AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Versión en castellano

Argazki bat darabilt buruan azken egun hauetan. Igaro berri den urtarrilaren 30eko greba orokorrak ubera luzea utziko du seguru: balorazioak, kritikak eta autokritikak ez dira greba biharamunekoekin amaitu eta ezta amaituko ere. Klase ertaineko programa politikoari eta mobilizazio-ereduari buruzko hausnarketak ibiliko ditu hainbatek buruan, errepresioaren ajeak beste zenbaitek, proletalgoaren interesak testuinguru horretan erdigunean nola jarri ere bai; baina nik, horiez gain, argazki bat darabilt buruan, kazeta honek berak lan nekagaitzez argitaratutako beste hainbat irudi gogoangarriren artean, bat. Argazkiak badu zerbait harrapatzen nauena, indar bat, aurkitu behar diodan esanahi ezkutu bat. Donostiako goizeko piketeetan aterea behar du izan: figura ilun bat da bizkarrez tunel itzaltsu batean, txanoa jantzita dauka eta beste figura lauso batzuen erdian dago, besoa altxata heltzen dio eskularru urdinarekin spray-poto bati. Hitz bat ari da horman idazten letra okerrez, esku irmoz, eta errematatzera doa azken lerro gorriarekin, hitz ezagun eta gogotik desitxuratu hori, «iraultza».

Hitzak gauza ahulak dira. Ezin dugu mundua ulertu hitzik gabe, baina era berean tresna ez fidagarriak zaizkigu, aldakorrak. Ezaguna da Lewis Carrollek, Aliziaren sortzaileak, Ispiluan barrena eleberrian utzi zigun pasartea. Adreiluzko horman eserita dagoen Humpty Dumpty pertsonaia groteskoarekin egiten du topo Aliziak eta hitzei eta esanahiei buruzko elkarrizketa abiatzen dute. Neskatoak honela diotso: «Kontua da zenbat esanahi desberdin izan ote ditzaketen hitzek». «Kontua da», erantzuten dio Humptyk, «agintzen duena nor den, besterik ez». Paradoxikoki, umeentzako kontakizun bateko fikziozko pertsonaia batek esanahien ulerkera politiko errealaren berri ematen digu. Esanahien aldakortasunak politikarekin, boterearekin, berezko erlazioa du; eta, guretzat, botereak klase-boterea esan nahi du.

Kultura kontzeptuaren elementu fundamental bat nahi nuke mahaigaineratu: kultura ulermen-marko konpartitu gisa. Kultura bat konpartitzen duten giza taldeek errealitatea ulertu eta epaitzeko ikuskera bat ere konpartitzen dute. Ulermen-marko horren arabera egiten dute egiten dutena eta, halaber, haren arabera ulertzen dute beraiek eta besteek egiten dutena. Zentzu horretan litzateke kultura marko semantiko edo ulermen-marko konpartitu bat: esanahi kolektiboen multzo bat, mundu-ikuskera bat, errealitatea ulertzeko irizpideen kontzepzio konpartitu bat. Zentzu komun bat, nahi bada. Eta gizarte kapitalistan, beste edozein elementu bezala, ulermen-marko kulturala ere norbere klase-posizioak determinatzen du, produkzioan hartzen duen lekuak.

Kultura dominanteaz ari garenean, beraz, klase dominanteari bere boterea betikotzeko komeni zaion kulturaren antolakuntzaz ari gara, botere burgesaren kultur makinariaz, gizarte osoari inposatzen zaizkion balore, praktika eta esanahiez, besteak beste. Hitzen eta esanahien gaineko kontrolak ere paper garrantzitsua jokatzen du hor. Kapitalaren etengabeko metaketa bermatzeko, behar-beharrezkoa da jendeak, esaterako, «lana», «bizitza» edo «askatasuna» hitzen gaineko ulerkera jakin bat konpartitzea: bizitzak lan egitea dakarrela berekin, lanak soldatapeko lana esan nahi duela eta askatasuna soldataz aparteko denbora mugatuan gertatzen dena dela ulertzea, alegia. Zentzu komun dominantea ez da, beraz, inposatutako ulermen-marko bat baizik, burgesiaren erregimena bermatu dadin eta gauzek beren horretan jarrai dezaten.

Langile-klasearen praktika kulturala, bestalde, erlazio etengabean dago kultura dominantearekin, eta harekiko onarpenek, tentsioek eta antagonismoek ezaugarritzen dute. Praktika alternatiboek eta antagonistek –izan eraikin baten berjabetzea, izan erdi kritikoa den diskurtso politiko jakin bat– etengabeko jazarpena eta errepresioa jasango dute, neutralizatuak edo otzanki integratuak izan daitezen. Horra, berriz ere, kulturaren eta politikaren arteko lotura: politika jakin batek oinarri kultural bat behar duen bezala –ulermen-marko konpartitu bat, esaterako– behar du kultura batek bere existentzia bermatuko duen politika bat. Sozialismoaren eraikuntzak kultura dominantearekiko antagonikoa den ulermen-marko bat du beharrezko, baina ulermen-marko hori instituzio eta politika proletarioen bidez baino ezin da bermatu. Hori ere bada kulturaren antolakuntza antagonikoa.

Bi aukera baino ez daude, beraz: zentzu komun burges dominantea onartzea ala harekiko antagonikoa den ulermen-markoaren arabera jokatzea. Klase ertaineko alderdiak, beren praktika politikoa une oro marko burgesaren mugetan ulertzen duten heinean, hark inposatzen dituen esanahiak eta ulerkerak onartzera eta haien arabera jokatzera behartuta daude. Beraz, esanahi eta ulerkera guztiz aurkakoak darabiltzagu beraiek eta guk. Bernie Sandersek «iraultza» badatorrela dio bere azken kanpainan, baina guk badakigu hitz hori ez duela gure esanahi berarekin erabiltzen, ez duelako inola ere klase-gizartearen gaindipena gordetzen bere baitan. «Lan duina» deitzen zitzaion azken greba orokorrean lan-baldintzen hobekuntzari; guk, aldiz, ulertzen dugu ez dagoela lan «duinik» soldatapeko esklabotzan. «Sozialismoa» hitza ere, proletalgoaren autonomia eta autodeterminazioaren esanahiarekin erabiltzen ez denean, elementu folkloriko identitario hutsa baino ez da.

Sozialistok, beraz, ulermen-marko antagoniko baten arabera jokatu behar dugu, eta hala gabiltza, klase-independentzia oinarri hartuta, pixkanaka, gure praktika politikoa kultura dominantearen mugetatik kanpo garatzen. Nire iritziz, horregatik dira askotan eztabaidetan izandako talkak, finean, «ulermen» arazoak. Askotan gertatu izan zaigu gurasoekin, ingurukoekin hitz egitean, haiek «ez ulertzea» guk esaten duguna. Klase ertainaren alderdietako komisario politikoek, esaterako, «haustura politikoa» edo «iraultza» ulertzen ez dutela diotenean, ez da hitzak berak ulertzen ez dituztela, haien benetako esanahia, praktikara eramana, ulertzen eta asumitzen ez dutela baizik. Hortik datoz gero «infantilismoa» edo «idealismoa» egozten dizkiguten errazkeriazko kritikak. Gure proiektu politikoa ez da zentzu komun burgesean kabitzen, harekiko antagonikoki ekiten duelako, hain zuzen. Kolitzak kazeta honetan kurtso berriari buruz idatzi zuenean zioen bezala, horren ondorioak izango dira etengabeko talkak eta mespretxua, «antolakunde komunistek proletalgoari eta iraultza sozialistari onuragarria izango zaion zentzu komun politiko berri bat fundatzen duten arte».

Zentzu komun berri bat, ulermen-marko berri bat, oro har kultura berri bat gure ekinbide politiko propioaren bidez baino ez dugu sortuko eta bermatuko. Gure ekinbidez baino ez, pentsatzen dut, eta berriz etortzen zait burura iragan greba orokorreko argazkia: figura ilun hori, eskua altxata idatzi duen hitza errematatzera doalarik. Otutzen zait, batzuek etengabe infantilismoa eta idealismoa egozten dizkiguten bitartean, «iraultza» hitzak bere benetako esanahia berreskuratzen duela determinazioz betetako gaztearen oihuan edo horma batean idatzita, esku irmoz, letra okerrez eta gorriz.