AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Egon da joera bat gurean, erromantiko eta infantil samarra, euskara pertsonifikatzekoa. Ezagunak zaizkigu adibideak: euskara izan da lar arteko loretxo, izan da arrano bihurtuko den txori txiki, izan da amona xaharrak zaindutako baratza, izan da etxe, izan da baserri, izan da mota eta izen orotako zuhaitz. Pertsonifikazio horietako bat baliatzen du Atxagak 1990eko «Trikuarena» poeman. Esnatu da trikua hibernatzetik, eta dakizkien hitz guztiak errepasatzen ditu, «gutxi gorabehera, aditzak barne, hogeitazazpi hitz». Goseak dago, eta galdetzen dio bere buruari bestelako izakiak non ote dauden, nahiz eta baso itxiaren ilunak, «lege zahar bat» bailitzan, ez dion uzten eguzkia, zerua eta txoriak ikusten. Azkenean, ordea, gaua baliatuta, joaten da trikua mendian behera eta heltzen da errepideraino, sartzen da «zure eta nire denboran». Han, patu krudela dauka trikuak zain: «nola bere hiztegi unibertsala ez den / azkeneko zazpi mila uneotan berritu, / ez ditu ezagutzen automobilaren argiak, / ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere». Pertsonifikazioen infantilizaziorako arriskuaz ohartarazi dugu lehenago; hori gorabehera, euskarak mundu modernoan dituen zailtasunak irudikatu nahi ditu poemak.

Orain arte euskararen auziarekin lotu gabeko animalia bat erabili du berriki Gorka Bereziartuak «Denontzat» izeneko artikuluan: Marmotaren Egunarekin konparatu ditu hizkuntz politiken inguruko azkenaldiko eztabaidak. Arrazoirik ez zaio falta, egia esan, oro har eztabaidak hasi eta bukatutakoan «jarrerak eta argudioak atzoko igual-igualak» direla dioenean, ezta horrek dakarren desesperazioa aipatzerakoan ere. Azkenaldian ere izan da agerpenik eta eztabaidarik euskararen egoerari buruz: iraila amaieran hautsak harrotu zituen UGTk jarritako helegiteak, EAEko udaltzainei B2 hizkuntza-eskakizuna kentzeko eskatzen zuenak; Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berriaren harira, «euskarazko eredu orokortu eta inklusiboa» aldarrikatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak eta sindikatu abertzaleek, besteak beste; agertu da Euskara Denontzat izeneko eragilea ere, hizkuntza-eskakizunen eta segregazioaren inguruko puntu batzuk plazaratu dituena. 

Pertsonifikazioa gaurkotu beharko bagenu, irudi lezake Atxagaren trikuak, euskararen irudikapen hark, bestelako hiztegi bat daukala orain, hogeita hamar urte beranduago, beste hogeitazazpi hitzek osatua –administrazio, eskakizun, polizia, langile publiko, hezkuntza-eredu eta beste–, eta besterik jakingo ez balu bezala errepasatzen dituela hitzok, marmota bat nola lozorrotik esnatzen den aldiro.

Argiago esateko: azkenaldian, EAEn bereziki, hizkuntza-politikaren auzia administrazio publikoaren eremuan erabat katramilatuta ageri zaigu. Hezkuntzako hizkuntza-ereduaren ingurukoa ez denean, langile publikoen hizkuntza-eskakizunei buruzkoa da eztabaida, eta hala ez bada, hizkuntza-eskubideak administratiboki bermatu beharraren ingurukoa. Bi posizio egon ohi dira: euskararen kuota administratiboen defentsa egiten dutenak eta, inklusibitatearen eta justizia sozialaren izenean, euskararen presentzia murriztea proposatzen dutenak. Bereziartuak berak ere hala deskribatzen ditu bi tendentziak: «hizkuntza-politikari buruz edozer proposatzen duenean dagoentxo hau duena abiapuntu eta helmuga –tituluak, lanpostu publikoak, gaur egungo pastelaren banaketaren kontraesanak–. Eta beste parte bat, dagoentxo hau kontsideratzen duena egon beharko litzatekeen guztiaren aperitifa –pantailak, ekosistema kulturala, zerbitzu publikoak, kaleko elkarrizketak, den-den-dena euskaraz egin ahal izatea–». Nago, ordea, ez ote dauden posizio bi-biak «dagoentxo» horri begira, euskararen errotze sozialerako, benetan masa-hizkuntza bihurtzeko proposamenik gabe. Hizkuntza-eskubide administratiboen gaiak badu bere garrantzia, jakina, baina ez da nahikoa.

Izan ere, itxura guztien arabera, euskara sozialki errotzeko egitasmoak proletalgoaren integrazioaren auziari heldu behar dio nahitaez, instituzio burgesen babesetik erabat kanpo egoteaz gain, egun euskaratik urrunduta eta harekiko atxikimendu murritzarekin dauden sektore sozial zabalena, alegia; auzia kuota administratiboetara eta instituzio burgesetara mugatzeak, ordea, langileriaren goi-kapen balizko estabilitate sozial bati erantzun diezaioke, gehienera. Aitor Bizkarrak esana dauka euskarari buruzko egungo eztabaida ezker erreformistaren debate parlamentario bihurtua dagoela, erdi-mailako klasearen egoera soziala duela izateko arrazoi, alegia, eta marko burgesa bere ekintzen eta pentsamenduen muga. Hizkuntza-politikaren haien ulerkerak politikarenaren muga berberak dauzka: parlamentarismo burgesarenak.

Hain justu, egungo krisi kapitalista sakonaren testuinguruan, marko burges hori antzu bihurtzen da hizkuntza-politika eraginkor bat artikulatzeko ere, langile-klasearen integrazio soziala bermatzeko gaitasunik ez daukan heinean. Politika iraultzailea bihurtzen da bide bakar: ez soilik zapalkuntza linguistikoaren erroa den forma sozial kapitalista suntsitzeko bide bakar gisa, bere proiektu politikoan proletalgoa efektiboki integratu dezakeen proposamen bakar gisa ere bai, euskararen biziraupenaren auzia zapalkuntza ororen gaindipenaren egitasmoaren barruan artikulatuta. Auzia ez berregituratzeak marmotaren eguna betiko luzatzea ekar dezake, harik eta, bere heriotzaren hurbiltasunaz ohartu ere egin gabe, trikuarena heldu arte.