Gatopardismo kapitalista

2021eko martxoaren 9a


(Itzulpena)

Egitura ekonomiko kapitalista sozialki eta historikoki zehaztutako hainbat harremanen artikulazioa baino ez da. Hiru harreman mota bereiz ditzakegu: ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-harremanak.

Ekoizpen-harremanak norbanako bakoitzak ekoizpen-prozesuan duen posizioa erregulatzen eta definitzen dutenak dira. Horrela, ekoizpen-modu kapitalista nagusi den gizarteek ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatu-indibiduala eta kapitalista eta langileen arteko lanaren banaketa dute oinarri. Era berean, banaketa-harremanak dira norbanako bakoitzari dagokion produktuaren zatia zehazten dutenak, eta lotura zuzena dute ekoizpen-harremanekin. Kapitalismoaren baitan, harreman horiek soldata eta mozkinen (errentak, dibidenduak, interesak, etab.) forma hartzen dute. Azkenik, kontsumo-harremanak, aldi berean banaketa-harremanek eta, azken instantzian, ekoizpen-harremanek determinatzen dituztenak, norbanako bakoitzaren beharrak asetzeko gaitasuna determinatzen dutenak dira.

Horrela, hiru ekonomia harreman motak, era objektiboan jarduten dutenak, hau da, horietan parte hartzen duten norbanakoen borondatea alde batera utzita, elkarri lotuta daude eta egitura bakarra osatzen dute. Zentzu horretan, norberak ekoizpen-prozesuan duen kokapenak, hau da, bere klase sozialak baldintzatzen du norbanako bakoitzak jasoko duen errenta mota eta kantitatea, eta horrek, era berean, kontsumoaren bitartez beharren asetze gaitasuna determinatzen du. Egitura ekonomikoa, beraz, erreprodukzio sozialerako oinarri materiala eraikitzeko erabiltzen diren harremanak artikulatzen dituen modua da.

Behin eskema hori buruan daukagula, testu labur honen xedeari helduko diogu: 70eko hamarkada erdialdetik aurrera banaketa-harremanetan izandako aldaketak aztertzea. Baina, horren aurretik, azter ditzagun aldaketa horien aurrekari historikoak.

Dakigun bezala, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz sortutako salbuespeneko baldintzek (soldaduak lan-merkatuan sartzea, gerrak azpiegiturak suntsitu ondoren kapitala eratu izana, ekoizpen militarra handitzea etab.) nazioarteko harreman ekonomikoen berregituraketa ahalbidetu zuten, eta horrek mendebaldeko ekonomiek kapitala metatzea erraztu zuen. Angus Maddisonen datuen arabera[1], 1950 eta 1973 artean, kapitalaren metaketa-prozesua (makineria eta ekipoaren diru-balioaren bidez neurtuta) batez beste urtean % 9,6ko erritmoan hazi zen Japonian, % 9,4koan Alemaniako Errepublika Federalean, % 5,2koan Erresuma Batuan eta % 3,8koan Estatu Batuetan[2]. Gainera, 1960-1973 aldian, kapitalaren errentagarritasunak (kapitalaren stock gordinaren arteko ustiapeneko soberakin gordina bezala neurtua) balio oso altuei eutsi zien mendebaldeko ekonomia nagusi gehienetan: % 35 Japonian, % 20 AEFn eta % 18,5 Estatu Batuetan. Horrez gain, garrantzitsua da aipatzea kapital finantzarioak, zeinak izaera ez-produktiboa baitu, garrantzia handiagoa eskuratu zuela beste kapital batzuen aldean, hala nola, industrialaren edo komertzialaren aldean.

 

Hala ere, metaketa-dinamikaren berregituraketa ahalbidetu zuen gerraosteko egoera salbuespenekoa zenez, batzuek «kapitalismoaren urrezko aroa» deitzen duten horren hazkunde ekonomikoa apaldu egin zen metaketa-prozesua egonkor mantentzeko baldintzak deuseztatzen zihoazen heinean.

 

70eko hamarkada errentagarritasun krisi gogor batek eta mendebaldeko ekonomien hazkunde-tasen jaitsierak markatu zuten. Egoera horren aurrean, kapitalak ez zuen oztoporik izan bidea irekitzeko eta, beste elementuen artean, banaketa-harremanak eraldatzeko.

 

Testu hasieran aurkeztutako idea garatuz, gizarte batek ekoitzitako aberastasuna ekoizpenean esku hartzen duten agenteen arabera banatu daiteke, hau da, kapital-errentetan (mozkinak) eta lan-errentetan (soldatak). Beraz, soldata-partaidetzak, hau da, soldatak (lan-errentak) ordaintzeko erabiliko den produktu sozial totalaren proportzioa erakusten digun adierazleak, bi faktoreen arteko banaketa ulertzeko adierazle gisa balio digu. Bada, soldata-partaidetza murriztu besterik ez da egin 80eko hamarkada hasieratik ekonomia aurreratu gehienetan. Horrek berekin dakar, noski, mozkinen edo kapital-errenten pisua handitzea.

 

Nazioarteko Diru Funtsarekin (FMI)[3] bat, «langileei ordaindutako diru-sarrera nazionalaren proportzioak pixkanaka beheraka egin du 1980ko hamarkadaz geroztik». Jakina, soldata-partaidetzaren garapena ez da lineala eta mailakatua izan: epe luzera egiaztatzen den mundu mailako joeraz ari gara. Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT)[4] arabera, 133 ekonomiatatik 91k soldata-partaidetzan beherakada izan zuten 1994-2014 aldian. Adibide batzuk jartzearren, aldi horretan bertan, Estatu Batuetako datuak % 61etik % 57ra igaro ziren, Portugalekoak % 58tik % 52ra, eta Mexikokoak % 42rik % 35era. Jaitsiera are handiagoa da zuzendariek eta gerenteek jasotako soldata izugarriak soldata-masatik kanpo uzten baditugu.

 

Joera hori, ekonomista gehienek zein nazioarteko ekonomia erakunde nagusiek aitortua, hainbat elementutan oinarrituta azal daiteke, hala nola, globalizazioan eta atzerrian eskulan merkeagoa bilatzeko helburuarekin instalazioak lekualdatzeko gaitasunean, enplegu ezegonkorraren modu berrietan (lan partziala, azpikontratatua), ekonomiaren finantzarizazio gero eta handiagoan, kapitalaren kontzentrazioan edo sindikatuen negoziaziorako ahalmenaren galeran. Hala ere, gai honetan bada faktore erabakigarri bat: teknologia edo, hobeto esanda, aldaketa teknologikoa.

Paul Krugmanentzat, zeina une honetako ekonomialari nabarmenetako bat baita, arazoa da teknologia kapitalaren alde lerratuta dagoela. Bere ustez, produktibitate gorakadek sortutako aberastasun berria proportzio handiagoan doa kapitalaren eskuetara lanera baino.

Egia esan, tesia hau ez da ezer berria. Marxek jada azaldu zuen, kapitalismoaren baitan produktibitate gorakadak ez direla helburu bere horretan, irabaziak handitzeko bitarteko baizik. Horregatik, kapitalak abantaila teknologikoak txertatzeko joera izango du, baldin eta horrek etekin-maila gero eta handiagoa bereganatzen laguntzen badio. Teknologia, beraz, banaketa-harremanen lehian kapitalak lanarekiko duen posizio erlatiboaren mesederako tresna izango litzateke. Ikuspuntu horretatik, aberastasun sozialaren banaketan lanaren posizioak okerrera egin izana bat dator dinamika kapitalistaren egiazko mugimenduaren logikarekin.

Puntu honetan, zalantza posibleak argitzea komeni da. Ezin dugu soldata igoera eskatzera mugatu eta horrela kapitalaren gehiegikeria bidegabeak bakarrik salatu. Gure ahaleginak, azken batean, soldata existitzea ahalbidetzen duen egitura gainditzera bideratu behar dira. Funtsean, kapitalaren eta lanaren arteko gatazkarik ez duen eta berdintasunean oinarritzen den gizarte kapitalista oximoron bat besterik ez da.


[2] CIZE, Pierre y otros (1990); Le fonds Monétaire: Une entreprise de pillage des peuples.

[3] FMI, World Economic Outlook, 2017

[4] OIT, Informe Mundial sobre Salarios 2016/2017