AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gure munduan, giza sufrimendua existitzen ez diren mugen bila arrakastarik gabe dabilen mundu honetan, eguneroko ogia dira terrorea, heriotza, injustizia. Gehienetan ez ikusiarena egiten zaie: ondoko etxean gertatzen dena ez da gure kontua (horretaz arduratzen dira industria kulturala, ideologia erreakzionarioa, polizia eta abar).

Baina badira momentuak non gauzak hain diren nabarmen, ezen politikari profesionalen saiakera desesperatuenek ere ez duten lortzen jendearen haserrea apaltzea. Hori ari da gertatzen, orain, Palestinarekin. Algerian eta Ingalaterran, Malaysian eta Brasilen, jendea kalera atera da, jendeak esaten du "nahikoa da" esaten du "hau ezin da izan".

Aurrekoan bideo bat erakutsi zidaten: gizon bat haur bat ateratzen ari da, besoetan, eraikin baten hondakinetatik. Haurrak galdetzen dio –Osaba, hilerrira al naramazu?–  eta gizonak –Ez, laztana. Bizirik zaude, eta ilargia bezain eder. Interesgarria da pentsatzea nolakoa izango zen Israelen politika hiltzailearekiko erantzuna sare sozialak ez bagenitu. Hau da, interesgarria da pentsatzea sare sozialek eskaintzen dizkiguten aukera politikoengan.

Aljerian eta Ingalaterran, Malaysian eta Brasilen, denok ikusi dugu gure pantailetan hondamendia; egia da esaten dutena: Interneti esker, geroz eta konektatuago gaude. Eta elkarlotura honen auziak baditu beste erpin batzuk ere: migrazioaren fenomenoak kontinente guztietako jendeak batzen ditu leku berean, giza historian beste inoiz ez bezala. Gauzak era zorrotzean aztertzea gustatzen zaionak esango du, gainera, ezin dela benetan aztertu mundu osoko jendeen batasunaren kontu hau ez baldin bada aintzat hartzen lana aberastasunaren metaketa-logikari dagoela subordinatua leku guztietan. Gizakiak askotarikoak direla, baina gizartea, bat eta bakarra.

Itzul gaitezen, ordea, Palestinaren aurkako sarraskia salatu duten protesta eta boikoten auzira. Begi bistakoa da iniziatiba horiek oztopo gaindiezinak dituztela beren errebindikazioak erdiesteko; egunero oroitarazten digute hori hildakoen zifra ordutik ordura handiagoek, era ikaragarrian egin ere. Ez baita nahikoa mina eta haserrea konpartitzea, ez baita nahikoa kritikoa izatea eta injustiziak seinalatzea: batasun politikorik (estrategikorik) gabe, ez da posible inperialismoari aurre egingo dion indar politiko (nahitaez internazional) bat antolatzea.

Eta inperialismoa aipatzen dut, Palestinaren auzia aztertzen duena laster jabetuko baita hau ez dela bi erlijio edo bi nazioren arteko gatazka bat. Arazoa ez baitzen urriaren 7an hasi, baina ezta 1948an ere: arazoa ez baita orain dela 75 urte gertatu zena, baizik eta gure munduan posible dela –inpunitate osoz– herrialde batek genozidio telebisatu bat aurrera eramatea.

Giza sufrimendua bere mugen bila dabil, baina pentsatzea gure gizartean –gizarte burgesean– halakorik topatuko duela ameskeria hutsa da. Guk gure egiten dugu sufrimendu hau, gure egiten dugu desjabetuen haserre eta mina; ulertzen saiatzen gara, aztertu egiten dugu. Eta jakintza hau erabiliko dugu etsaiaren kopetan diana bat margotzeko, denek ikus dezaten zein den benetan. Jakintza hori erabiliko dugu elkartasun internazionalari gorputza emateko, hau da, mundu mailako langileen batasuna antolatzeko, gai izango dena Kapitalari aurre egiteko.

Hondamendiaren aurrean ez dago ez ikusiarena egiterik: ondoko etxean gertatzen dena ere gure kontua da. Jakina baita, egiatan, denok bizi garela eraikin berberean (nahiz gela batzuk besteak baino atseginagoak izan), eta jabea kexaka ari dela alokairua oraindik ez diogulako ordaindu; eta egun batean tiro bat jo beharko diogula.