(Itzulpena)
«Sugeen gorputz mugiezin erraldoiek distira egiten zuten metal ezezagun batezkoak balira bezala, gaua bezain beltza bata, zilarra bezain zuria bestea; eta sor zezaketen hondamendia ez zen gertatzen, elkarri eutsita zeudelako. Bietako bat askatuko balitz, mundua hondoratu egingo litzateke. Horretan ez zen zalantzarik.» Michael Ende, Amaigabeko Istorioa.
Historiaren ilunabarrean zerumuga gorriz tindatuko da. Etsaiaren gotorlekuak ezinbestean erortzen hasiko dira, irekitako pitzaduretatik, haren zutabeak hormetan itsatsitako hainbeste oinazeren, hainbeste tristuraren, hainbeste miseriaren pisuari eusteaz nekatuta. Banan-banan ikusiko ditugu garaileek atseden hartzen duten mausoleoak erortzen, iraganeko garaipen guztiak beren izate hutsez omentzen dituztenak, horien hondakinetan lehenbizikoz has dadin iraganeko porrot guztien omenaldia, nekeagatik historiaren tintontzian geratu ziren guztiena, idazteke dagoen historia bateko liburutegi osoak betez. Historia zaintzen zuen golemen armada, txinparta galduta, lokatzetan desegingo da, egun berriaren argitan egia libre loratu dadin. Egiatzat ulertzen zena hilik, jatorrizko kutxan lurperatuko da, ia etsian zen itxaropena zain zuen tokian. Makinek ekoizteari utziko diote, egun berriaren lehen argiekin ekoizten has daitezen. Jendearen begiak estaltzen zituen beloa erantzi eta makarrak kendu ondoren, lehen aldiz begiratuko diote beren besoen amaierari, eta harrituta miretsiko dute eskuak, mendez mende atzerrian, inoren aberrian, egon ondoren beti egon behar izan zuten lekura itzuli direla. Amets egiteko eskubidea beharraren ondoan atseden hartzeko eseriko da, gaueko txandak lur joa, eta inbidiaz begiratuko dio botereari, zeina, goiztiar, egiteko eskubidea gauzatzen hasiko baita beldurrik gabe, askatasunez.
Hala ere, historiaren continuumeko leihotik ikusita, garapenaren bideetan zehar abiadura bizian aurrera egin nahian dabilen trena, ilunabar oro kolore berekoa ikusten da. Bidaiariek zerumuga grisera begiratzen dute, beren begi grisekin, eta ez dute bereizten atzeko oihala gorri altxatzen den edo, aitzitik, beltz hondoratzen den, eta haien denbora itzaltzen dute beren esku dardartien artean eusten dituzten kopetan itotako izotzaren hondar hotz eta hezeetan. Pazientziaz espero dituzte, nahiz eta hainbeste denboraz itxaroten egotearren, egiaz, gehienek ahaztu egin duten zer zen espero zutena edo espero zitekeen, eta katuek bezala eskularrudun eskuak luzatzen dituzte kontrolatzaileari pasaportea erakusteko, hark egiaztatzen baitu dena zuzen dagoen, hori da haren lana. Zer ordu den kontuan izanda, laster behar du eguzkiak kanpoan, eta trenaren barruko itzalak gero eta luzeagoak dira.
Bagoi batean bi lagunek patxadaz hitz egiten dute itzalen luzeraz, beste bagoi batzuetan ere bai. Neska gazte bat trenetik bota dute lehen orduan, ez zuen txartela ordaintzeko beste. Trenbidean lanean ari zela trenak harrapatutako beste langile bat. Emakume bat aurkitu dute komunetan kolpatuta, lau soineko zatik estaltzen zuten emakume hartan zegoen bizitza apurra. Beste batek leihotik behera bota du bere burua, laneko konturen bat, nonbait. Haur bat haren ondoan kola arnasten ari da, ez du ezer ulertzen hainbeste lotura gabeko zatiren artean. Azenturik ez haren hitzetan, kezka adierazten duen ezer ere ez. Ezer adierazten duenik ere ez. Aurpegietan keinurik ez, aireko hauts-partikulen fluxua aztoratzen duen keinurik ez. Ezer aztoratzen duen ezer ere ez. Agian hori da onena, eta axolarik ez izatea. Itzalen luzapenaren aurka zerbait egin al daiteke, bada? Norbaitek al du, bada, horrela gertatzearen errua? Zerumuga gorria edo beltza izateak zerbait aldatzen du? Ikaro eguzkira gehiegi hurbiltzen saiatu zen, eta hegoak galdu zituen. Jatetxe-bagoiak ezin dio eskaera guztiei erantzun, eutanasia-botilarik gabe geratu dira berriro. Ezer berririk ez.
Magia makina-gelan gertatzen da, munduko kezken begirada begiluzeetatik kanpo. Sarrera libreko, edonor sar daiteke bertan, nahiz eta atsedena, izaera ahulekoa izaki, ia ez den pasatzera ausartzen. Suginak, kontzentratuta, makina elikatzen du. Haren eskuinean zaku bat, ikatzez gainezka. Garrantzitsua da horrela izatea. Zenbat eta gehiago hustu, orduan eta beteago dirudi. Askotariko bekatariak haien amaieraren zain. Pisu, neurri eta forma desberdinetako erregaia, aukeratu ez duten ageriko ihesbiderik gabe agortuko dituen gatazka baterako osatuz. Berdin dio, piztiaren bihotzean denak hartzen du su, dena urtzen da bere suzko mingaina pasatzen duenean, dena lehertzen da, bakoitza daukanarekin. Neskato bat ateko leihatilatik begira dago, malkoek ez diote eszena ulertzen uzten. Une batez, poltsan, aurpegi zikin bat ikusi izana iruditu zaio, jasotako trataerak hozmindua, basakeria egoerara bihurtua. Zertarako negar egin? Infernuko atarian berandu da negar egiteko, paradoxikoki hotza da, eta ez da hura itzaliko duen malkorik jaio. Gutxienez zerbait esan ahal izango balu… Ez lukete elkar ulertuko, ez dute hizkuntza bera hitz egiten.
Handik kilometro gutxira, orratzainak eskuak igurzten ditu egonezinik, eguraldi kaxkarrak astinduta. Haren lanaldiak bukatua behar zuen honezkero, duela pare bat zigarro, zain egoteaz nekatuta egon arren, trena aurrera doala, ezin du haren postutik alde egin, ordea. Zer egingo zaio, oso lan esklaboa da. Bitxia da trenaren funtzionamendua. Itxuraz geldiezina, ez dute geldiarazten trenbidean aurkitzen dituen harri txikiek. Hala ere, bere konplikazio izugarrian, kolosoaren patua, neurri batean, mekanismo bakoitzaren zehaztasunaren mende dago, pieza bakoitzaren araberakoa da, aktore bakoitzaren lanaren araberakoa. Itxuraz geldiezina, zaurgarritasuna ezkutatzen du sistemaren edozein akatsen aurrean; lekuz kanpo dagoen edozein ikatz hondarri engranajeren bat blokeatzea bururatzen zaionean, edota nagikeriagatik zein ezgaitasunagatik beste egun batez kale egingo duen langileren baten aurrean. Nahiz eta, tira, egia esan, agian kontua ez den hain erraza. Agian ez da nahikoa itxarotea. Agian historiak, burugogor, ez digu inoiz arrazoia emango.
Historiaren ilunabarrean, zerumuga gorriz tindatuko da, eta zementuzko zerua gorriz bustiko du, hodeiz hodei. Oraina lehenaldi burutu bakunean kontatzeari utziko zaio, orainaldi inperfektu batean jokatzen hasteko, eta ura errotak mugitzen has dadin. Alabaina, ikusi ahal izateko, ez da nahikoa bidaiariek leihoetatik begiratzea edo itzalen luzeraz hitz egitea. Historizismoaren burdelak betiko itxi behar ditu ateak, argiak itzali. Ez da alegietarako unea. Historiak itxura hobea du ile harrotuarekin. Ekintzak behar dira, eta itsasertzak! urak libre ibil daitezen.
Oraingoz historiak bere horretan segitzen du. Puntu eta jarraian amaitzen den beste urte bat.
Orratzaina itxoiteaz nekatuta dago.