AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

XIX. eta XX. mendeetako esperientzia iraultzaile ugariek gizateriaren askatasunerako norantza markatu zuten. Esperientzia haietan zenbait auzik izandako trataera aztertuz ikus daiteke gizartearen antolamendua ez ezik kosmobisio oso bat zela aldatu nahi izan zutena. Mundu berri baten eraikuntzak ezinbestean galdegiten zuen gizarte kapitalistaren logikaren oinarrietako bakoitza desegitea, eta horrek bide eman zien ordura arte pentsaezinak ziren zenbait ikuskera eta proposameni. Haurren hezkuntzari dagozkion proposamenak eta martxan jarritako hezkuntza-praktikak dira horren adibide. Hari horri tiraka, gaurkoan Sobietar Batasunean izandako esperientziari helduko diot laburki.

Nazioartean, garai hartan ari ziren sortzen haurrak babesteko lehen mugimenduak. 1924ko Genevako Adierazpenean lehen aldiz hitz egin zen, besteak beste, larrialdi egoeretan haurrei lehentasuna emateaz, esplotazioaren aurkako babesaz eta hezkuntzarako sarbideaz. Haurren gaineko ikuskera oraindik babestu beharreko objektuarena zen, eta gurasoen eginbeharretan jartzen zen arreta nagusiki. Bada, ia ahanzturan galdu bada ere, hori baino sei urte lehenago, urriko iraultzatik hilabete gutxitara, 1918ko Haurren Eskubideei buruzko Adierazpena aurkeztu zuten Moskuko Proletkulten lehen konferentzian. Nazioarteko testuinguruan nagusi zen ikuskeraren aurka, deklarazio horrek haurrak eskubidedun subjektu gisa aurkeztu zituen, eta gizartean zuten posizioa indartzea bilatzen zuen. Mende bat beranduago ere harrigarriak iruditu dakizkigukeen zenbait eskubide bildu zituen adierazpenak, esaterako hauek: hezitzaileak aukeratzeko eskubidea eta gurasoek hezkuntza on bat bermatzen ez bazioten haiengandik aldentzeko eskubidea, haren gaitasunen eta indibidualitatearen garapen askea bermatuko zuen hezkuntzarako eskubidea, haien bizitzaren eta jardueraren gaineko arauen idazketan parte hartzeko eskubidea, elkarteak sortzeko eskubidea, zigorren eta izaera errepresiboko neurrien debekua, eta abar[i].

Deklarazio hura ez zen onartua izan konferentzian, eta esango nuke arazotsuak diren zenbait ideiatan oinarritzen zela, adibidez, haurraren berezko ontasunean eta haien gaitasun edo talentu naturalen existentzian. Hala ere, funtsezko ideia honakoa zen: haurrei bizitza duin bat izateko, hots, beren behar, indar eta gaitasunak garatzeko aukera eskainiko zieten bizi-baldintzak sortzea. Adierazpena bere horretan onartu ez zen arren, hezkuntza-politikan eragin handia izan zuten bertako kontzeptu eta aldarrikapenetako batzuek. Hain justu ere, oinarrian zegoena gizakien pertsonalitatearen garapen askearen ideia zen, eta 1918ko urrian onartu zen Lunatxarskik idatzitako Lan Eskola Bateratuaren Adierazpenean zehaztu ziren hezkuntzaren eginbeharren artean zegoen oinarrizko ideia hori. Ezarritako neurrien artean honakoak zeuden: hezkuntzara sarbide doakoa eta derrigorrezkoa 8-17 urte bitartean, alfabetatu gabeko haurrentzako ikastaro partikularrak, guztientzako gosaria eta mediku-zerbitzua eskoletan, etxerako lanak eta azterketak desagertzea eta zigorren debekua.

Eskolako bizitzaren funtsa lan produktiboa zen, sozialki beharrezkoa den jarduera gisa ulertuta. Hau da, adinean aurrera egin ahala, gero eta konplexuagoa izango zen lan-prozesua planifikatzen eta antolatzen zen irakasle eta ikasleen artean, eta horretarako eskoletan tailer bat eta etxalde bat egotea proposatzen zen, besteak beste. Hala, haurrak kanpoko munduarekin eta bizitzan beharrezkoa izango zitzaienarekin familiarizatuko zituen eredu pedagogiko bat ezarri zen, eskolaren antolakuntzan eta bertako lanetan parte aktibo bihurtuta.

Horrez gain, oinarrizko irakasgaiak ematen ziren, eta baita «pertzepzioaren organoen garapenerako» hezkuntza estetikoa ere. Irakaskuntzarako metodo tradizionalak alde batera utzi eta metodo aktiboen aldeko apustua egin zen, esan nahi baita hezkuntzaren erdigunean zegoela esperientzien bidez ikastea, horiei zentzua emanez, eta beraz, irakaslearen lana inguru estimulatzaileak sortzea eta ikasleak bertan jarduteko lukeen gaitasuna garatzea eta orientatzea zela. Erabiltzen ziren metodoen artean zeuden animalien obserbazioa eta zaintza, kolekzioak, marrazkiak, ibilaldiak…[ii]

Hezkuntzak balio digu nolabait begiztatzeko hura antolatzen dutenek gizartearen etorkizunerako dituzten asmoak. Horregatik hezten dira gaur egun haurrak koloretako hormadun diziplinatze-zentro horietan kapital metaketari baliagarriak zaizkion konpetentzien bidez, elkarrekiko konpetentzian eta auzi sozial ororen aurrean jarrera indibidualetan fokua jarrita. Metodo aktiboekin eta izenburu politez betetako programekin izan arren, esplotazioaren forma berrietara egokituko diren pertsonen fabrika dira eskolak. Eta horregatik merezi du esperientzia sobietarrean arreta jartzea, gogorarazten digulako hezkuntzak balio behar duela pertsonalitatearen garapen askea bultzatzeko, gaitasunak eta interesak sortu eta garatzeko, eta intelektualki, moralki eta teknikoki ongizate unibertsala erdigunean jarriko duen gizarte baterako pertsonak hezteko. Sozialismoaren eraikuntza-prozesuarekin baino ez da hau posible. Ezin daiteke irlarik egin itsaso zikin honetan.


[i] Hoernle, E., Kroupskaia, N., Lounatcharsky, A.V. et al. (1978). La Internacional Comunista y la Escuela. Barcelona: ICARIA.

[ii] Fitzpatrick, S. (1977). Lunacharski y la Organización Soviética de la Educación y de las Artes (1917-1921). Siglo XXI.

EZ DAGO IRUZKINIK