AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Hainbat gauza pasa dira azken asteetan aginte kapitalistak gurekiko duen dominazio gaitasuna modu oso garbian ikusi den espazio batzuetan. 

1.            Polizia nazionalak Errotxapeako Gaztetxea hustu du, eta horrekin amaiera eman dio urteak iraun duen prozesu judizial bati. Desalojoaren testuinguruan 6 kide atxilotu eta ehundik gora identifikatu zituzten.

2.            Hazparnen Ttattola gaztetxea okupatu bezain laster hustu du jendarmeriak.

3.            Beste behin, Gasteizeko Gaztetxea, hutsarazi du poliziak bertan topaketa libertarioak aurrera eramaten ari zirela.

4.            Gasteizko Zentro Sozialista desalojo arriskuan dago, hutsik zegoen espazioa Laboral Kutxarena izatera igaro baita, exekuzio hipotekario batengatik.

Gaur egun, historikoki okupazio mugimendu bezala ezagutu dena ia desartikulatuta dago, eta zentro sozialek, gaztetxeek edo okupatutako etxebizitzek gero eta zailtasun gehiago dituzte irauteko eta jarduera politikoa aurrera eramateko.

Nahiz eta okupazio mugimenduaren gainbehera historikoa ulertzeko garrantzi handia duten faktore endogenoek (noraez estrategikoa, instituzioetan integrazioa edo erreprodukzio krisia, adibidez), gaurkoan faktore exogenoetan jarriko dugu arreta, edo, nahi bada, okupazio mugimenduak kontrolatu ezin dituen kanpo-faktoreetan.

Aurreko kurtso politikoan behin baino gehiagotan adierazi zen ERRAKI langile kontrolpeko espazioen babes saretik okupazioaren kontrako ofentsibaren kontua. Okupazioaren kontrako ofentsibak, aginte burgesaren dominazio posiziotik, okupazioaren praktika, eta horrekin batera espazioen gaineko langile kontrola anulatzeko hartutako neurri multzoa barnebiltzen du. Izan ere, aldi berean fronte ezberdinetatik erasotzen ari da okupazioa. Bestela esanda, aginte kapitalistaren interbentzioa multilateralaren bitartez, izan bada okupazioaren aurka egiteko ahalegin orokor bat. Labur, modu sintetikoan, hipotesi horri gorputza ematen dioten hiru fronte nagusi bereizi izan ditu ERRAKIk :

1. Okupazioaren kriminalizazioaren bitartez jabetza pribatuaren aldeko eta espazioen gaineko langile kontrolaren aurkako lan ideologikoa egiten da, okupazioaren irudia kriminalizatu ez ezik, espazioen gaineko kontrolaren problematika eztabaidatzeko parametroak zehazten baitira. Eztabaida, horrela, okupak bai/ez dikotomiara murrizten da, arazoaren muinera jo gabe: jabetza pribatua baztertzailea da, eta ezin da etxebizitzarako sarbide unibertsala bermatu klase burgesak dominaturiko sisteman. Okupazioa sistemaren ezintasun estrukturalaren ondorioa da.

2. Okupazioaren aurkako iritzia gogor sustraitu da jabe txikiengan eta horiek parte diren klase ertainean. Hutsak dauden jabetzak okupatuak izateko aukerak eta, ostean, okupak desalojatzeko tramite burokratikoen geldotasunak arazoaren merkantilizazioa ekarri du. Alde batetik, desokupa bezalako desalojo enpresek indar (behintzat mediatiko) handia hartu dute. Bestetik, espazio baten okupazioa galarazteko  prebentzio enpresak euren tokia egin nahian dabiltza higiezinen merkatu espainiarrean[1]. Enpresa horien funtzioa merkaturatzeko zailtasunak dituzten espazio hutsak oso kostu baxuan egokitu eta alokairuan jartzea da, eta horrela, horiek merkatuan dauden higiezin bihurtu eta okupazioa zailtzea. Enpresa mota honek arrakasta handia izan du Herbehereetan[2].

3. Ofentsibaren fronte garrantzitsuena legediaren gogortzean oinarritzen da, espazioen apropiazio proletarioa oraindik eta gehiago zailtzeko bide legalak irekitzen baititu. Perspektiba sinple batetik kontraesankorra badirudi ere, besteak beste, etxegabetzeak edota ez ordaintzeak gero eta ohikoagoak diren honetan (eta ondorioz, proletariotzaren zati esanguratsu baten espazioak okupatzeko duen beharra gero eta handiagoa denean), orduan oztopatzen da legalki okupazioa modu gogorrenean. Begirada estatu espainiarrean jartzen badugu, ikus dezakegu 2008ko krisi finantzarioa hasi zenetik, okupazioaren aurkako legedian bi aldaketa egin direla, bata 2010ean[3] eta bestea 2018an[4]. Europak eta Ipar Amerikak osatzen duten bloke atlantikora jotzen badugu, testuinguru berean joera bera ikus dezakegu herrialde ezberdinetan:

a. 2010ean Herbehereetan etxebizitzen eta lokal komertzialen okupazioa legez kanpoko bihurtzeko legea onartu zen, zeinaren bitartez okupazioak modu masiboan egin zuen beherantz. Esaterako, 2019an Amsterdamen 74 espazio okupatutatik 67 desalojatu ziren[5].

b. 2012an Erresuma Batuan indarrean sartu zen usurpazioa kriminalizatzen zuen lege berria.[6]

c. 2015ean Frantzian alkatetzari eta poliziari okupak berehala desalojatzeko indarra eman zitzaion. 2020an legea gogortu egin zen; multak handitu ziren eta autoritateei eskumen gehiago eman zitzaizkien[7]. Aurreikusgarria da laster asanblea nazionalean usurpazioagatik kartzela zigorrak gehitzea ahalbidetuko lukeen beste lege-proposamen bat ere aurkeztea.

d. 2017 urtean, AEBko Michigan eta Nevada estatuetan ere antzeko legeak ezarri ziren[8].

Aginte kapitalistak egindako esparru juridikoaren gogortzeak proletariotzak espazioen merkantzia-formatik kanpo bizitzeko edota antolatzeko duen  ahalmena murrizten du. Beste modu batean esanda, langileek espazioen gainean duten kontrolaren esku-hartze burgesak langileriaren askatasun politikoaren kontrako eraso bat dakar, eta langileek soldatarekiko duten subordinazio eta diziplinamendua areagotzeko  metodo bat eratzen du.

Burgesiaren esku-hartze ideologikoak, gainbeheran dagoen okupazio mugimendu baten erreakziorako ezintasun errealari lotuta, okupazioaren legitimazioaren krisialdi bat eragin du, eta horrek agerian jarri du gure belaunaldiak aurreko mugimendu politikotik jaso duen okupazio modeloaren eraginkortasun falta.

Modu honetan, okupek duten zilegitasun krisiak poliziak gaztetxeetan modu arbitrario batean esku hartzea dakar, gazteak identifikatu eta multak jarriz, eta baita Gaztetxe eta zentro sozialak inongo erreakzio seriorik gabe itxi ahal izatea ere, burgesiaren iniziatiba politiko eta kulturalak inongo oztoporik gabe aurrera eramaten diren bitartean.

Geure erantzukizuna da egoera honi buelta ematea.

 

[1] https://www.businessinsider.es/ideal-guardian-empresa-holandesa-busca-acabar-okupacion-818317

[2] https://caminoaholanda.org/antikraak/

[3] https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2010-9953

[4] https://elderecho.com/apuntes-la-ley-5-2018-11-junio-relacion-la-ocupacion-ilegal-viviendas

[5] https://en.squat.net/2019/08/30/netherlands-stop-the-new-law-against-squatting/

[6] https://en.wikipedia.org/wiki/Squatting_in_England_and_Wales

[7] https://confilegal.com/20200909-la-policia-francesa-puede-desalojar-a-los-okupas-sin-orden-judicial-en-los-primeros-dias-por-un-delito-flagrante-de-allanamiento-de-morada/

[8] Vasudevan, A. (2017). The autonomous city: A history of urban squatting. Verso Books 6. orrialdea


EZ DAGO IRUZKINIK