«Kaosa hona iritsi baino lehen/ kaosean murgilduta nengoen./ Etengabeko mugimenduan/ aurkitzen dut nik lasaitasuna./ Negua beti luzeegia da./ Etengabean kaosean bilatuz/ zeruko ateak zarratzen ditut./ Eta okertzen naiz./ Eta apurtzen naiz./ Lotsagabe, zerua dut iraintzen/ irri ero bat berriz jantzi dut/ Kaosantzako egina nago.» Kuraia, Birakari.
Norbaitek, behin,
egia iraultzailea dela esan zuen. Hala ere, esaldi honekin,
merkantziarekin gertatzen dena gertatzen da, «hasiera batean gauza
ageriko eta hutsala dela eman dezakeen arren, bere analisitik gauza
korapilotsua dela ondorioztatzen da». Iraultzaile izendapena merezi duen
mugimendu iraultzaile orok du gertaeren itxuraren atzean ezkutatzen den
errealitatea argitaratzea helburu, nahiz eta, orokorrean, norabide hori
jarraitzen duenak fikzioaren eta mitoaren murruaren ehundura hotz eta
lakarrarekin topo egin. Hainbeste dira egiaren potentzialitate
iraultzailea zalantzan jartzera garamatzaten esperientziak, anekdotak.
Mugimendu iraultzailearen porrot historikoak mugimendu komunista
eszeptizismo eta sinesgogortasun geruza batez inguratu du. Hala ere,
jardun iraultzaileak egunero-egunero jasan behar dituen kolpeek,
hasieran aipatutako baieztapenaren izaera erlatiboaz baino, kolpeak
ematen dituen horren izaera kontserbadorearen berri ematen digutela
esango nuke. Zentzu komunaren sendotasunak, inguratzen gaituen
errealitatearen irudikapen egituratu gabeko eta kaotikoa, gainditu
ezineko harresi bat izaten jarraitzen du, eta badago harresi horretan
egunez egun bloke berriak jartzeaz arduratzen denik. Edozein kasutan,
eta etengabe korrontearen kontra arraun egitera kondenatuta egon arren,
egiaren artikulazio eta sozializazioan darrai komunistak.
Ekoizpen
modu kapitalistak, egitura feudalen desegitearekin batera, era
guztietako sineskeria eta mitoak arrazionalitatearen azidoan disolbatu
zituen, eta gizarte egitura feudalari atxikitu ohi zaion iluntasunari
argi olatu bat isuri zion. Hala ere, mundu feudalaren desegite
prozesuaren erraietatik, ekoizpen modu kapitalistak ardaztutako egitura
soziala jaiotzeaz gain, ekoizpen modu horren jaiotzaren gaineko
kontakizuna ere jaio zen, bere aitaren molde beretik jaioa, pentsamendu
burgesaren koordenadetan idatziko dena. Horrela arrazoiaren erreinuak
mito propio bat munduratu zuen, are aurretik existitzen zirenak baino
sendoagoa, misteriotsuagoa, masa fedegabeak bere magalera kateatzen
zituena.
Lukácsek, Historia eta Klase Kontzientzia
liburuan jasota dagoen Budapesteko Materialismo Historikoaren inguruko
Ikerketen Institutuaren inaugurazioan emandako konferentzian, esaten du
materialismo historikoa iraganeko gertakizunen izaera erreala
azaleratzeko eta oraina perspektiba historikoz aztertzeko metodo
zientifikoa dela. Zentzu horretan historiaren ikuskera materialista,
proletalgoak historiaren ulerkera egoki bat garatzeko aukera izateko
baliatu beharreko tresna izango litzateke (gertakizunen arteko barne
konexioak bilatu, historiaren garapenean eragiten duten indarrak
identifikatu), gertakizunak hauen historikotasunean kokatzeko ahalmena
emango diona, bere garapen historikoan, bere espezifikotasunean.
Errealitatearekin bat egingo duen jakintza bat artikulatzekoa,
errealitate kapitalista estali eta harreman sozial kapitalistak
mistikotasunean murgiltzen duen estalkia urratzeko tresna. Irizpide
egokiak izan daitezke gaiari heltzeko asmoa duenarentzat,
historialariaren ofizioa ezin baita zientzia zehatzetara, ipuin
kontaketara, argazkilariaren eginbeharrera mugatu. Kontrara urpekari
batekiko antzekotasun handiagoa aurkitzen diot nik. Historiaren joanaren
itsasoan murgildu eta ezezaguna den hori bilatzen saiatzean datza bere
lana, itsas hondoan aurkitzen diren itzalen irudi desitxuratuetan
galtzeko denborarik galdu ezinik. Zaila da, ordea, iluntasun honetan
ezer aurkitzea, hainbeste dira egiaren bilaketan aurkitzen diren
zailtasun eta eragozpenak. Zaila da hasiberritan bide orri garbi eta
sistematizatu bat aurkitzea eta arriskutsua historiografia burgesaz
fidatzea.
Kazeta honetako «Hitzaurre bat» testuan
aurreratu nuen bezala, hurrengo testuetan kapitalismoaren sorrera
historikoari erreparatzeko asmoa dut; hala ere, zehaztapenekin hasi
aurretik, nahiago nuke gaia testuinguratzen saiatu, auziari behar bezala
heltzeko aukera izateko bada ere.
Literatura luzea
idatzi da kapitalismoaren sorreraren inguruan, eta eskura egon arren,
sarritan orrialdeen anabasa horretan zaila izaten da argibiderik
aurkitzea. Zer kontatu garbi izatea bezain garrantzitsua (edo
garrantzitsuagoa) da nola kontatu jakitea eta aspektu horretan bekatu
egiten dute askok. Badaude kapitalaren historia faktore eta elementu
konkretuen bilakaera, garapen eta gailentze prozesu gisa irudikatzen
dutenak, kontakizun orokorra zatikatu eta zati horien historia idazten
dutenak, ondoren faszikulutan saltzeko. Horrela kapitalismoaren jaiotza
kasualitate bezain besteko istripu historiko bilakatzen da, ardatz
diakroniko ezberdinen arteko ausazko konfluentzia baten ondorioa.
Baldintza demografikoak, egitura politiko administratiboak, nazioarteko
merkataritza, hirien sorrera eta garapena, sinesmenak, inteligentzia edo
sen bereziren bat… Mota guztietako kontakizunak, kontsumitzaileak
aukera dezan.
Badago, ordea, errakuntza orokor bat,
kapitalismoaren sorreraren inguruko kontakizunen akatsen tronuan
esertzen dena. Kapitalismoaren betierekotasunaren mitoa, arestian
aipatutakoa. Adierazpide ezberdinetan oinarrituta, ekoizpen modu
kapitalista betidanik existitu izan dela sinestarazita bizi gara,
ekoizpen modu kapitalistaren sorreraren eskutik jaiotako pentsamendu
markoan gatibu. Merkantzien existentzia, trukearen existentzia, diruaren
existentzia… Guztiak dira ekoizpen modu kapitalistaren garapen eta
ezarpena aurretik existitzen ziren elementuak, nahiz eta garaian garai
posizio, funtzio, garrantzi bat edo beste izan duten. Berezitasun horiei
entzungor, badago gizarte kapitalista edonon aurkitzen duenik,
iraganeko gizarte formen ingeradan, iraganeko gizarte egituren
itzaletan. Horrela, kapitalaren sorrera azaldu nahian, kapitalaren
sorrera aurrez ematen da ontzat, eta auzia transformatzen da auziari
berari aurre egin beharrean. Horrek eragin bikoitza du auziari heltzeko
saiakerei dagokienez. Izan ere, alde batetik, ekoizpen modu kapitalista
historian zehar betidanik existitu izan diren eta gizakiari berez
atxikitutako ohitura zerrenda batekin lotzean, prozesua elementu horien
garapenaren eta hazkunde parametroetara mugatzen da (merkantzien trukeak
lurralde eta alor berrien menderakuntza prozesua). Bestetik, ekoizpen
modu kapitalista elementu horien garapen logiko eta naturala den
heinean, historia jarraikortasunaren printzipioan oinarrituta egiten da,
eta aldi berean garapen historikoaren ortzi muga bezala ezartzen da.
Horra hor hasiera garbirik gabeko eta batez ere amaierarik gabeko
istorioa.
Aurreko argitalpenean Marxek bere bizitzaren
zati handi bat gizarte kapitalistako bizi-baldintza konkretuak
analizatzen eman zuela utzi nuen idatzita. Norabide horretan harreman
sozialen garapen eta bilakaerari erreparatu zien, ekoizpen modu
kapitalista analizatu zuen bera berezi egiten duten elementuetatik
abiatuta, ezberdintasun espezifikotik. Gauzak horrela, hurrengo
zalantzak etortzen zaizkit burura. Ekoizpen modu kapitalistaren analisia
berezitasun espezifikoak bilatze horretan oinarritzen bada, azal ote
daiteke kapitalismoaren jaiotza aurreko garaiekiko jarraikortasun
eboluzio soil batetik? Nahikoa ote da aurreko gizarte formetan
existitzen ziren elementu horiei tiraka ekoizpen modu kapitalista hauen
garapen, orokortze soil bezala aurkeztea? Galdera hauen erantzunak
ezezkoak izatekotan, zelan eta noiz bereizten dira gizarte kapitalista
eta feudala? Nola eratzen da historikoki desberdintasun espezifiko hori?
Hurrengoetarako utziko ditut zalantza horiek,
apurka-apurka argitzen joan gaitezen. Bitartean historia atzekoz aurrera
orrazten jarraitu beharko dugu, kontakizunen historikotasun ezaren
trinkotasuna deskorapilatzen, erantzun berriek galdera berriak behar
dituzte eta ezinbestean.