Marxismoak
ez du alferrik esaten prozesu ekonomikoekin batera ulertu behar direla prozesu
politiko, kultural eta ideologikoak. Esan nahi da: gizartearen
antolakuntza-formetako, perspektiba kolektiboetako, ideia eta haien
espresioetako aldaketak ezin dira haien baldintza materialetatik deslotuta
ulertu. Esan nahi da: proposamen politikoen baliozkotasuna haien garapeneko
baldintza objektiboen araberakoa ere bada.
Ez dakit nostalgia den Bertolt Brechtek, Danimarka Hegoaldeko bere erbestealdian, Walter Benjaminekin igaro zuen 1934ko udaz pentsatzean sentitzen dudana. Nostalgia ez, beste zerbait behar du: edertasun moduko bat, laguntasunari eta ziurtasun politikoari dariena. Xakean jokatzen dute, luze hitz egiten dute, heriotza daukate mehatxuka. Benjaminek egunkari bateko oharretan jaso zituen ordukoak, eta Elkarrizketak Brechtekin testuan argitaratu. Azken-azkeneko oharra, irekita utzitako amaiera bat bezalakoa, hauxe da: «Maxima brechtiar bat: ez lotu aspaldiko garai onei, gaurko garai txarrei baizik». Noiz jaso zen bakarrik aipatzen du, ez zeren harira esan zuen, ez nola, ez ezer; eta esaldiak, hala ere, gaur eguneraino egiten du oihartzun.
Egun, gure begien parean ari da aldatzen mundua. Krisi kapitalistak gizartearen berregituraketa garaiak direla jakinekoa da, modu atzeraezinean desagertzen dira eredu zaharrak eta boterea daukanak berriak inposatzen eta defendatzen ditu. Hor egin du bere lekua, aldaketa handien garai guztietan bezala gaur ere, nostalgiak, datorrena ulertu gabe zaharrari begira dagoenaren inozentzia horrek.
Gure garaiaren adierazpen nabarmenetakoa da nostalgia, zaharrera itzuli nahia, jada badoan horretara, garaiak berak inposatzen digunari nolabait iskin egin dakiokeela usteta. Esaterako, pasa berri den igandean atera zuten Berria egunkarian Gemma Zabaletak, Javier Madrazok eta ezker autonomistako beste dinosaurio batzuek «Euskadiren erlojua abian jarri» izeneko artikulua, non Ongizate Estatuaren galerak dakartzanak problematizatzen baitzituzten, eta «ezkerra bildu beharra»ren mantra dagoeneko nekagarria aldarrikatzen baitute soluzio gisa. Kapitalaren ezkerraren inpotentzia behin eta berriz frogatzen da: errealitatearen aurreranzko joera indartsuagoa da, jakina, garai onetara itzultzeko borondatea baino. Ezker horrek baditu adierazpen instituzionalak eta baita ustez handik kanpokoak ere: sindikalismotik «publikoa berreskuratzeaz» hitz egiten da, euskalgintzak sobera agortuta dagoen ziklo politiko bateko formulak erabiltzean tematuta jarraitzen du, Ukrainako gerraren testuinguruan ere izan da «garai batean bezala, intsumisioa eta antimilitarismoa» direla irtenbidea aldarrikatu duenik. Mugimendu intsumisoa eta antimilitarista une historiko eta baldintza zehatzetan gorpuztu ziren eta, behin indarra izan zutelako, ezin pentsa daiteke gaur ere funtzionatuko dutenik. Baina nostalgia horixe da: pasatako garai onak berriro bizi nahia, egungoaren analisi konkretu orotatik aparte.
Ez dira gutxi izan garaiotan komunismoaren berreraketa lanetan gabiltzanoi nostalgiko deitu digutenak. Egoeraren azterketak, ordea, erakusten digu iraultza soziala antolatzeaz gain ez dagoela proposamen askatzaile posiblerik, eta posizio nostalgikorik bada, hori ezker erreformistarena dela. Hain justu, komunismoa mugimendu zahar eta anakronikotzat jotzeak ezkutatzen duena, funtsean, egungo ordena soziala betikotzen duenaren posizio erreakzionarioa da.
Nostalgia gure garaian bereziki borrokatu beharreko sentimendua da. Posizio koldarra da, erosoa, inpotentea. Komunismoarena gaurkotasun erabatekoa da: guk gaurko garai txarrak ditugu ezinbesteko abiapuntu, eta biharko askatasuna helburu.