AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelerazko bertsioa

Espazio kontuak tarteko, aurreko artikuluan ezin izan genuen langile aristokraziaren inguruan luze aritu, eta beraz, hemen auzia berrartuko dugu, era sakonagoan lantzeko. Hori dela eta, berriz ere XIX. mendeko bigarren erdialdeko Ingalaterran jarriko dugu arreta, tradeunionismoak gerora langile instituzio sindikalak estatu burgesean integratzeko aurrekari historikoa ezarri baitzuen. Era berean, baldintzek proletalgoaren baitan posizio hobea izango zuen kapa baten agerpena posible egin zuten, horretatik ondorio politiko garrantzitsuak eratortzen direlarik. Hau da, aurrekoan Ingalaterran borroka sindikalak Ingalaterran harturiko formaz hitz egin genuen eta orain bere oinarri sozialak ikusiko ditugu.

Alde batetik, Ingalaterraren industrializazio prozesu azkarrari, kolonietan merkatuak hedatzearekin batera, beste herrialde batzuetan industrializazioa hasi besterik ez zitzaiola egin (edo hori ere ez) gehitu behar zaio. Honela, egoerak irabazien hazkunde izugarria ahalbideratu zuen eta era berean irabazi horien zati esanguratsu bat proletario eta kapitalisten arteko aliantzan inbertitzea ahalbidetu zuen, hau da, bake sozialean, etengabeko greba eta erreboltek itota zeukaten burgesiari behar zuen lasaitasuna eman zion jokaldia izanez. Hortik ondoriozta dezakegu dominazio kapitalistak forma sotilagoak hartzen dituela ekoizpen indarren garapenaren bitartez.

Beste gako bat proletalgoaren bizi baldintzen hobekuntzaren inguruan egiten den irakurketan dago. Borrokak proletalgo osoari hobekuntzak dakarzkiola egia bada ere (esate baterako, haurren lanaren debekua, lan jardunaldia hamar ordutara mugatzea, eskola eta ospitale publikoen sorrera, etab.), txanponaren alde bakarra erakusten du. Beste aldean kontzesioak daude eta, aipaturiko aliantzek proletalgoaren kapa xumeenei ere onurak ekarri arren, pastelaren zati handiena, alde handiz gainera, proletalgoaren baitan posizio hobean kokatuta dagoen kaparentzat izango da. Laburbilduz, hobekuntzek izaera bikoitza dute: borrokaren bitartezko konkista dira baina kontzesio bidez egikarituak, proportzio handiago edo txikiagoan, kasuaren arabera. Ikus dezakegu nola jada XIX. mendeko bigarren erdian kapitalismoak bere aurka sortzen dituen adierazpen antagonistekiko egokitzapen gradu hazkorra erakusten duela eta hauek berbideratzeko gaitasuna duela, zenbait eremutan epe ertainean irabazi ahal izateko kontzesioak egiteko gaitasuna erakutsiz. “Proletalgoaren goiko kapa” horri dagokionean, definizio ugari daude, baina hemen ez dagokigu analisi soziologikoa[1] egitea, baizik eta borroka sindikalei dagokienean frakzio horrek dituen motibazio politikoak eta jokatzeko erak ulertzea.

Definitze aldera, langile aristokrazia deituko dugu estratu kualifikatu hori, gutxiengoa izanik ere, kopuruz handia dena, eta sindikatuen bidez, proletalgoaren gainerako sektoreak baino antolaketa gaitasun handiagoa duena. Alde batetik, egoera horretan politikoki aldekoa duten posizio estrategikoan daude, bere antolakunde sindikalak burgesiak aitortzen baititu. Beste alde batetik, hala egiten dute bitartekari juridiko bat direlako, klase ekonomiko gisa eta ez klase politiko gisa[2]. Beste era batera esanda, ez dute harreman sistema kapitalista ukatzen, baizik eta bere zelaian jokatzen dute. Baina haien eragina ez da burgesiaren mesedeetara mugatzen, eurak ere parte diren langile mugimenduaren aldarrikapenetan ere eragin nabarmena baitute.

Lehenik eta behin, bere existentziak erakusten du proletalgoa sistema kapitalistaren baitan era ez iraultzailean boterera hel daitekeela; horretarako zenbait postu eskaintzen zaizkie eroskeriaz. Arazoa, beraz, boterera heltzeko eran dago: era iraultzailean egiten ez duenez, baizik eta kontzesioen bidez, gainontzeko klase zaharren parera asimilatua geratzen da, haien isla bihurtzen da eta klaseen sistema bere osotasunean suntsitzeko asmoari uko egiten dio. Bestalde, erlatiboki pribilegiatua (gainerako proletalgoarekiko) den egoera horrek, artisauen kontzientzia burges txikiaren parekoa den kontzientzia forma batera darama, baldintza erosoak galdu eta langileriaren masan galdua izatearen beldur. Hortaz, langile aristokrazia hori, burgesia txikiarekin batera, bere baldintzak galtzeko beldurrak ezaugarritzen duen estratua da, krisiaren baitan handitzen den beldurra. Era berean, borrokak batu beharrean horiek mugatzeko joera dute; eremu geografiko mugatuan jarduten dute, era lokalistan, enpresa bakarrean kokatzeraino[3]. Zentzu batean Engelsek Britainia Handiaren monopolio egoera amaitzean proletalgoaren gainerako sektoreekin berdindu eta desagertuko zela aurreikusten bazuen ere, horren ordez, inperialismoaren hedapenarekin berak “langile aristokrazia” izendatzen zuen  hori beste herrialde batzuetan ere sortu zen. Kontrara, britainiar fenomenoa hedatu egin zen, ekoizpen modu kapitalistak proletalgoaren baitan banaketa hau sortzeko duen barne joera agerian utziz.

Beste auzi interesgarri bat da nola proletario kualifikatuek, esaterako antzinako artisauek edo lanbide liberaletako burgesia txikiak (biak proletarizatu berri) negoziaziora jotzen zuen sindikalgintza bat garatu zuten. Aldiz, gremio tradiziorik gabeko antzinako nekazariak lerrokatzen zituena, negoziazioak saihesten zituen proletalgo ez kualifikatuak, negoziaketetatik ihes egin eta horren ordez errebolta eta insurrekziora jotzen zuen, makinaria erre eta suntsitzera, erailketara, etab. Ez zuten negoziaketara jotzen zer negoziatu ez zutelako. Beste hitz batzuetan, ez zuten mantendu beharreko onurazko posiziorik. Kontrakotasun[4] hau Rosa Luxemburgok “Betaurreko ingelesak”[5] artikuluan lantzen du. Hala ere, kontuan izan beharra dago makineriaren garapenak[6] proletalgoa homogeneizatzen duela, artisautzatik herentzian jasotako espezializazioa suntsituz. Hala, berdin dio galtzerdiak ala torlojuak egiten dituen: irabaziak besterik ez du inporta. Horrenbestez, lantzen ari garen garai historikoan (XIX. mendean) kapitalismoa proletalgoaren homogeneizazio eta banaketaren artean dantzan dabil. Bere garapenaren une batean artisauen espezializazio zaharrak deuseztatzen ditu, proletarioen masa homogeneoago bat sortuz, lehenik tailerraren eremuan bilduko direnak eta geroago fabriketan. Hala ere, garapen berantiarrago batek proletalgo honen baitan banaketak sorraraziko ditu, baina ekoizpen sistema berri baten (kapitalistaren) baitan eta ez aurrekoan (artisau edo gremioena) oinarrituz. Azken honen zenbait hondar batzuek biziraungo dute, langile aristokraziaren posizio politikoetan egikarituko den kontzientzia forma batetan.

Baina gaur egun kualifikazioaren auzia konplexuagoa bilakatzen da. Adibidez, zenbait sektoretan, industrian esate baterako, kualifikazioa antzinatasun auzia da eta ez horrenbeste formakuntzarena. Bestetik, goi mailako hezkuntza jasotzeko aukera handitu da eta mugikortasun soziala areagotu, tarteko aginte postu edo kuadro espezializatuen postuak betetzen dituzten proletarioen kopurua handitzea ekarriz. Honez gain, baldintza okerrenetan kokatzen diren sektoreek arazo gutxiago ematen dituzte edo maiztasun urriagorekin behintzat. Izan ere, greben –edo greba abisuen— gehiengoa sektore kualifikatuetan eta hobekien kokaturik postuetan ematen da; esaterako administrazio publikoan edo lanpostuak finkoak, soldatak altuak eta antzinatasun handienak dituzten haietan (oro har, kontrol diziplinario baxuagoa dutenetan).

Adina ere egungo proletalgoaren baitako sektorizaziorako faktore determinanteetako bat da: orain gazteria da prekarietatearen aitzindaria lan merkatura sartzean, lan indarraren prezioa jaisten baitu[7]. Krisi –produktibo zein ideologiko— testuinguru batean  aurrez pentsaezinak ziren lan baldintzak onartzeko prest agertzen da. Sindikatutako masaren eta ez dagoenaren arteko goranzko bereizketagatik ere okertzen da egoera, atomizazio eta babesgabetasuna handituz. Guzti honekin batera generazio berriak ideologikoki moldeatzeko instituzioak daudela kontuan hartu beharra dago, bene-benetan burgesiaren interesa biharko proletargoaren formazio ideologikoan inbertsioa egitea baita.

Beste aspektu batzuetan berriz langile aristokraziak bere sorreratik izandako zenbait joera mantendu egiten dira. Praktikan, tradeunionismoari buruzko aurreko artikuluan azaldu bezala, langile aristokraziak kooperatibismorantz jotzen du, sindikatutako proletarioak eta sindikatu gabekoak kontra jarriz, beren interes propioak ardatz jartzen baititu eta ez kolektiboarenak. Agerikoa egiten da lan banaketa kapitalistan oinarrituz, honen kategorien (ikasleak, ofizialak, enkargatuak…) arabera antolatzean proletalgoaren baitako bereizketan sakontzen dela, borrokaren bidez bereizketaren gaindipenerako oinarriak jartzean sakondu beharrean.

Ondorioz, sindikatuak borroka gordinen baitan garatzeak eta proletalgoaren edozein antolakuntza espresiok jazarpena pairatu izateak ez du esan nahi proletalgoaren instituzioak burgesiaren eraginetik at kokatzen direnik; honen transmisio tresna bilakatu daitezke, bai XIX. mendeko Ingalaterran zein gaur egun. Auzia ez da burgesia gure espazioen baitan dagoen edo ez, baizik eta gero eta forma garatuago (eta zitalagoak) hartzen dituen langile mugimendua klase dominantearen onurarako erabilia edo moldatua izan daitekela. Langile aristokraziak gainerako langile mugimenduren parte izan arren honen baitan daukan eragina ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, kolektiboaren interesen alde jardutetik urrun, euren zilborrari so geratu ohi dira. Kontrara, proletalgoaren antolaketa efektiborako lan banaketa kapitalistak gainezarritako kategorien gaindipenak izan behar du abiapuntua; finko/ETT, bertako/atzerritar, gizon/emakume, gazte/heldu…

Hala ere, zenbait kasutan langile aristokraziak baldintza okerrenetan aurkitzen diren sektoreen alde ere borrokatu dezake, Kapitalaren eta Lanaren arteko gatazken bitartekaritzarako konfiantza osoa aitortzen dioten estatuaren gainean presio egiteko lobby gisa jardunez, baina beti ere negoziatzeko zilegitasuna irabazteko eta sistema kapitalistan bere indar posizioa hobetzeko presiorako helburuz. Hau egitean, proletalgo osoaren intereseko borroka dena bere interes partikularretara lerratzen du, eragin burgesetik kanpo independentziaz antolatzea ekidinez, horretarako beharrezkoa baitu proletargo gisa bere burua berrestea, gainerako klaseekiko interes desberdinduak izatea aitortuz. Horregatik ustezko eta unean-uneko klase batasun hau klase bereizketa berri bat baino ez da.

Aliantza soilik botere proletario gisa, gure bizi baldintzen babeserako instituzio eraginkor propioekin, botere burgesarekiko era bereizian kokatzen bagara izango da posible. Hau da, klase independentziaren printzipioaren baitan funtzionatzen dugunean soilik eman diezaiokegu tortilari buelta eta beste fakzioekin –gu baino ahulago direnean—batu ahalko gara, borrokan, euren interesak proletalgo osoaren interesen pean kokatzearen baldintzapean eta inoiz ez alderantziz: fakzio horietakoren baten menpe.

[1] Urrunetik ikertu eta aztertzera mugatzen ez garen heinean, errealitatea aldatzeko ikastera baizik, eta kontuan izanik soziologiak kontzientziaren elementua alde batera uzten duela, guretzako funtsezko elementua izanik. Gainera, ikuspegi soziologikoak proletalgoa norbanakoen batura gisa kontsideratzen du eta ez aktore historiko gisa.

[2] Ez dugu historian proletalgoaren bizi baldintzen defentsarako produktu amaitu eta perfektua aurkitzeko intentziorik. Antolakuntza eredu bakoitzak bere muga propioak ditu eta bere garaiaren emaitza da. Borroka ekonomikoaren eta politikoaren arteko elkarketa fase honetan ematen ari da, hau izanik marxista eta anarkisten arteko polemikaren puntu bat.

[3] Mario Trontik azaltzen du ideia: “Kontrola lortzeko klase mugimenduaren borroka ezin da enpresa isolatuaren esparruan agortu, ekoizpen adar osoarekin harremandu eta zabaldu behar du, ekoizpen frente osora zabaldu behar du. Langileen kontrola soilik enpresa batera mugatzen dela ulertzea ez da soilik kontrolaren aldeko aldarria ‘mugatzea’, baizik bere esanahi erreala erauzi eta  tesi, Mondo Operaio 2 zbk., 1958ko otsaila)..

[4] Engelsek ere kontrakotasun hori jasotzen du: “Tradeunion ‘berrien’, langile ez kualifikatuen sindikatuen, partaideek abantaila izugarria dute: beraien mentalitatea hutsetik abiatzen da, aurreiritzi ‘errespetagarri’ burgesik gabe, zeinak posizio oneko tradeunionista ‘zaharren’ buruak zikindu dituen. (Langile  klasearen egoera Ingalaterran, bigarren edizioko hitzaurrea, 189).

[5] Rosa Luxemburg “Betaurreko Ingelesak”, LeizpigerVolkszeitung, 9 de mayo de 1899.

[6] Henryk Grossmanek argitara eman zuen nola makinariaren sarrerak ikasketa kostuak gutxitzen dituen, lan ez kualifikatua merketuz eta kualifikatua garestituz.

[7] Etorkin prekario edo langabetuen lan indarraren antzera funtzionatzen du. . Denek jarduten dute beheranzko presio gisa lan merkatuan daudenen soldatekiko.