AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Ume-umetatik larritu izan naute klima kontuek. Angustia handiz ikusten nituen klima aldaketaren ondorio katastrofikoak banan-banan xehatzen zituzten dokumentalak. Hamar, hamabi edo hamalau urteko ni hura dut gogoan telebistari begira, ia negarra begietan, inpotentziak erreta. Ez nuen ulertzen. Pentsatzen nuen “Nola da posible? Nola da posible hau guztia jakin eta inork ezer ez egitea?” Dokumentalaren amaieran, ordu eta erdi itzulerarik gabeko prozesu beldurgarri bat deskribatzen pasa ostean, beti zegoen pare bat minutuko argi-tarte bat: “Baina oraindik ez da berandu”. Behetik hasi eta gora egiten duen musika epikoaren gainetik, silaba bakoitza zorrotz ahoskatzen duen narratzaile orojakileak zioen “Denok batera ekiten badugu, lor genezake klima aldaketaren ondorio txarrenak ekiditea. Ez dugu denborarik galtzeko.” Txinpun. The end.

2023ko abendua. Erregistroen arabera, historiako urterik beroena. Aurreko astean amaitu zen COP28 goi-bilera Arabiar Emirerri Batuetan. Izenak dioen bezala, 28.en edizioa, Kyotoko protokoloaren karietara 90eko hamarkadan hasitako negoziazioen zerrendan azkena. Titular askok dioenaren arabera “historikoa”, erregai fosilak bazterrera uzten hastea adostu baitute (“amaieraren hasiera” deitu diote), non eta bere ekonomiaren eta aberastasunaren zati handi bat petrolioan oinarrituta duen estatu batean.

Ez dakit zein den erabaki “historiko” hauek COP28an –eta ez aurreko 27etan– hartu izanaren esangura, edo esangura falta. Goi-bilerako gorabeherak sakonegi aztertu gabe ere, ordea, esango nuke azken urteotako norabidearekin sintonian daudela: erregai fosiletatik iturri berriztagarrietara bideratzen ari diren “trantsizio” famatuarekin, alegia. Nabarmena da apustua: NextGeneration europar funtsen helburu nagusietakoak “klima aldaketari aurre egitea” edo “klima trantsiziora” egokitzea izatea ikustea besterik ez dago.

Zelofan berdez bildutako neurriok berdetik horixe dute ordea, zelofana baino ez. Trantsizio hau ez dator ez planetaren ez bertan bizi garenon hobe beharrez. Beste guztian bezala, Kapitalaren biziraupena eta funtzionamendu errentagarria da jokoan dagoena. Krisi luze bezain sakon batean dagoen Kapitala, zeinari energia-iturri nagusia agortzen ari zaion eta zeina berregituraketa fase betean sartuta dagoen. Hala, erregai fosilak uztearena, erretorika guztiak gorabehera, ezinbestean gertatuko den zerbait da –gogoratu euren maximoa aspalditxo pasea dutela. Bide batez, datorren antolamendu berria justifikatzeko urrezko aitzakia da klima-aldaketa. Hau da, jasangarritasuna, bere ohiko karga moralistarekin, langile klaseari datorkion bizimodu penagarria justifikatzeko beste tresna bat gehiago bihurtu da–, mugikortasun mugetatik hasi eta etxea berotu ezin izateraino.

Edozein arrazionalitateren gainetik etekin goseak gidatzen du Kapitala, eta horrek ekarri gaitu gauden lekura. Aterabideak ere, hala, etekin gose berberaren arabera planteatzen dira. Hemen inori ez zaio derrepente kontzientzia ekologista onberarik sortu. Berberak dira atmosfera CO2-z bete ahala poltsikoak loditu dituztenak, “energia berdea” sortzeko Euskal Herri osoko mendiak txikitu eta parke eolikoak landatu nahi dituztenak, eta berdetasun guztiak ahaztuta Urdaibain Guggeheim berri bat altxatzera doazenak. Lehen begiratuan kontraesankorrak diruditen arren, logika berberari erantzuten diote guztiek: epe labur edo ertaineko etekinari.

Oraindik ere larritzen naute klima kontuek. Larrituta ez daudenak larritzekoa da panorama. Eta justu horregatik, ezinbestekoa da zelofan berdez bildutako neurrien distira tranpatia seinalatzea. Kontua ez baita momentuko interes ekonomikoen araberako balizko neurri berdexkekin konformatzea, klima larrialdiari bere osotasunean aterabide erreal eta justua ematea baizik. Eta, horretarako, gizarte antolamenduaren ardatza etekin ekonomikoa izatetik gizateria osoaren ongizate integrala izatera pasa behar da.

EZ DAGO IRUZKINIK