Asaldura sortu dute azken asteetan EHUn jazotakoek. EITBk Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko tiroz zeharkatutako leihoak En Jake programaren atrezzo bihurtu ditu Ibaetako Arkitektura Fakultateko gertakariak, estatu mailako oihartzuna hartu duen bitartean.
Ez zen txikia izango titular horiek zenbait unibertsitate-bururi sortutako ezinegona. Izan ere, Unibertsitatearentzat, eraginkortasunaren, garapenaren eta zuzentasunaren erakusleiho den horrentzat, saltzen duen produktuaren akatsak argitaratzea ez da atsegingarri. Testuinguru horretan, Unibertsitatea, beste instituzio burgesak bezala, gizartearen joera orokorrekin bat egiten duten politikak, errealitate sozialaren ondorioa direnak, aplikatzera behartuta dagoela mahaigaineratu ahal izan dugu beste behin. Izan ere, agerikoa izan da azken asteetako gertakari ezberdinei erantzuteko unibertsitateak erakutsi duen arduragabekeria eta gaitasun eza. Ezinezkoa baita, zapalkuntza forma ezberdinak erreproduzitzeko baldintzak jartzen dituen instituzio batek betikotzen dituen zapalkuntza horiei aterabidea ematea. Eta ez da gaitasun falta bat soilik, borondate eta interes falta bat da esku-hartze horren atzean dagoena.
Denon ahotan egon diren aipatutako jazotakoek sortutako eztabaidek eszena mediatikoa ase badute ere, ez dira unibertsitate esparrua zigortu duten polemika bakarrak izan. Hezkuntza publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaidak, hezkuntza publiko ustez aratz bati egindako laidoak, zenbaiten ahotan, garrantzia hartu du Baskonia-Alaves taldeak, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Kataluniako Euses eta ENTI unibertsitateek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenetik lau urte igaro diren honetan. Unibertsitate hau jada Unibertsitate Sistemaren baitan onartu du Eusko Jaurlaritzak.
Ezker burgesa honen kontra oldartu da, eta diru publikoaren banaketa desegoki bat salatu du, besteak beste. Irabazi-asmodun unibertsitate bati unibertsitate publikoari ukatu zaion dirua ematearen zilegitasuna kolokan jarri nahi izan du, unibertsitate publikoari gorazarre abstraktu bat eginez eta berau zurituz. Publikoaren eta pribatuaren arteko dema da behartu dutena, unibertsitate elitistak direnak eta ez direnak bereiziz. Ez diote, baina, unibertsitatearen beraren logikari eta daraman norabideari erreparatu, ez dute elitizazioaren atzean dagoena aztertu. Are gehiago, unibertsitate publikoaren defentsan arituagatik, elitizazio prozesuaren konplize bihurtzen dira, publikotik gero eta gutxiago daukan unibertsitatearen elitizazioa elikatzen dutelako. Proletalgoari hezkuntzatik kanporatua izan dadin baldintza hobeak sortzen dituzte horrela.
Hezkuntzaren elitizazioaren eta horrekiko klase ertainaren alderdi instituzionalek hartutako jarreraren aurrean, Ikasle Abertzaleak-ek unibertsitatean gertatzen ari den elitizazio prozesua seinalatu eta mahaigaineratu du. Gogor salatu du langile klasea unibertsitatetik kanporatua izaten ari dela, kanporatze hori bermatzen duten dispositibo eta bitarteko klasistak aztertzetik abiatuta.
Dispositibo horien artean lehenengoa unibertsitatearen pribatizazioaren edo enpresa pribatuek unibertsitatean duten esku-hartzearen gorakada izango litzateke. Unibertsitateari, eraginkorra eta emankorra izateko, beharrezkoa baitzaio enpresekin harremana sustatzea. Unibertsitatea enpresen I+G+B (edo gaztelaniazko I+D+i) laborategi pribatua bilakatzeraino. Bestetik, errentagarritasunaren izenean finantziazio pribatuak izan duen oztoporik gabeko harrera legoke. Patronalak edo enpresa pribatuek unibertsitatean eragiteko duten gaitasuna edo erabakimen kuotak handitu dituzte. Prozesu horiek epe laburrera ondorio ezberdinak dituzte, unibertsitatea edukiz hustea, adibidez. Ekoizpen-dinamika aktual eta letozkeenetara egokitzera bidean baliagarriak ez diren graduen gutxikako ezabapena adierazleetako bat izan daiteke.
Ugariak dira, beraz, elitizazio-prozesua ahalbidetzen duten mekanismoak, Unibertsitateak, instituzio gisa, publikoak zein pribatuak, bere gain hartzen dituenak. Euneizek eta bestelako unibertsitate pribatuek segregazio mekanismo bezala dihardutela ukaezina da. Hala ere, arazoaren erroa ez datza publikoaren eta pribatuaren arteko duelu batean. Eta horren salaketak, bere horretan, ulermen-marko okerraren mugak agerian uzten ditu, besterik ez, ez baita arazoa konponbidez mozorrotzea baino.
Aipatutako guztiak, bai elitizazio prozesuak bai prozesu hori behar bezala gertatu dadin jarduten duten agente desberdinen paper zuritzaileak, bada agerian uzten duen beste zerbait: unibertsitate esparruan bizi dugun errepresio politikoaren fenomenoa, forma desberdinetan gorpuzten dena.
Errepresio politikoaren adierazle agerikoena, edozein gatazkaren aurrean unibertsitateak baliatzen duen aterabide poliziala da. Joan den ikasturtean Ibaetan gertatu zena izan daiteke adibide argiena. Adierazgarria izan daiteke zenbaitentzat horren aurrerakoia den instituzio batek horrelako tresnak erabiltzea. Alabaina, fenomeno hau ez da berria, ez da El Doradora iritsi antolakuntza komunistaren aurka insitituzio burgesek indarkeria poliziala erabiltzeko duten erraztasunaz jabetu dena.
Badira, halaber, horren begi bistakoak ez diren baina eragin handiagoa daukaten errepresio politikoaren adierazpenak. Unibertsitateko hezkuntza komunitate esaten zaion horren baitan, adibidez, nabarmentzekoa da postmodernoak eta nominalki progresista diren zenbait sektorek aurrez aipatutako prozesuen normalizazioan jokatzen duten papera. Izan ere, sektore hauek burgesiaren interesen alde egituratzen den unibertsitatearen baitan gertatzen ari diren zenbait aldaketa zilegiztatzen dituzte. Besteak beste, elitizazioa eta langile klasearen kanporaketa. Era berean, ikasleria antolatua infantilizatzen eta erridikulizatzen dute, lan politikoa egin ahal izateko espazioak ukatzen dizkiote, propaganda politikoa oztopatzen dute, oro har, askatasun politikoak ukatzen dizkio unibertsitateak ikasleari, antolatzea zailtzen dio.
Alabaina, errepresio politikoa ez da indarkeria polizialaren erabilerara eta askatasun politikoen aurkako eraso zuzenetara mugatzen. Errepresio politikoa da edukia manipulatu eta unibertsitateak duen botere posizioa baliatuz egia bat sortzea, ekoizpen dinamiken beharrizanetara egokitzen den konpetentzien irakaspenera mugatzea edo auzi sozial, politiko zein ekonomikoei duten konplexutasuna ukatzea, bai eta klase borroka bera ukatzea ere.
Aho biko ezpata bat da, beraz, errepresio politikoa. Egin behar den hori aukera bakarra dela sinestaraztea ahalbidetzen du, kulturalki jokabide zehatzak errotzea, egin behar ez den hori egiten dutenak zigortzen dituen bitartean. Komunistoi errepresio politiko honen adierazpen oro borrokatzea dagokigu beraz, egin behar den hori ez baita gutxi batzuen borondateak erabaki dezakeen zerbait, kontsentsu berri baten eraikuntza gaurdanik borrokatu beharra dagoelako. Horregatik, ikasleriaren eta langile klaseko gainontzeko sektoreen antolakuntzarako baliabide eta bitartekoak sortzen jarraitu behar dugu, askatasun politikoak hedatzen eta antolakuntza komunistaren aldeko apustua egiten.