AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Agerikoa da, Gaztetxe, gune gestionatu zein herri ezberdinetako gazte asanbladek maila lokalean izan duten eragin ahalmena. Izan ere, gune hauek herri bateko eguneroko dinamika baldintzatzeko gaitasuna erakutsi dute, toki askotan gazteenak militantzia politikoarekin konektatzeko lehen urratsen intentsitatea, eremu hauen lan gaitasunekiko paraleloa izan dela ukaezina da. Norbanakoaren bizitzatik haratago, ingurukoei eragingo dieten erabakiak hartzeko lehen uneak, ardurak hartzeko konpromezuak, formatu eta borroka ezberdinetako parte izateko aukera…

Are gehiago: borroka lokaletan esperientzia hauek bizitzearen egiazkotasunaren froga, urte luzetan Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko elkarlan saiakeretan ikus dezakegu, praktikak berak egin gaituelako benetako potentzialitatea lan lokal soilaz lortu ezin denaren jakitun. Baina, urte luzetan koordinazio saiakera ezberdinak ezagutu izan ditugun arren, inoiz ez dugu hauen helburu erreala zehazteko gaitasunik izan. Niri dagokidanez, dagoeneko pasa da ia hamarkada bat, gazte asanbladen koordinazioak izan beharko lituzkeen helburuak zehazteko ahaleginetan Euskal Herri guztian zehar bidaiatzen genuenetik. Behin eta berriz, herri ezberdinetako militanteen lan kargek, zein gazte asanbladen errealitate diferentziatuek, lan eremu hura konpartitzeko ezintasuna zekarren.

Esaten ari naizena behar bezala ulertzeko, testuingurua ulertzea ezinbestekoa da. Garai haietan, oraindik, proiekzio politiko garrantzitsua zuen mugimendu zabal baten jarduna etengabea zen, hamarnaka fronteri erantzuten ziolarik, mundu mailako erreferentzia iraultzaileen agorpenean irla moduko batetan bizi ginenaren sentsazioa izateraino gurean. Salbuespenak salbuespen, militante konprometituenek, beraien jarduna estrategia orokor baten baitan kokatzen zuten, honen defentsan “sasitan” bizia uzteko konpromezua ere hartzen zuten kideak izanik inguruan. Intentsitate horretako proiektu politiko batetik uler daiteke beraz, esparru militantea guztiz hegemonizatuta zegoela proiektu politiko honen baitan: mota guztietako sabotajeak, indar polizialen aurkako enfrentamendu zuzenak, greba orokorren antolakuntza, piketeak, espetxeetako kideenganako forma guztietako keinuek zein ekin guzti honi erantzuten zieten errepresio kasuen gestioak antolatzen ziren.

Izan zezakeenari garrantziarik kendu gabe, argi dago: garai haietan, gaztetxeen koordinazioak ez zuen inondik inora lehen mailako papera jokatzen. Baina, esan bezala gune hauek, berriro ere salbuespenak salbuespen, gazteak militantziara gerturatu eta komunitate politiko hura indartzeko helburua eta efektua zuten ia herri guztietan.

Esan beharrik ez dago, egun, testuingurua guztiz bestelakoa dela. Krisi kapitalistaren bilakaera suntsitzaile baten garaiotan, mugimendu politiko borrokalari hark utzitako basamortuan komunitate politiko iraultzaile berri baten beharra azaleratu da ezinbestean. Porrotaren belaunaldien etsipenaren aurrean, proiektu iraultzaileen beharrezkotasunaz jabetu diren belaunaldi berriak ate joka datoz, eta indartsu… oso indartsu. Fenomeno honek, Euskal Herriko gaztetxe, gune autogestionatu eta gazte asanblada guztietan izan du bere eragina. Izan ere, hausnarketa garai berriotan, jomuga berriak egotzi dizkiete gune hauek euren buruei. Eta ez nolanahikoak.

Esperientzia historikoak argi erakusten digu, maila orokortuan eragin ahal dezaketen helburu zein estrategia politikoak konpartitzeak soilik ekar dezakela benetako konpromezu eta diziplina milititantea garatzeko aukera. Diziplina hau ezinbestekoa da aipatutako borroka komunitatearen batasuna sortu ahal izateko: herri zein auzoetako errealitatetik haratago artikulatuz, norbanako zein tokian tokiko asanbladen gaitasunak biderkatu eta erronka errealei modu eraginkorrean erantzuteko aukera irekitzen ari da, gaur egungo zein etorkizuneko belaunaldientzat.

Bistakoa da egungo gune eta asanblada guzti hauen aniztasuna, zein bertan parte hartzen duten militanteena. Askok diote antikapitalismoak batzen gaituela, baina honetarako, kapitalaren logikaren ulerkera bateratua izateaz gain, kontrakotasun soil batean ezer eraiki ezin denaren kontziente izan behar dugu. Hau da, ezin da kapitalismoa suntsitzeaz hitz egin zer eraiki nahi dugun jakin gabe, eta hori nola gauzatu ahal izateko etengabeko eztabaidak ekidinez.

Pozgarria da ordea, egungo eztabaidetan zein proposamen politikoetan etika militantearen inguruan hausnartzen dela ikustea, sektore kolpatuenekiko konpromisoak gidatzen duela eguneroko jarduna, autokonplazentzia bilatzen duten guneek bazterreko papera jokatzen dutelarik. Koiuntura politiko berriak, halako birmoldatze praktiko bat eskatzen digu, gure amets historikoen gauzapena lortzeko gure zilborra begiratzeari utzi eta mundua ulertzeko eta aldatzeko modu berri bat martxan jartzea alegia.     

Bide honetan, eremu ezberdinetan egiten ari den lana goraipatu nahi dut txoko honetatik. Nostalgiatik haratago, egungo erronkez jabetzeko gaitasunak garatu beharrean aurkitzen gara, egindakoaz ikasi eta elementu iraultzaileak egungo testuinguruak eskaintzen dituen abagune politikoetan kokatzeko ahaleginetan tematuz. Horregatik da garrantzitsua langile zientzian sakontzeko dinamika “orokortua” sozialistatzat ditugun gunetan, hau ezinbestean dinamikoa baita, edo ez du ezertarako ere balio. Honek, testuingurua irakurri eta estrategia garaikideak eratzeko tresna izan behar du ezinbestean. Urte luzetan, honetan dihardugunaren sentsazioa poztekoa da. Honen sakontze eta mundu ulerkera kohesionatu baten baldintzapean lortuko bait dugu, nire iritziz, familia politiko geldiezin bat garatzeko baldintzak bermatzea.

Guzti hau hauspotzera dator aste honetan burutuko den gazte sozialisten topagunea. Aipaturiko komunitatearen parte sentitzeaz gain, berau indartu eta prozesu honetan ezinbesteko izango diren birjabetutako eraikin bati merezi duen bultzada ematera. Festa ereduaz hausnartu, lanaren kontzeptua bera gure logika propioaren baitan kokatzen saiatu eta printzipio etiko batzuen defentsan pausoak ematen jarraitzeko konpromezua adieraztera.

Krisiaren seme-alabak izanik, Ekainaren 12tik 16ra, Azpeitian ikusiko dugu elkar.