AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Xabier Leteren heriotzaren bederatzigarren urteurrena pasa berri da, eta une egokia izan liteke geure buruari galdetzeko zer izan zen benetan haren figura: zeren espresio izan zen unean une haren obra poetikoa, zer gelditzen zaigun hartaz, nola gogoratu behar dugun. Jakina, hainbat izan daitezke galdera horien erantzunak eta, are gehiago, Leterena bezalako figura bitxi eta lausoari bagagozkio.

Lete bitxia eta lausoa da, alde batetik, politikoki: 60ko hamarkadako literatura eta kantagintza konprometituaren ezinbesteko partaidea izan zen eta politika iraultzaileak baliatu izan ditu aspalditxotik haren letrak eta ahotsa, baina sarritan memoriatik labain egiten digu, esaterako, lau urtez EAJrekin Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura sailburu izanak.

Bestalde, bere artista izaera ere ez nuke esango oso argia denik. Kantari gisa gogoratuko du gehiengoak, baina kritikatik eta abarretatik datorren diskurtsoak garrantzi handia –gehiago ez bada– aitortu izan dio haren obra poetikoari, kantagintzari baino. Nik uste errealitatea konplexuagoa dela: kantagintzari garrantzi handia eman zion poeta izan zen Lete, poesia kantagitzatik ulertzen zuen eta kantagintza poesiatik, abesteak bere lana gizarteratzeko ematen zizkion baliabideen oso jakitun zen. Kantaldi jendetsu batean poema abestu bat entzutea eta bakardadean liburu batean irakurtzea ez dira gauza bera, bistan da; guztiz aldatzen da artistaren, obraren eta publikoaren arteko harremana testuinguruaren arabera. 60ko hamarkadan, hainbatek kantagintzan topatu zuten publikoarekin harreman zuzenagoa ahalbidetzen zien arte modua: Euskal Herriko gizartea irakinaldi batean zegoen, borrokarako grinak hartuta, eta gitarrarekin lagundutako poemak baliabide egoki suertatu ziren masa haiei ahots lirikoa emateko. Letek ere etengabe erabili zuen formula hori: poema bat publikatu eta gero kanturako moldatuko zuen; bertso moldeak esploratuko zituen publikoarengana heltzeko moduez arduratuta, eta beste kantukideentzat letrak egingo zituen.

Horregatik guztiagatik, hain zuzen, zaigu hain interesgarria Leteren figura aztertzea: gaur egun ere mugimendu sozialistari ezinbestekoa zaion auzi bati begiratzeko, une historiko bateko arte espresioen eta espresio politiko antolatuen arteko harremanaren nolakotasuna, alegia.

Horretarako Leteren figura apur bat argitzea komeni zaigu, lehenbizi. Koldo Izagirrek 2017an apailatutako Elurra ikusi dut antologia eta haren hitzostea ditugu gure lanerako baliabide egokiak; inork Leteren biografiaren eta obraren kontakizun kritiko eta egoki bat nahiko balu, haietara jotzea luke onena. Izagirrek berak ere, poeta konprenitzeko beharra azaltzen du etengabe, haren figuraren lausotasuna azaleratuta berriro: haren bihozberatasuna eta ezkortasuna, haren poesia ulertzeko modua, aldakor, baina, aldi berean, zehatz eta indartsu ageri zaizkigu. Nik uste, finean, Leteri zor dioguna Raymond Williamsek Orwell idazle britainiarraz zioena dela: zintzotasuna. Ez dugu Leterengan egokitasun politiko erabatekorik aurkituko, ezin zaio ez leialtasun partidistarik ez koiuntura historikoaren ulerkera zehatzik aitortu; bai, ordea, bere obrarekiko eta bere garaiarekiko konpromiso sakon bat.

Lete zintzoa da bere lanarekin eta horrexegatik da ausarta eta konprometitua. Poesia «gauzak izendatzeko era bat» dela deklaratu zuen 1974rako eta deklarazio horretan ikus daiteke haren konpromisoa: gauzei beren izenekin deitu behar zaie, egia esan behar du poetak eta, horretarako, bere garaiarekin sakonki konprometitua behar du egon. Ordea, zintzotasun horrexegatik da aldakorra Leteren obra. Artistaren subjektibitatea beti historikoki determinatua ageri zaigula erakusteko adibide perfektua da Lete: loraldi iraultzailearen garaikoak dira haren gaztaroko poema ausartak eta zorrotzak, garaiaren ulerkera eta borrokarako deia luzatzen diotenak gizarte antolatuari (“Bizitzaren promesa / kate guztiak hautsi / bihar / haizearen leunean / irripar batean / itxaropen”); gero datoz Trantsizioaren garaiko kronika ezkorrak diren ondorengo lan batzuk, letra larrizko Herriaren traizioa eta gainbehera predikatzen dutenak, noraez orokor bat lirikoki marrazten dutenak (“Nik ez dut solas lodirik etorkizunaz egiten / bat-bateko librakuntzaz ez dut aspaldi sinisten”). Eta poetaren ahotsa gero eta ezkorrago bilakatzen da urteekin, gero eta gehiago urruntzen da arazo sozialetik eta gero eta gehiago babesten da kutsu erlijiosoko poetika batean. Aldakorra zenbateraino den, bere zenbait poema eta abestirekin egin zituen bertsioek ere erakusten dute: Izarren hautsa poemaren jatorrizko bertsioa, esaterako, aldatu egin zuen Letek gerora, batez ere kutsu politikoa izan zezaketen zatiak ordezkatuta.

Aldakorra baino, paradoxikoa iruditu dakioke norbaiti Leteren figura eta lana. Baina kasu honetan ere aplika diezaiokegu Williamsek Orwellez zioen gauza bera: paradoxa hori ezin daitekeela arrazoi hertsiki pertsonalei begira ulertu, egoera historiko orokorrak eragindako presioen ondorio gisa baizik. Alegia, Leteren lana aldakorra da historikoki determinatua dagoelako, ezin daitezkeelako inolaz ere haren produkzio poetikoa eta bizi izan zituen une historikoak bereizi. Era berean, artista konprometituaren paradigma topatzen dugu Leterengan. Haren lanek ez zieten zuzenki erantzuten ez artea egiteko irizpide zurrunei ez mugimendu politiko antolatuaren bideorri taktikoari, baina bere burua 60ko hamarkadako masa politizatuen aldean kokatu zuen Lete gazteak, haren parte zen eta hari zor zion konpromisoa, eta, ondorioz, posizio horretatik idazten eta kantatzen zuen. Horrexegatik izan zen mugimendu politiko zabal bati ahotsa emateko kapaz.

Politika eta artea bi gauza desberdin dira, bakoitzak badu bere izaera eta funtzionamendua, baina ez dira inolaz ere bi gauza bereizi. Artea ulertzeko gure moduak premisa oinarrizko bat du; arte oro dela politikoa, espresio artistiko orotan daudela, alegia, tendentzia politiko batzuk. Artistek «libreki» sortzen dutela diotenean ere, klase baten edo bestearen interesei erantzuten diete, politika baten edo bestearen mesedetara sortzen dute, bizi duten une historikoaren egoera politikoari erantzun nahiko diotelako beti, modu batera edo bestera. Arteak, ordea, beti izango du halako espontaneitate bat, finean artearen funtzionamenduaren ondorio dena, artisten subjektibitate indibidualak berezko dituen mugengatik. Ondorioz, espresio artistikoek beren garaiari erantzuten dietela diogunean, ez dugu esan nahi hortik artelanen corpus koherente eta homogeneo bat irteten denik, ezpada une historikoari erantzuten dion espresio multzo konplexu eta bizi bat.

Egungo mugimendu sozialistak ere jakitun izan behar du artearen garrantzi politikoaz. Baditugu jada proletalgoaren defentsan ari den politikaren inguruan sortzen ari diren espresio musikalak, literarioak, plastikoak eta beste, baina egoerak sakonago jotzea eskatzen du. Geure ardura izango da aztertzea artearen funtzionamenduaren nolakotasuna, sormen-askatasuna nola ulertzen dugun, nola konpromisoa, artisten lanak geure politikaren alde nola lerrokatzen ditugun, mugimendu sozialistari ahotsa emango dioten espresio artistikoak antolatzeari begira. Sormen-askatasuna konpromiso politikoarekin estuki lotuta ulertzea ezinbestekoa izango da, nik uste, eta horretan sakontzeko irakaspenak ematen dizkigute 60ko hamarkadako esperientziek eta Xabier Leteren figurak eta obrak.