Dominazioaren eraikinean bada vending makina erraldoi bat, pasillo ilun eta isil baten amaieran. «Industria Kulturala» dio harrotasunez bere idazkunak, argi distiratsu eta koloretako publizitatez apaindurik. Makina beti dago jendez inguratuta: bere produktuek dominatuak hornitzen dituzte, morrontza jasateko indar eta gogoz, eta egunero ematen zaie baimena bertaratu eta produktuok dastatzeko, isiltasuna mantendu beharraren baldintzapean.
Eraikineko gizakume guztiak bezalaxe, zu ere ezinbestean erakartzen zaituzte makinaren izpi eta distirek, eta itsu geratzen zara erakusleihoari begira, pasilloa ikusi ezin. Publizitateak iragarritako produktu guztiak daude makinaren barnealdean, amaigabeak dirudite. Askotariko jaki sortak daude, sistematikoki antolatuta eta txanpon gutxi batzuen truke erosgai, adiezina zaigun jabearen irabazi ekonomikorako. Liluragarria da, zinez: kolore guztietako gominolak, zapore guztietako patatak, edozerezko ogitartekoak, forma eta mezu askotariko poltsa eta kaxetan paketaturik. Badira osasungarriak diruditenak, osagai ekologikoz eginak direla zin dagigutenak. Badira azukre eta produktu kimiko kantitate ia hilgarriak dituztenak. Horietatik batzuk izaera osasungaitz hori disimulatzen saiatzen dira, eta beste batzuek, aldiz, harrotasunez aldarrikatzen dute haien paketeetan, dakarten gozamen azkar eta ustez sutsua goratzen. Badira pakete ilun eta tristeak, edota koloretsu eta alaiak, kaxa serio eta dotoreak edota poltsa txantxazaleak, forma sinpleak edota prestaketa konplexuagoak. Zalantza gabe, etengabe darion jendetzako bakartu bakoitzak erraz aurkituko du gustuko zerbait, eta, gainera, segundo batzuetan salduak ez diren produktuak kanporatu egiten dituzte berriei tokia uzteko. Doilorra bezain eraginkorra da vendinga.
Hiruzpalau pakete ezberdin dastatuta dezepzioa sakona da: ez dute asetzen, eta denek uzten dute gustu bera ahosabaian: odola eta beruna. Sentsazio orokortua dela dirudi, hala adierazten dute makinara etengabe itzultzen direnen aurpegiek. Asperturiko adiktoak dira, beteta baina ase gabe, gose baina goragalez. Pentsa zitekeen atsekabe horrek vendingaren porrota ekar zezakeela, baina, bat-batean, produktu sorta guztiz berritzaile bat azaldu da: Underground Potatoes patata pikanteak, Alternative100 txokolate itxuraz purua eta Anti-Vending gozoki eztandagarriak. Atsekabetuenek ere berreskuratu dute horrela makinarekiko ilusioa: vendingaren aurkako ondoeza vendingak berak bideratu du, eraikin osoaren onerako.
Harriturik begiak igurtzi, eta makinari bizkarra emanda, pasilloan gertatzen denaz jabetzen hasten zara. Horra produktu apurtzaile horietako batzuen jatorria: vendingarekin eta bere zaporearekin desados dauden batzuek beren produktu propioen postuak jarri dituzte makinaren inguruan. Osagai ekologikoak, zapore ausart eta apurtzaileak eta aldarrikapenez beteriko paketeak dira nagusi azoka alternatibo horretan. Tristea dirudi horien patuak: zaila da makinaren teknologiarekin lehiatzea, eta produktu propioez arrakasta edukiz gero, vendingean bertan amaitzea da errazena, «denentzat onuragarria» den hitzarmen batez, baina makina hornitzen, azken batean.
Vendingaren argietatik gehiago urrunduz, ahots batzuk entzun dituzu isiltasun inposatua apurtzen. Horiek jarraituz, orain arte ikusezina zitzaizun errealitatearekin egin duzu topo: pasilloko paretan zuloa egin dute batzuek, eta beste aldean daude batuta. Bertara gerturatu, eta aditzen duzu nola ari diren hizketan, tentuz baina determinazioz. Diotenez, aspaldi ulertu zuten edozein produktu bereganatu dezakeela makina zitalak; ez dela, beraz, dominazioaren zaporea hartzea ekidin dezakeen osagai, forma edo paketerik, eta makina garaitzeko modu bakarra ostikada nahikoa indartsua emanda, eraikina bera ere eraistea dela. Horregatik, ostikada antolatzen ari dira paretaren bestaldean, eta indarrez, jakintzaz eta kemenez hornitzen duten dilista batzuk (zoragarriak, bide batez) prestatzen ari dira gero eta handiagoa den lapiko batean.