

Oso ezaguna da I. Internazionalak Pariseko Komunarekiko izan zuen atxikimendua. Fisikoki, Parisen zeuden Internazionaleko kide gehienak Komunaren iraultza piztu zenean[1]. Internazionalaren zuzendarietako bat, Eugène Varlin, Pariseko communarden (komuneroen) buruetako bat izan zen eta paper garrantzitsua izan zuen iraultza horretan. Baziren 1872ko I. Internazionalean ordezkari izan ziren beste communard batzuk ere, adibidez, Charles Longuet eta Édouard Vaillant frantziarrak[2] (kontuan hartu behar da ordezkari asko barrikadetan hil edo exekutatuak izan zirela, Varlin bera, kasu). Baina baita frantziarrak izan gabe ere Parisko barrikadetan borrokatu zuten Internazionalaren kideak ere, besteak beste, Leo Fränkel hungariarra, eta Jaroslaw Dabrowski eta Walery Wroblewski poloniarrak –lehenak 1937ko Brigada Internazionalen konpainia bati izena eman zion, bigarrena I. Internazionaleko kontseiluaren parte izan zen eta communarden azken erresistentzia nukleoaren buru izan zen[3]–. Coleren arabera, Komunako Komite Zentralaren 92 kidetatik 22 aldi berean Internazionalaren kide ziren[4]. Komunaren arrastoa II. Internazionalaren sorrera biltzarrean ere atera zen, Jules Guesderen ahotan: «Komuna berri bat sortuko dugu»[5].

I. Internazionalaren porrota Parisko Komunaren esperientziak eta haren porrotak ekarri bazuen, II. Internazionalaren jaiotzarako faktoreak beste batzuk izan ziren. Hala ere, bai batean zein bestean, langileen arteko nazioz gaindiko elkartasuna dugu. Izan ere, bi internazionalen arteko hamarkada eta erdi pasatxoko garai horretako prentsa sozialistan bolo-bolo izaten ziren beste herrialde batzuetako idazleen artikuluak eta herrialde ezberdinetako sozialisten arteko eztabaidak[6] (batez ere erreferentzia gisa jokatzen zuen Die Neue Zeit aldizkarian).

Internazionalismoa Komunaren iraultza gertatu eta aurreko urteetan ere presente zen, baita mugimendu sozialistaren barruan ere; adibidez, I. Internazionalak mundu mailako guden kontrako posizioa hartzea erabaki zuen bai 1867ko zein 1869ko biltzarretan. Era berean, kontuan izan behar da 1871n Alemaniako bi alderdi sozialistek (Lassalleren jarraitzaileek eta Bebelen jarraitzaileek) guda kredituen eta Alsazia eta Lorrenaren anexioaren aurka bozkatu zutela Reicharen parlamentuan[7], bai eta Pariseko Komunaren alde egin ere –horrek August Bebel eta Karls Liebknecht bi urteko kartzelaldiaz zigortzera eraman zituen–.

Hori egiaztatzeko Marx berarengana ere jo genezake. Gothako Programari Kritika liburuxkan (1875, Crítica al Programa de Gotha kontsultatutako bertsioan), Marxek Alemaniako Langile Alderdiari leporatu zion bere internazionalismoa ez zela nahikoa. Hau esan baitzuen: «lehenik, langile klasearen askapena egungo estatu nazionalaren markoaren barruan egin behar da, (…) baina jakitunik izanik etorkizunean, horren ondorioa herrien arteko ahaidetzea izango dela». Marxek internazionalismoa helburu eta betekizun konkreturik gabeko «etorkizuneko» helburu ideal gisa tratatzea leporatzen die bere burkideei hitz hauen bitartez: «Programaren fede-aitormen internazionalista, egiaz, Alemaniako Alderdi Librekanbistaren fedearen nabarmen azpitik dago» –alderdi liberala, alemaniar burgesia gorakorraren ordezkaria–. «Hark ere baieztatzen du bere aspirazioen emaitza ‘herrien arteko ahaidetasuna’ izango dela, baina, gainera, zerbait egiten du salerosketa internazionalizatzeko». Jada ez zuen balio internazionalismoa edo hitzez alde adierazte hutsak; zerbait egin behar zen hura gauzatzeko. Bestela, Marxek esan bezala, «Alderdi Popular Burgesaren oihartzun hutsean geratzen da, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Ligaren oihartzun hutsean[8]», hots, arriskutsua dela internazionalismoa herrien arteko samurtasun gisa tratatzea, eta horrela langile klasearen nazioarteko izaeraren ondorio politikoak ostentzea. Haren ustez, adibidez alemaniar inperioaren «nazio-estatuaren markoa», era berean, «Estatuen nazioarteko sistema baten barruan kokatzen da. (…) Edozein alemaniar merkatari, aldi berean, nazioarteko merkataria da»[9]. Hau da, Marxek egungo eta biharko etapen aitzakiapean betekizun nazionalen eta internazionalen arteko bereizketa egitea gaitzetsi zuen; eta nahiz eta zegokion Estatua antolatzeko plataformarik hautemangarriena izan –Alderdi Komunistaren Manifestua obran esan bezalaxe–, argiki deitoratzen zuen egitate hori internazionalismoa ukatzeko edo haren «ukazio ahulerako» erabiltzea, hots, eginkizun internazionalak saihesteko aitzakia gisa[10]. Hori Marxen printzipioen berrespena da, baina baita XIX. mendeko 70ko hamarkadako egoeraren berri ematen duen egitate bat ere, langile mugimenduko alderdirik indartsuenari kargu hartzeko modukoa.

Marxek «egungo» eta «biharko» etapen aitzakiapean betekizun nazionalen eta internazionalen arteko bereizketa egitea gaitzetsi zuen; eta nahiz eta zegokion Estatua antolatzeko plataformarik hautemangarriena izan –'Alderdi Komunistaren Manifestua' obran esan bezalaxe–, argiki deitoratzen zuen egitate hori internazionalismoa ukatzeko edo haren «ukazio ahulerako» erabiltzea, hots, eginkizun internazionalak saihesteko aitzakia gisa

ZERK ERRAZTU ZUEN INTERNAZIONALISMOAREN ZABALKUNDEA ETA AGERPENA?

Hau ulertzeko, zera ikertu behar dugu: nola iraun eta garatu ziren XIX. mendeko 70ko hamarkadaren (hau da, I. Internazionala desagertu zeneko garaia) eta 80ko hamarkadaren azken urteen artean (II. Internazionala sortu zeneko garaia) langileen arteko nazioarteko sare horiek.

Izan ziren, baita ere, 1872aren eta 1889aren artean nazioarteko langileak bilduko zituen erakundeak sortzeko zenbat saiakera, gaur egun askorik ezagutzen ez badira ere. Bai sozialistek zein anarkistek euren topaketak egin zituzten. Adibidez, anarkistak oso aktiboak izan ziren 1873tik aurrera, ia urtero egiten baitzituzten biltzarrak. Hala ere, urte horretan egin zuten euren azkenengo nazioarteko bilera. Sozialistek ere nazioarteko topaketa batzuk prestatu zituzten; 1877an Ganten belgikar, frantziar eta alemaniar sozialistak bildu ziren. 1881an, aldiz, Suitzako Chur hirian hamaika bat herrialde ezberdinetako sozialistak elkartu ziren[11].

«Garai arteko etapa» honetan, Igor Krivoguzen arabera, anarkistak «Lehen Internazionala» marka eta haren zilegitasuna erabiltzen saiatu ziren eta huraxe berreraiki nahi zuten beren zuzendaritzapean. Bestela esanda, haiek eraiki edo kontrolatutako egituretara lehengo I. Internazionalaren jarraipen bat moldatu nahi izan zuten[12]. Anarkistez eta sozialistez gain, «posibilistek» edo sozialista erreformistek ere beren nazioarteko bilerak egin zituzten, 1883an eta 1886an, biak Parisen[13].

Azkenik, nazioarteko biltzar bat deitzeko ideia agertu zen. Alemaniako Alderdi Sozialistak 1888an planteatu zuen lehen aldiz, Frantziako marxistei zein blanquistei zuzendutako proposamen batean. Proposamen horren arabera, 1889an Nazioarteko Biltzar Sozialista bat deitu behar zen. Data ere sinbolikoa zen. Izan ere, Frantziako Iraultzatik 100 urte betetzen ziren urte horretan. Lehen pausoa 1889an Wilhelm Liebknechtek Hagan (Herbehereak) deitu zuen prestakuntza konferentzia bat izan zen. Bertan, alemaniar, frantziar, holandar, suitzar eta belgikar sozialistak bildu ziren. Azkenean, 1889ko ekainaren 1ean egin zen uztailaren 14an hasi beharreko Biltzar Nagusirako deialdi publikoa, eta 12 herrialdeetako sozialistak gonbidatu zituzten[14].

Une horretan, alderdi sozialista bateratuak oso herrialde apurretan sortu ziren. Alemaniakoa izan zen lehena 1871n, baina salbuespena zen garai haietan. Igor Krivoguzen ustez, topaketa sozialistek egin zuten posible alderdi sozialistak sortzea. Esaterako, 1877ko Ganteko topaketan alderdi sozialistak sortzeko deia agertu zen[15]. Franco Andreucciren arabera, Alemaniako Alderdi Sozialista izan zen garai horretan marxismoa gehien zabaldu zuena. «Garai hartan ez zen marxismoaren interpretazio nazionalik», adierazi zuen Andreuccik[16]. Iritzi horrekin bat datoz David Priestland[17] eta Hans-Josef Steinberg. Steinbergen arabera, 1883an Die Neue Zeit aldizkari teoriko sozialista sortzea izan zen horretarako gako bat, aldizkari horrek hedapena baitzuen beste herrialdeetan ere[18].

Kontuan izan behar da garai horietan, hots, bi internazionalen arteko garaian, herrialde askotan sindikatu bateratu eta masazko bat agertu zela. Horrek ere II. Internazionalaren aniztasun ideologikoa markatu zuen. Izan ere, II. Internazionalak langile sindikatuak bere horretan onartzera behartuta ikusi zuen bere burua.

Era berean, gogoan izan behar dugu krisi kapitalista bat gertatu zela: garai horretako krisi sozialak. Kapitalismoaren espantsioa ezin dugu inolaz ere ukatu (XIX. mendeko 70ko hamarkadan industria-produkzioa bikoiztu egin zen, burdinbide kilometroak hirukoiztu eta itsas garraioa laukoiztu[19]), baina garai haietan XIX. mendean hain ohikoak ziren krisiak gertatu ziren: gainprodukzioaren krisiak. Hori askotan aldi berean gertatu zen geroago aipatuko dugun zortzi orduko lanegunaren aldarrikapenarekin, baina baita bestelako aldarrikapen batzuekin ere, esaterako, soldatak igotzearen aldarrikapenarekin, segurantzak lortzearekin edo derrigorrezko eroslekuen kontrako aldarrikapenekin. Igor Krivoguzek ematen dituen datuen arabera[20], greben gorakada nabarmena izan zen: Erresuma Batuan 1888an 517 greba izan ziren eta 119.000 langilek parte hartu zuten, eta 1889an 1.200 baino gehiago, eta 360.000 langilek baino gehiagok hartu zuten parte[21]; Frantzian 1881 eta 1890 artean 900 greba baino gehiago izan ziren; eta Alemanian, Ruhr arroan, 1889an izan zen greba handi batek 150.000 langile inplikatu zituen[22]. Egungo ikuspegitik harrigarria bada ere, AEB izan zen garai hartan greba-mugimenduaren buru; alde batetik, kuantitatiboki. 1886 eta 1890 urteen artean AEBetan 6.682 greba izan baitziren, non milioi eta erdi baino langile gehiago inplikatu ziren. Bestetik, kualitatiboki, sektore askotan zortzi orduko laneguna lortu baitzuten (zortzi orduko lanegunaren aldeko nazioarteko kanpainaren baitan sortu zen Maiatzaren Lehena). Bere jatorria data horretan AEBko langile mugimenduak antolatutako manifestazioa da. Ez da arraroa Engelsek 1886an AEBko langile mugimendua goraipatu izana Adolf Sorgeri bidalitako gutun batean[23]. Aintzat hartu behar da AEBn ere legez beste herrietan baino aurreratuago zebiltzala: 1867an Illinoiseko estatuak zortzi orduko laneguna ezarri zuen –hala ere, salbuespen handiak zituen lege horrek eta ez omen zen oso efektiboa[24]–, 1868an funtzionarioentzako zortzi orduko laneguna onartu zen, eta 1890an bertan (lehen Maiatzaren Lehenaren ostean), beste zenbait gremiok zortzi orduko laneguna lortu zuten(adibidez, arotzek)[25]. Meatzarien kasuan, 1898an lortu zuten –esan beharra dago zaila dela AEBn data finko bat ezartzea, hango Estatu federalen autogobernua dela-­eta estatuz batetik bestera legea asko aldatu baitaiteke–.

Horrek, jakina, sindikalismoaren igoera eragin zuen. Esaterako, XIX. mendeko 80ko hamarkadarako Britainia Handian 900.000 langile zeuden sindikatuta, AEBn 700.000 eta Alemanian 350.000[26]. Alemaniako hazkundea nahiko handia izan zen. Izan ere, hamabi urte lehenago, 1878an, Alemaniako sindikatu sozialistek 50.000 kide zituzten[27].

II. Internazionalaren sorrerarako faktore garrantzitsuen artean bagenuen beste faktore bat: Marxen liburuek hartutako sona eta Europan barrena zabaldu izana. Hain zuzen, Parisko Komuna izan zen Marxen lanen zabalkundea hauspotu zuen haizea. Ulertu beharra dago Marx bizi zen artean (1883an hil zen) bere lanak oso modu mugatuan zabaldu zirela, eta are gehiago 1871 aurretik –Marxen Obra Osoa modu sistematikoan argitaratzeko proiektua XX. mendeko kontua da, lehenbizi SESB eta Alemaniako Estatu Demokratikoa gisako estatuena, eta ingelesezko edizioena geroago[28]–. Eric Hobsbawmen arabera, 1850ko lanen artean, Marxen lan berreditatu bakarrak hauek izan ziren: Alderdi Komunistaren Manifestua, Luis Bonaparteren Brumaire-aren 18 eta Engelsen Nekazaritza-gudak Alemanian: Iraultza eta kontrairaultza Alemanian. Marx bizi zen artean, aipatutako lanez gain, soilik Kapitala izan zen berreditatua eta itzulia (errusierara eta frantsesera). Alderdi Komunistaren Manifestuak 1871rako «soilik» bederatzi edizio izan zituen –kontuan izan behar da Marxen lanen artean jarrita liburu nahiko meharra dela–[29].

Komunaren ostean, ordea, Marxen lanek nolabaiteko bultzada izan zuten. Horren ostean argitaratu zen La guerra civil en Francia («Guda Zibila Frantzian») lana izan zen Marx bizi zen artean berrargitaratzea lortu zuen liburu bakanetakoa. Hain zuzen, Komunaren inguruko analisi bat zen, nahiko distantzia txikiarekin egindakoa. Bigarren edizioa ere nahiko denbora laburrean argitaratu zen. Baliteke hura izatea, Alderdi Komunistaren Manifestuarekin batera, Marxek bizi artean izan zuen «super-salmentako» lan bakarra (Kapitala askoz ere zirkulu mugatuetan irakurtzeko lana zen). Manifestuak berak, Parisko Komunaren ostean zoria alde izan zuen. Paradoxikoki bi lanen zorte ona alderatu genezake, biak oldarraldi iraultzaile bana gertatzen ari zela atera baitziren. Zorte hori handitu egin zen Marx hil ostean. Hobsbawmen arabera, 1883 eta 1895 artean Alderdi Komunistaren Manifestuaren 75 edizio berri agertu ziren 15 hizkuntzatan, aurreko 35 urteetan agertutakoen laukoitza –Engels hil zeneko urtea da 1895a; oraindik II. Internazionalaren hasiera zen, 1895 artean soilik hiru Biltzar Nagusi egin baitzituen II. Internazionalak: 1889koa, 1891koa eta 1893koa–. Horrez gain, Marxen lan (ia) ezezagunek argitalpen edo berrargitalpen gehiago izan zituzten: Hobsbawmen hitzetan, esan genezake garai horretan lehen aldiz izan genuela Marxen (eta Engelsen) lanen corpus bat. Urte horietan atera ziren lehen aldiz edo berreditatu ziren lan hauek: 1848-51ko zikloaren inguruko lanik gehienak, «Gothako Programari Kritika» –agian atera eta berehalakoan berredizioak izan zituen lehen lan marxiarra, Alderdi Komunistaren Manifestua kenduta–, Soldatapeko Lana eta Kapitala (Trabajo asalariado y capital), Filosofiaren Miseria (La miseria de la filosofía), eta Engelsen Langile klasearen egoera Ingalaterran (La situación de la clase obrera en Inglaterra), Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora (Del socialismo utópico al socialismo científico), Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria (El origen de la familia, la propiedad privada y el estado) eta Anti-Dühring (pixkat lehenago idatzi zena), Kapitalaren bigarren eta hirugarren liburukiak ahaztu gabe (Marx bizi artean lehena soilik argitaratu zen)­[30]. Baziren, Marx eta Engelsez gain, beste sozialista batzuen liburu arrakastatsu batzuk ere. Besteak beste, August Bebelen Emakumea atzo, gaur eta etorkizunean –geroago Emakumea eta sozialismoa (La Mujer y el Socialismo) izenburua hartu zuen–, 50 aldiz editatu zen 1878 eta 1909 artean![31]

Nola eman ziren lan horiek ezagutzera? Lehenik eta behin, Engelsen lana azpimarratzekoa da, askotan bigarren lerroan edo ustezko akats «dogmatiko» edo «eskematizisten» erruduntzat jo izan bada ere, berak hartu baitzuen publikatu gabeko Marxen obrak argitaratzeko eta berrargitaratzeko zeregina. Berak ekin zion, adibidez, Gothako Programari Kritika berrargitaratzeari eta zabaltzeari, zeina azken urte horietan Marxen pentsaera beste eskola sozialista batzuekiko bereizten zuen lana baita. Halako lanek arrakasta handia izan zuten alderdi sozialista ezberdinetan. Esaterako, Italian 1900erako itzulia zegoen Engelsek utzitako obra ia osoa[32].

Bestalde, kontuan izan behar dugu bai Marxek zein Engelsek alderdi ezberdinen eztabaidetan parte hartu zutela. David Priestlanden arabera, haiei esker gauzatu zen II. Internazionalaren sorrera-bilkura Parisen (1889)[33]. Andreuccik esaten duen moduan, une horretan marxismoa hasia zen jada beste eskola sozialistekiko bereizten, bere identitate propioa hartzen, eta hori neurri handi batean Engelsek egindako dibulgazio lanari esker izan zen[34]. Georges Haupten arabera, Marxen lanek benetako zabalkundea izan zuten garai horretan, baina «oraindik Bakunin, Proudhon eta bestelako ideologo batzuk ere barnebiltzen zituen ideologia sozialista eklektiko baten parte ziren». Haupten arabera, Engelsen Anti-­Dühring lanaren bidez (XIX. mendeko 70ko hamarkadaren bukaeran agertu zen) finkatu zen marxismoa benetako izaeradun ideologia gisa[35].

Baina dena ezin dugu Marxen lanen zabalkundearen bidez ulertu, kontuan izan behar baitugu II. Internazionala «marxista» gisa definitu ohi bada ere, hasiera batean ideologia-aniztasuna uste baino handiagoa zela Internazional horretan. Zeintzuk izan ziren, beraz, Internazionala berreraikitzea posible egin zuten bestelako faktoreak? Agian, eta garrantzitsuena, langile­-klasearen lekualdatzea eta nahasketa geroz eta handiagoa izatea. Igor Krivoguzen arabera, 1880rako ia 19 milioi europarrek utzia zuten beren etxea. Halako deserriratuek paper garrantzitsua izan zuten mugimendu sozialista garatzean[36].

Migrazioen fenomeno horren ondorioz, Europako alderdi sozialistetan eta sindikatu ezberdinetan beste herrialde batzuetako jendea zegoen (kasu askotan baita fundatzaileen taldeetan edo zuzendaritza-taldeetan ere). Modu horretan herri ezberdinen arteko esperientziak partekatzeko aukera izan zen. 1882an Italiako Alderdi Sozialista fundatu zutenen artean Anna Kuliscioff izan genuen[37]. Beste errusiar batek, Constantin Dobrogeanu-Ghereak (jaiotzako izenez Solomon Katz) Errumanian ideia sozialistak txertatu zituen, bai eta Errumaniako Alderdi Sozialista fundatu ere[38]. Errusiako «Lanaren Emantzipazioa» Taldea sortu zuen taldeko partaideek (Plekhanov, Zasulitx, Akselrod) urte asko pasatu zituzten erbestean[39]. Errusiar erbesteratuek garrantzi handia izan zuten XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran harrera-herrialde sozialistetan[40]. Alemaniako Alderdi Sozialistako kide askok, hango lege antisozialistak zirela eta, Alemaniatik atera egin behar izan zuten. Askotan harrera-herrialdeetako sozialistekin kontaktuan jartzen ziren, bai eta erbesteko kongresuak egin zituzten ere XIX. mendean. Esaterako, famatua da 1887an Suitzako Saint Gallen hirian egindako kongresua[41] (XX. mende hasieran Errusiako erbesteratuek egin zuten moduan). Segida hau bukatzeko ezin ditugu aipatu gabe utzi Rosa Luxemburg eta poloniar marxisten deserriratzea: poloniar sozialista askok Zürichen topatu zuten aterpea –orduan Europako sozialista erbesteratuen hiriburu bihurtu zen–. Hiri horretan harreman ideologiko handia egin zuten errusiar marxistekin (Plekhanoven taldearekin). 1892an Atzerriko Poloniarren Batasun Sozialista sortu zuten, Luxemburg bera kide zela; talde hori, bestelako poloniar talde sozialista gehienak bezala, laster zatitu zen nazionalista eta internazionalisten artean. Hala ere, handik atera zen Luxemburgek sortutako Poloniako Alderdi Sozialdemokraziaren sorrera-nukleoa[42].

Zabalpenerako beste faktore bat martxan jarri ziren nazioarteko kanpainak ditugu. Halako kanpainek (adibidez, zortzi orduko lanegunaren ingurukoak) ez zioten banderarik eman nazioarteko mugimendu sozialistari (aldarrikapena existitzen zen lehenagotik), baina internazionalismoa frogatzeko aukera bat eskaini zioten. «Zortzi orduko laneguna» nazioarteko langileen aldarrikapena izan zen XIX. mendean. Marxek Kapitala lanean jada azaltzen du 1866an AEBko langileek eskaera hori egin zutela (Baltimorekoek, zehazki), I. Internazionaleko langileek baino zertxobait lehenago[43]. Marxek dio aldarrikapena «ozeanoaren bi aldeetan, instintiboki» azaldu zela, hau da, aldarrikapenak erakundetze formalen aurretik zihoazen orduan ere –Marxek, 1875ean «Gothako Programari Kritika» liburuxkan, «lanegun arrunta» aldarrikatzea eta «arrunta» horren ordu kopurua ez zehaztea leporatu zion Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata batuari[44]–. Aldarrikapen hori oso ezaguna izan zen II. Internazionala sortu aurreko egunetan. Kontuan izan behar da 1886an Chicagoko istiluak izan zirela, eta horren ostean Estatuak bost langile hil zituela, zortzi ordutako lanegunaren inguruko protesta baten testuinguruan[45]. Igor Krivoguzen arabera, gero eta langile gehiagok lortu zuten zortzi orduko laneguna izateko eskubidea. Zehazki, 1885ean AEBn 185.000 langile zeuden erregimen horretan[46], eta Coleren arabera Australian jada legezkoa zen jardunaldi hori[47]. Zortzi orduko lanegunaren aldeko protesta hain ezaguna zen, ezen normalean toki batean manifestazio handi bat egiten bazen (eta batez ere istiluekin edo atxiloketekin bukatzen bazen), elkartasun mitinak egiten baitziren beste herrialdeetan[48]. Coleren arabera, 1888ko Londreseko sindikatuen arteko nazioarteko topaketak zortzi orduko lanegunaren aldeko mozio bat aurkeztu zuen[49]. Ez da harritzekoa, beraz, 1889an, 1890eko maiatzaren lehenerako nazioarteko manifestazio baten ideia piztu zenean, ideia horrek onarpen handia izatea. II. Internazionalak, sorrera-bilera horretan, oso presente izan zuen zortzi orduko lanegunaren aldeko kanpaina, ez soilik haren aldeko mozio bat aurkeztu zuelako, baizik eta baita gai horrekiko berariazko kanpaina egingo zuen aldizkari bat fundatu zutelako ere[50].

Zabalpenerako beste faktore bat martxan jarri ziren nazioarteko kanpainak ditugu. Halako kanpainek (adibidez, zortzi orduko lanegunaren ingurukoak) ez zioten banderarik eman nazioarteko mugimendu sozialistari (aldarrikapena existitzen zen lehenagotik), baina internazionalismoa frogatzeko aukera bat eskaini zioten

Garai horretako beste eskakizun bat sufragio unibertsal eta parekidearen ingurukoa zen. Herri gehienetan, sufragioa gizon batzuei soilik mugatua zegoen (ez gizon guztiei, baizik eta jabeei). Igor Krivoguzen arabera, 1890eko hamarkada hasi zenerako, Frantzian, mila lagunetik 265k bozkatu zezaketen, Italian 82k, Austrian 73k, Suedian 62k, Herbeheretan 30ek eta Belgikan 22k[51]. Gainera, beste herrialde batzuetan, Alemanian eta Britainia Handian esaterako, nahiz eta gizonezkoentzako sufragio unibertsala existitu, hura ez zen parekidea, hau da, klase sozialaren arabera, bozkak modu ezberdinean balio zuen[52]. Jakina, horrek bide eman zion bestelako nazioarteko aldarrikapen bati, hain zuzen ere, benetako sufragio unibertsal –ez soilik «gizonezko»– eta parekidearen aldarrikapenari (aldarrikapen horrek hasi zuen XX. mende hasieran Martxoaren Zortziaren aldarrikapena).

Gainera, horrekin lortuta, kontuan hartu behar ditugu eskubide demokratikoak hertsatzearen kontrako kanpainak eta mobilizazioak: Alemanian «Lege Antisozialista» deitutakoak 1890era arte iraun zuen[53], eta horrek, jakina, elkartasunezko kanpainak eragin zituen.

Bestalde, hain ezaguna ez bada ere, inperialismoaren kontrako zenbait kanpaina ere jarri ziren martxan une horretan. Adibidez, Igor Krivoguzek aipatzen du «1880ko hamarkadaren bigarren erdian» alemaniar, frantziar eta espainiar sozialistek euren herrietako gobernuetako elementu agresiboen kontrako «kanpaina bateratuak» hasi zituztela, edo urte horietan herri askotako sozialistek Britainia Handiak Egipton egindako esku-hartze inperialista salatzeko kanpainak ere gidatu zituztela[54].

ZEIN IZAN ZEN I. INTERNAZIONALEKO ETA II. INTERNAZIONALEKO ORDEZKARIEN ARTEKO DIFERENTZIA JATORRI GEOGRAFIKOARI DAGOKIONEZ?

Zaila da langile-internazionalismoaren aurrerapena objektiboki neurtzen. Kasu honetan, I. Internazionala desagertu osteko eta II. Internazionala agertu arteko nazioarteko elkartasun-­sareen lana ona edo txarra izan zen neurtzeko, II. Internazionalean ordezkatutako herrien kopurua handitu egin zela aztertu behar da.
I. Internazionalaren bileretara hasieran oso kide gutxi joaten ziren, eta herrialde gutxitakoak; hogei edo hogeita hamar ordezkariko bilerak ziren, lauzpabost herrialde europarretakoak. 1868ko Bruselako Biltzarrean herrialde gehiagok parte hartu zuten: zazpi herrialdetako ordezkariak agertu ziren. 1969an lehen ordezkari ez-europarra bertaratu zen (Estatu Batuetako ordezkari bat), eta, azkenik, 1872ko Hagako Biltzarrean, hamaika herrialdeetako 69 ordezkari izan ziren (hamabi izan zitezkeen herrialdeak, aurreko bilkuretan parte hartu zuen Italia agertu izan balitz). Biltzar hori izan zen I. Internazionalaren biltzarretan aniztasun handiena izan zuena, behintzat herrialdeen kopuruaren aldetik. Biltzar horretan txekiar eta hungariar sozialistak agertu ziren, eta bi herrialde horiek osatzen zuten, hain zuzen ere, I. Internazionalaren ekialdeko muga[55].

II. Internazionalean (adibidez, lehen biltzarrari so egiten badiogu, 1889an egin zenari) I. Internazionalean parte hartu ez zuten herrialde askotako ordezkariak bertaratu ziren, besteak beste errusiarrak (hainbat alderditan sakabanatuak), errumaniarrak eta armeniarrak[56]. Hurrengo bilerak hedapen handiagoa izan zuen bulgariarrak, serbiarrak, bai eta ozeaniar kontinenteko ordezkariak (australiarrak) agertu baitziren[57]. Hala ere, ordezkaritzak ez ziren beti iraunkorrak izaten, batez ere lehen urteetan. Esaterako, 1891ko II. Biltzarrean ez zen errusiar ordezkaririk izan. Izan ere, Plekahnov marxisten buruak hauxe adierazi zuen: «Sozialismo zientifikoan gure lanketa propioa egin gabe agertzen bagara, errusiar ordezkaritza soilik itxurazkoa litzateke»[58].

Aniztasun horren adierazle izan zen bertaratuen artean zenbat erakunde zeuden: 20 herrialdeetako sozialistak bildu ziren, baina 300 erakunde zeuden ordezkatuta, zenbat arrazoi zirela medio. Alde batetik, aniztasun ideologiko handia zegoen. Bestetik, «alderdiez» gain –kasu askotan «alderdi» horiek benetako alderdiak baino gehiago erakundeak edo klubak ziren, sarritan hiri bakarrera mugatutakoak–, sindikatuak ere gonbidatu zituzten.

Zenbat ordezkari bildu ziren 1889ko biltzar horretan? Igor Krivoguzen arabera, uztailaren 14an 393 ordezkari zeuden (kontuan izanik 300 erakunde zeudela ordezkatuta) eta hurrengo egunetan «400 baino gehiago izan ziren»; Coleren arabera, 391 ziren ordezkariak[59]; eta Priestlanden arabera, 392, 23 herrialdetatik etorritakoak[60].

Hurrengo urteetan, hazi egin zen II. Internazionaleko bilkuretako ordezkarien kopurua, bai eta ordezkatutako herrialdeen kopurua ere: 1891n 16 herrialdetako 372 ordezkari ziren, 1893an 20 herrialdetako 438 ordezkari, eta, 1896an, 22 herrialdetako 700 ordezkari[61]. Hala ere, kontuan izan behar da biltzarrari ostatu ematen zion herrialdeak ordezkari gehiago bidaltzen zituela. Hori gertatu zen Bruselako II. Biltzarrean (1891), Züricheko III. Biltzarrean (1891), bai eta Londreseko IV. Biltzarrean ere (1896)[62].

Haatik, II. Internazionalak zenbait muga topatu zituen Europaz haratago zabaltzeko: marxismoa Europaz kanpo «europar tradizioko» edo «europar populazioko» tokietara iritsi zen soilik. Kontrara, herrialde kolonial autoktonoetara iristen zertxobait atzeratu zen (Asiako herrialde ez-anglosaxoietara, Afrikara…). Andreucciren arabera, XX. mendean heldu zen lehenbizi Japoniara, eta, gero, Txinara –egile honen arabera, Errusiako Iraultzaren aurretik iritsi zen marxismoa Txinara. Horrela, Maoren iritziaren aurka egin zuen. Hala ere, Txinak ez zuten ordezkaririk izan II. Internazionaleko biltzarretan–[63].

Muga hori izan bazen ere, kontuan hartu behar da II. Internazionalak sozialismoa Europa osora hedatu zuela, Mendebaldeaz haratago: Europako ekialdera, Errusiara, Balkanetara eta Eskandinaviara. Horrez gain, Europaz gaindiko ordezkariak erregularki agertzen ziren bertara. Bestetik, hurrengo kapituluan ikusiko dugun moduan, II. Internazionala, nahiz eta ideologikoki homogeneoa ez izan, erregulartasun bat izan zuen erakundeei dagokienez: bertako kide izatea premia gisa ikusten zen borondatezko afera bat baino gehiago. Ideia horrek Internazionalaren prestigioa handitu zuen.

Kontuan hartu behar da II. Internazionalak sozialismoa Europa osora hedatu zuela, Mendebaldeaz haratago

NOLA GARATU ZEN II. INTERNAZIONALA, ZEREN INGURUAN IZAN ZIREN LEHEN EZTABAIDAK?

Eztabaidak izan ziren II. Internazionalak praktikan hartu behar zuen formaren inguruan. Irakurleari ziurrenik ezagunak izango zaizkio III. Internazionalean «Leninek (ustez) inposatutako» 21 baldintzak. Bada, II. Internazionalean ere halako eztabaidak gertatu ziren. Izan ere, «mundu mailako alderdi iraultzaile» edo «alderdi ezberdinen nazioarteko federazio» izango ote zen inguruko eztabaidak ere izan ziren. Zenbaitek lehenengo posturaren alde egin bazuen ere, ez zuten nahi Internazionala «mundu mailako alderdi bakar» bihurtzea (alemaniarrek, adibidez; horiek ziren garai horretako alderdi sozialistarik handiena). Nahiago zuten «alderdi sozialisten federazio» gisa gera zedin. Horrez gain, hartu ziren erabaki adostuen inguruan alderdi bakoitzaren autonomia handitzearen jarraitzaile sutsuena Alemaniako Alderdi Sozialista izan ohi zen, esaterako, Maiatzaren Lehenaren inguruan nola jokatu erabakitzeko autonomia[64]. Are gehiago, nahiz eta II. Biltzarrean (1891) II. Internazionalak bere burua «nazioarteko alderdi sozialista» gisa definitu, horrek ez zuen inplikazio praktikorik izan. Kontrara, garai hartan Internazionalaren sektore batek izan zuen nahien isla besterik ez litzateke[65].

Ikusi dugunez II. Internazionalaren barruan aniztasun handia izan zen sorrera unean, are gehiago 1891n Bruselako II. Biltzar Nagusia egin zenean. Bigarren bilera horretan posibilistak agertu ziren, eta, ondorioz, Internazionalaren aniztasuna handitu egin zen. Horrez gain, bigarren faktore batek ere eragin zuen aniztasunean: nahiz eta alderdi bateratuak sortzeko prozesua abian izan, herrialde askotan ez zen alderdi sozialista bateraturik. Bilakaera hori soilik Alemanian, Austrian (1889an sortua[66]), Hungarian[67], Belgikan eta Espainian gertatu zen. Kontrara, Frantzian, Britainia Handian, Polonian, Italian, Herbehereetan, eta Errusian oraindik ez zen gertatu. Beraz, oso posible zen hurrengo biltzarretan herrialde batetik hainbat erakunde edo alderdi ezberdin ateratzea. Bestetik, II. Internazionalean, alderdi sozialistez edo «erakunde politiko sozialistez» gain, sindikatuak ere presente zeuden. Herrialde askotan sindikatuak ziren langileen erreferente (ez alderdiak). Kasu askotan «sindikatu» edo «langile batasun» terminoen definizioak oso zabalak izan zitezkeen eta askotan ez zetozen bat sindikatu moderno baten definizioarekin. Adibidez, 1896ko Londreseko IV. Biltzarrera, frantziar ordezkaritzaren barruan, sindikatuez eta alderdiez gain, tokiko «ganbera sindikalak», tokiko langile batasunak, ikasleen elkarteak, «bourse du travail» izeneko langile-kontseiluak, propaganda-elkarteak eta komunikabideak agertu ziren[68].

Sindikatuez gain, alderdien artean ere aniztasun ideologiko handia zegoen zenbait herrialdetan. Ez zen batere arraroa lehen urteetan herrialde baten ordezkaritzan alderdi edo erakunde ezberdinak izatea. Hori gertatu zen, adibidez, Frantzian, non alderdi sozialista bateratua oso berantiarra izan zen –Italian kontrako kasua gertatu zen, Internazionalak alderdi bakarra sortzea ekarri baitzuen–. Era berean, herrialde batzuetako ordezkaritzetan zenbait anarkistek ere parte hartzen zuten. Hasierako urteetan, zenbait ordezkaritza anarkisten nagusitzan zeuden[69] –Holandako Sozialdemokraten Liga, izena izen, erakunde anarkista bat zen. Izan ere, anarkistak izan ziren nagusi 1896 arte–. Beste zenbait kasutan, sindikatu batzuek ordezkari anarkistak zeramatzaten. Aintzat hartu behar dugu zenbait herritan (batez ere alderdien eta sindikatuen garapen txikiagoa zuten herrietan) anarkisten eta marxisten arteko muga-lerroak ez zirela hain garbiak –adibidez, Hungariera tradizio intelektual marxista handi baten tresna izan da, eta Alderdi Komunistaren Manifestua hungarierara itzuli zuen lehena Ervin Szabo anarkista izan zen[70]–. Baina «aniztasun» hori ez zen soilik anarkistekin gertatzen. Adibidez soreliarrak edo «sindikalista iraultzaileak», Frantzian bertan blanquistak eta jakobinoak ageri ziren, Ingalaterran erreformistak eta guildistak[71], bai eta narodniki edo populistak Errusian (gainera horiek beren ordezkaritza propioa izan zuten II. Internazionala I. Mundu Gerraren garaietan desagertu arte). Poloniarren artean ere zatiketak izan ziren, zehazki joera nazionalistak (Pilsudskiren jarraitzaileak) eta internazionalistak (Rosa Luxemburgen aldekoak) zituztenen artean[72]. Egia da hasierako heterogeneotasun horrek hurrengo urteetan sinplifikatzera egin zuela, bai eta marxistak nagusitu zirela 1914ko zatiketa handira arte. Alabaina, hasierako aniztasun hori ez zen sekula desagertu. Beraz, nolabait II. Internazionala «marxista» dela esan genezake, betiere konbentzio linguistiko moduan eta sinekdoke bat egiten ari garenaz kontziente bagara, hau da, osotasunaren izena ematea zati bati (zati handi bat, handiena bazen ere), kontuan izanik aipatu ditugun alderdi batzuk bukaerara arte izan zirela Internazionalaren kide.

Hasierako aniztasun hori ez zen sekula desagertu. Beraz, nolabait II. Internazionala «marxista» dela esan genezake, betiere konbentzio linguistiko moduan eta sinekdoke bat egiten ari garenaz kontziente bagara, hau da, osotasunaren izena ematea zati bati

1891ko II. Biltzarrean marxisten eta posibilisten arteko talkak izan ziren; protagonistak Émile Vandervelde (antolatzailea, posibilisten aldekoagoa) eta August Bebel alemaniarra (marxista) izan ziren. Vanderveldek langileen aldeko babes-legegintzaren aldeko txosten bat aurkeztu zuen eta hura Internazionalaren programa izan zedin nahi zuen. Bebelen erantzuna zion mugimendu sozialistaren lana ez zela langile-legegintzaren alde borrokatzea, baizik eta langileei azaltzea gizartearen bidegabekeriaren erroak non ziren, hala «gizarte mota hau ahalik eta azkarren desagerrarazi dezaten». Bebelen mozioa garaile atera zen eta Internazionalak bere helburutzat «langile klaseak botere politikoa eskuratzea» jarri zuen. Hala ere, ez zuen metodorik ezarri, ezta geroago erreformisten eta iraultzaileen eztabaida-bazka izango zen Estatuaren eta botereren arteko definiziorik ere (esaterako, austriar sozialistek sufragioaren eta parlamentarismoaren aldeko aldarriak plazaratu zituzten). Beste eztabaida puntu bat gudaren aurkako posizioan izan zen. Kasu horretan holandar filoanarkistekin izan zen xextra, posibilistekin beharrean. Aurkeztutako mozioan potentzia handien chauvinismoa salatu zen eta gehiengoak herrialdeen arteko bakearen alde egin zuen. Holandarrei dagokionez, «eraso-gudaren eta defentsa-gudaren» arteko bereizketa salatu zuten eta bakearen alde borrokatzeko deia baino gehiago, guda iraultza azkartzeko aukera moduan aprobetxatzearen alde egin zuten. Horrez gain, biltzar horretan adostasun osoa lortu zen puntu hauetan: emakumeen bozka eskubidean, sufragio unibertsal eta parekidean, antisemitismoaren aurkako borrokan eta grebak eta boikotak tresna sindikal gisa onartzean[73].

Homogeneotasun ideologikoaren aldeko lehen pausoa 1893ko III. Biltzarrean gertatu zen. 1893ko III. Biltzar Nagusian, anarkistak kanpoan uzten zituen ebazpen bat onartu zuten. Ebazpenak hala zioen: «Biltzarrak langile-­batasun guztiak eta langile-antolaketa eta -ekintza politikoa onartzen dituzten alderdi zein erakunde sozialistak onartzen ditu». Hau da, sindikatuak onartzen zituzten, baina alderdi edo erakunde izanez gero, «ekintza politikoa» ezinbesteko baldintza zen. Gainera, III. Biltzar horretan alderdi sozialistak instituzioetan egotearen aldeko eta hauteskundetan parte hartzearen aldeko erabaki bat hartu zen. Jakina, hori anarkisten iritziaren kontrakoa zen[74]. Haatik, anarkista batzuk bertaratzen jarraitu zuten «langile sindikatuetako ordezkari» moduan. Adibidez, 1896ko Londreseko IV. Biltzarrean Louise Michel «italiar ordezkari» gisa agertu zen eta Errico Malatesta «frantziar ordezkari» moduan[75]. Baina 1896an, 1893an Zürichen erabaki zena berresteaz gain, herrialde bakoitzeko ordezkaritzen gaineko zorroztasuna handitzeko erabakia hartu zuten (horrek herrialde bakoitzeko sozialisten arteko egoera politikoa «sinplifikatzeko» ondorioa izan zuen). Erabaki horrek Holandako Sozialdemokraten Ligak (erakunde anarkista zen) II. Internazionala uztea izan zuen ondorio[76].

II. Bitzarrean alderdi sozialistak nonahi eratzea aldarrikatu zen, eta III. eta IV. Biltzarretan homogeneotasunaren aldeko erreibindikazioak egin ziren. Horrek herrialde batzuetan alderdiak sortzea eta beste batzuetan alderdien arteko batasuna gauzatzea azkartu zuen. Adibidez, Italiako Alderdi Sozialista 1891n eratu zen, nahiz eta lehen alderdi sozialistak 1882an sortu. Frantzian prozesua pixka bat gehiago berandutu zen, lehen batasuna gertatzeko XX. mendera igarotzea itxaron behar izan baitzuten: marxisten eta blanquisten arteko batasuna 1905ean gertatu zen, eta Langile Internazionalaren Frantziar Atala (SFIO) izen esanguratsua hartu zuen. Dotrina baino gehiago, Langile Internazionalak Frantzian mintzakide bakarra izateko desioa izan zen batasunerako motibo nagusia[77]. Hala ere, esan beharra dago Frantzian batasun-prozesuan beste bi arrazoik ere eragina izan zutela: alde batetik, garai horretan greba-bolada bat gertatu zen. Bestetik, Alexandere Millerand sozialista-erreformista Gobernuan sartu zen, zeinak fakzio anti-­erreformistak hurbildu zituen.

III. Biltzarrean auzi gehiago izan ziren mintzagai. Horien artean, zortzi orduko lanegunaren aldeko kanpainarekin jarraitzea erabaki zuten. Beste hiru gai ere agertu ziren: lehenik, gudaren inguruko gaia, non marxisten eta holandar filoanarkisten artean talka gertatu zen berriz. Bigarrenik, sindikalgintzaren inguruko eztabaida izan zen: alemaniar sozialistek sindikatuak «kapitalismoaren aurkako tresna» gisa definitu nahi izan zituzten. Britainiar sindikatuentzat, kontrara, sindikatuak «etorkizuneko gizartearen eredu» ziren, Owenen sozialismo utopikoaren tankeran. Adostasunen faltan, azkenean belgikar ordezkaritzaren erdibideko mozio bat bozkatu zuen biltzarrak auzi horri buruz. Eta, hirugarrenik, lehen aldiz eztabaidatu zen propio emakumeen auzia, emakumezko ordezkariak protagonista zirelarik eta modu integral batean, helburuak eta taktikak ere kontuan hartuta –aurreko bilkuretan sufragio unibertsal eta parekidea, emakumeena barne, eskatzera mugatu ziren. Gainera, hitza gehienetan gizonezko hizlariek zuten–. Alemaniar marxistek (Zetkin, Louise Kautsky eta abarrek) emakumezko langileek langile antolakuntzan parte hartzea eta zortzi orduko lanegunaren alde (sei, neska nerabeen kasuan) borrokatzea deitu zuen mozio baten alde egin zuten. Alabaina, Eugénie Claeys belgikarrak beste posizio bat aurkeztu zuen: bere ustez, emakumezkoak ezin ziren gizonezkoekin batera aritu erakunde berberetan. Emakumeek gizonezkoak «etsai» zituztela defendatzen zuen, eta, ondorioz, emakumezkoek beren aparteko antolakundeak sortzea defendatzen zuen[78]. Agian hori da XX. mende hasieran ezkerreko emakumeak marxista eta sufragisten artean zatitu zituen gidalerro ideologiko nagusiak eztabaida publiko batean hain markatuta agertu ziren lehenengo aldia.

Bestalde, IV. Biltzarrean, anarkistekiko eztabaidaz gain, adostasuna handiagoa izan zen. Internazionalak, bai bere barnean, bai eta kanpora begira ere, homogeneotasun handiagoa islatzen zuen. Biltzar horretan ebazpen hauek bozkatu zituzten: kolonialismoaren kontrako ebazpen bat, ekintza politikoaren eta klase-independentziaren aldeko beste ebazpen bat, hezkuntzaren aldeko ebazpen bat eta emakumeen parte hartzeko politikoaren aldeko beste ebazpen bat. Hezkuntzaren ebazpenean eztabaida bat piztu zen Sydney Webb eta Keir Hardie britainiarren artean. Hardieren ustez, ikasketak unibertsalki subentzionatzeko Webben nahiak, unibertsitate ikasketak barne, meritokrazia baztertzailea eta eskolan trebeagoak ziren umeen alde egitea zekarren[79].

1890eko hamarkadan kapitalismoa suspertzen hasi zen, eta horrela, espantsio-ziklo berri bat hasi zen[80]: hirietarako migrazio-fluxuak aurrera jarraitu egin zuen, industriaren ekoizpenak lehen sektorearena bikoiztu zuen, eta nazioarteko salerosketa, bizkortu ez ezik, hedatu ere egin zen. Alemaniaren kanpo-salerosketa, adibidez, 1910ean 1880an zena baino bizpahiru aldiz handiagoa zen[81]. Bestalde, Estatuek protekzionismorantz eta industria produkzioa bai eta legislazio soziala handitzerantz jo zuten. Horrez gain, iraultza teknologikoa gertatu zen[82]. Horrek guztiak marxismoan ondorioak izan zituen, ez hainbeste alderdi sozialista edo marxisten hazkundea geratu egin zuelako, baizik eta marxismoaren inguruan nolabaiteko errebisionismoa eragin zuelako[83]. Zenbait marxistak marxismoaren axioma batzuk jomugan jarri zituzten eta beren corpus propioa osatu zuten. Errebisionismo horien adibide ditugu Bernsteinen erreformismoa[84] eta Sorelen «mitoaren inguruko mobilizazioa»[85] –horren parte batean kritika liberalak nolabaiteko eragina izan ote zuen iradoki dezakegu, garai horretan argitaratu baitzen austriar liberalismoaren aita-ponteko Böhm-Bawerken Sistema marxiarraren bukaera liburua (La conclusión del sistema marxiano, ­1895)–. Hazkunde garaietan marxismoa birplanteatzea edota errebisioak agertzea ziklikoki gertatu da historian zehar. Nolabaiteko diferentziak alde batera utzita, antzeko fenomeno bat aipa genezake II. Mundu Gerraren osteko Ongizate Estatuaren Europan, «marxismoaren krisiaz» hitz egiten hasi zirenean. Era berean, bertan agertu ziren kapitalismoaren formulazio berriak, freudomarxismoa eta Frankfurteko Eskola, eta, gerora, postmodernismoa edo subjektuaren deuseztapena eta subjektu anitzak agertzea (oharra: 1970eko hamarkadatik aurrera sortutakoak zerikusi handiagoa izan zuen sindikalismoaren porrotarekin edota kapitalismoaren 1990etik aurrerako garaipen politikoarekin kapitalismoaren hazkunde ekonomikoarekin baino). Gai horrek hemen azaldu behar duguna baino inguru handiagoak hartzen ditu, eta hemen utziko dugu. Hala ere, interesgarria iruditu izan zait aipatzea XIX. mende bukaerako egoera sozialari argazkia ateratzeko eta baita ere errebisionismoaren agerpenaren inguruko gogoeta bat egiteko.

1890eko hamarkadan kapitalismoa suspertzen hasi zen, eta horrela, espantsio-ziklo berri bat hasi zen. Horrek guztiak marxismoan ondorioak izan zituen

Agian irakurleari harrigarria izango zaio artikulu honetan orain arte II. Internazionalaren Komite Zentralik edo Batzorde Nagusirik aipatu ez izana. Ez da ahanztura kontua; lehen hamarkada haietan II. Internazionalak ez zuen inolako egitura propiorik izan. 1900ean onartu zuten II. Internazionalak egitura iraunkor bat izan zezan: Bureau Sozialista Internazionala sortu zen, Émile Vandervelde belgikarra buru. Halere, II. Internazionala ez zenez «nazioarteko alderdi iraultzaile» bat, Bureau Internazional hori ez genuke Komite Zentraleko zuzendari batekin nahasi behar. Oso organo murritza zen kideen zein eskumenei dagokienez, bere ardurak biltzarren arteko korrespondentzia ordenatzea eta biltzarren arteko antolakuntza-lanak izan baitzen[86]. Nicolao Merkerrek esan zuen moduan, Bureau hori «informazio-bulego bat besterik ez zen»[87]. Alor horretan, I. Internazionalak askoz ere gehiago izan zuen «alderditik». Izan ere, Kontseilu Nagusi bat ere izan zuen (haren kontrola eskuratzeak hainbeste gatazka eragin zituen). III. Internazionala ere zuzendaritza-komitedun Internazional gisa planteatu zen hasieratik; are gehiago, aurreko biak baino koherentzia handiagoa izan zuen, 21 puntu famatuak ezarri ziren eta. Beraz, gai horri dagokionez, II. Internazionala salbuespena dugu. Salbuespen hori azaltzeko arrazoi bat eman genezake: bai I. internazionala, baita III. Internazionala ere iraultza-espantsio egoera batean sortu ziren. Hain zuzen, I. Internazionala 1863ko Poloniako matxinada gertatu zenean sortu zen, zeinak Europan krisi politiko bat pizteko perspektiba ekarri zuen, eta III. Internazionala, aldiz, Errusiar Iraultzaren eta 1918tik aurrera Europan zabal zitekeen iraultza sutearen babespean. Bietan, beraz, «zetorren iraultzarako nazioarteko alderdi» gisa sortzeko intuizio bat zegoen. Ordea, II. Internazionala sortu zen garaian ez zen iraultzarik ikusten ortzi-mugan, baizik eta eskaera sindikalak (zortzi ordutako laneguna) eta eskakizun antierrepresiboak (Alemaniako Lege Antisozialista kentzea). Une horretan, ez zegoen agian nazioarteko alderdi kohesionatu baten hainbesteko beharrik. Alabaina, halako egoeretan aipatzekoak dira gizon-emakume haiek nazioarteko erakunde bat sortzeko izan zuten bulkada eta kontzientzia internazionalista.

I. Internazionalak askoz ere gehiago izan zuen «alderditik». III. Internazionala ere zuzendaritza-komitedun Internazional gisa planteatu zen hasieratik

ONDORIOAK

Artikulu honetan, ahal izan dugun moduan, II. Internazionalaren hasierako urteetako aspekturik oinarrizkoenak landu nahi izan ditugu: I. Internazionalarekin izan zituen loturak, bi internazionalen arteko sareak (nazioarteko sare bat berrosatzea posible egin zuten), internazional haren osaketa eta bertako barne-eztabaidak.

Langile mugimenduan agian gutxien ezagutzen dugun Internazionala da II. Internazionala, egungo ikuspegitik gutxienez. Beharbada ez zelako langile mugimenduaren mugarri historiko batekin bat etorri, edo beharbada, lider historikorik ezagunenak ez zirelako lotzen II. Internazionalarekin (Engels soilik, hasieran), eta, esan bezala, «borrokaturik gabeko porrot» batekin bukatu zuelako bere ibilbidea. Zergatik, bada, ekarri II. Internazionala hona?

Materialismo historikoa gure egiten badugu, historiaren materialtasuna eta horren dimentsio osoa, gure egin behar ditugu joan-etorriak eta faktore anitzetako eraginak, ez soilik juzku moralak edota fatalismoa marruskatzen duen linealismo huts bati lotu. Fenomenoak zergatik sortu ziren eta zertara eraman zitzaketen aztertzea ere badakar materialismo historikoak. II. Internazionalak irakaspen gogoangarri batzuk utzi dizkigu, batez ere haren sorreran eta bai eta haren sorrera eragin zuten baldintzak eraikitzeko «historiaurre» garaian ere. Mugimendu sozialista ezberdinek hori bera sortzeko izan zuten adorea eta kontzientzia internazionalistak erakusten digu marxismoaren, hau da, Komunaren argi hori ez zela itzali. Historikoki injustizia bat da haren sorrera posible egin zutenentzat bai eta euren sakrifizioarentzat ere II. Internazionala bere heriotzara soilik murriztea.

Mugimendu sozialista ezberdinek hori bera sortzeko izan zuten adorea eta kontzientzia internazionalistak erakusten digu marxismoaren, hau da, Komunaren argi hori ez zela itzali. Historikoki injustizia bat da haren sorrera posible egin zutenentzat bai eta euren sakrifizioarentzat ere II. Internazionala bere heriotzara soilik murriztea

OHARRAK

[1] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-2. lib.: Marxismo y anarquismo 1850-1890. Fondo de Cultura Económica. Mexiko DF, 1958 [1953], 135. or.

[2] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-2. Lib.: Marxismo y… op. cit., 190. eta 201. orr.

[3] WALICKI, Andrzej: «El marxismo polaco entre los siglos XIX y XX» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-3. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (1) (153-183. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1979], 157. orr.

[4] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-2. Lib.: Marxismo y… op. cit., 165-166. orr.

[5] KRIVOGUZ, Igor: The Second International 1889-1914. Progress Publishers. Mosku, 1989 [1964], 53-54. eta 58. orr.

[6] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 35. or.; MERKER, Nicolao: Il socialismo vietato. Biblioteca di Cultura Moderna Laterza. Erroma-Bari, 1996, 8-14. or.; eta ROVAN, Joseph: Histoire de la social-democratie allemande. Éditions du Seuil. Paris, 1978, 75. or.

[7] RÉBÈRIOUX, Madeleine: «El debate sobre la guerra» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-6. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (4) (287-345. orr.) Bruguera. Bartzelona, 1981 [1978], 303. or.; eta TEGEL, Susan: «The SPD in Imperial Germany, 1817-1914» in FLETCHER, Roger (zuz.): Bernstein to Brandt. A Short History of German Social Democracy (16-25. orr.). Edward Arnold. Britainia Handia, 1989 [1987], 17. or.

[8] Bakearen eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Liga XIX. mendean errepublikano ezkertiarrek eta zenbait anarkistek sortutako erakunde bat zen, Europako Estatu Batuak goiburu zuena.

[9] Liburuxkaren lehen kapituluaren bosgarren puntuan aurkitzen da kritika hori.

[10] Berriki agertu dira nazionalista batzuk, zeintzuen arabera «nazioarteko proletalgoa» ez dagoen eta proletalgoa «nahitaez», «nazio jakin batetako proletalgoa» omen den. Jakina, patriotismoa goraipatzeko aitzakia gisa hartzen dute sozialismoa. Komeni zaie Marx errepasatzea.

[11] Colek dioenez, bertan ere agertu ziren ordezkari estatubatuarrak. COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda Internacional 1889-1914. Fondo de Cultura Económica. Mexiko DF, 1959 [1956], 17-18. orr.; eta HAUPT, Georges: «Marx y el marxismo» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-2. lib.: El marxismo en los tiempos de Marx (2) (197-233. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1979], 206. or.

[12] KRIVOGUZ, Igor: KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 31. orr.

[13] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 18-19. orr.

[14] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 43-46. orr.; eta COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 21. or.

[15] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 32-33. orr.

[16] ANDREUCCI, Franco: «La difusión y vulgarización del marxismo» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-3. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (1) (15-88. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1979], 40. orr.

[17] PRIESTLAND, David: Bandera roja. Historia política y cultural del comunismo. Critica. Bartzelona, 2010 [2009], 70. orr.

[18] STEINBERG, Hans-Josef: «El partido y la formación de la ortodoxia marxista» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-4. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (2) (103-126. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1978], 117-118. orr.

[19] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 17. or.

[20] Parrafo hauetako datuak: KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 21-22. orr.

[21] Krivoguzen arabera, Ingalaterra soilik kontuan hartuz gero, 1885-1889 bosturtekoan aurreko bosturtekoaren greba-kopurua bikoiztu egin zuten.

[22] MOSES, John A.: «Socialist Trade Unionism in Imperial Germany, 1871-1914» in FLETCHER, Roger (zuz.): Bernstein to Brandt. A Short History of German Social Democracy (26-34. orr.). Edward Arnold. Britainia Handia, 1989 [1987], 28. or.

[23] Engelsek Aldolf Sorgeri 1886ko apirilaren 29an bidalitako gutuna.

[24] Honen erakusle da, 1886ko Haymarketeko masakrea Chicagon, Illinois estatuko hirian gertatu izana, zortzi orduko lanegunaren aldeko manifestazio batean, hain zuzen ere.

[25] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 25. orr.

[26] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 22-23. eta 25. orr. John A. Mosesek pixka bat jaitsi egiten du data hauetarako alemaniar sindikatutako langile-kopurua eta 240.000 zirela dio. MOSES, John A.: op. cit., 28. or.

[27] ROVAN, Joseph: op. cit., 61. or.

[28] Egun ez dago Marxen obra osoen edizio bat bera ere Marxen lan ezagun denak osorik biltzen dituenik. Ingelerazko Collected Works proiektuak, 1975ean hasi zenak, lana 2030ean bukatuko duela estimatu du.

[29] Paragrafo honetan eta hurrengoetan esaten direnen inguruan, xehetasun gehiago hemen: HOBSBAWM, Eric: Cómo cambiar el mundo. Marx y el marxismo, 1840-2011. Crítica. Bartzelona, 2016 [2011], 185-204. orr.

[30] HOBSBAWM, Eric: Cómo cambiar... op. cit., 188. orr.

[31] ROVAN, Joseph: op. cit., 62-63. orr.

[32] HOBSBAWM, Eric: Cómo cambiar... op. cit., 190. orr.

[33] PRIESTLAND, David: op. cit., 70-71. orr.

[34] ANDREUCCI, Franco: op. cit., 34-35. orr. Georges Haupten arabera, XIX. mendeko 70eko hamarkadan hasi ziren «marxista» etiketa erabiltzen. Orduan, ordea, filosofia baten jarraitzaile baino gehiago, Internazionalaren zatiketaren ostean, Bakuninen alde paratu ez ziren fakzioaren aldekoak izendatzeko erabiltzen zen, hau da, Marxek egindako hautu politiko jakin batekin (Internazionalaren fakzioetako baten alde paratzea) bat zetozenak izendatzeko; ia-ia «ez-bakuninista» terminoaren sinonimoa zen. Orduan, «fakzio ez-bakuninistak» ez zuen nahikoa koherentzia ideologikorik. HAUPT, Georges: «Marx y el marxismo»… op. cit., 202-205. orr.

[35] HAUPT, Georges: «Marx y el marxismo»… op. cit., 216-219. orr.

[36] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 31. or.; eta ANDREUCCI, Franco: op. cit., 42-43. orr.

[37] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 30. or.; eta HAUPT, Georges: «Rôle de l’exil dans la diffusion de l’image de l’intelligentsia révolutionnaire» in Cahiers du monde russe et soviétique, 19. lib., 3. zkia., 235-249. orr., 1978, 238-241. orr.

[38] HAUPT, Georges: «Rôle de l’exil…» op. cit., 240-246. orr.

[39] Talde honen erbesteari buruz, adibidez, GETZLER, Israel: «Georgi V. Plejanov: El fracaso de la ortodoxia» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-5. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (3) (85-125. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1981 [1978]; batez ere 90-102. orr.

[40] HAUPT, Georges: «Rôle de l’exil…» op. cit., 237-238. orr.

[41] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 34. or.

[42] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 451-452. orr.

[43] Kapitalaren lehen liburukiaren zortzigarren kapituluan aipatzen du hau. Hamahirugarren kapituluan aipatzen du baita Lancashireko (Ingalaterra) langileek eskaera bera egin zutela.

[44] Kritika honen laugarren (eta azken) atalean agertzen da hau.

[45] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 19. orr.

[46] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 20. or.

[47] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 18. orr.

[48] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 36. or.

[49] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 20-21. orr.

[50] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 55-57. orr.

[51] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 19. or.

[52] XIX. mendearen bukaeran Alemanian ere atzerakada bat gertatu zen gizonezkoen sufragio parekidea zuten zenbait tokitan, adibidez Saxonian, bozka ez-parekidea ezarri zuten «Hiru klaseen araberakoa» (Prusian erabiltzen zena).

[53] 1878an indarrean sartu zen Alemaniako Lege Antisozialistaren arabera, Alemaniako Alderdi Sozialistaren edozein jarduera politiko publiko, bai eta propaganda ekintza ere debekatua zegoen(bai eta jarraitzaileek euren jantzietan alderdiaren ikurra eramatea ere). Beraz, Alderdiaren jarduera «hezkuntzako» hitzaldi pribatuetara (adibidez, ekonomiari edo soziologiari buruzko eztabaiden formaz mozorrotutako eztabaidak antolatzera) eta hauteskundeetara eta parlamentuetara mugatu zen. Hala ere, Susan Tegelen arabera, lege hori bertan behera uzteak ez zuen esan nahi Estatuak sozialistak «barneko etsai» gisa tratatzeari utzi zionik, edo gizarte burgesak «paria» gisa tratatzeari. TEGEL, Susan: op. cit., 18. or. Joseph Rovanen arabera, Alemaniako egitura quasi-federalak, lege hori aplikatzerako orduan, estatuz estatu ñabardurak gertatzen ziren. ROVAN, Joseph: op. cit., 74. or.

[54] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 34. or.

[55] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-2. lib.: Marxismo y… op. cit., 124., 127. eta 188-191. orr.

[56] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 48-49. orr.

[57] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 37. orr.

[58] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 106. or.

[59] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 47. or.; eta COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 17. orr.

[60] PRIESTLAND, David: op. cit., 70. or.

[61] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 100. or.

[62] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 40-41. orr.; eta KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 105. eta 117. orr.

[63] ANDREUCCI, Franco: op. cit., 46-47. eta 51. orr.

[64] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 24. eta 30-31. orr. Coleren arabera, «Internazionala sortzeko prestaketetan frantziarrek eta estatubatuarrek izan zuten nagusigoa, baina behin sortuta, alemaniarrek hartu zuten nagusigo hori».

[65] RÉBÈRIOUX, Madeleine: op. cit., 306. or.

[66] Hala ere, Austriako Alderdi Sozialistak sorrera momentutik onartzen zuen bere barnean talde nazional ezberdinen autonomia. Prozesu hori, hemen azalduta KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 69. or. Stalinek, bere Marxismoa eta nazio-auzia liburu ezagunean azaldu (eta kritikatu) zuen nola 1899an, Brnon, Austriako Alderdi Sozialistak «alderdi nazional ezberdinen federazio» bihurtzea erabaki zuen.

[67] Hungariako Alderdi Sozialista 1890ean sortu zen, Austriakoa sortu eta urte batera. KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 70. or. Alderdiaren antolaketa federala zen, Austriakoarenaren antzera (nahiz eta Austro-hungariar Inperioaren barruan Hungaria Austria baino askoz ere zentralistagoa izan).

[68] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 41. orr.

[69] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 54. or.; eta COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 35. eta 38-40. orr.

[70] Eric Hobsbawmen arabera, XIX. mende bukaeran anarkisten artean argudio marxtarrek eta kritika marxistak nolabaiteko predikamendua izan zuten. HOBSBAWM, Eric: «La cultura europea y el marxismo entre los siglos XIX y XX» in HOBSBAWM, Eric: Historia del marxismo-3. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (1) (89-152. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1979]; batez ere 98-104. orr. HOBSBAWM, Eric: Cómo cambiar... op. cit., 226. orr. Honen inguruan gogoratu behar dugu Kapitala errusierara itzultzeari ekin zion lehena Mikhail Bakunin bera izan zela. Beste alde batetik, nekazaritzako narodnikek, errusiar eseristek zertxobait (Viktor Txernov Marxen irakurlea zen), baina batez ere Balkanetan marxismoak harremana izan zuen haiekin Hobsbawmen arabera (242-243. orr.). Gavrilo Princip ezaguna Marxen Kapitalaren irakurle izan zen Sarajevoko atentatua egin zuenean.

[71] Guildismoa edo guild-socialism, sozialismo «gremiala»; sektore ekonomikoa antolatutako organo autogestionatuen federazioa aldezten zuen ideologia bat zen, eta partzialki Owenen sozialismo utopikotik edaten zuen. Europako kontinenteko «sozialismo korporatiboarekin» edo sorelianismoarekin antzekotasun handiak zitueen. Hala ere, ez zuen horien «tik» organizistarik (gerora autoritario edo atzerakoi bihurtu ziren) horiek.

[72] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 37. orr.

[73] Biltzar honekikoak: KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 108-114. orr.

[74] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 122. or.

[75] Igor Krivoguzen arabera, anarkistek sindikatuetako ordezkari gisa agertu izana ez zen sindikatuen barne-aniztasunaren edo ideologia-lausotasunaren isla soilik, baizik eta Kropotkinen aholkuak jarraituta anarkisten taktika baten emaitza izan zen. KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 126-127. orr.

[76] COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 38-39. eta 41-42. orr.; eta KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 118-119. eta 126-113. orr.

[77] KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 72. eta 157-158. orr.; eta COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 304-309. eta 323-333. orr.

[78] Biltzar honekiko informazioa: KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 119-126. orr.

[79] IV. biltzarrarekiko informazioa: KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 129-136. or.

[80] Igor Krivoguzen arabera, langabezia handitu egin zen XIX. mendeko 90eko hamarkadako lehen erdian, eta bigarren erdian jaitsi egin bazen «kolonietatik ateratako supermozkinei esker» izan zen. KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 62. or. Eric Hobsbawmek bat egiten du garai honetako hazkunde ekonomikoa baserritarren eta kolonien bizkar egin zela esaten duen iritziarekin: HOBSBAWM, Eric: La era del Imperio (1871-1914). Labor Universitaria. Bartzelona, 1989 [1987], 36. eta 46-47. or.

[81] MERKER, Nicolao: op. cit., 67. or. Hala ere, Igor Krivoguzen arabera, industriaren hazkunde hori, nekaritzako guneak esplotatzeaz eta nekazari txikien kontrako aberastasun-kontzentrazio politikaz egin zen. KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 63. or. Ideia horiekin bat dator Eric Hobsbawm. HOBSBAWM, Eric: La era del Imperio… op. cit., 39-45. orr.

[82] HOBSBAWM, Eric: La era del Imperio… op. cit., 39-45. eta 52. or.

[83] Marxismoaren krisia XX. mende hasieran kuantitatiboa izan ez zela irakur daiteke, adibidez, hemen: HOBSBAWM, Eric: «La cultura europea…» op. cit., 92-93. orr.

[84] Bernsteinen errebisionismoaren oinarriak hobeto azalduta, iturri hauetan: FETSCHER, Iring: «Bernstein y el reto a la ortodoxia» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-4. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (2) (165-213. orr.). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1978], 189-196. orr.; FLETCHER, Roger: «The Life and Work of Roger Bernstein» in FLETCHER, Roger (zuz.): Bernstein to Brandt. A Short History of German Social Democracy (45-54. orr.). Edward Arnold. Britainia Handia, 1989 [1987]; MERKER, Nicolao: op. cit., 67-74. or.; GUSTAFSSON, Bo: «Capitalismo y socialismo en el pensamiento de Bernstein» in ZANARDO, Aldo: Historia del marxismo contemporáneo-1. lib.: La socialdemocracia y la II Internacional (167-179. orr.). Avance. Bartzelona, 1976 [1974]; ANGEL, Pierre: «Estado y sociedad burguesa en el pensamiento de Bernstein» in ZANARDO, Aldo: Historia del marxismo contemporáneo-1. lib.: La socialdemocracia y la II Internacional (181-225. orr.). Avance. Bartzelona, 1976 [1974]; eta LIDTKE, Vernon L.: «Las premisas teóricas del socialismo de Bernstein» in ZANARDO, Aldo: Historia del marxismo contemporáneo-1. lib.: La socialdemocracia y la II Internacional (227-252. orr.). Avance. Bartzelona, 1976 [1974].

[85] Sorelen eboluzioa eta sorelianismoaren agerpena (marxismoarengandik bereiziz) egoera ekonomiko berriaren aurrean mitoaren zentralitatea bestelako irtenbide bat topatzeko ahalegin moduan: DE PAOLA, Gregorio: «Georges Sorel, de la metafísica al mito» in HOBSBAWM, Eric (zuz.): Historia del marxismo-3. lib.: El marxismo en la época de la II Internacional (1). Bruguera. Bartzelona, 1980 [1979], 273., 257. eta batez ere, 263-278. orr.

[86] Coleren arabera, 1896an proposatu zen lehen aldiz halako komite bat ezartzea, baina ez zen akordiorik lortu, nahiz eta 1896ko bilera horretan Londres ezarri Internazionalaren egoitza moduan. COLE, G. D. H.: Historia del pensamiento socialista-3. lib.: La Segunda… op. cit., 43-44. orr. Krivoguzen arabera, Jules Guesde frantziarrak 1891ko Biltzarrean II. Internazionalaren Kontseilu Nagusi bat sortzea proposatu zuen, baina Engels kontra agertu zen, momentu horretan halako organo bat sortzeak posibilistei on egingo zielakoan. Arestian aipatu duguna baieztatzen du horrek: frantziarren II. Internazionalaren gaineko ikuspegia «nazioarteko alderdi sozialistatik» gertu zegoen, alemaniarrek, ordea, nahiago zuten «alderdi sozialisten arteko nazioarteko federazioaren» ikuspegia. KRIVOGUZ, Igor: op. cit., 103-104. orr.

[87] MERKER, Nicolao: op. cit., 5. or.

EZ DAGO IRUZKINIK