AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Osakidetzaren alde gehien nork ematen duen ikusteko lasterketa hasi da. Batzuek aurpegiratu egiten dute, beste batzuek promesak egiten dituzte, eta beste batzuei dardara eragiten die pultsuak, hurrengo hauteskundeetan botoa nori eman erabakitzeko orduan. Gaur egungo osasun-egoera pazienteei eta sektoreko langileei sortzen ari den benetako arazoaren aurrean, alderdi politikoek erabaki dute gai horren inguruko proposamenak egitea eta horiek lehenestea. Ez dira alferrik aurrekontu-igoerari, pribatizazioari edo lehen mailako arretaren garrantziari buruzko hitzak.

Alde batetik, bitxia badirudi ere, Osakidetzaren zerbitzua hobetu behar dela esan du EAJk. Badirudi haiek azken urteetan kudeatutako hondamenak ez duela balio. Bestalde, EH Bilduk bere arerio nagusienaren aurka egin du osasungintzan: EAJren aurka. Izan ere, besteek haize-eremu oso bat utzi diete orain ekaitza biltzeko; eta, a priori, eremu hori ez litzateke oso emankorra izango (euren terminoen arabera) "kontratazioa handitzea, prekaritatea murriztea edo oinarrizko eskubideekin ez jolastea" bezalako ideiak uzta gisa biltzeko. Deigarria da, hala ere, proposamen horien abstrakzio-maila; hain zuzen ere, boto gehiago lortzeko proiektatu nahi luketenaz harago, ez baitute inoiz planteatzen ea nola egingo luketen hori guztia. Airera egindako tiroen hotsa entzuten da: mediku gehiago? diru gehiago? pribatizazio gutxiago? Ados, baina galdera handiari erantzun gabe: nola? (Kolaborazio-testu honetan sakonago hitz egiten dut alderdi bakoitzaren hauteskunde-proposamenari buruz).

Ematen du EH Bildu eta Podemos bezalako beste alderdi batzuk higaduraren estrategia erabiltzen ari direla EAJ egungo egoeraren erantzuletzat jotzeko. Baina alderdi horien proposamenek konponduko al lukete osasungintzak jasaten duen egiturazko arazoa? Erakutsi digute zer egiteko gai den PSOEren historiako gobernurik aurrerakoiena, pribatizazioaren aldeko 15/97 Legea ahalbidetuta. Nafarroan, "aldaketaren gobernuak" ezin izan du ezer hobetu, Osasun Departamentuaren agindupean egonda. Alderdi politikoek, orduan, muga batzuk ote dituzte krisi kapitalistaren testuinguru honetan? Haiek ote dira ilusio faltsuak indartzearen arduradunak, frogak atzeratzen diren bitartean, itxaron-zerrendak handitzen diren bitartean, eta kalitatezko osasun unibertsal baten aldeko aldarria ezin helduzkoa bihurtzen den bitartean?

Lehen esan dudan bezala, osasungintzaren desegitea ezin da prozesu isolatu gisa ulertu, Europan krisi kapitalistaren testuinguruan gertatzen ari den prozesu orokor gisa baizik. Horrela, hemengo alderdiak ere kontinenteko austeritate-politikek markatzen dituzten jarraibideen mende daude, osasun-arloan barne. Beraz, begien bistakoak dira horien mugak, bai erabaki askori aurre egiteko asmorik eta programarik ez dagoelako, bai dagoeneko egon badauden joerengatik. Hori esanda, garrantzitsua litzateke adieraztea alderdi bakar batek ere ez duela zalantzan jartzen osasunarekin negozioa egiten duten gutxi batzuen aberastasuna ahalbidetzen duen sistema; aitzitik, gehien-gehienak kondenatuta daude kalitaterik gabeko eta kolapsatutako arreta medikoa jasotzera sektore publikoan. Horren adibide litzateke osasun-baliabide publiko zein pribatuak sozializatzeko proposamenik ez izatea, sektorearen berehalako desegite baten aurrean.

Oraindik egun luzeak geratzen dira hauteskundeetarako. Alderdi eta profesional politiko horien guztien irudia zuritzea pentsatzen duzuenoi: suposatzen dut hainbat ordutako atzerapenarekin doan anbulatorioko itxarongelaren batean topatuko garela azkenean. Baina, nire aldetik, argi gera dadila: alderdi batek berak ere ez du Osakidetza salbatuko.

EZ DAGO IRUZKINIK