Gogoan dut, ume nintzenean aita lanetik bueltan etortzen zen unea. Gaueko zortzi eta erdietan ailegatzen zen, eta etxeko atea irekitzen zuen neka-neka eginda. Ni bere zain egoten nintzen atarian, liburu bat, edozein, eskuan nuela, eta “aita, aita, mesedez, afalostean zerbait irakurriko diguzu, ezta?” Erregutzen nion. Banekien erantzuna beti, edo gehienetan bederen, baiezkoa izango zela. Korrika gindoazen orduan sukaldera, ahalik eta arinen afaldu nahian, kapitulu bat baino gehiago irakurri ahal izateko esperantzarekin. Orduan, baso bat ur eskuan eta ahotsa nekez tindatuta, aitak ipuinak oparizen zizkigun, gaueko azken orduak bere seme-alabei eskeiniz. Eta lehen, orain bezala, ohera sartzerako orduan, pentsamendu bakarra nuen buruan: ez da bidezkoa. Aitak ez luke horren nekatua egon behar, ez genuke gaueko azken orduen zain egon behar berarekin tartetxo bat egoteko, lanari, loari, minutuak lapurtuz, bizi izan ahal izateko.
Gauza ederrak, bekatu ederrak bezala, aberatsen pribilegioa omen dira, Oscar Wilde idazlearen ustetan behintzat. Ez nago guztiz ados. Hemen aberatsen pribilegioa dena denbora da, lan egiten inbertitu behar ez duten denbora, bizitzen igaro dezaketena, alegia. Langileriak, ordea, segundoak, minutuak eta orduak osten dizkio lan denborari, bizitza hipotekatuz bizi izan ahal izateko. Ez al da absurdua? Eta hori gutxi balitz bezala, gainera, esperientzia orokortua da. Noiz geratu lagunekin? Honek ikasi egiten du, besteak lan, eta hurrengoak bi gauzak aldi berean. Guztien ordutegiek kointziditzea ezinezkoa dirudi. Bueno, gaur nik, gutxienez, libre daukat, eta eguzkia egiten duenez, mendira ere joan ninteke! Baina arratsaldeko seiak dira jada, eta laster ilunduko du. Bueno, ez du inporta, badago aspaldi irakurri nahi nuen liburu hau, baina egia esan oso nekatua nago eta bihar goizean goiz altxatu beharra naiz, lana daukat eta berriz ere. Errazena etxera joatea da, beharbada pelikula edo telesairen bat ikusi, eta laster lotara. Lo egin ahal badut, noski, estresak begiak momentu batean ixten uzten badit, bihar lan bat entregatu behar dut eta, eta oraindik ez naiz hasi, ez dut tarterik izan.
Denbora apurrak osten dizkiogu Kapitalari: antzerki bat ikusi nahi nuke, kostaldetik paseo bat eman, izeba bixitatu. Lagunekin zinemara joan, koadro bat margotu, nobela bat idatzi. Beharbada, nahi adinako tartea banu, astebete pasatuko nuke ohean lo egiten, energia berreskuratu eta nahi ditudan gauza guztiak egin ahal izateko. Baina mundu honetan, hori ez da posible, edota posible denean, salbuespen bat baino ez da. Hori da dagoena, eta guri dagoena onartzea egokitu zaigu. Ikastera, lanera joatea, egunero aurrera, inoz bukatuko ez den ziklo amaigabe batean. Zer egingo dugu bestela?
Bai, denbora apurrak osten dizkiogu Kapitalari. Baina apur horiek ez gaituzte asetzen aspaldi.
Langile klasea bere denboraren jabe bilakatzeko, antolakuntza independentera batzeko erabili behar ditugu orain ozta-ozta lapurtzen ditugun instat horiek. Nekearen aurrean, nekearen beraren sustraira jo behar da, soldatapeko lanera alegia, hortik baitatoz denbora bera gozatzen uzten ez diguten gainerako adarrak. Antolakuntza soldatapeko lanaren zantzua besterik ez da, eta eskura daukagun baliabide bakar eta potenteena. Bizitzaren defentsa Kapitalari kontrajarria dago, eta borroka horretan dago bizitza bera, duintasunez eta konbikzioz eginez aurrera, nekearen gainetik nekea bera gainditu ahal izateko, apurrak denok jateko adinako oturuntza bilakatzen ditugun bitartean.